Cruz Gallastegi revisited

Cesar Fernandez-Quintanilla Gallastegirekin, Irizar jauregian, Bergaran.

Laboratorium Museoak antolatuta, atzo ehun bat lagun elkartu ginen Irizar jauregian, Bergaran, Cruz Gallastegi zenari buruz entzutera, entzule baten hitzetan, “Bergarako ezezagun handia”. Hizlaria Cesar Fernandez-Quintanilla Gallastegi izan zen, Cruz Gallastegiren biloba, eta Biologian eta Landareen Genetikan espezializatua.

Irizar jauregiko hirugarren solairua bete egin zen, seinalerik argiena jendeak interes handia duela Cruz Gallastegiren inguruan jakiteko. Entzule gehienak Bergarakoak ziren, jakina, adin batetik gorakoak, baina bertan zeuden, baita ere, Cruz Gallastegiren familiarteko zenbait, Bergara, Gasteiz eta Madrildik etorriak.

Argazki mordotan oinarri hartuta, hizlariak Genetikaren hastapenetara eraman gintuen, Gregor Johan Mendel abade eta zientzialari austriarrarenganaino, Gallastegi testuinguruan jartzeko. Haren aitaz hitz egin zigun, Santos Gallastegi, arbolazaintzaren maitalea, eta zorrotza semearen hazkuntzaz; Frantzian, Alemanian eta AEBetan egindako ikasketez; eta Galizian egindako lan itzelaz, Cruz Gallastegik hantxe egin zuen-eta lan guztia.

Familia ere Galizian egin zuen, baina aldian behin Bergarara etortzen zen, jaioterriko familiarekin eta aspaldiko lagunekin-eta egotera, zenbait argazkitan ikusi zen moduan.

Galizian aspaldi aitortu zaio Cruz Gallastegiri egindako lana. Euskal Herrian, aldiz, oraindik ezezaguna zaigu. Baina atzoko hitzaldia lehen pausoa izan zen haren lana gure artean jakitera emateko. Laboratorium Museoak, gainera, aste bat eskaini nahi dio, bertan hitzaldiak, erakusketa bat eta beste zenbait ekimen eskainita. Poztuko ginateke horrela balitz.

Kategoria: Zientzia Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude