Hogeita hamar urte berandu

Maria Ubarretxena eta Imanol Pradales, proiektua aurkezten.

Poztu naiz hogeita hamar urte berandu etorri den albisteagatik, alegia, azkenean egingo dela Kanpazarko tunela, eta, horrekin batera, amaituko dela 1993an iragarritako Beasain-Durango errepidea. Poztu naiz, baina ez dut ospatuko, albisteak nekatuta harrapatu nau-eta.

Nekatuta, jatorrizko albistea iragarri zenetik, kontaezinezko aldiz zeharkatu behar izan dudalako Kanpazar, etxetik lanera eta lanetik etxera, beste milaka gidarirekin batera, euripean edo eguzki galdatan, gauez edo egunez, bakarrik edo kamioi askoren atzean, Kanpazarrek alde bietan dituen gune arriskutsuak gaindituta.

Nekatuta, Kanpazarko tunela ahanzturaren putzuan eduki duten bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak milioiak eta milioiak xahutu dituelako alferrik Supersur autopistan, inork gutxik darabilen komunikazio-bide supergarestia.

Nekatuta, albiste hau iritsi zaigulako AHTren lanak uzten ari direnean Elorrioko paraje ezinago ederrak zulatuta eta porlanean itota, hiru zubibidek zeharkatuta eta inguruak urratuta.

Eta nekatuta, joan den asteko albiste hau iritsi zaigulako agintean dagoen alderdiaren lehendakarigaia boto premian dagoenean, bereziki Durangaldean eta Debagoienean, eta susmoa dudalako Kanpazarko tunela izango dela lehendakarigai horrek kapelatik aterako duen azkenetako untxia, inguruotako bizilagunok eman diezaiogun botoa.

Poztu naiz, bai, baina ez dut ospatuko.

Kategoria: Ekonomia Etiketak , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Hogeita hamar urte berandu-ri

  1. egilea: Unai Bergaretxe Leibar

    Joxe, bete-betean asmatu duzu. Erabat ados erabaki hau orain plazaratu dutenean eta beronen arraozoiaren muinean. Zenbat aldiz entzun ote dugun Kanpazarko tunelaren egitasmoa ezerean edo alde batera utzita dagoela. Eta orain, hauteskundeen kanpaiak jotzen ari direnean, premiak bultzatuta, hara!
    Engainatu nahi gaituzte boto batzuen trukeko egitasmoekin.

  2. egilea: Xabier

    Hamar urtez izan nintzen Oñatin beharrean, 1997-2007. Bertan bizitzen horien erdia edo, ia astebururo Busturira bueltatzen. Joaten hasi orduko Beasain-Durangoarena entzuna zan, eta liberazio bat medio Donostiara astero joan behar nintzenez Gipuzkoako garapen batzuk bizi izan nituen. Ez ostera Bizkaikoak.
    Aldundien hauteskundeetan Sollubeko tunelarena berriz agertu zen bezala, orain Kanpazarrekoa albistegietan.
    Dinozun bezala pozik, hainbeste pertsonei ondo etorriko zaielako.
    Nazkatuta erdi-purdiko politikari batzuekin.
    Triste pertsona askok iruzur hauek erosten dituztelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude