Artean 19 urte nituen, eta sentitzen nintzen mugarri baten aurrean banengo moduan, 8 bat urterekin Arrasaten Ben-Hur ikustera joan nintzenean bezala —orduan Jose Luis Iñarra Mondragoeko parrokoak sarrera bana oparitu zigun Musakolako mezamutilei.
Gustura ikusi nuen Frenzy hura, erabat liluratuta hilketa gertatu ondorengo plano luzearekin, non kamera eskaileretan behera kalera eta harago iristen zen, alboko errepidearen beste alderaino, auto eta jende artean nahastuta, etxe hartan ezer gertatu ez balitz bezala.
Pelikula bukatutakoan, sekulako txalo-zaparrada oparitu genion zuzendariari, hura ere berritasuna niretzat. Kanpora irtendakoan, baten batek aipatu zuen Luis Buñuel ikusi zutela publiko artean, eta detaile hark ere lilura gehitu zion estreinaldi hari, nire gogoan iltzatuta geratu dena sekulorum sekulotan.
Aurten hogei urte igaro dira hezur-muineko transplantea egin zidatenetik. 2002an linfoma bat antzeman zidaten, linfoma folikularra, eta, urtebete kimioa eta beste tratamendu batzuk hartu ondoren, medikuek erabaki zuten onena izango zela hezur-muineko transplante bat egitea, ziurtatzeko gaixotasuna ez litzaidakeela berriz agertuko. Zorte itzela izan nuen, familian bertan aurkitu genuen-eta emaile egokia: Fatima arreba gazteena.
Ostiralean, bada, Bakio aldera egin genuen, bertan nahi genuen-eta ospatu transplantearen arrakasta, Zintziri Errota jatetxean. Gustatu zitzaigun lekua, oso ondo apainduta baitzegoen. Antza denez, Zintziri XVII. mendean sortu zen, burdinola moduan; mende bat geroago, errota bihurtu zen, orain hogei urte arte, jatetxe bilakatu zela.
Ederto bazkaldu genuen, eta aukera eman ziguten errota martxan ikusteko, bertan baitago. Orobat, erakutsi ziguten goiko solairua, jangela itzela. (Baina bat, ordea, aurkitu genion jatetxeari, bai bertako webguneak eta baita kartak ere gaztelania hutsez baitaude).
Eta Bakiotik Bermeora egin genuen, denok ere aspaldi egon barik geunden-eta bertan. Portu inguruan paseatu, barran ibili, zaparradatik aterpetu, eta, ustekabean, danborrada ikusi genuen herriko plaza sekula ikusi bakoan, udaletxearen ondoan. Danborrada alaia eta bestelakoa. Opari bat.
Hogei urte pasatu dira, bai, laurok (Fatima, Mikel, Bego eta laurok) Santander aldera abiatu ginenetik, jakin barik oso ondo han zer egin behar ziguten. Zorionez, dena irten zen ondo, eta nik urte hauek bizi izan ditut opari. Mila esker Fatima (eta Bego eta Mikel), eta mila esker denoi!
P.D. Nire gaixoaldiaren inguruan 17 artikulu argitaratu nituen Sustatu blogean. Haietako azkenean, Agur esateko orduan, aurki daitezke artikulu guztiak, geroago liburu batean argitaratu zirenak, Medikuak esan dit minbizia dudala.
Atzo zinera joan ginen Bilbon, Oppenheimer filma jatorrizko bertsioan ikustera. Pelikula oso ona iruditu zitzaidan, primerako antzezleekin. Aurrera-atzera asko ditu, baina ondo antolatuta dago, ikusleeek haria traba barik segitzeko moduan. Eta musika, indartsua, pelikularen gaia ondo azpimarratzen.
Aurrez ez nuen gauza askorik irakurrita Manhattan proiektuaz, eta, hartaz, filmak argi dezente egiten du. Denen gainetik, gauza bat: behin militarrek eskatzen zuten “jostailua” eginda, zalantza etikoak zituzten zientzialariak bazterrean geratu ziren, militarrek gorrotatu egiten baitzituzten zientzialariak, komunistatzat jotzen zituzten-eta. Oppenheimerri gertatu zitzaion AEBetan, eta Sakhavori ere bai, Sobiet Batasunean, han beste aitzakia batzuk erabilita.
JATORRIZKO BERTSIOAN
Gezurra badirudi ere, berrogei urte pasatxo ziren Bilbon bertan pelikula bat jatorrizko bertsioan ikusi genuela, oker ez banabil All That Jazz, garai hartan ingelesik ez genekiela. Ez dakit zergatik, uste nuen lau katu izango ginela Oppenheimer jatorrizko bertsioan ikusiko genuenak, baina, kia. Hirurogei bat lagun elkartu ginen areto txiki hartan. Hori bai, azpitituluak gaztelaniaz zeuden. Euskararen arrastorik, bat ere ez.
HIROSHIMA ETA NAGASAKI
Justu gaurko egunez, orain 78 urte, amerikarrek lehen bonba atomikoa jaurti zuten Hiroshima hirian. Hiru egun geroago, Nagasakin bota zuten bigarrena, eta hantxe amaitu zen Bigarren Mundu Gerra. Harrezkero, badakigu munduan dagoen arsenal atomikoa nahikoa dela gure Lurra behin baino gehiagotan birrintzeko. Eta, hala ere, gaur egungo gerra-jokoetan ere, potentzia handien artekoak, presente dago meatxu atomikoa.
Joan den ostiralean, uztailak 7, Aramaion izan nintzen, Etxaguen auzoan, bertan nintzen-eta elkartzekoa Mondragon Unibertsitateko nire lankide ohiekin, Ikus-entzunezko komunikazioa irakasten dutenak Aretxabaletako campusean. Pandemia zela-eta, hiru urte ziren elkartu ez nintzela eurekin, eta banuen horretarako gogoa.
Bateratze atsegina izan zen, oso. Gehienak aurkitu nituen nekatuta —normala, bestalde, ikasturtearen garai hauetan—, eta oso pozik, oporrak begi-bistan dituztelako. Gora iritsi ginenerako, janari eta edari gehienak ia prest zeuden.
Berba asko egin genuen, bai mahaiaren bueltan, eta larrinoan osatu genuen korroan ere. Horrelakoetan gertatzen den moduan, han ere elkarrizketa gurutzatuak nagusitu ziren: honekin hartaz, harekin honetaz… Aukera izan nuen, orobat, lankide berriak ezagutzeko, ordura arte whatssapez baino ezagutzen ez nituenak.
ADIN-ESKILARA
Orain zenbait urte, konturatu ginen gure artean osa genezakeela adin-eskilara bat, zaharrenetik gazteenera 40 urte zabaltzen dena. Orduan atera genuen argazki bat, eta ostiralean egin genuen beste bat, goian agertzen dena.
Eskuinetik ezkerretara, ni naiz zaharrena, 1952an jaioa; geroGoio Arana dago, hamar urte gazteagoa; ondoren Aitor Zuberogoitia, ni baino 20 urte gazteagoa; Yera Sanchez, 30 urte gazteagoa; eta azkenean, Beñat Flores, ni baino 40 urte gazteagoa.
Amaia Pavonek eta Iñaki Etxebeste haren senarrak egiten dute magia gu elkar gaitezen Aramaioko mendien magaletan. Beste behin, mila esker biei!
Ulisesek 13 urte ditu, eta Barçak fitxatu duenez, La Masia izeneko egoitzan sartuko da. Bertan egia bihurtu nahiko du bere ametsa: saskibaloiko jokalari profesional izatea. Baina lehen egunetik, kirolarien olinpo amestua (pentsa ezazue egoitza horretan izan zirela Messi,Iniesta,Gavi,Ansu Fati eta beste kirolari ezagun asko), bada olinpo hura infernu jasanezin bihurtuko da berarentzat: berak eta berak bezalako iritsi berriek era guztietako umiliazioak jasan beharko dituzte, zein baino zein nazkagarriagoa.
Joan Jordi Miralles dugu Triomfador nobelaren egilea. Ulisesek bezala, berak ere La Masiatik igaro zuen, Barçako saskibaloilaria izan nahi baitzuen, eta lehen eskutik bizi izan zituen guk era nobelatuan irakurri ditugunak. Kontatu ere, gorroto barik kontatzen du hango giro toxikoa, baina, niri behintzat, zenbait pasarte oso gogorrak egin zaizkit; arnasa hartu behar izan dut aurrera egin aurretik.
Liburua bikaina iruditu zait. Irakurlearen barrenak astintzen ditu, eta agerian jartzen ditu eliteko kirola sostengatzen duten balio suntsitzaileak.
Nik katalanez irakurri dut, baina gaztelaniaz ere aurki daiteke.
Gizon batek bere buruaz beste egin du. Zure adina du. Ez dakizu zerk eraman duen suizidiora. Berriak erasan egin zaitu, baina ez Saturraranen zeundela gertatu izan balitz bezala. Orduan Elizak erakusten zizuen suizidak infernura joaten zirela zuzenean, eta Elizak berak ez zituen onartzen halakoak “lur bedeinkatuan” lurperatzea. Hildakoaren familiarentzat, estigma galanta.
Baina gizartea aldatu egin da eta, gizartearekin batera, zu zeu ere bai. Orain lau urte Aurretiazko borondateen agiria sinatu zenuen, eta eutanasiaren alde zaude. Bai, hortik suizidiora tarte bat dago, baina ez didazu esango distantzia ez dela murriztu.
Zenbait heriotzak lagundu dizute suizidioa hobeto ulertzen, Iñaki Segurola idazlearena esate baterako, batez ere haren lagunek Iñakiren kasua esplikatzen egin duten lanari esker. Literaturak eta zinemak ere eragin handia izan dute horretan. Boteprontoan liburu bat eta film bat etorri zaizkizu burura: Moio, benetako kasu batean oinarritua, eta Thelma & Louise filma, herenegun ikusi zenuena. Bi kasu oso bestelakoak, baina bietan enpatizatu egin duzu suizidekin, ulertu egin duzulako zergatik egin duten azken urratsa.
Kontua da beren buruaz beste egiten duten gehienek ez dutela Kattalin Miner bat edo Ridley Scott bat beraien heriotzen arrazoiak kontatzeko, edo ez dutela gutun bat uzten suizidioaren arrazoiak esplikatzeko, gorago aipatu duzun gizonak bezala.
Badakizu ez zarela nor suizidioren bidezko inoren heriotza epaitzeko, baina bai familiaren minarekin bat egiteko. Zuk horixe nahiko zenuke zeuretzat, ezta?
Aste honetan lau egun igaro ditugu Balear Uharteetan, zehatzago esanda, Eivissan, beronen hiriburuan, egun batez kuku bat eginda Formentera uharteari. Argiz betetako egunak izan dira, Mediterraneoak oparitzen dituen horietakoak.
Salbu aireporturako joan-etorriak eta ferryz egin beharreko bidaia, oinez ibili gara nonahi, eta horrek aukera eman digu bazterrak hobeto ezagutzeko.
EIVISSA
Uste baino handiagoa iruditu zait Eivissa hiriburua, bai portu ingurua eta baita alde zaharra, ederrak biak. Txukuna ere bai, turistei begira, hori bai, hotelez, ostatuz eta alokairu bizkorreko apartamentuz josita baitago.
Hizkuntza asko entzun ditugu kalean, baina batek eman dit atentzioa: italierak. Gure hotelean profesional asko ziren italiarrak. Kalean ere, dezente entzuten zen. Badirudi zelanbaiteko lotura badagoela Italia eta Balear Uharteen artean, eta ez historian bakarrik.
Katalan hizkuntzari dagokionez, kartelistikan presentzia handia dauka, baina jende asko konturatu ere ez da egiten horrekin. Entzun, berriz, oso gutxi. Liburu-denda batean sartu nintzen, Llibreria Mediterrània, eta, han bai, katalanez ari ziren. Katalanez idatzitako liburuak ere bazeuzkaten, ondo kokatuta. Sant Jordi gogoan, bi liburu erosi nituen han. Saiatu ere, saiatu nintzen katalanez hitz egiten liburu-saltzailearekin, baina, horretan ahalegintzen naizen bakoitzean gertatzen zaidan moduan, nire trapuzko mingainak behin eta berriro egiten zuen estropozu.
FORMENTERA
Zalantza egin genuen, Formenterara joan-ez-joan, baina bueltan ez ginen damutu, oso uharte polita delako. Ferry azkarra hartu genuen hara joateko, eta ordu erdian, bertan ginen. Turismo bulegoan informazioa eta mapak jasota, erabaki genuen oinez egitea itzuli handi bat uhartearen ipar zatian, gainerakoa beste baterako utzita.
Erromesak baigina, gatzaga batzuk inguratu genituen, Sant Francescherritxora iritsi aurretik. Han garagardo bat hartu genuen, indarrak berritzeko.
Eta han, beste liburu-denda bat bisitatu nuen, Llibreria Tur, txikia. Eta han denek egiten zuten katalanez. Libururik erosi barik ezin egon eta —horixe esaten dit Begok—, han ere tentaldian erori. Eta eguna eta lekua gogoratzeko, eskatu nion liburu-saltzaileari liburuan eskaintza bat idazteko. Bai eta idatzi ere. Kriskitinak baino poziago elkartu nintzen berriro lagunekin.
Atsedenaldia amaituta, berriz ekin genion bideari, lakuaren bazterrean berriro, ekialdeko kostara iritsi arte. Bertan, aho zabalik geratu ginen, hango ur turkesen eta hondartzen edertasunarekin. Eta handik Iparraldera, Mediterraneoak uhartearen Mendebaleko eta Ekialdeko kostekin bat egiten duen tokiraino ia. Hondartza zuri-zuriak, haize bizia eta eguzki argia izan genituen lagun. Eta handik behera, ferryraino. Neka-neka iritsi ginen hotelera, Eivissako portutik harainoko bidea ere oinez egin genuen-eta. Nekatuta, baina pozik.
LAU EGUN
Lau egun baino ez ditugu egin Eivissan, astelehenetik ostegunera. Eta eskerrak, zeren etxera itzuli ondoren jakin genuen ostegunetik igandera bitartean Eivissa erasmus-ikaslez bete zela. Baina baten batek esan zigun Eivissan hori ia asteburuero gertatzen dela: ostegunetik igandera bitartean nonhaiko gaztez betetzen dela, parranda egitera doazenak. Jakin barik ere, astearen aldi lasaia aukeratu genuen, antza.
Aste hau “Theranos astea” izan da gurean, serie bat eta dokumental bat tarteko, jakin baitugu zer gertatu zen konpainia teknologiko harekin, Amerikako Estatu Batuetako osasun-sistema aldatu behar zuena. Aurretik irakurrita nuenez Elizabeth Holmes izan zitekeela Silicon Valleyko hurrengo enpresari miresgarria, banuen gogoa jakiteko zertan geratu zen emakume hark eragindako abarrotsa.
THE DROPOUT, SERIEA
Gure jakinmina asetzeko lehen pausoa The Dropout serieak eman digu, izenburuak berak adierazten duen moduan, serieak aztertzen baitu unibertsitate-ikasketak utzitako emakume enpresari baten kasua, Elizabeth Holmes,Theranos enpresaren sortzailea eta presidentea.
Zortzi ataletan barrena, serieak azaltzen du nor den Elizabeth Holmes, eta zelan sortu zuen Theranos enpresa, Stanford Unibertsitatea utzi bezain laster, ikasketak amaitu barik.
Holmesen misioa zen makina txiki bat sortzea, aldatuko zuena odola aztertzeko modua, eta makina hori etxe guztietara eramatea, gaur egun AEBetan odol-eragiketa horiek dituzten kostoak izugarri merkatuta.
Steve Jobs nola, Elizabeth Holmes izugarri arrakastatsua izan zen jende inportantea konbentzitzen eta bere enpresarako dirua biltzen. Baina ikusita bere makinak ez zituela hasierako asmoak betetzen, antolatu zuen omertá moduko bat, sekretismo izugarria, enpresa osoa inpregnatu zuena.
Seriea oso gustura ikusi dut. Oso ondo jasotzen du egoeraren konplexutasuna, primerako aktoreekin, gainera.
THE INVENTOR, DOKUMENTALA
Seriea ikusi ondoren, beste dokumental hau ikusi dugu: The Inventor: Out for Blood in Silicon Valley, HBOk egina, gai beraren inguruan: Elizabeth Holmes enpresariaren igoera eta erorikoa.
Dokumentalean benetako pertsonak agertzen dira, seriean fikzionatuak ikusi ditugunak. Niretzat, dokumentala osagarri ona da, hobeto ulertzeko Theranos enpresarekin gertatutakoa.
Atentzioa eman dit bertan WSJ egunkariko kazetari batek esandakoa, alegia, Elizabeth Holmes egiten ari zela Silicon Valleyn gehienek egiten dutena, hau da, Fake it, until you make it. Edo beste hitz batzuekin esanda, zure produktua oraindik ez bada ona, itxurak egin ona bailitzan, denbora irabazteko, ona bihurtu arte. Kontua da Theranos enpresaren ekuazioan pertsonak sartzen zirela, pazienteak, ez bakarrik softwarea edo hardwarea. Eta horrek arazo etiko izugarriak sortzen zituen.
1995eko uztailaren 13a zen. Arratsaldean hitzordua genuen Leintz-Gatzagako udaletxean, bertan ezkonduko gintuen-eta Eugenio Otsoak, bera baitzen orduan hango alkate. Bi bikote ginen zibiletik ezkontzekoak: Fatima arreba eta Mikel alde batetik, eta Bego eta biok bestetik.
Lehendabizi Bego eta biok iritsi ginen, Miren jaio berriarekin. Gero Fatima eta Mikel, horiek ere Elorriotik joanda. Ekitaldi pribatua izan behar zenez, ez zen beste inor agertu, Eugenio besterik.
ZERGATIK LEINTZ-GATZAGA?
Zergatik Leintz-Gatzaga eta zergatik Eugenio? Amaren familian bagenuen istorio bat Leintz-Gatzagarekin lotzen gintuena. Izan ere, ama-eta txikiak zirela, sei-zazpi bat urtekoak, aitak bi ahizpa bidaltzen zituen asto batez lagunduta Leintz-Gatzagara, handik gatza eramateko Uritte baserrira, Gellao auzoan, Eskoriatzan. “Zuek ez arduratu, gatzagako langileek ipiniko dizuete-eta zama otzaretan, eta astoak badaki etxerako bidea”, esaten omen zien gure aitajaunak. Eta jeneralean horrela izaten zen, baina, tarteka susto galantak pasatu behar izan zituzten, adibidez Gasteizerako trena suertatzen bazen euren bide ondoan, orduan astoa erabat izutzen zelako. Istorio hori askotan entzun genion amari, eta aitzakia polita iruditu zitzaigun Leintz-Gatzagan ezkontzeko. Eta, gainera, Eugenio zen hango alkatea, gure aspaldiko laguna. Galdetu genionean ea berak ezkonduko gintuen, berak baietz, eta pozik.
Beraz, Eugenio iritsi zenean, seiok sartu ginen udaletxera. Berak aprobetxatu zuen hango zerbitzuak esplikatzeko, osasun-gela txikia, eta administrazio kontuak. Bulegoetara iritsi ginenean, karpeta bat ireki, berba gutxi batzuk esan, eta hango paperak sinarazi zigun, Miren txikia lekuko zela.
Ondoren taberna batera joan ginen, eta han afari-merienda modukoa egin genuen Eugeniorekin batera. Orduan aitortu zigun oso gutxi falta izan zitzaiola guri ezusteko festa bat antolatzeko, bere ustez guk eta gure ezteiak festa-giroa merezi genuelako . Azken orduan baina, atzera egin zuen.
Harrezkero hainbat aldiz elkartu izan gara berarekin, horietako batzuk Leintz-Gatzagan bertan, San Millango elizan egindako eraberritze-lanak erakutsi zizkigunean, esate baterako, edo ziklismoaz lotuta elizan bertan antolatutako erakusketa azaltzen.
Leintz-Gatzagak asko zor dio Eugenio Otsoari, berak lideratu baititu, jende askoren laguntzarekin, herria biziberritzeko proiektu asko eta asko. Eta besteok ere zorretan gaude berarekin, beti erakutsi digu-eta hurbiltasuna, eskuzabaltasuna eta bizipoza.
Faltan sentituko zaitugu, Eugenio.
P.S. Hona hemen informazio gehiago Eugenio Otsoari buruz:
Aurrekoan Juan Bautista anaiak lotura bat bidali zidan, Josemari Velez de Mendizabalen blogera bidali ninduena, hitz hauekin: “Gogoratzen hauekin?”. Gu jaiotako etxeetako etxe-jabeak ziren, denak Unión Cerrajera enpresako langileak. Gure aita ez zegoen argazkian, artean aita eta ama auzo bereko beste etxe batean bizi baitziren, Cerrajerakoa hura ere, gaur egun Meneta taberna dagoen atariko azken solairuan.
Hasi nintzen argazkiari arretaz begiratzen, eta ohartu nintzen gizon haietatik laupabost baino ez nituela lehen begi-kolpean ezagutzen. Eta horixe erantzun nion anaiari. Handik gutxira, berak deitu, eta banan-banan errepasatu genituen hango guztiak. Banaka batzuei antzik ere ez nien hartzen, baina anaiak oso garbi zeukan nortzuk ziren. Argazkia zela-eta, denbora dezente egin genuen telefonoan, kontu-kontari.
GERRAOSTE LATZA
Argazkiari berriro erreparatuta, gogora etorri zitzaidan berau 1947an egin zela, gerraostean, garai latzak. Lekuari dagokionez, ostera, baliteke argazkia aterata egotea gaur egun Gipuzkoa etorbidearen 40. atarian, gero gurea ere izango zena, eta ondo fijatzen bazarete, artean amaitu barik zegoen, adreiluak-eta begi-bistan.
Argazkikoak gizon gazteak ziren, 30-40 urte artekoak gehienak, familiak hazten orduan, nahiz eta janzkeragatik-eta zaharrak ematen zuten, gure begiekin ikusita. Bertan ez da andrerik ikusten, nahiz eta mutikotan guk askoz ere harreman estuagoa izan bertako emakumeekin, gure amak eta lagunen amak, eurak baitziren auzoaren sostengatzaile isilak. Izan zirelako gara.