Lantokian, biluzik

Captura de pantalla 2015-04-11 a las 12.18.13

Horra lantoki bat, modernoa. Bertan langileak biluzik agertzen dira, bilera egiten. Ematen du Zakilixuten amets zoroetako bat. Irakurtzen hasi, eta jakin dut The Bold Italic hedabide lokal irreberente samarrak hilabetez egin zuela esperimentu ausart hori San Frantzisko hirian, Kalifornian, probatzeko zenbateraino hobe zitzakeen lan giroa eta produktibitatea, arduradunak konturatuta baitzeuden azken aldian langileek nahiago zutela etxean lan egin, bulegoan distrakzio gehiegi zegoelako.

Argazkiak oso adierazgarriak dira, eta kontakizuna ere halakoxea. Irakurri ahala irribarrea marraztuko zaizu ezpainetan, jakingo duzu-eta langileek zelan kudeatu zituzten hasierako lotsak, zelan ikasi zuten titi-buruei begiratuta norbait kontzentratuta zegoen lanean ala entretenituta ikuskizunarekin, hilabetea igarota zelan batu zuten hartz-panpin bat egiteko adina pubis-ile, etabar, etabar.

Istorio biribila, kazetarien txantxa izan ez balitz, artikulua April Fools’ Day egunean kaleratu baitzuten, apirileko kaikuen eguna. Aspaldi irakurri dudan txantxarik onena, kazetariek halako egunetan prestatzen dituztenen artean.

Zoritxarrez, kazetariek denbora laburra izan dute txantxaren oihartzuna gozatzeko, Gannett konpainiak itxi egin du-eta The Bold Italic, inork ez dakiela zergatik. Bost urte iraun du hedabideak, denbora laburra inola ere. Pena. (Argazkia: NSFW)

Kategoria: Hedabideak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude