Lanera berandu iritsi nintzenekoa

Astronautak

1969ko uztailaren 21ean, lehen astronautak Ilargia zapaldu zuen egun berean, berandu esnatu eta berandu iritsi nintzen lanera, Amat kooperatibak Markuleten zuen planta berrira, Arrasatetik Garagartzara bidean.

Garai hartan 16 urte nituen, eta aprobetxatu egiten nituen udako oporrak fabrikan lan egin eta diru batzuk irabazteko. Uztailaren 20ean gogoan dut zelan eskatu nion aita zenari esnatzeko goizeko 02:30ak aldean, zuzenean ikusteko astronauta estatubatuarren balentria. TVE ematekoa zen, zuzenean.

Ordua iritsi zenean, aitak hitza bete eta esnatu egin ninduen. Ordubetez-edo egon nintzen pantailari iltzatuta, zuri-beltzeko irudi kaskar haiei begira, erabat miretsita. Ahotsa Jesus Hermida kazetari hil berriarena zen, orduan bera baitzen TVEren berriemailea AEBetan. Pozik itzuli nintzen ohera, neuk ere partu izan banu legez gizateriaren balentria hartan.

Biharamunean, ostera, erabat lotsatuta iritsi nintzen lantokira. Egia esan nion Ibaberi, orduko nire arduraduna, ordu txikietan jaiki egin nintzela ikusteko astronautak zelan iristen ziren Ilargira. “Trankil, jantzi eta hasi lanean”, erantzun zidan, irribarre bat marrazten zitzaiola aurpegian.

Kategoriak Oroimenak | Etiketak , , , , , , , , , | Utzi iruzkina

Berrion

Berrion, Udalatxi begira

Ilunabarra Berrion, eta Udalatx bizkarrean

Berrio da Elorrioren 15 auzoetarik bat, eta kokatuta dago Elorrio eta Elgeta artean. Atzo hantxe elkartu ginen anaia-arreba arteko batzuk gure bikotekideekin, bertan bazkaltzeko. Bazkaldu, primeran. Ondorengo tragoa ere etxaurrean, giro epel-gozoan. Eta alde egin aurretik, San Estebango ermitara egin genuen, pauso batzuetara, bertako ikuspegi ederra ikustera.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Stellardrone, espazioko musika

Egun hauetan, hainbat bideo ikusten ari nintzela Hubble teleskopioaren inguruan, bat ikusi dut musika zoragarria duena. Aztertu apur bat, eta aurkitu dut musikagilea Stellardrone dela. Uste nuen talde bat zela, baina mutil bat da, Edgaras, Vilniusen jaioa, Lituanian, eta Stellardrone ezizena erabiltzen duena.

Edgaras gaztea 2007an hasi zen musika egiten, elektronikoa eta espazioan girotua, eta horretarako erabiltzen ditu ordeanailuko softwarea (Reason, Ableton, Audacity) eta sintetizadore birtualak.

Dagoeneko sei disko kaleratu ditu, denak doakoak, sortzaileak musika librea sustatzen baitu. Hori dela-eta, bere musikak CC BY 3.0 lizentzia du. Komunikazio profesionalek zein amateurrek lasai erabil dezakete haren musika, beti ere egilea aipatuta noski.

Lan egiteko eta irakurtzeko ere, musika egokia egiten du Stellardronek. Entzun ere, bere webgunean entzun dezakezue.

Kategoriak Musika | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Hubble teleskopioak, 25 urte

Joan den ostiralean 25 urte bete ziren NASA eta ESA erakundeek Hubble teleskopioa bidali zutela espaziora. Hori dela-eta, NASAk ordu erdiko dokumental bat egin du, hau, jakingarri bezain ikusgarria.

Hubble teleskopioaren hastapenak ez ziren onak izan, lentean zuen akats bat tarteko, irudi lausoak hasi baitzen bidaltzen. Harrezkero baina, bost aldiz konpondu eta eguneratu da, halako eran eguneratu non gaur egun teleskopioa baita 10-100 aldiz ahaltsuagoa hasieran baino. Eta bidali dizkigun irudiak, txotina kentzeko modukoak. Bideoak oso ondo kontatzen du Hubble teleskopioaren bilakaera eta garrantzia.

 

Kategoriak Zientzia | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Coffitivity, berbaro emankorra

Writing

Imajina dezagun Ramon Saizarbitoria Friburgon, Suitzan, kafetxe batean idazten Egunero hasten delako eleberriaren zenbait pasarte, kafetxeko elkarrizketari dagozkionak hain zuzen. Zaila irudikatzeko? Diotenez, urte dezente lehenago, Triesten zegoela, Italian, James Joycek ere kafetxe batean idatzi zituen Ulysses nobelaren hainbat zati. Eta, antza denez, XIX. eta XX. mendeetan idazle askok denbora dezente egiten zuten kafetxeetan edo tabernetan. ez dago garbi euren gela zarpailetatik ihes egin eta kafetegietako berotasunaren bila ala bertako giroa eta berbaroa lagungarri gertatzen zitzaielako idazteko orduan.

Era horretako egoerak gogoan, gazte talde batek aukera bat ikusi du, ez dakigu negozioa egiteko ala ondo pasatzeko, beste barik, baina merezi du. Kontua da gazte amerikar horiek Coffitivity sortu dutela, aplikazio bat birsortzen duena kafetxeetako berbaro, zarata eta giroa, lagungarri izan dakien idazleei, euren testuak zirriborratzeko orduan. Aplikazioa Android eta iOS aparailuetan instalatu daiteke, baina eskuragarri dago, halaber, Coffitivity webgunean.

Coffitivity

Aplikazioak sei audio eskaintzen ditu, hiru doakoak eta beste hiru ordainpekoak, azken hauek izar banarekin. Artikulu hau idazteko Morning Murmur aukeratu dut, doakoa, eta hor hainbat jenderen berbaroa entzuten da, plater eta kikara hotsarekin nahasita, bestelako zarata estridente barik, halako eran non berba hotsa konstante egiten den. Nire kasuan zurrumurruak ez dit trabarik egin, eta esango nuke lagundu egin didala testuan kontzentratzen.

Ulysses euskaratzen ari dela, Xabier Olarrak ere aukera izan lezake, Coffitivity erabilita, beste modu batean hurbiltzeko maisu irlandarraren idazkuntzara.

Kategoriak Idazkuntza | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Liburuaren egunean, liburuak

Liburuak

Atzo Bilbon izan nintzen, hitzordua nuen-eta dentistarekin. Hala ere, hagin kontuekin hasi aurretik, liburu denda batean sartu nintzen. Ez nintzen bakarra, jende dezente ikusi bainuen inguruan liburuei begira. Nik ere horixe egin nuen, batez ere euskarazko nobedadeetan erreparatuta.

Kutxara joan orduko, ordaintzera, hiru liburu neramatzan besapean:

Hala ere, une honetan beste liburu bat ari naiz irakurtzen, Iazko hezurrak, Unai Elorriagarena. Oraingoz, oso gustura.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , , , , | Utzi iruzkina

Espioi-liburu bikaina

Crime Espionage. pic: circa 1955. Kim Philby pictured in London at a press conference, where he denied he was the infamous "third man" who tipped off British spies Burgess and McLean as they were about to be arrested. Harold "Kim" Philby defected to the

Aurten gutxi nabil irakurtzen, beste urte batzuetan baino dezente gutxiago, eta pentsatzen hasia nintzen galtzen ari ote naizen irakurraldi luzeak egiteko gaitasuna, Internetek moteldu ote nauen. Orain dela gutxi baina, lagun batek liburu bat gomendatu dit, A Spy Among Friends / Espia bat lagun artean, bera zeharo engantxatuta zegoela-eta.

Jon Salaberri proiektua amaitu bezain laster, liburua eskuratu eta irakurtzen hasi naiz. Ingelesez irakurri dut, eta, hala ere, liburua esku artetik kendu ezinik ibili naiz, ezin gusturago.

Liburuak kontatzen du Kim Philby espioi ingelesaren hogeita hamar urteko ibilbidea MI5 eta MI6 zerbitzu sekretuetan, non iritsi baitzen mailarik ia gorenera, eta zelako kaltea egin zien Bretainia Handiko eta AEBetako zerbitzu sekretuei, urte horietan guztietan Philbyk benetan Sobiet Batasunaren alde egin baitzuen lan, agente bikoitz gisa.

Hau ez da nobela bat, bertan jasotzen baitira kasu horren inguruko azken datuak, baina thriller bat bailitzan irakurtzen da. Gaztelaniaz ere badago. Liburuaren egunerako opari polita izan daiteke.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , | 6 iruzkin

Jon Salaberri proiektua

JonSalaberri2

Bera bizi zela, sekula ez nuen berbarik egin Jon Salaberri herrikidearekin, baina publiko egin zuenean hiesduna zela eta asmoa zuela bera bezalako gaixoen alde lan egiteko, iruditu zitzaidan sekulako meritua zuela. Orain hogeita bost bat urte, bera izan zen HIESaren aurpegia Euskal Herrian.

Hil ondoren, berriz, eta batez ere 1996an anti-erretrobiral berriek kronifikatu zutenetik HIESa, ahaztu egin genuen apurka-apurka. Googlen idatziz gero “Jon Salaberri”, ez zen ezer agertzen berari buruz, salbu Argia aldizkariak 1993an egin zion elkarrizketa. Argazkirik, bat ere ez. Horregatik, behin baino gehiagotan esan nion neure buruari denbora nuenean saiatu behar nintzela Jon Salaberriren memoria berreskuratzen, hura ahaztu izana bidegabea iruditzen zitzaidan-eta.

Une hori iritsita, otsailean lan-eskema bat zirriborratu nuen, “Jon Salaberri proiektua”. Horren arabera, ondorengo lanak egingo nituen:

  1. Artikulu bat Sustatu agerkarian, Euskal Herriko irakurleei begira.
  2. Erreportaje bat Puntua izeneko astekarian, Debagoieneko bizilagunentzat.
  3. Sarrera bat euskarazko Wikipedian, kazetariek, irakasleek eta ikasleek, besteak beste, erreferentzia finko bat izan dezaten.
  4. Argazki bilduma bat Flickr webgunean, CC lizentziarekin, nahi duenak erabil ditzan.

Aste Santuko oporretara joan aurretik kaleratu nituen artikulua Sustatun eta erreportajea Puntuan. Argazki bilduma ere, prest utzi nuen. Atzo, berriz, Wikipediako sarrera igo nuen. Alegia, amaitu dudala hasierako proiektua.

Hemendik aurrera, “Jon Salaberri” idatziz gero edozein bilatzailetan, eskura izango dugu informazioa. Eskerrik asko proiektu honetan lagundu didazuen guztiei, bereziki Jonen familiari eta lagunei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , , , , , | Utzi iruzkina

Lantokian, biluzik

Captura de pantalla 2015-04-11 a las 12.18.13

Horra lantoki bat, modernoa. Bertan langileak biluzik agertzen dira, bilera egiten. Ematen du Zakilixuten amets zoroetako bat. Irakurtzen hasi, eta jakin dut The Bold Italic hedabide lokal irreberente samarrak hilabetez egin zuela esperimentu ausart hori San Frantzisko hirian, Kalifornian, probatzeko zenbateraino hobe zitzakeen lan giroa eta produktibitatea, arduradunak konturatuta baitzeuden azken aldian langileek nahiago zutela etxean lan egin, bulegoan distrakzio gehiegi zegoelako.

Argazkiak oso adierazgarriak dira, eta kontakizuna ere halakoxea. Irakurri ahala irribarrea marraztuko zaizu ezpainetan, jakingo duzu-eta langileek zelan kudeatu zituzten hasierako lotsak, zelan ikasi zuten titi-buruei begiratuta norbait kontzentratuta zegoen lanean ala entretenituta ikuskizunarekin, hilabetea igarota zelan batu zuten hartz-panpin bat egiteko adina pubis-ile, etabar, etabar.

Istorio biribila, kazetarien txantxa izan ez balitz, artikulua April Fools’ Day egunean kaleratu baitzuten, apirileko kaikuen eguna. Aspaldi irakurri dudan txantxarik onena, kazetariek halako egunetan prestatzen dituztenen artean.

Zoritxarrez, kazetariek denbora laburra izan dute txantxaren oihartzuna gozatzeko, Gannett konpainiak itxi egin du-eta The Bold Italic, inork ez dakiela zergatik. Bost urte iraun du hedabideak, denbora laburra inola ere. Pena. (Argazkia: NSFW)

Kategoriak Hedabideak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Mutrikun

730410965_13161930660677541187

Aspaldiko partez, atzo Mutriku herrian izan nintzen. Bost lagun beribilean sartu, eta kostaldera abiatu ginen Durangotik. Ermua, Eibar eta Elgoibar igarota, Kalbarioko bidea aukeratu genuen Mutrikura egiteko, Kalbarioaren baselizan amaitzen dena, nire bidelagunetan inork ez baitzuen bide horren berririk. Gustatu zitzaien.

Are eta gehiago gustatu zitzaien Mutriku bera. Baita niri ere, zerikusi gutxi baitzuen nik gaztetxotan ezagutu nuenarekin. Bere apalean, herri polita da.

Hamaika-hamabi urte nituela, Mutrikun ikusi genuen El día más largo filma, Normandiako desenbarkua kontatzen zuena, garai hartan ni Saturrarango seminarioan bainenbilen. Orduan oinez egin genuen Saturraranetik Mutrikura bidea eta buelta, sotana eta beka jantzita, biko iladan, oker ez banago.

Atzo, berriz, autoz egin genuen Mutrikutik Saturraranera. Autoa bertan utzi, inguruetara ondo begiratu, seminarioa oroimenean baino ez baita geratzen, eta Ondarroarantz egin genuen, itsaso bazterreko pasealekua hartuta.

Ondarroara iritsi aurretik, Arrigorri jatetxera igo ginen, garai bateko Alfa kooperatibaren udalekua, eta bertan primeran bazkaldu genuen, prezio onean. Ondarroan apur bat paseatuta, ederra dago, Etxebarriara jo genuen, bertan ezagunak genituen-eta zain. Egia esan, aurretik Barinagara joan ginen, bidelagun gehienek hantxe pasatzen baitzuten abuztua euren haurtzaroan. Atzo, ostera, arimarik ere ez Barinagan. Etxebarrian bai. Kafe ona hartu, paseatu, aspaldiko ezagun batzuk agurtu, eta etxera berriz, barne-turismo egun ederra igarota.

Kategoriak Bidaiak | Etiketak , , , , , , , , , | Utzi iruzkina