Ariketa ona izan da The Unbelievers dokumentala itzultzea —euskaraz, Fedegabeak. Zaila, alde batetik, bertan hizlariek oso esaldi luzeak esaten dituztelako, zatika itzuli beharrekoak. Harrigarria, bestetik, ikusita mundu anglosaxoian zientziak zelako oihartzuna duen. Harritzeko modukoa baita ikustea Sydneyko Opera etxeko aretorik handiena jendez lepo bi zientzialariri entzuteko: Richard Dawkins eta Lawrence Krauss. Baita Washington hirian ikustea The Mall pasealekua 30.000 lagunek hartuta, denak ateo, pentsalari libre, arrazionalista eta fedegabe, bilera eta festa egiten.
Miresmenez ikusten dut, orobat, mundu anglosaxoian zelako ohitura duten eztabaidatzeko: zientzia dela, erlijioa dela, edozer. Leku publiko batean edo plato batean sartu, eta sekulako ahalmena dute anglosaxoiek iritziak trukatu eta elkarren artean eztabaidatzeko. Nahiko nuke hemen ere antzeko zerbait ikusi.
Itzulpen lana ondo etorri zait, halaber, apur bat hobeto ezagutzeko Richard Dawkins, zeinaren El espejismo de Dios irakurrita bainuen, eta, batez ere, Lawrence Krauss fisikaria. Biek nortasun handikoak, eta adimen bizkorrekoak.
Hala ere, bada gauza bat dokumental honetan gustatu ez zaidana: bere kartela. Nire ustetan, dokumentala askoz hobea da, kartelak iradokitzen duena baino. Gusto baduzue, Azpitituluak.com webgunean dituzue euskarazko azpidatziak.






