Aurretiazko borondateen agiria bete dut

Hil aurretik larri gaixotzen banaiz, eta une horretan ez banaiz gauza adierazteko zer nahi dudan… Zelan tratatu behar naute medikuek? Tratamendu horiek zelan eragingo dute nire bizi kalitatean, eta noraino luzatuko dute nire bizia? Hori guztia argitzeko, Aurretiazko Borondateen Agiria (ABA) bete dut, euskaraz bete ere, horrelako egoera batean medikuek garbi izan dezaten zein den nire borondatea, zein tratamendu aplika diezadaketen eta zein ez.

Elorrioko anbulatorioan

Elorrioko anbulatorioak bi pertsona ditu jendeari laguntzeko gai horren inguruan. Bat Sara Egidazu da, pediatra erretiratua, eta borondatez egiten duena lan hori. Bestea, Berta Gongeta, erizaina. Laupabost lagunek-edo eskatzen dutenean informazioa aurretiazko borondateen inguruan, Sarak eta Bertak bilera egiten dute, eta bertan ezinago argi esplikatzen dute dena. Jeneralean hiru eta bost lagunen artean elkartzen dira, baina gu izan ginenean, 13 lagun batu ginen, gehienak Elorrion bizi ginenak, baina baita Berriztik etorritako zenbait.

Sarak adierazi zigun moduan, Aurretiazko Borondateen Agiria opari bat da gaixoaren familiarentzat, bertan gaixoak argi eta garbi adierazten baitu zer nahi duen eta zer ez duen nahi egoera horretarako, halako eran non baztertu egiten baitira ingurukoen interpretazioak, usteak eta anbiguotasunak.

Agiri hau, bestalde, ez da aldaezina. Edozein momentutan, zenbait gaitan iritziz aldatzen badut, berriro bete dezaket ABA, eta azken bertsioak balio izango du. Hori ere inportantea da, egoerak eta pertsonak aldatu egiten gara-eta.

Zer behar den

ABA egin nahi duenak, bere herriko osasun zerbitzura joan, eta bertan eska dezake inprimakia. Euskaraz edo gaztelaniaz egin daiteke. Ona litzateke ezer idatzi aurretik, profesional batekin hitz egitea, aurrez garbi izateko kontzeptuak.

Bestetik, eskatzaileak beharko ditu bi ordezkari (bat titularra eta bestea ordezkoa), dokumentua sinatuko dutenak. Eta, bukatzeko, hiru lekuko beharko ditu, bere familiarekin zerikusirik izango ez dutenak, horiek ere agiria sinatzeko gertu. Bost lagun horiek beren nortasun agiriaren fotokopia bana eman beharko dute.

Osakidetzaren esku

Behin agiria beteta eta sinatuta, sobre batean sartu, eta entregatu behar da herriko anbulatorioan edo osasun zerbitzuan, handik Gasteizera bidal dezaten, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrora. Bertan ontzat ematen badute agiria, hortik aurrera etxeko medikuak edo Osakidetzako edozein medikuk bistan izango du ikur bat nire fitxaren ondoan, nire etxeko medikuaren ohartxo batekin batera, adierazteko eginda dudala ABA agiria, zeina soilik irekiko baita nire osasun-egoerak horrela eskatzen duenean.

Familiarekin partekatu

Gurean, senar-emazteok bete dugu ABA, baina gure alabarekin partekatu dugu, bera jakinaren gainean izan dadin. Eta kopia bat atera dugu, berak ere eskura izan dezan. Alabak ondo hartu du hau guztiau, eta lasai geratu da.

Zer eskatu dudan

Jakin dezazuen zer esaten duen horrelako dokumentu batek, hona ekarriko dizkizuet zenbait pasarte:

“Erabakia askatasunez hartzeko gai naizen aldetik, eta gogoeta egiteko behar izan dudan informazioa jaso ondoren, hau adierazi nahi dut:

“Nire egoera fisikoaren eta/edo mentalaren ondorioz, inoiz egin beharko dizkidaten osasun-zainketen aurrean, nire borondatea adierazteko gaitasunik —modu iraunkorrean— ez badaukat; ondoren zerrendatzen diren egoera batean nagoelako:

  • Egoera terminalean edo hilzorian banago, gaixotasun aurreratua, atzeraezin eta sendaezin baten eraginez.
  • Garuneko kalte larria edo atzeraezina badaukat (koma konponezina, egoera begetatibo iraunkorra)
  • Dementzia larri aurreratua eta atzeraezina badaukat, bere jatorria edozein dela ere, eta horren eraginez ez baditut ezagutzen nire senideak edo lagun hurkoenak, eta ez badaukat era autonomoan elikatzeko gaitasunik.

“nire zainketen ardura daukan medikuari eskatzen diot, heriotza geroratzea ekar dezakeen diagnosi- edo terapia-prozedurarik ez hasteko, eta, hasita balego, bertan behera uzteko.

“Hauxe adierazi nahi dut zehatz-mehatz:

  • Ez dut bihotz-biriketako bizkortzerik nahi, ezta aireztapen mekanikorik ere (arnasgailu batera konektatuta egotea)
  • Ez dut ezein motako dialisirik nahi
  • Ez dut elikadura edo hidratazio artifizialik nahi ez zain-barnetik, ez zunda nasogastrikotik, ezta bestelako bideetatik ere.
  • Ez dut kimioterapiarik, erradioterapiarik, kirurgiarik, odol-transfusiorik, ezta antibiotikorik nahi, ez bada nire bizi kalitatea hobetzeko.
  • Ez dut odola ateratzerik nahi, ezta bestelako azterketa diagnostikorik egitea ere, ez bada nire bizi-kalitatea hobetzeko.

“Era berean, nire zainketen ardura daukan medikuari eskatu nahi diot eskura diren baliabide guztiak erabil ditzala mina edo oinazea arintzeko, baita erosotasunik handiena izateko, horiek baliatzeak nire heriotza aurreratzea badakarte ere.

Dokumentuak hiru orrialde ditu, baina, laburbiltzearren, beste puntu hauek ere zehaztu ditut:

  • Sedazio aringarria eskatzen dut, behar izanez gero.
  • Ez dut erlijio-laguntzarik nahi.
  • Nire organoak eta ehunak eman nahi ditut.
  • Ez dut inolako arazorik autopsia egin diezadaten.
  • Eutanasia legezkoa balitz, prozedura horren bidez hil nahiko nuke, behar izanez gero.
  • Ahal izanez gero, zaintza paliatiboetako talde batek tratatzea nahiko nuke, eta euskaraz dakiena.

Eta amaitzeko, nire eskerrik beroenak Sara Egidazuri eta Berta Gongetari, eskaini diguten denbora eta laguntzagatik.

Kategoria: heriotza Etiketak . Gorde lotura.

4 erantzun Aurretiazko borondateen agiria bete dut-ri

  1. egilea: Luis Mendizabal

    ESkerrik asko, Joxe. Bidea erakutsi didazu. Baita zer esan ABA horretan.
    Ez zaitut aspaldian ikusi eta egoera edo aitzaki honekin berriz zutaz jakitea ez da oso atsegina baina eskertzen dizut zure ausardia. Eta jarraitu idazten ¡
    Oroipen onenakin gogoratuko zaitut.
    mila esker ¡

  2. egilea: Iñaki Murua

    Neuk ere egin beharra daukat, Joxe. Gure amaren heriotzaren ondoren hartutako erabakia da, baina gauzatzea atzeratzen doan arren, ea tartea hartzen dudan horretarako.

  3. egilea: Eneko

    Eskerrik asko informazioagatik, Joxe.

  4. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker hiruroi, zuen erantzunengatik. Aspalditxo nuen gogoan egin behar nuela Aurretiazko Borondateen Agiria osasunez ondo nengoela, eta horixe egin dut. Jakinda, gainera, edozein momentutan aldatu edo egokitu dezakedala. Ondo segi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude