Lanera berandu iritsi nintzenekoa

Astronautak

1969ko uztailaren 21ean, lehen astronautak Ilargia zapaldu zuen egun berean, berandu esnatu eta berandu iritsi nintzen lanera, Amat kooperatibak Markuleten zuen planta berrira, Arrasatetik Garagartzara bidean.

Garai hartan 16 urte nituen, eta aprobetxatu egiten nituen udako oporrak fabrikan lan egin eta diru batzuk irabazteko. Uztailaren 20ean gogoan dut zelan eskatu nion aita zenari esnatzeko goizeko 02:30ak aldean, zuzenean ikusteko astronauta estatubatuarren balentria. TVE ematekoa zen, zuzenean.

Ordua iritsi zenean, aitak hitza bete eta esnatu egin ninduen. Ordubetez-edo egon nintzen pantailari iltzatuta, zuri-beltzeko irudi kaskar haiei begira, erabat miretsita. Ahotsa Jesus Hermida kazetari hil berriarena zen, orduan bera baitzen TVEren berriemailea AEBetan. Pozik itzuli nintzen ohera, neuk ere partu izan banu legez gizateriaren balentria hartan.

Biharamunean, ostera, erabat lotsatuta iritsi nintzen lantokira. Egia esan nion Ibaberi, orduko nire arduraduna, ordu txikietan jaiki egin nintzela ikusteko astronautak zelan iristen ziren Ilargira. “Trankil, jantzi eta hasi lanean”, erantzun zidan, irribarre bat marrazten zitzaiola aurpegian.

Kategoria: Oroimenak Etiketak , , , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude