Seguruak al dira belar artifizialeko futbol zelaiak?

Joan den ostegunean, urriak 9, NBC News telebistak erreportaje labur bat argitaratu zuen izen honekin: “Zenbateraino da segurua soropil artifiziala zure haurraren kirol instalazioetan?”. Gaiak izan dezakeenez eragina gure artean —hemen gero eta herri gehiagok erabiltzen baitute belar artifiziala beren kirol instalazioetan—, eta albistean minbizi mota bat aipatzen dutenez, linfoma, nik izan nuena, hona ekarri dut.

AEBetan futbol entrenatzaile batek kaleratu du arazoa, bere bi jokalariri, biak neskak, Hodkingen besteko linfoma diagnostikatu zietenean. Joan zenean euretariko bati laguntzera kimio saiora, erizain batek esan zien: “ez esan zu ere atezaina zarela. Aste honetan tratatu dudan laugarren atezaina zara”. Entrenatzailea zur eta lur geratu zen. Hasi ziren ikertzen, eta ikusi zuten AEBetan 38 futbol jokalari zeudela minbiziak jota, eta haietatik 34 atezainak zirela, logikoa, bestalde, atezainek denbora asko egiten dutelako lurrean, batez ere entrenamenduetan.

Berehala susmoak zentratu ziren kautxozko bolatxo beltzetan. Erreportajeak dio bolatxo horiek eginak daudela gurpilen materialarekin, auto eta kamioien gurpilekin. Bolatxoak aztertuta, ikusi dute gurpilen elementu kimiko berberak dituztela, baina Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluak esan du elementu horietarik lauk minbizia eragin lezaketela: arsenikoa, benzenoa, kadioa eta nickela. Hala ere, erakunde berak dio esposizioa txikia bada, ez dagoela arriskurik.

Erreportajeak neska atezain baten kasua azaltzen du, Jordan Swarthout, zeina 12 urterekin hasi baitzen futbolean jokatzen atezain moduan. Astean iritsi zen 20 ordu praktikatzera, entrenamenduetan, eta, berak dioenez, makina bat bider ahora sartzen zitzaizkion kautxozko bolatxoak. Kontua da 21 urterekin, Hodkingen linfoma diagnostikatu ziotela. Ondo fijatzen bazarete, eztarrian orbain nabarmen bat geratu zaio esperientzia hartatik, gaur egun osatuta baitago.

Erreportajeak amaitzen du esanez gaur egun ez dagoela ebidentzia zientifikorik, lotzen dituena belar artifiziala eta minbizia. Gauza bera dio industriako ordezkari batek, erreportajean elkarrizketatua. Hark dio 14 txosten daudela eginda horren gainean, eta batek ere ez dituela lotzen gaixotasuna eta zelai horiek. Hala ere, bai New Yorken eta baita Los Angelesen ere, hainbat erakundek erabaki dute aurrerantzean ez erabiltzea belar artifiziala beren kirol instalazioetan. Uste izatekoa da, bestalde, NBCk erreportajea atera izanak izango duela eragina etorkizunean, horrek ikerketa gehiago eragingo du-eta.

Kategoriak Kirola | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Ustezko norabide aldaketa ebola krisian

Atzo Espainiako hedabide handiek iragarri ziguten Espainiako gobernuak norabide aldaketa egin duela zelan kudeatu Madrilen sorturiko ebola krisia. Aurrerantzean, Ana Matok barik, Soraya Saenz de Santamaria gobernuko presidenteordeak koordinatuko ditu krisia eta krisi-batzordea, atzo bertan eratutakoa helburu horrekin.

Ondorioak hasi dira igartzen gaurko egunkarietan. Saenz de Santamariak agintearen hariak mugitu, eta lortu du —egun batetik bestera, eta ebola krisiak txarrera egin badu ere, zeren gaur 16 lagun baitaude ospitaleratuta Madrilen, atzo baino pare bat gehiago—, presidenteordeak lortu du ebola ez izatea egunkari handienen foko nagusia, ez behintzat krisiaren alde negatiboak agerian jartzeko.

