Tenerife, Humboldt eta Darwin

Alexander von Humboldt eta Charles Darwin.

Turista moduan ere, gustatzen zait irakurtzea bisitatzen ari naizen lekuez. Horretarako, Internet erabiltzen dut, eta baita lekuan lekuko liburu-dendak ere. Horrela jokatuta, zenbaitetan ezusteko ederrak hartzen ditut, oraingoan bezala.

Iaz, Gomera uhartean genbiltzala, eta txundituta bertako naturaren oparotasunaz, galdetu nion neure buruari ea Charles Darwin-ek izan ote zuen haren berri. Telefonoan begiratuta, jakin nuen harriduraz, Gomeraz ez baina Tenerifez maiteminduta zegoela Darwin, eta gaztetan tentatuta izan zela hara joan eta uhartea aztertzeko, batez ere Orotavako harana eta Teide. Are gehiago, Beagle itsasontzian abiatu ondoren, Tenerifen lur hartzeko zorian izan zela. Santa Cruz hiriaren kanpoaldean aingura botata, uharteko Osasun Agintaritzak jakinarazi zien baina, Ingalaterran kolera agertu zela, eta, badaezpada, hamabi eguneko kuarentena egin beharko zutela ontzitik jaitsi barik. Egun batzuk igarota, Robert Fitzroy kapitainak erabaki zuen aurrera egitea, itsasoaren egoera ona aprobetxatzeko. Kapitainak berak geroago idatzi zuenez, Darwin lur jota geratu zen erabaki harengatik:

“Disgustu handia izan zen Darwin jaunarentzat, zeinak (Teideko) Gailurra bisitatzeko itxaropena izan baitzuen. Hura ikustea, inguruan ainguratuta eta lehorreratzeko zorian egotea, eta hala ere, handik alde egin behar izatea Tenerife berriro ikusteko aukera handirik barik, hura izan zen, bai horixe, kalamitate itzela harentzat”.

Aurten, berriz, Icod de los Vinos herrian genbiltzala, Tenerife ipar aldean, liburu batek eman zidan atentzioa, Alexander von Humboldt. Su semana en Tenerife. 1799,eta, pentsatuta hark izan zezakeela zerikusirik Darwin gazteak Tenerifekiko zuen miresmenaz, erosi egin nuen. Erosi eta irakurri, nobela bat bailitzan.

Beste egun batean, La Laguna hirian genbiltzala, Charles Darwinen Charles Darwin. Autobiografia ikusi nuen hango liburu-denda batean. Eta hura ere, erosi. Azken liburu hau etxean irakurri dut, Tenerifetik itzuli berri, egun hauetako kalima izugarriak Kanariak astindu aurretixe, eta bertan aurkitu dut konfirmazioa Darwinek Alexander Humboldt naturalista alemanaren mireslea zela, haren lanarena, eta handik zetorkiola Tenerife bisitatzeko irrika betegabea.

Liburu biak ezinago gustura irakurri ditut, aprobetxatuta lehenengoak batez ere guk bisitatutako leku asko aipatzen zituela. Eskertuta nago, beraz, liburuei, aberastu egiten dutelako nire turista esperientzia.

PS: Seguru nago gaur egun Darwinek gogokoagoa izango zuela Gomera uhartea Tenerife baino, azken hau anabas itzela bihurtu dute-eta.

Kategoria: Bidaiak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude