Komunikazioa krisi garaian

Nekane Murga Osasun sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria prentsaurreko batean.

Koronabirusa gure artean eragiten ari den krisia ikusita, epaitu barik agintariak zelako neurriak proposatzen ari diren, gero eta garbiago daukat Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat, komunikazio-arazo bat daukagula, gure agintariek ez baitakite hitzez, idatziz eta keinuz zelan komunikatu egoeraren larria.

Gaur goiz erdian Euskadi Irratia jarri dut, zuzenean entzuteko Iñigo Urkullulehendakariaren hitzak. Euskaraz hasi da, eta bukatu duenean, ez nuen garbi zer esan duen (eta konturatu naiz irratiko esatari zenbait ere, horrela geratu direla, zalantzarekin), eta gaztelaniazkoa entzun behar izan dut jakiteko osasun larrialdiko egoera jakinarazi duela. Euskaraz hitz egiten duenean (gehienetan horrela iruditzen zait), Urkulluk automata bat ematen du, testu kafkiano samarrak irakurtzen (nork idazten dizkio mondrongo horiek?), zer esaten duen oso ondo ez dakiela. Gaztelaniaz diharduenean, berriz, ematen du abade bat predikatzen, eta, aldizka, errege emeritua. Horrek guztiak ilundu egiten du mezua. Eta momentu hauetan hori da gutxien behar duguna.

Arazoa, ostera, ez da lehendakariarena soilik. Nekane Murga eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailburuak okerrago ibiltzen dira. Koronabirusak eragindako krisialdi honetan sarri samar ikusi ditut biak ezinean: paperari lotuta, gaizki irakurtzen eta egoera esplikatu ezinik. Orain bizpahiru egun, Nekane Murgak konfiantza eskatzen zigun, justu eurek transmititzen ez dutena.

Kontrastean, Espainiako gobernua dezente hobeto ari da birus horrek eragindako krisia komunikatzen. Bai Salvador Illa Osasun Ministroak eta baita Fernando Simón, Osasun Alerta eta Larrialdi-zentruko zuzendariak argi eta ganoraz hitz egin dute, kazetariei begietara begiratuz, paperetara datuak kontsultatzeko bakarrik so eginda. Horiek bai transmititzen dute konfiantza. Beste kontu bat da bai batzuk zein besteak hartzen ari diren neurriak egokiak diren edo ez. Gaur ez naiz horretaz ari.

Horrelako egoeretan ikusten da zein inportantea den erretorika, alegia, ondo hitz egiteko edo idazteko artea. Beste hitz batzuekin esanda, ondo komunikatzea. Salbuespenak salbuespen, hegoaldeko euskaldunok trakets samar gabiltza horretan, eta gure hezkuntza sistemak indartu beharko luke trebetasun hori.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

Tenerife, Humboldt eta Darwin

Alexander von Humboldt eta Charles Darwin.

Turista moduan ere, gustatzen zait irakurtzea bisitatzen ari naizen lekuez. Horretarako, Internet erabiltzen dut, eta baita lekuan lekuko liburu-dendak ere. Horrela jokatuta, zenbaitetan ezusteko ederrak hartzen ditut, oraingoan bezala.

Iaz, Gomera uhartean genbiltzala, eta txundituta bertako naturaren oparotasunaz, galdetu nion neure buruari ea Charles Darwin-ek izan ote zuen haren berri. Telefonoan begiratuta, jakin nuen harriduraz, Gomeraz ez baina Tenerifez maiteminduta zegoela Darwin, eta gaztetan tentatuta izan zela hara joan eta uhartea aztertzeko, batez ere Orotavako harana eta Teide. Are gehiago, Beagle itsasontzian abiatu ondoren, Tenerifen lur hartzeko zorian izan zela. Santa Cruz hiriaren kanpoaldean aingura botata, uharteko Osasun Agintaritzak jakinarazi zien baina, Ingalaterran kolera agertu zela, eta, badaezpada, hamabi eguneko kuarentena egin beharko zutela ontzitik jaitsi barik. Egun batzuk igarota, Robert Fitzroy kapitainak erabaki zuen aurrera egitea, itsasoaren egoera ona aprobetxatzeko. Kapitainak berak geroago idatzi zuenez, Darwin lur jota geratu zen erabaki harengatik:

“Disgustu handia izan zen Darwin jaunarentzat, zeinak (Teideko) Gailurra bisitatzeko itxaropena izan baitzuen. Hura ikustea, inguruan ainguratuta eta lehorreratzeko zorian egotea, eta hala ere, handik alde egin behar izatea Tenerife berriro ikusteko aukera handirik barik, hura izan zen, bai horixe, kalamitate itzela harentzat”.

Aurten, berriz, Icod de los Vinos herrian genbiltzala, Tenerife ipar aldean, liburu batek eman zidan atentzioa, Alexander von Humboldt. Su semana en Tenerife. 1799,eta, pentsatuta hark izan zezakeela zerikusirik Darwin gazteak Tenerifekiko zuen miresmenaz, erosi egin nuen. Erosi eta irakurri, nobela bat bailitzan.

Beste egun batean, La Laguna hirian genbiltzala, Charles Darwinen Charles Darwin. Autobiografia ikusi nuen hango liburu-denda batean. Eta hura ere, erosi. Azken liburu hau etxean irakurri dut, Tenerifetik itzuli berri, egun hauetako kalima izugarriak Kanariak astindu aurretixe, eta bertan aurkitu dut konfirmazioa Darwinek Alexander Humboldt naturalista alemanaren mireslea zela, haren lanarena, eta handik zetorkiola Tenerife bisitatzeko irrika betegabea.

Liburu biak ezinago gustura irakurri ditut, aprobetxatuta lehenengoak batez ere guk bisitatutako leku asko aipatzen zituela. Eskertuta nago, beraz, liburuei, aberastu egiten dutelako nire turista esperientzia.

PS: Seguru nago gaur egun Darwinek gogokoagoa izango zuela Gomera uhartea Tenerife baino, azken hau anabas itzela bihurtu dute-eta.

Kategoriak Bidaiak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zorba, 56 urte geroago

Anthony Quinn eta Alan Bates, Zorba greziarra filmean.

Atzo Zorba greziarra ikusi genuen, 1964ko filma, Alexis Zorbaren hitzak eta egintzakliburuan oinarritu zena, berau Nikos Kazantzakis idazlearen nobela. Eta zer nahi duzue esatea? Zapore gazi-gozoa utzi zidan.

Alde positiboan, Anthony Quinn aktorearen antzezlana. Zelako bizitasuna zuen, gero film askotan errepikatzen saiatuko zena. Eta, zelan ez, musika, Mikis Theodorakis handiaren musika zoragarria, gaur egun ere piztu egiten zaituena.

Pelikulak, bestalde, badu interes arkeologiko eta etnologikoa, bertan agertzen den Kretauhartea oso aspaldikoa baita: bertako jendea, berauen jantziak eta ohiturak, garraiobideak… Egingo nuke gaur egungo Kreta erabat bestelakoa izango dela, ez dakit hobea ala okerragoa.

Bestetik, erritmoari dagokionez, film motela iruditu zitzaidan zenbait unetan, baina, noski, Zorba orain 56 urte egin zen. Bigarren aktore handiari dagokionez, Alan Bates, ez zitzaidan bat ere gustatu, momia bat ematen baitzuen askotan. Irene Papas ere, zurrun iruditu zitzaidan.

Kontuak kontu, ez naiz damutzen Zorba greziarra berriro ikusi izanaz. Ematen zuen gure gaztaroa ari ginela bisitatzen.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Itxi liburuak saioa, lehen inpresioa

Gaizka Aranguren, Aitziber Etxeberria eta Onintza Enbeita. (Argazkia: EITB)

Atzo estreinatu zuen ETB1ek Itxi liburuak saioa, eta etxean arretaz ikusi genuen. Gaia: 1813an ingelesek Donostia indarrez okupatu eta hiriari sua eman ziotenekoa. Nire ondokoak gustura ikusi zuen, baina niri ez zitzaidan hainbeste gustatu. Horra hor nire arrazoiak:

  1. Hasteko, saioaren iragarkira joko dut: “‘Itxi liburuak’ saioan, Euskal Herriko aurpegi ezagunek erronka ‘historiko’ bati egin beharko diote aurre: ikasgela batean sartu, eta unibertsitateko ikasleen aurrean gertaera historiko bat oinarri duen klase dibertigarri bat ematea”.
  2. Klasea dibertigarria izan zen ikasleentzat? Aukera eman zien neurrian barrutik ikusteko zelan egiten den telebista saio bat, eta aurkezleak zelan konpontzen ziren grabazioan, baliteke. Pedagogiaren ikuspegitik, berriz, klasea konbentzionala izan zen. Ahotsa, irakasleak
  3. Klaseak izan zuen une antipedagogikoa: irakaslea hasi zenean ikasleak ikasgelatik egozten, modu arbitrarioan, eta egotzitakoak, bildotsak hiltegira legez, gelatik irteten. Gero bai, azaldu zuen irakasleak egindakoaren arrazoia, baina horrek ez zuen justifikatzen ezegitekoa.
  4. Ikasleen arteko “interbentzio espontaneoak” artifizialak iruditu zitzaizkidan. Ematen zuen dena aurrez prestatua zegoela.
  5. Zenbait unetan, infografia-lana sentitu nuen faltan, ikusleak errazago bistaratzeko zelakoa zen 1813ko Donostia. Hiria ondo ezagutzen ez duenarentzat, zaila zen irudikatzea noraino hedatzen zen orduko hiria, eta ingelesak nondik sartu ziren. Aurkeztutako marrazkiak, nahikoa ez
  6. Erreketaren inguruko antzezpena oso pobrea iruditu zitzaidan. Abadea, soldadu frantsesa eta soldadu ingelesa, penagarriak, sinesgarritasunik gabeak. Emakumea salbatuko nuke antzezpen hartan.
  7. Lizentzia handi samarra iruditu zitzaidan 1813an Donostian gertaturiko emakumeen bortxaketak esplikatzeko, erabiltzea 1937an Elgetan gertatutako gerra-bortxaketa baten lekukotza. Hori barik ere, bestela garbi geratu baitzen Donostiako emakumeen kontra gertatu jazarpena.
  8. Balio izan zidan saioak gehiago jakiteko 1813an ingelesek Donostia erre zuteneko egun haietaz? Bai —saioak izan zituen une jakingarriak ikusleentzat—, baina saio konbentzional samarra aurkitu nuen. 

Saioaren atzean eta aurrean dagoen taldeari onena opa diot hurrengo kapituluetarako, erronka, berez, interesgarria baita.

Kategoriak Telebista | Etiketak , | Utzi iruzkina

Moises, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegira

Zineak Moisesen alde heroikoa azpimarratu izan du. Argazkian, Charlton Heston Moises antzezten.

Ez dakigu Moises buruzagi israeldar mitikoa benetan bizi izan ote zen, eta Bibliak hari egozten dizkion balentriak benetakoak izan ote ziren. Badakigu, ordea, gaur biziko balitz, eta Itun zaharrean egozten zaizkionak egiak balira, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegira eramateko moduko curriculuma lukeela, garbiketa etnikoa eta haurren aurkako gehiegikeriak leporatuta, besteak beste.

Adibide baterako, Itun zaharreko pasarte hau. Bertan, israeldarren Jaunak agindu omen zion Moisesi mendekua hartzeko madiandarren kontra, haiek israeldarrei ustez egindako kalteagatik. Agindua beteta, Moises haserretu egin zen bere herritarrekin, sarraskitik bueltan, etsaien emakumeak bizirik ekarri zituztelako. Hori ikusirik, horrela esan omen zien Moisesek:

Orain, bada, hil mutikoak eta sexu-harremanak izan dituzten emakume guztiak; utzi bizirik, ordea, eta hartu zeuentzat neskatxa birjinak”. (Zenbakiak, 31: 17-18)

Pasartea ikaragarria da, bertan liburu ustez sakratu batek naturaltzat hartzen baititu hilketa masiboa eta genero-indarkeria, testuan argi dago-eta irabazleek zertarako nahi zituzten neskatxa birjinak.

Kategoriak Genero-indarkeria | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

2019an irakurritako liburuak

Aurten ere, liburu gehienak paperean irakurri ditut. Formatu digitalean, lau baino ez.

Orain 13 urte hasi nintzenetik urtez urte irakurritako liburuak kalkulu orri batean sailkatzen, 2019koa izan da oparoenetakoa irakurketari dagokionez. Zerbait nabarmentzekotan, iaz katalanez hasi nintzela irakurtzen, eta oso gutxi irakurri dudala formatu digitalean.

Horra, bada, iazko uzta:

  • Fantasmas de hielo. La épica búsqueda de la expedición Franklin, Paul Watson (Península, 2017)
  • Jenis Joplin, Uxue Alberdi (Susa, 2017)
  • Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari, Elixabete Garmendia (Berria, Elkar, Jakin, 2018)
  • El cuaderno del Nobel, José Saramago (Alfaguara, 2018)
  • Honetara ezkero, Arantxa Iturbe (Susa, 2017)
  • Brief Answers to the Big Questions, Stephen Hawking (John Murray Publishers, 2018)
  • Bizitzea ez al da oso arriskutsua? Joseba Sarrionandia (Pamiela, 2018)
  • Malkoak lur antzuan, Toti Martínez de Lezea (Erein, 2018)
  • Bihotz handiegia, Eider Rodriguez (Susa, 2017)
  • Negutegia, Ixiar Rozas (Pamiela, 2006)
  • Idazleen gorputzak, Eider Rodriguez (Lisipe, 2019)
  • Henry Bengoa Inventarium, Bernardo Atxaga (Pamiela, 2004)
  • Kontrako eztarritik, Uxue Alberdi (Lisipe, 2019)
  • Pizti poemak eta beste xomorro batzuk, Leire Bilbao & Maite Mutuberria (Pamiela, 2016)
  • Xomorro poemak eta beste piztia batzuk, Leire Bilbao & Maite Mutuberria (Pamiela, 2016)
  • Altsasu. El caso Alsasua, Aitor Agirrezabal & Aritz Intxusta (Txalaparta, 2018)
  • Somos lo q hablamos: El poder terapéutico de hablar y hablarnos, Luis Rojas Marcos (Grijalbo, 2019)
  • Ikasle Israelen, Imanol Berriatua (Euskaltzaindia, 1982)
  • Esteban Urkiaga Lauaxeta. El nuevo Odiseo, Jon Kortazar Uriarte (Memoria de Bilbao. Bilbogileak, 2018)
  • Urtain, Juan Cavestany (Nordica Teatro, 2019)
  • Benito Cereno, Herman Melville (Nordica Libros, 2019)
  • Raúl Guerra Garrido 2019, Askoren artean (Erein, 2019)
  • Un verano con Homero, Sylvain Tesson (Taurus, 2019)
  • 21 lecciones para el siglo XXI, Yuval Noah Harari (Debate. 2018)
  • The Holy or The Broken: Leonard Cohen, Jeff Buckley &… Alan Light (Atria Paperback, 2012)
  • The New Girl, Daniel Silva (Harper, 2019)
  • Ho tornarem a fer, Jordi Cuixart (Ara Llibres, 2019)
  • Txikiaren handitasuna literaturan, Mariasun Landa (Erein, 2018)
  • Josep Pla y Miguel Delibes. El escritor y su territorio, Xavier Pla & Francisco Fuster (Silex Universidad, 2018)
  • Kale estua, Josep Pla (Igela, 2017)
  • 1.362 km euri, Garazi Goia & Goizalde Landabaso (Elkar Lekuko, 2019)
  • Souvenir, Castillo Suarez (Elkar Poesia, 2008)
  • Kamisoi zuri zetazkoa, Alain Agirre & Sara Morante (Erein, 2018)
  • Sapiens. Gizadiaren historia labur bat, Yuval Noah Harari (Elkar, 2019)
  • Moio, Kattalin Miner (Elkar Lekuko, 2019)
  • Yo estoy vivo y vosotros estáis muertos (…) Philip K. Dick, Emmanuel Carrère (Anagrama, 1993)
  • Pep’s City: The Making of a Superteam, Lu Martin & Pol Ballus (BackPage & Polaris, 2019)
  • Hezurren erretura, Miren Agur Meabe (Susa, 2019)
  • Afrikanerrak, Eneko Barberena (Elkar, 2019)
  • Obertura republicana. Catalunya, després del nacionalisme, Enric Marín, Joan M. Tresserras (Pòrtic, 2019)
  • Els fets de l’1 d’Octubre, Josep-Lluis Carod-Rovira, etc. (Pagès editors, 2018)
  • Miñan, Amets Arzallus & Ibrahima Balde (Susa, 2019)

Guztira 42 liburu izan dira. Generoen arabera, horrela sailkatzen dira: saioak (17), nobelak (7), kazetaritza (5), narrazioak (4), poesia (3), etabar, beste zenbait liburu zailak dira-eta sailkatzen.

Hizkuntzei begiratuta, gehienak euskaraz irakurri ditut (23). Atzerago etorri dira gaztelaniaz irakurritakoak (11), ingelesez (4) eta katalanez (3). Aurten hauxe izan dut berritasunik handiena, katalanez hasi naizela irakurtzen; eta, egia esan, nahiko ondo konpondu naiz.

Eta formatuari dagokionez, bakarrik 4 leitu ditut formatu digitalean; gainerako guztiak, paperean.

Kategoriak Liburuak | Etiketak | Utzi iruzkina

Miñan

Ibrahima Balde eta Amets Arzallus. (Argazkia: Berria)

Miñan liburuaren azal-hegalean dio: “Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau”. Nik, ordea, ez dut uste liburu hau nobela bat denik, eta bai kronika, bertan kontatzen baitira Ibrahima Balderen ibilerak bere amak jakinarazi zionetik anaia txikiak alde egin zuela etxetik, Gineako herrixka batetik, Europara iritsi zen arte. Liburuan esaten direnak Ibrahima gazteari gertatutakoetan oinarrituta daude, inolako edergailu barik.

Amets Arzallusen lumaz baliatuta, Ibrahima Baldek lehen pertsonan kontatzen ditu, haurtzarotik hasita, Europara iritsi bitarteko ibilerak. Eta kontatzen ditu —eta hori Ametsen meritua da, berak erabaki baitu zer estilo eta tonu erabili kontakizunean— hizkera soil eta zuzena erabilita, ispilatuko lukeena, pentsatzen dut, Ibrahimaren berbakera frantsesez hitz egiten duenean. Hain zuzen hizkera horrek, bat ere artifiziorik bakoa, eta liburuan zehar kontatzen diren pasadizoek bete-betean harrapatzen dute irakurlea, ni behintzat bai.

Liburuari izena damaion Miñan hitzak “anaia txikia” esan nahi du pularrez, Ibrahimaren hizkuntzan, eta oso ondo aukeratuta dago, bertan elementu zentral bihurtzen baita Ibrahimaren anaia txikia. Haren bilaketak Afrikaren Mendebaletik Iparraldera eramango du irakurlea, basamortuan zehar. Bide horretan protagonistak jende solidarioa eta jende esplotatzailea aurkituko du, erabat gupidagabea, migratzaileen egarria eta gosea baliatuko duena dirua egiteko.

Ibrahima Balderen ibilerak ez dira abentura huts, eta irakurleak behartuta ikusiko du bere burua hausnarketa egitera giza kondizioaz, arrazakeriaz, pobreziaz, migrazioaz eta Europaren jarreraz horren guztiaren aurrean. 2019an euskaraz irakurri dudan libururik onenetakoa.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Aurretiazko borondateen agiria bete dut

Hil aurretik larri gaixotzen banaiz, eta une horretan ez banaiz gauza adierazteko zer nahi dudan… Zelan tratatu behar naute medikuek? Tratamendu horiek zelan eragingo dute nire bizi kalitatean, eta noraino luzatuko dute nire bizia? Hori guztia argitzeko, Aurretiazko Borondateen Agiria (ABA) bete dut, euskaraz bete ere, horrelako egoera batean medikuek garbi izan dezaten zein den nire borondatea, zein tratamendu aplika diezadaketen eta zein ez.

Elorrioko anbulatorioan

Elorrioko anbulatorioak bi pertsona ditu jendeari laguntzeko gai horren inguruan. Bat Sara Egidazu da, pediatra erretiratua, eta borondatez egiten duena lan hori. Bestea, Berta Gongeta, erizaina. Laupabost lagunek-edo eskatzen dutenean informazioa aurretiazko borondateen inguruan, Sarak eta Bertak bilera egiten dute, eta bertan ezinago argi esplikatzen dute dena. Jeneralean hiru eta bost lagunen artean elkartzen dira, baina gu izan ginenean, 13 lagun batu ginen, gehienak Elorrion bizi ginenak, baina baita Berriztik etorritako zenbait.

Sarak adierazi zigun moduan, Aurretiazko Borondateen Agiria opari bat da gaixoaren familiarentzat, bertan gaixoak argi eta garbi adierazten baitu zer nahi duen eta zer ez duen nahi egoera horretarako, halako eran non baztertu egiten baitira ingurukoen interpretazioak, usteak eta anbiguotasunak.

Agiri hau, bestalde, ez da aldaezina. Edozein momentutan, zenbait gaitan iritziz aldatzen badut, berriro bete dezaket ABA, eta azken bertsioak balio izango du. Hori ere inportantea da, egoerak eta pertsonak aldatu egiten gara-eta.

Zer behar den

ABA egin nahi duenak, bere herriko osasun zerbitzura joan, eta bertan eska dezake inprimakia. Euskaraz edo gaztelaniaz egin daiteke. Ona litzateke ezer idatzi aurretik, profesional batekin hitz egitea, aurrez garbi izateko kontzeptuak.

Bestetik, eskatzaileak beharko ditu bi ordezkari (bat titularra eta bestea ordezkoa), dokumentua sinatuko dutenak. Eta, bukatzeko, hiru lekuko beharko ditu, bere familiarekin zerikusirik izango ez dutenak, horiek ere agiria sinatzeko gertu. Bost lagun horiek beren nortasun agiriaren fotokopia bana eman beharko dute.

Osakidetzaren esku

Behin agiria beteta eta sinatuta, sobre batean sartu, eta entregatu behar da herriko anbulatorioan edo osasun zerbitzuan, handik Gasteizera bidal dezaten, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrora. Bertan ontzat ematen badute agiria, hortik aurrera etxeko medikuak edo Osakidetzako edozein medikuk bistan izango du ikur bat nire fitxaren ondoan, nire etxeko medikuaren ohartxo batekin batera, adierazteko eginda dudala ABA agiria, zeina soilik irekiko baita nire osasun-egoerak horrela eskatzen duenean.

Familiarekin partekatu

Gurean, senar-emazteok bete dugu ABA, baina gure alabarekin partekatu dugu, bera jakinaren gainean izan dadin. Eta kopia bat atera dugu, berak ere eskura izan dezan. Alabak ondo hartu du hau guztiau, eta lasai geratu da.

Zer eskatu dudan

Jakin dezazuen zer esaten duen horrelako dokumentu batek, hona ekarriko dizkizuet zenbait pasarte:

“Erabakia askatasunez hartzeko gai naizen aldetik, eta gogoeta egiteko behar izan dudan informazioa jaso ondoren, hau adierazi nahi dut:

“Nire egoera fisikoaren eta/edo mentalaren ondorioz, inoiz egin beharko dizkidaten osasun-zainketen aurrean, nire borondatea adierazteko gaitasunik —modu iraunkorrean— ez badaukat; ondoren zerrendatzen diren egoera batean nagoelako:

  • Egoera terminalean edo hilzorian banago, gaixotasun aurreratua, atzeraezin eta sendaezin baten eraginez.
  • Garuneko kalte larria edo atzeraezina badaukat (koma konponezina, egoera begetatibo iraunkorra)
  • Dementzia larri aurreratua eta atzeraezina badaukat, bere jatorria edozein dela ere, eta horren eraginez ez baditut ezagutzen nire senideak edo lagun hurkoenak, eta ez badaukat era autonomoan elikatzeko gaitasunik.

“nire zainketen ardura daukan medikuari eskatzen diot, heriotza geroratzea ekar dezakeen diagnosi- edo terapia-prozedurarik ez hasteko, eta, hasita balego, bertan behera uzteko.

“Hauxe adierazi nahi dut zehatz-mehatz:

  • Ez dut bihotz-biriketako bizkortzerik nahi, ezta aireztapen mekanikorik ere (arnasgailu batera konektatuta egotea)
  • Ez dut ezein motako dialisirik nahi
  • Ez dut elikadura edo hidratazio artifizialik nahi ez zain-barnetik, ez zunda nasogastrikotik, ezta bestelako bideetatik ere.
  • Ez dut kimioterapiarik, erradioterapiarik, kirurgiarik, odol-transfusiorik, ezta antibiotikorik nahi, ez bada nire bizi kalitatea hobetzeko.
  • Ez dut odola ateratzerik nahi, ezta bestelako azterketa diagnostikorik egitea ere, ez bada nire bizi-kalitatea hobetzeko.

“Era berean, nire zainketen ardura daukan medikuari eskatu nahi diot eskura diren baliabide guztiak erabil ditzala mina edo oinazea arintzeko, baita erosotasunik handiena izateko, horiek baliatzeak nire heriotza aurreratzea badakarte ere.

Dokumentuak hiru orrialde ditu, baina, laburbiltzearren, beste puntu hauek ere zehaztu ditut:

  • Sedazio aringarria eskatzen dut, behar izanez gero.
  • Ez dut erlijio-laguntzarik nahi.
  • Nire organoak eta ehunak eman nahi ditut.
  • Ez dut inolako arazorik autopsia egin diezadaten.
  • Eutanasia legezkoa balitz, prozedura horren bidez hil nahiko nuke, behar izanez gero.
  • Ahal izanez gero, zaintza paliatiboetako talde batek tratatzea nahiko nuke, eta euskaraz dakiena.

Eta amaitzeko, nire eskerrik beroenak Sara Egidazuri eta Berta Gongetari, eskaini diguten denbora eta laguntzagatik.

Kategoriak heriotza | Etiketak | 4 iruzkin

Gora Azoka Telebista!

Azoka Telebistaren logoa aurtengo edizioan.

Aurten ez naiz joan Durangoko Azokara, azoka egunetan bestelako konpromisoak izan ditudalako. Etxera itzuli garen bakoitzean, hasieran ETBra jo izan dugu, ikusteko iluntzeko albistegiak zer esaten zuen azokaz. Amorratuta amaitu dut gure telebista publikoarekin, batetik oso denbora eskasa eskaini diolako azokari, eta, bestetik, tratamentua are eta eskasagoa izan baita, azalekoa oso.

Euskal Telebistari dagokio egun horietan programazio berezia antolatzea, ikuspegi zabala eskaintzeko azokan gertatzen denari, askotarikoa eta interesgarria baita, paperean Berria egunkariak egiten duen eran. Horretarako da Euskal Telebista, eta horregatik ordaintzen da herritarron diruarekin.

Eskerrak Azoka Telebista genuela Goiena.eus webgunean! Lotu etxeko telebista-aparailuarekin, eta hortxe ikusi ditugu ganorazko laburpen oparoak, egun bakoitzean zer gertatu den azokaren bueltan. Eta hortxe ikusi dugu Durangoko Liburu eta Disko Azoka marabilla bat dela, egitarau oso aberatsarekin.

Euskal Telebista gai ez bada bere egitekoa betetzeko, gutxienez konektatu egin beharko luke Azoka Telebistarekin, eta horrek egindako lana aprobetxatu, baina ez saioa goizeko 02:00etan jarrita, baizik eta prime timen.

Mila esker Azoka Telebistari, egun hauetan zerbitzu publikoa erabateko profesionaltasunez eskaini digulako.

Kategoriak Telebista | Etiketak , | Iruzkin 1

Cruz Gallastegi revisited

Cesar Fernandez-Quintanilla Gallastegirekin, Irizar jauregian, Bergaran.

Laboratorium Museoak antolatuta, atzo ehun bat lagun elkartu ginen Irizar jauregian, Bergaran, Cruz Gallastegi zenari buruz entzutera, entzule baten hitzetan, “Bergarako ezezagun handia”. Hizlaria Cesar Fernandez-Quintanilla Gallastegi izan zen, Cruz Gallastegiren biloba, eta Biologian eta Landareen Genetikan espezializatua.

Irizar jauregiko hirugarren solairua bete egin zen, seinalerik argiena jendeak interes handia duela Cruz Gallastegiren inguruan jakiteko. Entzule gehienak Bergarakoak ziren, jakina, adin batetik gorakoak, baina bertan zeuden, baita ere, Cruz Gallastegiren familiarteko zenbait, Bergara, Gasteiz eta Madrildik etorriak.

Argazki mordotan oinarri hartuta, hizlariak Genetikaren hastapenetara eraman gintuen, Gregor Johan Mendel abade eta zientzialari austriarrarenganaino, Gallastegi testuinguruan jartzeko. Haren aitaz hitz egin zigun, Santos Gallastegi, arbolazaintzaren maitalea, eta zorrotza semearen hazkuntzaz; Frantzian, Alemanian eta AEBetan egindako ikasketez; eta Galizian egindako lan itzelaz, Cruz Gallastegik hantxe egin zuen-eta lan guztia.

Familia ere Galizian egin zuen, baina aldian behin Bergarara etortzen zen, jaioterriko familiarekin eta aspaldiko lagunekin-eta egotera, zenbait argazkitan ikusi zen moduan.

Galizian aspaldi aitortu zaio Cruz Gallastegiri egindako lana. Euskal Herrian, aldiz, oraindik ezezaguna zaigu. Baina atzoko hitzaldia lehen pausoa izan zen haren lana gure artean jakitera emateko. Laboratorium Museoak, gainera, aste bat eskaini nahi dio, bertan hitzaldiak, erakusketa bat eta beste zenbait ekimen eskainita. Poztuko ginateke horrela balitz.

Kategoriak Zientzia | Etiketak , | Utzi iruzkina