Gaurko egunkari handiek bi berritasun dakartzate: batetik, berandu bada ere, Espainiako gobernuak erreakzionatu egin du (albiste positiboa). Bestetik, egunkariek dioskue badirela beste gai batzuk ebola krisia bezain inportante edo inportanteagoak, adibidez, Caja Madril eta Bankiako zenbait zuzendarik zelan erabili zituzten txartel beltzak dirua barra-barra xahutzeko. Horretan El Correo da gaur adibiderik nabarmenena.

Hortaz, oraingoz ez dakigu Espainiako gobernuak zer egingo duen krisia bideratu eta konpontzeko, baina sumatzen dugu hariak mugitzen hasi dela bere diru laguntzen menpe bizi diren hedabideek aktualitatearen fokoa beste nonbaiten jar dezaten. Beldur naiz dena ez ote den izango operazio bat komunikazioa kontrolatzeko.

Kategoriak Hedabideak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Heriotzari begira

Atzo iluntzean Aulki hutsak dokumentala ikusi nuen. Eta pozik irten nintzen, ikusita egileak zelan erabili duen heriotzaren gaia: sentiberatasun handiz eta itzulinguru barik. Gustura halaber, dokumentalean hainbat jende ezagun ikusi nuelako, zintzo azaltzen beraien esperientzia.

Gura barik, gogora etorri zitzaidan gure ama hil zenekoa, zelan eman zuen azken arnasa bakean. Uste dut amak egin zigun azken oparia izan zela.

Hala ere, gutxitan hitz egiten dugu heriotzaz. Dokumental hau isiltasun beldurti hori apurtzera dator, eta lortzen du helburua. Zorionak Iñaki Peña lagunari, Arteman enpresako taldeari eta proiektu honetan lagundu dieten guziei. Bejondeizuela!

Kategoriak heriotza | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Amazonen erantzun biribila

Paketeak

Hil honen hasieran, lagun batek eskatu zigun ea erosiko genizkion Amazonen Neptune izeneko musika jogailuak, musika urpean entzutekoak. Bere emaztearentzat nahi zuen aparailua, laster urteak egingo zituen-eta. Dena amaitutakoan, berak itzuliko zigun guk aurreratua.

Erosi genuen aparailua, eta handik bi astera, etxean geneukan, oparitarako pakete batean, horrela eskatu baigenuen. Hala ere, bai kanpoko paketea eta bai barrukoa, mailetuta iritsi ziren, eta kartazala, bustita. Zer egin? Oparia ezin zen horrela eman, itxura eskasa zuelako. Paketea itzultzen bagenuen, berriz, gure lagunaren emaztea opari barik geratuko zen. Lagunari deitu aurretik, erabaki genuen Amazoni idaztea, gertatutakoaren berri emateko.

Emailez idatzi nuen mezu bat, gertatutakoa azaltzen. Aspaldiko bezeroa naizela, sekula kexarik izan bakoa, baina orain arazo bat genuela, ea enpresak zer proposatzen zuen. Argazkiak ere bagenituela, nahi izanez gero, ikusi nahi bazuten zelan iritsi ziren paketeak. Goizeko 10:00etan bidali nuen mezua, eta handik ordubetera —AEBetan oraindik gaua—, erantzuna jaso nuen. Sentitzen zutela gertatutakoa, eta bi aukera eskaintzen zidatela:

  1. Erabakiz gero geratzea aparailuarekin, berau prezio erdian egingo zidaten.
  2. Erabakiz gero produktua itzultzea, diru guztia itzuliko zidaten.

Hori jaso ondoren, lagunari deitu eta ireki egin genuen bigarren paketea, oparitarako zetorrena, ikusteko zelan zegoen barrukoa. Eta barrukoa bilduta zetorren plastiko batean, eta pakete txiki baten barruan, txukun-txukun, orbain txikienik ere ez zuela. Lagunak erabaki zuen geratu egingo ginela produktuarekin, erdi-prezioan, eta sartuko zuela beste kaxa batean.

Egun berean, Amazoni erantzun genion gure aukeraren berri ematen. Galdera batzuk erantzun, informazio apur bat eman (erosketa zenbakia, etab.), eta kito. Handik ordu pare batera, diruaren erdia itzulita nuen nire kontu korrontean. Hori guztia, trukean ezer berezirik eskatu barik, ez argazkirik, ez beste ezer.

Amazon kritikagarri izan daiteke beste kontu batzuengatik, baina bezeroaren arreta eta satisfakzioari dagokienez, enpresa gutxi iritsiko zaizkio parera. Ni oso pozik geratu nintzen, eta nire laguna, are eta poziago, lortu zuelako nahi zuena, eta erdi-prezioan. Bere emazteak ere atzo jaso zuen oparia, bere urtebetetze egunean, eta kriskitinak baino alegerago geratu da.

Kategoriak Teknologia | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Mahats-batzea Esteñibar baserrian (2014)

P1040343

Joan den larunbatean, hilak 27, mahatsa batu genuen Esteñibar baserrian, Elorrion, Bizkaiko ekialdean. Jende asko elkartu ginen mahatsa batzeko, berrogeitik gora bai, eta primerako eguraldia izan genuen: lehen orduan fresko, eta goiz erditik aurrera, eguzki betean. Giroa ere ederra izan genuen, lana bukatutakoan tripafesta egin genuen-eta, musikaz lagunduta. Mahats asko eta ona batu genuen. Mendraka txakolinak igarriko du.

Argazkian ikus dezakezuenez, aurten gaztetxo asko gehitu zaizkigu festara. Denek ere, primeran igaro zuten. Eguneko argazkiak Flickr-en ikus ditzakezue.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , , , , , , | Utzi iruzkina

Lehengusu-lehengusinekin

IMG-20140920-WA0002

Joan den larunbatean bazkaria izan genuen familian. Urtero legez, Aranzabal familiako lehengusu-lehengusinak elkartu ginen, familiaren jatorria Angiozarren duena, Aguleta baserrian. Bazkaria Elorrion izan zen, Katxarro jatetxean.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Nire lehen soldata

Amat

Hamabost urte nituen, eta, etxera diru apur bat eramate aldera, udan lanean hasi nintzen Amat izeneko kooperatiban, Mondragoen, justu gaur egungo Garaia Berrikuntza gunearen parez pare, errepidearen bestaldean. Uda hartan, 1968koa oker ez banabil, hiruzpalau ikasle hasi ginen lanean kooperatiba hartan, helburu berarekin. Orduan Amatek hoditeriako osagarriak egiten zituen, eta fundizioa zuen oinarrizko jarduera. (Gaur egun, berriz, Fagor Ederlan da kooperatibaren jabea, eta autogintzan dihardu).

Gogoan dut lehen hilea bukatu zenean, larunbat eguerdiz (garai hartan egun erdiz egiten baitzen lan larunbatetan), sobre bat eman zigutela langile guztioi, baita ikasleoi ere, eta harekin joan nintzela etxera, kriskitinak baino poziago, hura baitzen nire lehen soldata. Ez dut gogoan zenbat diru zen, baina garbi oroitzen dut aitak eta amak sobrea jasotzerakoan eskaini zidaten poz irribarrea.

Arratsalde hartan, aitak berarekin hartu eta kalera eraman ninduen, parrokia ondoko erloju-denda batera. Bertan erloju bat erosi zidan, atzeko aldean nire izen-deiturak eta data irarrita, letra etzanaz. Oparia izan zen, nire lehen soldatagatik jasotakoa.

Urteetan eraman nuen erloju hura nire ezkerreko eskuturrean, baina, halako batean, galdu egin nuen. Zoritxarrez.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , , , , , , | Utzi iruzkina

Diada eguna ere bazen

Eguerdian gertatu da. Irakurtzen ari nintzen Diada egunari buruzko artikulu bat, eta telefonoak jo du. Bego izan da, emaztea. Ea dakidan gaur zer egun den. Ideiarik ere ez. Orain hamabi urte baino hobeto zauden seinale. Eta orduan konturatu naiz. Gaur irailaren 11 da. Gaurko egunez, orain dozena bat urte, ospitaleratu egin ninduten, linforma bat aurkitu zidaten-eta, minbizi mota bat odolean eragiten duena. Begori esker, bestela, gogoratu ere ez.

Elkarrizketa amaitu ondoren, ohartu naiz nire gaixotasunaz Sustatun idatzi nuen lehen artikuluan, egunaren tristea azpimarratze aldera, aipatu nituela Dorre bikien kontrako atentatua eta Txileko estatu kolpea, biak irailaren 11 batez gertatuak, nahiz eta urte desberdinetan.

Zorionez, atzean geratu zaizkit minbiziak eragindako egun triste haiek. Hamabi urte igaro dira, eta bigarren bizialdia ari naiz bizitzen. Horregatik, beste gertakari bat aukeratuko dut urteurrena ospatzeko: Diada, kataluniarren eguna, irailaren 11 izan dadin euren ametsa egia bihurtzeko ataria.

Kategoriak Minbizia | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Watergate, berriro

Aspaldi ikusi nuen All the President’s Men filma, 24 urte nituela. Orduan gustura geratu nintzen, baina abuztuan berriro ikusi dut, filmaren azpitituluak euskaratu bitartean, eta orain gehiago gozatu dut: a zelako pelikula puska!

Filmak zein ondo ispilatzen duen Woodward eta Bernstein kazetarien arteko lehia eta elkarlana, baita ausardia ere, gainditzeko ikerketak izan zituen oztopoak. The Washington Post egunkariko arduradunen jarrera ere oso ondo jasotzen da filmean (Jason Robardsen antzezpenak harritu egin nau, egunkariko zuzendariaren rolean). Ikerketa kazetaritza sekula ez da erraza izan, eta pelikula honek garbi erakusten du hori.

Donostian nenbilela ikasle, irrikaz irakurtzen nituen Watergate eskandaluaren inguruko kontuak, eta asteburuetan L’Express aldizkari frantsesa erosten nuen, gehiago jakiteko hango kontuez. Liburua irten zenean ere, irentsi egin nuen, berau kaleratu bezain laster. Kazetaritza onaren monumentua iruditu zitzaidan orduan. Eta gaur ere, halaxe.

Bitxia irudituko zaizue, baina hain gustura aritu naiz filmaren azpitituluak euskaratzen (jarduera horrek aukera ematen du eszenak behin baino gehiagotan ikusteko eta xehetasunetan ere fijatzeko), ze liburua berreskuratu eta berriro hasi naiz irakurtzen.

Berrogei urte joan dira Richard Nixon AEBetako presidenteak dimisioa eman zuenetik Watergate eskandaluaren ondorioz. Aitzakia ona filma berriz ikusteko, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

Eskerrik asko, Bittori!

Bittorirekin

Dotore etorri zitzaigun atzo Bittori, elkarrekin bazkaldu genuen-eta Katxarro jatetxean, Elorrion bertan. Gure Mirenek hiru hilabete bete zituenean agertu zen Bittori gure bizitzan, harrezkero berak zaindu baitzuen gure txikia.

Pertsona inportante bihurtu zen gurean. Horren erakusgarri, atzo bertan Mirenek garbi adierazi zuen Bittori zela bere “bigarren ama”. Gurasook ere oso pozik izan gara berarekin, hasieratik erabateko konfiantza eman zigulako, bai alabarekin, eta baita bestelako lanetan ere.

Izatez Elgetakoa da Bittori, nahiz eta urte dezente daraman Elorrion bizitzen. Atzo bertan hainbat kontu kontatu zizkigun bere haurtzaro eta gaztaroaz, eta gu umeak letxe hari entzuten, pozik. Orain urte batzuk alargundu egin zen (Iñaxioren oroimena ere ez du saltzeko Mirenek), baina orain bi mutikoren amama da, eta gozatu egiten du egoera horrekin.

Urte hauetan eman diguzun guztiagatik, mila esker Bittori. Hala ere, segituko dugu harremanetan. Besarkada bat.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina