Hogei urte transplantetik

Fatima arrebarekin, Bermeoko portuan. (Argazkia: Bego Larrañaga)

Aurten hogei urte igaro dira hezur-muineko transplantea egin zidatenetik. 2002an linfoma bat antzeman zidaten, linfoma folikularra, eta, urtebete kimioa eta beste tratamendu batzuk hartu ondoren, medikuek erabaki zuten onena izango zela hezur-muineko transplante bat egitea, ziurtatzeko gaixotasuna ez litzaidakeela berriz agertuko. Zorte itzela izan nuen, familian bertan aurkitu genuen-eta emaile egokia: Fatima arreba gazteena.

Ostiralean, bada, Bakio aldera egin genuen, bertan nahi genuen-eta ospatu transplantearen arrakasta, Zintziri Errota jatetxean. Gustatu zitzaigun lekua, oso ondo apainduta baitzegoen. Antza denez, Zintziri XVII. mendean sortu zen, burdinola moduan; mende bat geroago, errota bihurtu zen, orain hogei urte arte, jatetxe bilakatu zela.

Ederto bazkaldu genuen, eta aukera eman ziguten errota martxan ikusteko, bertan baitago. Orobat, erakutsi ziguten goiko solairua, jangela itzela. (Baina bat, ordea, aurkitu genion jatetxeari, bai bertako webguneak eta baita kartak ere gaztelania hutsez baitaude).

Eta Bakiotik Bermeora egin genuen, denok ere aspaldi egon barik geunden-eta bertan. Portu inguruan paseatu, barran ibili, zaparradatik aterpetu, eta, ustekabean, danborrada ikusi genuen herriko plaza sekula ikusi bakoan, udaletxearen ondoan. Danborrada alaia eta bestelakoa. Opari bat.

Hogei urte pasatu dira, bai, laurok (Fatima, Mikel, Bego eta laurok) Santander aldera abiatu ginenetik, jakin barik oso ondo han zer egin behar ziguten. Zorionez, dena irten zen ondo, eta nik urte hauek bizi izan ditut opari. Mila esker Fatima (eta Bego eta Mikel), eta mila esker denoi!

P.D. Nire gaixoaldiaren inguruan 17 artikulu argitaratu nituen Sustatu blogean. Haietako azkenean, Agur esateko orduan, aurki daitezke artikulu guztiak, geroago liburu batean argitaratu zirenak, Medikuak esan dit minbizia dudala.

Fatima, Mikel, Bego eta laurok, Zintziri errota jatetxean, Bakion.
Kategoria: Minbizia Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

5 erantzun Hogei urte transplantetik-ri

  1. egilea: Ima

    Zorixonak, Joxe! Gora bizitza!

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Ima! Gora bizitza, bai!

  3. arantzabal egilea: arantzabal

    Besarkada potoloa bioi!

    Blog-sarrera irakurtzea gogoratu ditut orain dela 20 urteko mezu haiek. Ze zirrara!

    Aurrera!

  4. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker, Iban. Bai, orduan ekaitz txiki bat sortu zen Sustatun, batez ere lehen artikuluaren harira. Besarkada bat bueltan.

  5. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eta gogoan dut, Iban, han barruan egon nintzen bitartean, ordenagailu eramangarri bat erabili nuela, MacBook handi bat, zuk utzitakoa. Mila esker!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude