Watergate, berriro

Aspaldi ikusi nuen All the President’s Men filma, 24 urte nituela. Orduan gustura geratu nintzen, baina abuztuan berriro ikusi dut, filmaren azpitituluak euskaratu bitartean, eta orain gehiago gozatu dut: a zelako pelikula puska!

Filmak zein ondo ispilatzen duen Woodward eta Bernstein kazetarien arteko lehia eta elkarlana, baita ausardia ere, gainditzeko ikerketak izan zituen oztopoak. The Washington Post egunkariko arduradunen jarrera ere oso ondo jasotzen da filmean (Jason Robardsen antzezpenak harritu egin nau, egunkariko zuzendariaren rolean). Ikerketa kazetaritza sekula ez da erraza izan, eta pelikula honek garbi erakusten du hori.

Donostian nenbilela ikasle, irrikaz irakurtzen nituen Watergate eskandaluaren inguruko kontuak, eta asteburuetan L’Express aldizkari frantsesa erosten nuen, gehiago jakiteko hango kontuez. Liburua irten zenean ere, irentsi egin nuen, berau kaleratu bezain laster. Kazetaritza onaren monumentua iruditu zitzaidan orduan. Eta gaur ere, halaxe.

Bitxia irudituko zaizue, baina hain gustura aritu naiz filmaren azpitituluak euskaratzen (jarduera horrek aukera ematen du eszenak behin baino gehiagotan ikusteko eta xehetasunetan ere fijatzeko), ze liburua berreskuratu eta berriro hasi naiz irakurtzen.

Berrogei urte joan dira Richard Nixon AEBetako presidenteak dimisioa eman zuenetik Watergate eskandaluaren ondorioz. Aitzakia ona filma berriz ikusteko, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin.

Kategoria: Azpitituluak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

2 Responses to Watergate, berriro

  1. egilea: Luistxo

    Eskerrik asko film hau euskaratzeagatik. Benetan da ona. Sloan, Porter edo beste izen-saltsa guztia jarraitzeko zaila (edo ezinezkoa) den arren, gako horiek galduta ere erabat harrapatzen zaituen filma da. Behin baino gehiagotan daukat ikusita; azken-aurrekoa duela hiru urte, Washingtonera opor-bidaia egin aurretik (bertara iritsi, eta hara zer zegoen hotel ondoan!), eta azkena atzo bertan, irrikitan, euskaratua dagoela-eta ikusi beharra sentitu nuelako.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Pozten naiz. Ni orain liburua irakurtzen ari naiz, bigarren aldiz, hain harrapatu nau-eta filmak. Eta liburua ere, monumentu bat da, kazetaritza onari eginiko monumentua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude