Iruzur handi baten historia

“The Dropout” telesailaren kartela.

Aste hau “Theranos astea” izan da gurean, serie bat eta dokumental bat tarteko, jakin baitugu zer gertatu zen konpainia teknologiko harekin, Amerikako Estatu Batuetako osasun-sistema aldatu behar zuena. Aurretik irakurrita nuenez Elizabeth Holmes izan zitekeela Silicon Valleyko hurrengo enpresari miresgarria, banuen gogoa jakiteko zertan geratu zen emakume hark eragindako abarrotsa.

THE DROPOUT, SERIEA

Gure jakinmina asetzeko lehen pausoa The Dropout serieak eman digu, izenburuak berak adierazten duen moduan, serieak aztertzen baitu unibertsitate-ikasketak utzitako emakume enpresari baten kasua, Elizabeth Holmes, Theranos enpresaren sortzailea eta presidentea.

Zortzi ataletan barrena, serieak azaltzen du nor den Elizabeth Holmes, eta zelan sortu zuen Theranos enpresa, Stanford Unibertsitatea utzi bezain laster, ikasketak amaitu barik.

Holmesen misioa zen makina txiki bat sortzea, aldatuko zuena odola aztertzeko modua, eta makina hori etxe guztietara eramatea, gaur egun AEBetan odol-eragiketa horiek dituzten kostoak izugarri merkatuta.

Steve Jobs nola, Elizabeth Holmes izugarri arrakastatsua izan zen jende inportantea konbentzitzen eta bere enpresarako dirua biltzen. Baina ikusita bere makinak ez zituela hasierako asmoak betetzen, antolatu zuen omertá moduko bat, sekretismo izugarria, enpresa osoa inpregnatu zuena.

Seriea oso gustura ikusi dut. Oso ondo jasotzen du egoeraren konplexutasuna, primerako aktoreekin, gainera.

THE INVENTOR, DOKUMENTALA

Seriea ikusi ondoren, beste dokumental hau ikusi dugu: The Inventor: Out for Blood in Silicon Valley, HBOk egina, gai beraren inguruan: Elizabeth Holmes enpresariaren igoera eta erorikoa.

Dokumentalean benetako pertsonak agertzen dira, seriean fikzionatuak ikusi ditugunak. Niretzat, dokumentala osagarri ona da, hobeto ulertzeko Theranos enpresarekin gertatutakoa.

Atentzioa eman dit bertan WSJ egunkariko kazetari batek esandakoa, alegia, Elizabeth Holmes egiten ari zela Silicon Valleyn gehienek egiten dutena, hau da, Fake it, until you make it. Edo beste hitz batzuekin esanda, zure produktua oraindik ez bada ona, itxurak egin ona bailitzan, denbora irabazteko, ona bihurtu arte. Kontua da Theranos enpresaren ekuazioan pertsonak sartzen zirela, pazienteak, ez bakarrik softwarea edo hardwarea. Eta horrek arazo etiko izugarriak sortzen zituen.

Aukera baldin baduzue, biak ikusi.

Elizabeth Holmes, “The Inventor” dokumentalaren kartelean.
Kategoria: Telebista Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude