Komunikazioa krisi garaian

Nekane Murga Osasun sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria prentsaurreko batean.

Koronabirusa gure artean eragiten ari den krisia ikusita, epaitu barik agintariak zelako neurriak proposatzen ari diren, gero eta garbiago daukat Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat, komunikazio-arazo bat daukagula, gure agintariek ez baitakite hitzez, idatziz eta keinuz zelan komunikatu egoeraren larria.

Gaur goiz erdian Euskadi Irratia jarri dut, zuzenean entzuteko Iñigo Urkullulehendakariaren hitzak. Euskaraz hasi da, eta bukatu duenean, ez nuen garbi zer esan duen (eta konturatu naiz irratiko esatari zenbait ere, horrela geratu direla, zalantzarekin), eta gaztelaniazkoa entzun behar izan dut jakiteko osasun larrialdiko egoera jakinarazi duela. Euskaraz hitz egiten duenean (gehienetan horrela iruditzen zait), Urkulluk automata bat ematen du, testu kafkiano samarrak irakurtzen (nork idazten dizkio mondrongo horiek?), zer esaten duen oso ondo ez dakiela. Gaztelaniaz diharduenean, berriz, ematen du abade bat predikatzen, eta, aldizka, errege emeritua. Horrek guztiak ilundu egiten du mezua. Eta momentu hauetan hori da gutxien behar duguna.

Arazoa, ostera, ez da lehendakariarena soilik. Nekane Murga eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailburuak okerrago ibiltzen dira. Koronabirusak eragindako krisialdi honetan sarri samar ikusi ditut biak ezinean: paperari lotuta, gaizki irakurtzen eta egoera esplikatu ezinik. Orain bizpahiru egun, Nekane Murgak konfiantza eskatzen zigun, justu eurek transmititzen ez dutena.

Kontrastean, Espainiako gobernua dezente hobeto ari da birus horrek eragindako krisia komunikatzen. Bai Salvador Illa Osasun Ministroak eta baita Fernando Simón, Osasun Alerta eta Larrialdi-zentruko zuzendariak argi eta ganoraz hitz egin dute, kazetariei begietara begiratuz, paperetara datuak kontsultatzeko bakarrik so eginda. Horiek bai transmititzen dute konfiantza. Beste kontu bat da bai batzuk zein besteak hartzen ari diren neurriak egokiak diren edo ez. Gaur ez naiz horretaz ari.

Horrelako egoeretan ikusten da zein inportantea den erretorika, alegia, ondo hitz egiteko edo idazteko artea. Beste hitz batzuekin esanda, ondo komunikatzea. Salbuespenak salbuespen, hegoaldeko euskaldunok trakets samar gabiltza horretan, eta gure hezkuntza sistemak indartu beharko luke trebetasun hori.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Komunikazioa krisi garaian-ri

  1. egilea: Alberto Agirreazaldegi

    Erabat ados zurekin. Aldiz, Josu Erkoreka komunikatzaile ona iruditzen zait. Atzo irrati kate espainiar batek egin zion elkarrizketa gai honi buruz eta oso ondo jardun zen. Zergatik berak ez du komunikatzen Jaurlaritzaren izenean?

  2. Pingback: Komunikazioa krisi garaian • ZUZEU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude