Eskilantxarri, Saturraranen

Eskilantxarriko haitzak, Saturraranen (Mutriku).

Begi-ninietan dut iltzatuta Saturraran hondartzako haitzen soslaia. Oroitzapenak ere, zakukada bat, batez ere hamaika eta hamabi urterekin hango seminarioan igaro nuen garaian pilatutakoak. Hala ere, sekula ez dut jakin zer izen duten haitz haiek. Atzo arte.

Gari Araolazak galdera egin zien Ondarruko eta Mutrikuko txiolariei, zer izen duten Saturrarango haitzek, OpenStreetMap proiektuko mapan jarri nahi zuela-eta. Eta erantzuna berehala etorri zitzaion: Eskilantxarri.

Geroago, Ane Urkiolak informazio gehiago eskaini zigun, ondo uler genezan hitz haren esangura:

Mutrikun, garai batean, zikoinari “eskilantxa” deitzen zitzaion eta han egiten zuenez bere kabitxoa: eskilantxa + harri > eskilantxarri. Kanta ere badauka.

Txio berean Anek jakinarazi zigun beste izen ere badutela Saturrarango haitzek: Satur eta Aran, kondaira batetik omen datorrena. Ederragoa delakoan, ostera, ni toponimikoarekin geratzen naiz. Eta horregatik idatzi dut Faroan, berau baita orain nire memoria osagarria.

Bide batez, mila esker Gari Araolaza eta Ane Urkiola lagunei, informazio hau emateagatik.

PD1: Antza denez, ez dago argi Eskilantxarri hitzaren jatorria. Gari Araolazak, behintzat, horixe esan dit: “Izena horrela dela segurua da, jatorria ez hainbeste, itxura denez”. Eta horretarako Asier Sarasuaren txio bat aipatzen du, hauxe:

“Eskilantxa” (zikoinaren) kontu horrek ez dakit ze oinarri eukiko daben. Barandiaranen aipu hori besterik ez dago (Ataunen jasua, gainera); sekula beste inon ez da agertu. Zikoina baten habixia hatx horren gaiñian be, ez da oso sinesgarrixa. Neretzat, behintzat, zalantzazkua.

Ni toponimoarekin geratuko naiz. Asierri ere, eskerrik asko kontuan argi gehiago jartzearren.

PD2: Horrela geratu dira izendatuta Saturrarango haitzak OpenStreetMaps-en, Gari Araolazari esker:

Kategoria: Geografia Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Eskilantxarri, Saturraranen bidalketan

  1. egilea: Antxon Uskola Urruzuno

    Egun on,

    Antxon Uskola Urruzuno deitzen naz Ondarrutarra naz. Saturrarango Haitzen inguruan arte proiektu bat egiten nabil eta hango hainbat informazio jasotzen nabil. Eskilantxarri deitzen deutsagu bai Saturraran hondartzako haitz handienari. Zeuk idatzi moduan, J. M. Barandiaranen arabera (Euskaltzaindian jasoa) Mutrikun eskilantxa zikoinari deitzen ei eutsen sasoi baten eta aipatutako haitzaren gainean habia egiten ei eban. Handik izena.

    Guk ez dogu inoiz zikoinik ikusi haitz haren gainean. Itsasoaren aurrean dago eta ekaitzek gogor joten dabe han. Ez dogu uste toki egokiena danik habirik egiteko. Beste alde batetik, inguruko itsasgizonek eskilantxa itsas-txori bat dala esaten dabe. Amaitzeko, bai ikusten doguz askotan zakiluak (ubarroia) eta kalatxoriak han.

    Txoriak.eus webguneko bilatzailean eskilantxa idatzi dot eta zikoina agertu jat. Beharbada Barandiaranek jasotako informazioan oinarrituta dago lotura hori edo beharbada beste azalpen bat dauka. Hori argitu nahi neuke. Idatzi dot hango kontaktuan azalpen eske baina errorea emoten dau. Ez dakit mezua jasoko daben.

    Nire proiektuari buruzko informazio gehiago nahi badozu Facebooken eta Instagramen ikusi daikezuz irudiak. Jadanik Ondarroan eta Mutrikun egin dodaz erakusketak. Nahi badozu emailez bidali ahal deutsut informazioa.

    Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude