Seguruak al dira belar artifizialeko futbol zelaiak?

Joan den ostegunean, urriak 9, NBC News telebistak erreportaje labur bat argitaratu zuen izen honekin: “Zenbateraino da segurua soropil artifiziala zure haurraren kirol instalazioetan?”. Gaiak izan dezakeenez eragina gure artean —hemen gero eta herri gehiagok erabiltzen baitute belar artifiziala beren kirol instalazioetan—, eta albistean minbizi mota bat aipatzen dutenez, linfoma, nik izan nuena, hona ekarri dut.

AEBetan futbol entrenatzaile batek kaleratu du arazoa, bere bi jokalariri, biak neskak, Hodkingen besteko linfoma diagnostikatu zietenean. Joan zenean euretariko bati laguntzera kimio saiora, erizain batek esan zien: “ez esan zu ere atezaina zarela. Aste honetan tratatu dudan laugarren atezaina zara”. Entrenatzailea zur eta lur geratu zen. Hasi ziren ikertzen, eta ikusi zuten AEBetan 38 futbol jokalari zeudela minbiziak jota, eta haietatik 34 atezainak zirela, logikoa, bestalde, atezainek denbora asko egiten dutelako lurrean, batez ere entrenamenduetan.

Berehala susmoak zentratu ziren kautxozko bolatxo beltzetan. Erreportajeak dio bolatxo horiek eginak daudela gurpilen materialarekin, auto eta kamioien gurpilekin. Bolatxoak aztertuta, ikusi dute gurpilen elementu kimiko berberak dituztela, baina Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluak esan du elementu horietarik lauk minbizia eragin lezaketela: arsenikoa, benzenoa, kadioa eta nickela. Hala ere, erakunde berak dio esposizioa txikia bada, ez dagoela arriskurik.

Erreportajeak neska atezain baten kasua azaltzen du, Jordan Swarthout, zeina 12 urterekin hasi baitzen futbolean jokatzen atezain moduan. Astean iritsi zen 20 ordu praktikatzera, entrenamenduetan, eta, berak dioenez, makina bat bider ahora sartzen zitzaizkion kautxozko bolatxoak. Kontua da 21 urterekin, Hodkingen linfoma diagnostikatu ziotela. Ondo fijatzen bazarete, eztarrian orbain nabarmen bat geratu zaio esperientzia hartatik, gaur egun osatuta baitago.

Erreportajeak amaitzen du esanez gaur egun ez dagoela ebidentzia zientifikorik, lotzen dituena belar artifiziala eta minbizia. Gauza bera dio industriako ordezkari batek, erreportajean elkarrizketatua. Hark dio 14 txosten daudela eginda horren gainean, eta batek ere ez dituela lotzen gaixotasuna eta zelai horiek. Hala ere, bai New Yorken eta baita Los Angelesen ere, hainbat erakundek erabaki dute aurrerantzean ez erabiltzea belar artifiziala beren kirol instalazioetan. Uste izatekoa da, bestalde, NBCk erreportajea atera izanak izango duela eragina etorkizunean, horrek ikerketa gehiago eragingo du-eta.

Kategoria: Kirola Etiketak , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude