Miñan

Ibrahima Balde eta Amets Arzallus. (Argazkia: Berria)

Miñan liburuaren azal-hegalean dio: “Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau”. Nik, ordea, ez dut uste liburu hau nobela bat denik, eta bai kronika, bertan kontatzen baitira Ibrahima Balderen ibilerak bere amak jakinarazi zionetik anaia txikiak alde egin zuela etxetik, Gineako herrixka batetik, Europara iritsi zen arte. Liburuan esaten direnak Ibrahima gazteari gertatutakoetan oinarrituta daude, inolako edergailu barik.

Amets Arzallusen lumaz baliatuta, Ibrahima Baldek lehen pertsonan kontatzen ditu, haurtzarotik hasita, Europara iritsi bitarteko ibilerak. Eta kontatzen ditu —eta hori Ametsen meritua da, berak erabaki baitu zer estilo eta tonu erabili kontakizunean— hizkera soil eta zuzena erabilita, ispilatuko lukeena, pentsatzen dut, Ibrahimaren berbakera frantsesez hitz egiten duenean. Hain zuzen hizkera horrek, bat ere artifiziorik bakoa, eta liburuan zehar kontatzen diren pasadizoek bete-betean harrapatzen dute irakurlea, ni behintzat bai.

Liburuari izena damaion Miñan hitzak “anaia txikia” esan nahi du pularrez, Ibrahimaren hizkuntzan, eta oso ondo aukeratuta dago, bertan elementu zentral bihurtzen baita Ibrahimaren anaia txikia. Haren bilaketak Afrikaren Mendebaletik Iparraldera eramango du irakurlea, basamortuan zehar. Bide horretan protagonistak jende solidarioa eta jende esplotatzailea aurkituko du, erabat gupidagabea, migratzaileen egarria eta gosea baliatuko duena dirua egiteko.

Ibrahima Balderen ibilerak ez dira abentura huts, eta irakurleak behartuta ikusiko du bere burua hausnarketa egitera giza kondizioaz, arrazakeriaz, pobreziaz, migrazioaz eta Europaren jarreraz horren guztiaren aurrean. 2019an euskaraz irakurri dudan libururik onenetakoa.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , | Erantzun

Aurretiazko borondateen agiria bete dut

Hil aurretik larri gaixotzen banaiz, eta une horretan ez banaiz gauza adierazteko zer nahi dudan… Zelan tratatu behar naute medikuek? Tratamendu horiek zelan eragingo dute nire bizi kalitatean, eta noraino luzatuko dute nire bizia? Hori guztia argitzeko, Aurretiazko Borondateen Agiria (ABA) bete dut, euskaraz bete ere, horrelako egoera batean medikuek garbi izan dezaten zein den nire borondatea, zein tratamendu aplika diezadaketen eta zein ez.

Elorrioko anbulatorioan

Elorrioko anbulatorioak bi pertsona ditu jendeari laguntzeko gai horren inguruan. Bat Sara Egidazu da, pediatra erretiratua, eta borondatez egiten duena lan hori. Bestea, Berta Gongeta, erizaina. Laupabost lagunek-edo eskatzen dutenean informazioa aurretiazko borondateen inguruan, Sarak eta Bertak bilera egiten dute, eta bertan ezinago argi esplikatzen dute dena. Jeneralean hiru eta bost lagunen artean elkartzen dira, baina gu izan ginenean, 13 lagun batu ginen, gehienak Elorrion bizi ginenak, baina baita Berriztik etorritako zenbait.

Sarak adierazi zigun moduan, Aurretiazko Borondateen Agiria opari bat da gaixoaren familiarentzat, bertan gaixoak argi eta garbi adierazten baitu zer nahi duen eta zer ez duen nahi egoera horretarako, halako eran non baztertu egiten baitira ingurukoen interpretazioak, usteak eta anbiguotasunak.

Agiri hau, bestalde, ez da aldaezina. Edozein momentutan, zenbait gaitan iritziz aldatzen badut, berriro bete dezaket ABA, eta azken bertsioak balio izango du. Hori ere inportantea da, egoerak eta pertsonak aldatu egiten gara-eta.

Zer behar den

ABA egin nahi duenak, bere herriko osasun zerbitzura joan, eta bertan eska dezake inprimakia. Euskaraz edo gaztelaniaz egin daiteke. Ona litzateke ezer idatzi aurretik, profesional batekin hitz egitea, aurrez garbi izateko kontzeptuak.

Bestetik, eskatzaileak beharko ditu bi ordezkari (bat titularra eta bestea ordezkoa), dokumentua sinatuko dutenak. Eta, bukatzeko, hiru lekuko beharko ditu, bere familiarekin zerikusirik izango ez dutenak, horiek ere agiria sinatzeko gertu. Bost lagun horiek beren nortasun agiriaren fotokopia bana eman beharko dute.

Osakidetzaren esku

Behin agiria beteta eta sinatuta, sobre batean sartu, eta entregatu behar da herriko anbulatorioan edo osasun zerbitzuan, handik Gasteizera bidal dezaten, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistrora. Bertan ontzat ematen badute agiria, hortik aurrera etxeko medikuak edo Osakidetzako edozein medikuk bistan izango du ikur bat nire fitxaren ondoan, nire etxeko medikuaren ohartxo batekin batera, adierazteko eginda dudala ABA agiria, zeina soilik irekiko baita nire osasun-egoerak horrela eskatzen duenean.

Familiarekin partekatu

Gurean, senar-emazteok bete dugu ABA, baina gure alabarekin partekatu dugu, bera jakinaren gainean izan dadin. Eta kopia bat atera dugu, berak ere eskura izan dezan. Alabak ondo hartu du hau guztiau, eta lasai geratu da.

Zer eskatu dudan

Jakin dezazuen zer esaten duen horrelako dokumentu batek, hona ekarriko dizkizuet zenbait pasarte:

“Erabakia askatasunez hartzeko gai naizen aldetik, eta gogoeta egiteko behar izan dudan informazioa jaso ondoren, hau adierazi nahi dut:

“Nire egoera fisikoaren eta/edo mentalaren ondorioz, inoiz egin beharko dizkidaten osasun-zainketen aurrean, nire borondatea adierazteko gaitasunik —modu iraunkorrean— ez badaukat; ondoren zerrendatzen diren egoera batean nagoelako:

  • Egoera terminalean edo hilzorian banago, gaixotasun aurreratua, atzeraezin eta sendaezin baten eraginez.
  • Garuneko kalte larria edo atzeraezina badaukat (koma konponezina, egoera begetatibo iraunkorra)
  • Dementzia larri aurreratua eta atzeraezina badaukat, bere jatorria edozein dela ere, eta horren eraginez ez baditut ezagutzen nire senideak edo lagun hurkoenak, eta ez badaukat era autonomoan elikatzeko gaitasunik.

“nire zainketen ardura daukan medikuari eskatzen diot, heriotza geroratzea ekar dezakeen diagnosi- edo terapia-prozedurarik ez hasteko, eta, hasita balego, bertan behera uzteko.

“Hauxe adierazi nahi dut zehatz-mehatz:

  • Ez dut bihotz-biriketako bizkortzerik nahi, ezta aireztapen mekanikorik ere (arnasgailu batera konektatuta egotea)
  • Ez dut ezein motako dialisirik nahi
  • Ez dut elikadura edo hidratazio artifizialik nahi ez zain-barnetik, ez zunda nasogastrikotik, ezta bestelako bideetatik ere.
  • Ez dut kimioterapiarik, erradioterapiarik, kirurgiarik, odol-transfusiorik, ezta antibiotikorik nahi, ez bada nire bizi kalitatea hobetzeko.
  • Ez dut odola ateratzerik nahi, ezta bestelako azterketa diagnostikorik egitea ere, ez bada nire bizi-kalitatea hobetzeko.

“Era berean, nire zainketen ardura daukan medikuari eskatu nahi diot eskura diren baliabide guztiak erabil ditzala mina edo oinazea arintzeko, baita erosotasunik handiena izateko, horiek baliatzeak nire heriotza aurreratzea badakarte ere.

Dokumentuak hiru orrialde ditu, baina, laburbiltzearren, beste puntu hauek ere zehaztu ditut:

  • Sedazio aringarria eskatzen dut, behar izanez gero.
  • Ez dut erlijio-laguntzarik nahi.
  • Nire organoak eta ehunak eman nahi ditut.
  • Ez dut inolako arazorik autopsia egin diezadaten.
  • Eutanasia legezkoa balitz, prozedura horren bidez hil nahiko nuke, behar izanez gero.
  • Ahal izanez gero, zaintza paliatiboetako talde batek tratatzea nahiko nuke, eta euskaraz dakiena.

Eta amaitzeko, nire eskerrik beroenak Sara Egidazuri eta Berta Gongetari, eskaini diguten denbora eta laguntzagatik.

Kategoriak heriotza | Etiketak | 4 erantzun

Gora Azoka Telebista!

Azoka Telebistaren logoa aurtengo edizioan.

Aurten ez naiz joan Durangoko Azokara, azoka egunetan bestelako konpromisoak izan ditudalako. Etxera itzuli garen bakoitzean, hasieran ETBra jo izan dugu, ikusteko iluntzeko albistegiak zer esaten zuen azokaz. Amorratuta amaitu dut gure telebista publikoarekin, batetik oso denbora eskasa eskaini diolako azokari, eta, bestetik, tratamentua are eta eskasagoa izan baita, azalekoa oso.

Euskal Telebistari dagokio egun horietan programazio berezia antolatzea, ikuspegi zabala eskaintzeko azokan gertatzen denari, askotarikoa eta interesgarria baita, paperean Berria egunkariak egiten duen eran. Horretarako da Euskal Telebista, eta horregatik ordaintzen da herritarron diruarekin.

Eskerrak Azoka Telebista genuela Goiena.eus webgunean! Lotu etxeko telebista-aparailuarekin, eta hortxe ikusi ditugu ganorazko laburpen oparoak, egun bakoitzean zer gertatu den azokaren bueltan. Eta hortxe ikusi dugu Durangoko Liburu eta Disko Azoka marabilla bat dela, egitarau oso aberatsarekin.

Euskal Telebista gai ez bada bere egitekoa betetzeko, gutxienez konektatu egin beharko luke Azoka Telebistarekin, eta horrek egindako lana aprobetxatu, baina ez saioa goizeko 02:00etan jarrita, baizik eta prime timen.

Mila esker Azoka Telebistari, egun hauetan zerbitzu publikoa erabateko profesionaltasunez eskaini digulako.

Kategoriak Telebista | Etiketak , | Erantzuna 1

Cruz Gallastegi revisited

Cesar Fernandez-Quintanilla Gallastegirekin, Irizar jauregian, Bergaran.

Laboratorium Museoak antolatuta, atzo ehun bat lagun elkartu ginen Irizar jauregian, Bergaran, Cruz Gallastegi zenari buruz entzutera, entzule baten hitzetan, “Bergarako ezezagun handia”. Hizlaria Cesar Fernandez-Quintanilla Gallastegi izan zen, Cruz Gallastegiren biloba, eta Biologian eta Landareen Genetikan espezializatua.

Irizar jauregiko hirugarren solairua bete egin zen, seinalerik argiena jendeak interes handia duela Cruz Gallastegiren inguruan jakiteko. Entzule gehienak Bergarakoak ziren, jakina, adin batetik gorakoak, baina bertan zeuden, baita ere, Cruz Gallastegiren familiarteko zenbait, Bergara, Gasteiz eta Madrildik etorriak.

Argazki mordotan oinarri hartuta, hizlariak Genetikaren hastapenetara eraman gintuen, Gregor Johan Mendel abade eta zientzialari austriarrarenganaino, Gallastegi testuinguruan jartzeko. Haren aitaz hitz egin zigun, Santos Gallastegi, arbolazaintzaren maitalea, eta zorrotza semearen hazkuntzaz; Frantzian, Alemanian eta AEBetan egindako ikasketez; eta Galizian egindako lan itzelaz, Cruz Gallastegik hantxe egin zuen-eta lan guztia.

Familia ere Galizian egin zuen, baina aldian behin Bergarara etortzen zen, jaioterriko familiarekin eta aspaldiko lagunekin-eta egotera, zenbait argazkitan ikusi zen moduan.

Galizian aspaldi aitortu zaio Cruz Gallastegiri egindako lana. Euskal Herrian, aldiz, oraindik ezezaguna zaigu. Baina atzoko hitzaldia lehen pausoa izan zen haren lana gure artean jakitera emateko. Laboratorium Museoak, gainera, aste bat eskaini nahi dio, bertan hitzaldiak, erakusketa bat eta beste zenbait ekimen eskainita. Poztuko ginateke horrela balitz.

Kategoriak Zientzia | Etiketak , | Erantzun

Euskaldun endekatua, Derioko Udako ikastaroetan

Joan den larunbatean Berria egunkariak hitz hauek jarri zituen Adolfo Arejitaren ahotan, hau Derioko Udako ikastaroen 50. urteurrenaz ari zela: “Labayruk euskaldun, erdi euskaldun edo euskaldun endekatuen mundu hori lantzeko erronka hartu zuen”. Eta orduan konturatu nintzen neu ere “euskaldun endekatu” horietako bat nintzela, 1976 inguruan erabaki nuenean Derioko Udako ikastaroetara joatea, orduan nire euskara ezinago traketsa baitzen, hainbeste ze, urte batzuk lehenago, uda batez Amat kooperatiban niharduela lanean ikasketak ordaintzen laguntzeko, Luzio Murgoitiok, berau Udala auzoko langilea, “Toledoko euskalduna” deitu zidan, artean oso txarto egiten nuelako euskaraz.

Fatima arreba eta biok joan ginen Deriora, eta han ezagutu genituen Mikel Zarate eta Ander Manterola irakasleen artean, eta bertako seminarista talde bat, euskara ederto zekiena, tartean Jesus Eguzkiza Eguzki, Adolfo Arejita bera eta Jesus Etxezarraga,besteak beste.

Oker ez banabil, bi aste egin genituen Derioko barnetegian. Bertan euskararen mundua ireki zitzaidan arlo bat baino gehiagotan: gramatika, joskera, literatura… Aurkikuntza handia izan zen, nekien bizkaiera apurretik abiatuta egin nuen-eta.

Ikastaroa bukatu zenean, Ander Manterolak gomendio bat egin zigun Fatimari eta biori: “Ikusten duzue zenbat aurreratu duzuen bi aste hauetan, ezta? Bada askoz ere gehiago ikasiko duzue, eta ikasitakoa finkatu, baldin eta zuen eguneroko bizitzan euskaraz egiten baduzue. Orduan izugarri aurreratuko duzue”.

Anderren hitzek hauspotuta, Fatimak eta biok erabaki genuen aurrerantzean gure artean euskaraz hitz egingo genuela. Erabaki potoloa zen, zeren ordura arte, anai-arrebok gaztelaniaz hitz egiten genuen geure artean, eta baita gurasoekin, nahiz eta haiek guri euskaraz egin. Halaxe bada, etxera ailegatu ginenean, eta denok bazkaltzen ari ginela, iritsi berriok jakinarazi genien besteei handik aurrera, guk behintzat, euskaraz egingo genuela beti. Gogoan dut aitari eta amari irribarre ederra loratu zitzaiela, txikitatik egin zuten-eta borroka etxean euskara egin genezan. Eta handik aurrera, magiak eraginda bezala, gure etxean euskara baino ez zen egin, anai-arreba guztiok onartu genuen-eta proposamena.

Horregatik, beti izango naiz zorretan Derioko Udako ikastaroekin, hantxe egin nuen-eta salto nekien euskara apurretik ez nekien esparru zabalera. Zorionak Labayru ikastegiari, eta urte askotarako!

Kategoriak euskara | Etiketak , , , | Erantzun

Erromes katodiko, Gaztelugatxen

Bego eta Mirenekin, Gaztelugatxe inguruan (Argazkia: Miren Aranzabal)

Larunbatean ezusteko bidaia proposatu genion Bego emazteari, urteak egin zituen-eta. Bolantean jarri zenean jakinarazi genion lehen helmuga: Mungia. Hara helduta, xuxurlatu genion bigarrena Bakio zela. Hirugarrena, berriz (eta azkena), Gaztelugatxe.

Hara iritsita, lehen ustekabea izan zen han zebilen jende kopurua, erromesaldi erraldoia. Ertzaintzaren baimenarekin, errepide bazterrean utzi genuen autoa, beste guztiek bezala.

Bigarren ustekabea hara behera iristeko bidea izan zen, ez zuen-eta zerikusirik nik azkenengoz (orain hamabost bat urte) egin nuenarekin. Oraingoa dezente luzeagoa begitandu zitzaidan, erripatsua oso, baina ikuspegi ezinago ederrekin.

Hirugarren ezustea behetik gora abiatu ginenean hartu genuen, ermitarako bideak Everest ematen zuen-eta: sekulako iladak igoteko, eta beste horrenbestekoak jaisteko.

Game of Thrones telesailari esker, Gaztelugatxerako erromesaldia global bihurtu da: eskaileretan gora eta behera mundu guztiko jendea sumatu genuen: Ekialdekoak, arabiarrak, iparramerikarrak, afrikarrak, europarrak… Mito katodikoak irentsi egin du mito lokala, elizaren inguruan han sortutakoa, eta ondorioak begi bistan daude.

Urriaren 12a zen, baina eguraldia udako edozein egunetakoa baino hobea izan genuen, 28ºC inguruan ibili baiginen, eta lainope, inor ez erretzeko moduan. Apetitua egin zitzaigunean, berriz, uhartearen parean dagoen jatetxe batean bazkaldu genuen, bikain.

Egun ederra izan zen, Mirenen burutazioa egia esatera, eta primeran pasatu genuen, ikusita Bego zenbat ari zen gozatzen, bai baitzekien alabak zeramala aginte-makila amaren urtebetetze egunean. Egun gogoangarria.

Kategoriak Familia | Etiketak , , | Erantzun

Azken mahats-batzea Esteñibarren

Mahats-batzaileak, lanak amaitu berritan.

Joan den larunbatean, urriak 5, azken mahats-batzea egin genuen Esteñibar baserrian, Elorrion. Egun gogoangarria izan zen, festa handia, gogora ekarri ziguna bertan orain 24 urte egin genuen etxe-sartze alai hura. Orduan bezala, larunbatean ere hantxe ginen Irizar eta Aranzabal familiak, baita beste lagun asko ere, urte hauetan egin diren mahats-batzeetan parte hartu dutenak: guztira 60 bat lagun.

Lana goiz partean egin genuen, uste baino eguraldi hobearekin, eguzkipean egin genuen-eta beharrik handiena, bezperan pentsa ezina zirudien zerbait. Ohi bezala, hamaiketakoak eten zuen jarduera, trikitixaren soinuak lagunduta.

Bazkaldu, berriz, lainope egin genuen, ezin hobeto, epel eta gozo. Bertan erretako bildotsa izan zen jakirik preziatuena. Eta orduan etorri zen Fatima arrebari antolatutako festa, atzeratuta baigenuen erretiroa hartu duela ospatzea. Fatima bera hunkituta zegoen, eta halaxe gu ere, asko zor diogu-eta Estañibarko señoriari. Musika ez zen falta izan, hantxe izan zen-eta, betiko legez, Itziarko Irizar familia, oraingo honetan Arrasateko gaiteroek lagunduta, ahaztu barik, noski, Alan Griffin albokari aparta.

Gure historia partikularrean gordeko dugun eguna. Eskerrik asko Fatima, eta mila esker Mikel!

Kategoriak Esteñibar | Etiketak , , | Erantzuna 1

AEBak muturra sartzen Kanadan

Justin Trudeau beltzez margotuta Aladino bailitzan, institutu bateko festan (2001)

Hilabete pasatxo falta denean kanadarrek hauta dezaten parlamentu federal berria, atzerriko hedabide batek (ez Errusiakoa, AEBetakoa baizik), Time aldizkariak, atera du 2001eko argazki bat, non Partidu Liberaleko hautagai nagusia, Justin Trudeau, agertzen baita Aladino jantziekin eta aurpegia beltzez pintatuta, institutu bateko festan.

Trudeau berehala irten da plazara, eta barkamena eskatu du. Hala ere, haren hautagaitzak zartako galanta jaso du, Kanadan ez ezik, nazioartean ere zabaldu baita argazkiaren berri.

Bi puntu azpimarratuko nituzke gertakari horren inguruan.

  1. Gogora etorri zait hemen zenbat aldiz ikusi dudan Gabonetan herritar zuri bat Baltasar errege magoa antzezten, aurpegia eta eskuak beltzez margoztuta: Arrasaten, Donostian, Bilbon, Elorrion… Ez aipatzearren inauteriak, eta bertan pintura beltzez agertu izan diren guztiak. Praktika hori normala izan da orain urte gutxira arte. Zorionez, fase hori gainditzen ari da, edo hori sinetsi nahi dut. Hala ere, ez nuke esango Justin Trudeau edo gure arteko Baltasar pintatuak arrazista aktibo direnik edo izan direnik, une jakin batean horrela mozorrotu direlako.
  2. Kasualitatea da Time aldizkariak orain ateratzea argazki hori, hilabete falta denean bozketa egunerako? Uste dut ezetz, eta esango nuke aldizkari estatubatuarrak helburu batekin atera duela argazkia orain, eta ez hauteskundeen ondoren. Inperioak nahiago du Kanadan gobernu kontserbadore bat, Washingtonen agintzen duenarekin sintonian. Zer esango luketa estatubatuarrek presidentziarako kanpainaren hondarrean Pravdak aterako balu antzeko zerbait hautagai baten inguruan? Berehala esango lukete Errusia interferitzen ari dela euren kanpainan, bertan eragiteko asmoz. Eurek, ordea, nahi dutena egin dezakete, han edo hemen.
Kategoriak Politika | Etiketak | Erantzun

Badator Mister Rogers

Fred Rogers, bere saioko setean, jertse kremaileradun famatu haietako batekin.

Gogoan dut orain 38 urte AEBetara iritsi berritan, PBS telebista publikoan Mister Rogers agertzen zenean, Maribel Aseginozala adiskide aguraindarrak ohartarazten zidala saioko aurkezlearen trebezia haurrak tratatzeko. Artean ez nekien ingelesik, baina geroago aukera izan nuen egiaztatzeko Maribelek esandakoa, besteak beste, Sesame Street eta The Electric Company saioekin batera, sarri ikusten bainuen Mister Rogers’ Neighborhood saioa (Rogers jaunaren auzoa), ingelesa ikasteko, Mister Rogersek oso poliki hitz egiten baitzuen, eta argi, edonork aditzeko moduan. Gaur egungo haurrentzako telesail gehienak ez bezala, saio hura slow horietakoa zen, erritmo pausatuan egindakoa. Eta, hala ere, haurrek izugarri maite zuten gizon hura.

Badakit hemen oso jende gutxik dakiela nor zen Fred Rogers edo Mister Rogers, Ipar Ameriketako haurrek deitzen zioten moduan, baina laster izango dugu haren berri, aurki iritsiko baita A Beautiful Day in the Neighborhood (Egun zoragarri bat auzoan) filma, Tom Hanks aktoreak estreinatu berri duena Toronton, TIFF zinemaldian. Trailerra ikusgai dago, eta bertan ikus daiteke Tom Hanks Mr. Rogers antzezten. Horrezaz gain, iaz dokumental bat estreinatu zen, Won’t You Be My Neighbor? (Izango al zara nire auzokidea?), non kontatzen baita Fred Rogersen bizitza.

Ni ere zorretan nengoenez Mr. Rogersekin, asko ikasi bainuen haren saioa ikusten, itzuli nahi izan diot mesedea, eta euskarara ekarri dut haren biografia euskarazko Wikipedian,euskaldunok jakin dezagun nor izan zen gizon hura.

Kategoriak Zinea | Etiketak | Erantzun

Arrasateren gainbehera, mahai gainean

Abuztuko egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizik ez zen mahai baten bueltan nengoela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa nola Arrasate gainbehera doan, garai batean, eta gaur egun ere, kooperatibak direla-eta munduan hain miretsia den herria. Mahaikideen esanetan, ez badu garaiz noranzkoa aldatzen, laster baino lehen lo-hiri bihur daitekee Arrasate.

Elkarrizketak aurrera egin ahala, solaskideek aipatu zuten Arrasateren gainbehera eta erortzea hainbat esparrutan igartzen dela. Merkataritzan, esate baterako, non merkatariek burua altxatu ezinda segitzen baitute. Edo kulturan, non eskaintza oso pobrea den, hainbesteraino non jende asko Gasteiz, Donostia eta Bilbora joaten den zerbait interesekoa ikusi nahi duenean, edo Elorriora, non aurrekontu askoz ere txikiagoarekin, egitasmo dezente zabalagoa eta erakargarriagoa eskaintzen den. Beste horrenbeste kirolean, non futbolean behinik behin, Mondrak 3. mailan jokatu ezinik segitzen baitu, zerikusirik ez Eibarrekin, ez oso aspaldi krisialdi handia gainditu zuen herria. Halaber, hizketakideek iritzi zioten Mondragoen ez dela igartzen bertan unibertsitate bat dagoenik, kultur eraginari dagokionez bederen. Eta lidergo garbia falta dela, oro har, herria aurrera ateratzeko, ez norberaren txiringitoa gizentzeko.

Harrituta nengoan ikusita nolako pesadunbrea hedatu zen mahaian solasak aurrera egin ahala, mahaikide guztiek biziki maite baitute Arrasate. Nolanahi ere den, amaieran ez zen proposamenik falta Arrasate zulotik ateratzen laguntzeko.

Solasaskideek iritzi zioten, hasteko, ona litzatekeela aztertzea bi kasu soziologikoki eta ekonomikoki antzekoak, nola diren Arrasate eta Durango, zeina azken urteotan gora eta gora egiten ari den, Arrasaterekin kontraste bizian. Orobat, egokia litzatekeela aztertzea beste herri edo hiri batzuk nola irten diren zulotik, haietatik ikasteko. Eta, azkenik, ezen ez azkena, herriko hainbat estamentu, enpresa eta eragile batu beharko liratekeela, oraingo egoerari buelta emate aldera.

Mahaitik altxatuta, neure artean pentsatu nuen Arrasaten zenbateraino partekatzen den kezka hori. Neuri dagokidanez, abuztuan mahaiaren bueltan entzundakoak, mahaitik kanpora ere entzun izan ditut beste toki eta une batzuetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 7 erantzun