Nor naizen

Joxe Aranzabal naiz. Mondragoen jaio nintzen 1952an, azaroaren 8an. Hamaika urterekin, seminariora joan nintzen, eta bertan zazpi urte egin nituen, lehendabizi Saturraranen eta gero Donostian. Azken hiri honetan, Batxillergoa egin nuen Peñaflorida Institutuan. Ondoren, Gaur Egungo Historia ikasi nuen Deustuko Unibertsitatean, eta bertan lizentziatu nintzen 1976an.

Lana
Ikasketak amaitu bezain laster,  Garaia aldizkarian egin nuen lan, Donostian, bost bat hilabetean. 1977ko otsailean astebete egin nuen Martuteneko espetxean, artikulu bat argitaratzeagatik Garaian. Handik irtenda, beste astebete egin behar izan nuen, arrazoi beragatik, etxean atxilotuta. 1977tik 1981era Eskola Politeknikoan aritu nintzen, Arrasaten, eta han lau bat ikasgai irakatsi nituen, tartean euskara eta euskal kultura. 1981etik 1985era umezain eta etxezain egin nuen lan Boisen (AEB), Vancouverren eta Ottawan, Kanadan, ingelesa ikasten nuen bitartean, neska lagunarekin batera. Ondoren, Imanol Berriatuari jarraika, sei hilabete egin genituen Israelen, Mishmar Hanegev kibutzean, egun erdiz lanean eta beste egun erdiz hebraiera ikasten, bertako ulpanean. 1986tik 1989ra Bergarako Udal Euskaltegian egin nuen lan, euskara irakasten. 1988tik 1991ra bitartean Arrasate Press eta Arrasate Telebista sortu genuen, eta neu izan nintzen lehen zuzendaria bietan. 1991tik 1997ra freelance moduan egin nuen lan, etxean, eta berripaper argitaratzaile bihurtu nintzen. Garai hartan atera nituen berripaper hauek: Euskararen Berripapera (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), Asmoz ta Jakitez (Eusko Ikaskuntza), Pas de Basque (Ikerfolk) eta Herri.KO (Arrasate Komunikabideak). 1994tik 1996ra Hitzaro eta Lengua Viva saioak zuzendu nituen Euskal Telebistan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren enkarguz. 1997tik 2000ra aritu nintzen Arrasate Press, Arrasate Telebista eta Goiena Telebistan. 2001a ezkero Mondragon Unibertsitatean nabil, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan. Bertan Komunikazio arduraduna naiz, Web 2.0 eta Digital Journalism irakasten ditut, eta kudeatzen ditut fakultatearen webgunea zein Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko aditu tituluarena.

Internet
Goiena taldea utzi nuenetik, Internetera bideratu ditut nire ahaleginak, Internetek eman dit-eta aukera ahotsa izateko elkarrizketa globalean. 2001ean Sustatun hasi nintzen kolaboratzen, lehen blog taldekakoa euskaraz, eta bertan ikasi nuen, Luistxo Fernandez eta lagun eibartarren eskutik, zer diren blogak eta zelan komunikatzen den Interneten. 2004a ezkero, Faroan idazten dut, nire blog pertsonala. Poliki-poliki, gainera, joan naiz nortasun bat lantzen Interneten, eta kontuak ditut Flickr, Blogger, Blogak.com, Tumblr, Twitter, Facebook eta antzeko zerbitzuetan.

Minbizia
2002ko irailaren 11n minbizia aurkitu zidaten, linfoma folikularra, minbizi mota bat odolean eragiten duena. Hori zela-eta, bi urte egon nintzen tratamenduan: kimioterapia eman zidaten, eta horren ostean, hezur-muinaren transplantea egin Valdecillako Ospitalean, Santanderren. Jakin bezain laster minbizia nuela, hasi nintzen Sustatun idazten nire esperientziaren berri. Bi urte luzatu zen kontakizuna, eta gero liburu batean argitaratu zen: “Medikuak esan dit minbizia dudala”, Elkar argitaletxean. Lau urte eta erdi egin ditut prednisona hartzen, erretxazoaren arazoak saihesteko, baina 2009ko urtarrila ezkero ez naiz ezer hartzen ari, eta bizimodu normala egiten dut.

Kolaborazioak
2007-2008 ikasturtean Euskadi Irratian eta Jakin aldizkarian kolaboratu nuen. Euskadi Irratian “8. probintzia” egin nuen igande goizetan, “Amarauna” saioaren barruan, eta bertan blogak eta teknologia berriak izan nituen hizpide. Jakin aldizkarian, berriz, “Telepolis” sailean idatzi nuen, “Egunen gurpilean” atalaren barruan, hor ere teknologia berrien gainean. Hitzaldiei dagokienez, deitzen didatenean izaten da hitz egiteko teknologia berriez edo minbiziaz.

Erlijioa
Erlijio katolikoan bataiatu ninduten, eta 11 urterekin seminariora joan nintzen. Gaur egun, ostera, konforme bizi naiz jainko barik. Errespetatzen ditut sinistunak, edozein erlijiotan, baina gizarte laikoa dut gustuko. Hala ere, oraindik egokitzen zait elizara joatea, lagun edo ezagunen bat hiltzen denean, familiari atxikimendua adierazteko. Niretzat, berriz, hileta laikoa nahiago.

Politika
Hamazortzi bat urterekin abertzaletu nintzen, eta Euskal Sozialisten Biltzarrea (ESB) alderdian ibili nintzen, 1980a arte. Han bukatu zen nire militantzia politikoa. Harrezkero, abstentziora jo izan dut behin edo behin, baina bozkatu dudanean, batez ere ezker abertzaleari eman izan diot botoa, noiz edo noiz EAri eta EAJri, eta azken aldiotan Aralarri. Hala ere, garbi daukat nire botoa neurea dela, ez alderdi batena edo besterena. Horregatik, oraindik ez dakit nori emango diodan botoa hurrengo hauteskundeetan. Abertzalea naiz, baina uste dut abertzaleok birformulatu beharra dugula abertzaletasuna. Euskal Herria maite dut, eta munduko hiritar sentitzen naiz. Euskara maite dut, baina gaztelania eta ingelesa ere neureak ditut.

2 erantzun Nor naizen-ri

  1. egilea: Ibone Elordi

    Kaixo, eskilantxarri izenaren esanahia bilatzen. Zure bloga bilatu dut. eta zerbait partekatu nahi dizut. Ni Ibone naiz. Ondarroan jaioa. Orain Torrelavegan bizi naiz (Kantabria) baina denbora asko ematen dut Ondarroan eta Donostialdetik. Ain justu, herengun nire alaba Nahiak (19 urte) estrenatu zuen berak konposatutako obra Eskilantxarri. Hor doa youtubeko esteka.

    eskilantxarri2023

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude