Garun-isuri batek eraman du Jose Ramon Elorza euskaltzale, kooperatibazale eta lagun handia. Di-da. Maite genuenok penaz utzi gaitu, energiaz beteta zegoen-eta.
Aspaldi izan nuen Joserraren berri, ni gaztetxo nintzela, euskararen aldeko mobida guztietan zebilen-eta, garai txarretan batez ere. Lanetik aparte (Alecopen eta Ikerlanen gogoratzen dut), lan izugarria egin zuen San Frantzisko Ikastolan, esate baterako, bertako zuzendaria izan baitzen zenbait urtez. Elkarrin ere ibili zen, bakearen alde egin nahian. Erretiroa hartu ondoren ere, inplikatu egin zen, bereziki Arizmendiarrietaren lagunak elkartean eta Mundukide Fundazioan, hango elkartasun proiektuak bultzatzen.
Arrasate Telebistan
1989an, behin Arrasate Press sendotuta, hasi ginenean Arrasate Telebista izango zena prestatzen, Jose Ramon Elorza ere buru-belarri inplikatu zen proiektuan. “Erretratoa” saioa aurkeztera konprometitu zen, elkarrizketa programa bat, herriko jende esanguratsuarekin eginda.
Berak aukeratzen zituen elkarrizketatuak, berak egiten zituen gestioak haiekin harremanetan jartzeko, eta berak prestatzen zituen galderak. Kriskitinak baino pozikago etortzen zen, beti optimista.
Urtebete luzean (edo gehiago, ez bainaiz ondo gogoratzen), jende asko pasatu zen Arrasate Telebistako plato xume hartatik.
Utzi nituenean Arrasate Press eta ATB, neuri deitu zidan elkarrizketa egiteko. Ez nuen gogorik telebistan agertzeko, baina hari ezin ezetzik esan, urtebete lehenago neuk proposatu nion-eta elkarrizketa programa egitea.
Handik aurrera, leku askotan egin genuen topo, eta bera beti irribarren handi batekin.
Jakin dudanean hil dela, apur bat umezurtz gelditu naiz, triste, lagun handi bat galdu dudalako.
Mila esker, Joserra, eskaini diguzun guztiagatik, eta zure familiari, besarkada handi bat.
Gurean aspaldi izan genuen Mariano Ferrer zenaren berri, Herri Irratiantxirrindularitza-lasterketen berri ematen zituenetik (emozio handiz kontatzen zituen txirrindularien balentriak). Baita geroago eguerdiko albistegiak egiten hasi zenean, Jose Ramon Belokirekin Arrasaten-eta agertu zenean Bergarako alkate-taldearen bileraren berri bertatik bertara ematera, eta, geroago, “El kiosko de la Rosi” saioa egiten hasi zenean, gu esnatzen saiatzen ginen bitartean.
Nire ustez, azken hura izan zen Herri Irratian egin zuen aldirik emankorrena eta interesgarriena, oso urte zailak izan arren, lan izugarri ona egin baitzuen lehendabizi eguneko egunkariak aztertzen, eta, bere iritzien bidez, egoera interpretatzen. Berarekin ados ez zeundenean ere, errespetatu egiten zenuen haren iritzia, ondo pentsatua zelako, eta bazenekielako Mariano ez zitzaizula inolako motorrik saltzen ari.
Goizero erakusten zigun zelako ahalmena zuen hausnarketarako, bere pentsamenduak ondo bilbatuta eta ezinago argi eskaintzen zizkigunean. Hausnartzaile ona zen, erretoriko aparta, eta esatari bikaina. Horregatik, pena izugarria hartu genuen irratitik erretiratu zenean. Handik aurrera umezurtz samar sentitu ginen goizetan.
Hedabideetatik aparte, kalean ere ikusi genuen Mariano Ferrer behin baino gehiagotan, kausa baten alde egiten edo injustizia bat salatzeko. Horrelakoetan, pentsatzen genuen Mariano han bazebilen, kausa hark mereziko zuela, halakoxea zen-eta haren sinesgarritasuna.
Kazetaritza mota baten adierazlerik onenetako bat joan zaigu. Guk, behintzat, aukera izan genuen haren lanaz profitatzeko. Mila esker, Mariano, bihotz-bihotzetik!
Maiatzaren hasieran etxe berrira aldatu ginen, hemen Elorrion, eta esan liteke aldaketak ondorio eskasak izan dituela Farorako, harrezkero ia ez dut-eta ezer idatzi blog honetan. Orain arte.
Lehengo etxea ona zen, teilatupe eder batekin bigarren solairu batean, txoritoki eta guzti, eta bertan idazten nuen nik. Etxe hartan hazi genuen ume bat, eta hantxe igaro ditugu ia hiru hamarkada, zeinetan bi ostia galant ere hartu nituen eskailaretan behera, etxeak ez baitauka igogailurik.
Orain baina, 60 urte ondo beteta ditugu biok ere, eta, zahartzaroa ikusmiran, beste etxe baten bila hasi ginen, errazagoa izango zena adineko bikote batentzat. Bat aurkitu dugu, etxabe txiki bat, belardi txiki batekin, naturarekin lotzen gaituena. Hori guztia lehengo etxetik 200 bat metrora.
Hortaz, laster hiru hilabete izango dira etxe berrira etorri ginela, eta pozik gaude, auzokideak ere oso onak aurkitu ditugulako.
Dena ez da urrea, ordea, Internet-konexioa esate baterako, lehengo kable konexiotik oraingo ADSL apalera igaro baikara. Hala ere, hasieran uste nuenaren kontra, polito moldatzen ari gara. Beraz, lehen hiru hilabeteak eginda, sarriago hasiko naiz Faroan idazten.
Mozilla fundazioa (Firefox nabigatzailearen sortzailea) kezkatuta dabil desinformazioaren gaiarekin, eta heldu egin dio elgorriaren auziari, desinformazioaren adibide gisa. Fundazioak aipatzen du Osasunerako Mundu Erakundea (OME), zeinak seinalatu baitu txertoen inguruan eragiten ari den zalantza 2019rako 10 mehatxuen artean. OMEren iritziz, batzuk desinformazioa erabiltzen ari dira txertoen inguruko zalantza hedatzeko. Ondorioz, elgorri kasuak, adibidez, %30 areagotu dira munduan.
Euskal Herrian ere berriro ari gara ikusten elgorri kasuak. Orain dela gutxi, 40 lagun gaixotu ziren elgorriarekin Baionako xingarraren ferian, zeina gertatu zen apirilaren 18tik 21era bitartean. Hego Euskal Herrian, ostera, zazpi kasu agertu dira urtea hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak adierazi bezala.
Mozilla fundazioaren ustez, ondorengo lau faktore hauek sustatu egiten dute desinformazioaren zabalkundea txertoen inguruan:
Mundu guztiko ukatzaileak hiruzpalau sare sozialen inguruan elkartu dira, eta, horri esker, errazagoa egiten zaie elkarren berri izatea eta mezuak zabaltzea.
Sare sozialetako algoritmoek lehenesten dituzte eduki erakargarriak, benetakoak izan edo ez, egiazko informazioaren gainetik.
Erraza eta merkea da gaur egun automatizatzea zelan zabaldu informazioa publiko xede bati, suszeptiblea izango dena informazio zalantzatia zabaltzera, guraso gazteak kasu, zeinek jakin nahi duten zer den onena euren haur jaio berrientzat.
Txertoen aurkako taldeak, gutxi izan arren, onak dira zarata ateratzen sare sozialetan.
Mozillak irakurgai-zerrenda bat osatu du, jendeari laguntzeko hobeto ulertzen txertoen kontrako mugimenduak zelako taktikak erabiltzen dituen desinformazioa zabaltzeko.
Azken aldi honetan irakurri ditudan liburuen artean bi aipatu nahiko nituzke, oso onak iruditu zaizkidalako:
Kontrako eztarritik.Uxue Alberdik emakume bertsolari askoren testigantzak eta hausnarketak jasotzen ditu liburu honetan, baina berau gogoeta orokorragoa da emakumeak zelako oztopoak aurkitzen dituen beren ahotsa izateko, orain arte (eta oraindik ere) gizonenak izan diren espazioetan. Lanak gai asko jorratzen ditu: emakume bertsolarien gorputzen errepresentazioa, haiekiko gurasokeria, gizon eta emakume bertsolarien arteko arrakala ekonomikoa, umore sexista, bortxaketa ahalegin baten aurreko isiltasuna, feminismoaren aurreko mesfidantza… Uste dut liburu honek mugarri bat jarriko duela bertsolaritzan eta feminismoan.
Altsasu. El caso Alsasua. Txalaparta argitaletxearen iburu honetan, Aitor Agirrezabal eta Aritz Intxusta kazetariek kontatzen digute, zehatz-mehatz, zer gertatu zen 2016ko urriaren 15eko goizaldean Altsasuko Koxka tabernan, eta han gertatua zelan bilakatu zen esperpento juridiko bat, nazioartearen arreta ere erakarri duena. Kazetarien lana ondo dokumentatuta dago, eta kasuko alde guztiei eman diete ahotsa.
Udarako zer irakurri erabaki ezinik baldin bazabiltzate, aintzat hartu bi liburu hauek. Merezi dute.
Atzo “Vasco-Navarro trena Arrasaten” erreportajea ikusi nuen. Ia ordubete irauten du, baina ez zitzaidan luze egin inola ere. Erreportajeak informazio asko ematen du trenaz, 1918tik 1967ra bitartean Debagoiena zeharkatu zuena, eta hark izan zuen garrantziaz, eta horretarako oso ondo uztartzen du dokumentazioa, adituen iritziak, lekukotasunak eta irudiak.
Arrasateko Bibliotekak egin du lanik handiena, proiektua sortzetik beretik hasita, eta Goiena Komunikazio Taldeak lagundu dio ikus-entzunezkoa mamitzen. Kontua da Debagoieneko eskolek unitate didaktiko bikaina dutela hor bailarako eta Euskal Herriko garraiobideak aztertu nahi dituztenerako.
Tren hura nire oroimenean
Vasco-Navarro trena kendu zutenean nik 15 urte nituen. Hala ere, gordetzen ditut zenbait oroimen trenarekin lotuak:
Debara, itsasora ikustera. Bospasei urte izango nituen, gure amak Fatima arreba txikia eta biok hartu, eta Debara eraman gintuenean, han itsasoa ikus genezan. Bidaia ederra izan zen —itsasoa ikustera gindoazen!—, baina trenetik irten eta hondartzan barneratu ginenean, sentsazio berezi batek hartu ninduen hondarra zapaldu eta ur pilo ura ikusterakoan. Aireak ere bestelako usain bat zuen. Hondarrean jolastu ginen eta itsasoan bainatu. Egun gogoangarria, trenak posible egin zuena.
Seminariora joan-etorrian. Hamaika urterekin Saturrarango seminariora joan ginenean ere, trena erabili nuen, Mondragoeko zenbait gaztetxorekin batera hara iristeko. Bidaiak hiru zati izaten zituen: lehena trenez, Maltzagaraino; han trena aldatu eta Bilbotik zetorrena hartu, Debaraino; eta handik Saturraraneraino, autobusez. Bueltan, berriz, kontrara: lehenengo autobusa eta gero trena. Haranzkoa triste samarra izaten zen; bueltakoa, ostera, alaia.
Gasteizera bidean, mendira joateko. Gaztetxo ginela, ia urtero joaten ginen San Kristobal eta San Adrianeko erromerietara, eta hartarako trenez joaten ginen Mondragoetik Marineraino, hor nonbait. Eta handik aurrerakoa, oinez, batzuetan treneko tunel bat ere zeharkatuta. Bidaia laburra izaten zen, baina polita, mendizale asko joaten baiginen trenean.
Horiek eta beste oroimen batzuk etorri zitzaizkidan gogora “Vasco-Navarro trena Arrasaten” erreportajea ikusterakoan. Gogoa eman zidan zutitu eta txalo egiteko Arrasateko Bibliotekari eta Goiena Komunikazio Taldeari, egindako lan onagatik. Ea aurrerantzean horrelako gehiago ikusteko aukera dugun!
(Argazkia: Arrasate Press, 51. zenb., 1990eko otsailaren 16a)
Larunbat eguerdian Aretxabaletan izan nintzen, Aitor Sarasua zenaren jaioterriko lagunek antolatutako omenaldian parte hartzen, hilabete-edo lehenago deitu baitzidaten ea nire testigantza emango nuen, labur, Aitorrek Arrasate Telebistan izan zuen rolaz.
Pozik joan nintzen, eta are poziago etxeratu, ikusita zelako arrastoa utzi zuen Aitorrek bai Aretxabaletan eta baita Itsasun ere. Ekitaldiak une hunkigarri asko izan zituen, barre egitekoak eta negar egitekoak, baina lagundu zidan Aitorrez nuen irudia zabaltzen eta osatzen.
Zirriborro bat eraman nuen prestatuta, baina ikusita zelan zihoan ekitaldia, erabaki nuen zirriborroaren lehen partea ez aipatzea, laburtze aldera. Hemen, berriz, idatziz prestatutakoa jarriko dut:
“Kontatu behar dudan hau, Aitor Sarasuarekin lotutakoa, 1990ean hasten da. Horregatik, testuingurua azalduko dizuet, denok koka gaitezen noizko kontuez ari garen.
1990
Euskaldunon Egunkaria sortu zen.
Negu Gorriak musika-taldea plazaratu zen.
Jon Enbeitak irabazi zuen Araba-Bizkaietako bertsolari txapelketa.
Golkoko gerra hasi zen, Bush aitak zuzendu zuena.
Nelson Mandela kartzelatik irten zen, bertan 27 urte igarota.
Alemania biek bat egin zuten.
NASAk Hubble espazio-teleskopioa bidali zuen espaziora.
Greg Lemondek irabazi zuen Frantziako Tourra.
Miren Amuriza bertsolaria, Asier Illarramendi futbolaria, Alaine Agirre idazlea eta Nagua Alba politikaria jaio ziren.
Remigio Mendiburu eskultorea, Joseba Elosegi politikaria eta Leonard Bernstein musikaria hil ziren.
AEDk Arrasate Telebista sortu zuen.
Urtebete pasatxo Arrasate Press sortu ondoren, AED elkartea herri telebista bat sortzekotan zebilen, Arrasate Telebista, eta 1990ean prestakuntza lanak nahiko aurreratuta zebiltzan.
Antena bat jarri zen Murugainen, eta, hari esker, Arrasate ia osoan eta Aretxabaletako zati batean ikusiko zen telebista berria.
Arrasateko Udalak lanak hasi zituen Ospitale zaharra izan zedin ATBren egoitza.
Hartutako lau teknikari gazteak IMIren bulegoan hasi ziren lanean, Arrasate pasealekuan.
Talde eragileak casting bat egin zuen Monterron kultura etxean, aukeratzeko nork aurkeztuko zituen albisteak. Azkenean, lau lagun aukeratu genituen: Koldo Rodriguez, Begoña Garai, Miren Bengoa eta Aitor Sarasua. Lehenengo hirurak, ikastola-irakasleak; laugarrena, berriz, artean ikaslea. Koldo izango zen aurkezle titularra, bigarren Begoña, eta Miren nahiz Aitor errekamaran geratuko ziren, premiazko egoeretarako.
Aitor Sarasuak orduan 22 urte zituen, eta Ingeniaritza ikasten ari zen Eskola Politeknikoan: egun erdiz ikasten, eta egun erdiz lanean, Aretxabaletako enpresa batean. Hala ere, oso prestu agertu zen hautaprobarako, beti laguntzeko prest.
Guztira hiruzpalau albistegi aurkeztuko zituen Aitorrek, beti azken orduan abisatuta, hari deitzeak esan nahi baitzuen besteek kale egin zutela. Oso lanpetuta ibiltzen zen, baina deitu genionetan, beti esan zigun baietz. Eta halakoetan, ATBn genbiltzan guztiok, lasai geratzen ginen, bagenekien-eta Aitorrek oso ondo aurkeztuko zuela, horretarako dohain berezia zuelako.
(Argazkia: Arrasate Press, 99. zenb., 1991ko martxoaren 15ean)
Horregatik, beti egon naiz oso eskertuta Aitor Sarasuarekin, beti izan genuelako laguntzeko prest. Bera hil zenean, Euskal Herritik kanpo nengoen, eta Twitterren jakin nuenean hil egin zela, sekulako atsekabea hartu nuen. Etxera itzuli bezain laster, arakatzen hasi nintzen Arrasate Press zaharretan, banekielako pare bat aldiz-edo atera genuela Aitorren berri. Baita aurkitu ere. Nire omenaldi txikia izan zen bi argazki horiek Twiterren ateratzea, euskaltzaleek jakin zezaten Aitorrek zenbat lagundu zigun Arrasate Telebistaren lehen urte haietan.
Eta gaur ere, horregatik etorri naiz hona. Zor niolako”.
Bukatzeko, argazki bat edo gehiago eskatu nion familiari taula gainetik, osatzeko Aitorren gaineko sarrera Wikipedian.
Hauxe da aspaldi honetan irakurri dudan zientzia-libururik onena. Stephen Hawkingzientzialari hil berriaren azkena, Brief Answers to the Big Questions (Erantzun laburrak galdera handiei). Erraz irakurri dut, liburua oso modu argian idatzita baitago, nahiz eta bertan jorratzen diren gaiak ez izan nolanahikoak. Ingelesez irakurri dut, baina uste dut liburu hau euskaratu egin beharko litzatekeela, eta zientziaren dibulgaziorako bilduma batean argitaratu.
Antza denez, Hawkingi sarri egiten zizkioten galdera handiak, zientzialari britainiarrak han eta hemen egiten zituen hitzaldi, elkarrizketa eta bileretan. Eta haren artxiboetan gordeta zeuden horietako asko. Artean bizi zela, haren izena daraman fundazioa hasi zen galdera haiek —eta zegozkien erantzunak— biltzen eta apailatzen, Hawkingen lankideen eta familiaren laguntzarekin. Zoritxarrez, liburuak argia ikusi aurretik itzali zen Hawking bera.
Egileak liburuan aitortzen du jendeak betidanik jakin nahi izan dituela galdera handiei zegozkien erantzunak: nondik gatoz? Zelan hasi zen unibertsoa? Ba al dago inor hor kanpoan? Eta berak, zientzialaria zenez, betidanik izan zuen fisika, kosmologia eta unibertsoarekiko lilura, eta horrek bultzatuta, saiatu izan zen erantzun egokiak bilatzen.
Horra Stephen Hawkingek liburu honetan planteatzen dituen hamar galdera handiak, beste horrenbeste kapitutulan banatuta:
Bada Jainkorik?
Zelan hasi zen dena?
Bada beste bizi adimendunik unibertsoan?
Iragar genezake etorkizuna?
Zer dago zulo beltz baten barruan?
Posible da denboran barrena bidaiatzea?
Iraungo dugu bizirik Lurrean?
Kolonizatu beharko genuke espazioa?
Adimen artifizialak gaindituko ote gaitu?
Zelan itxuratuko dugu etorkizuna?
Zulo beltzei dagokien atala izan ezik (hori zailxeagoa egin zait ondo ulertzeko), beste guztiak oso ondo barneratu ditut. Aukerarik baldin baduzue, irakurri, ingelesez ez bada, gaztelaniaz, hori ere salgai dago-eta.
Hermigua herrian, Gomeran, aspaldiko garabi-besoen hondakinen aurrean.
Itzuli berri gara Gomera uhartetik, berau Kanarietako uharterik txikienetako bat. Bertan dozena bat egun igaro ditugu, oso pozik.
Hasierako egunetan eguraldi freskoa eta euritsua izan genuen (itsas bazterrean 18-19 gradu, eta Garajonay parke naturalean 5-9, hor nonbait), eta aprobetxatu genuen uharteko sei udalerri printzipalenak bisitatzeko, horretarako auto alokatu bat erabilita. Azken bost egunetan, berriz, eguraldi ederrarekin, aprobetxatu genuen Garajonay inguruetako basobideetan ibiltzeko, naturaz gozatzen. Bai udalerrietan eta baita mendietan ere, aleman piloa ikusi dugu, hondartza- eta mendi-turismoa egiten, modu lasaian.
Gomerak paraje zoragarriak ditu, bere izaera bolkanikoak bandintzatuak. Naturalista, botanista eta mendizaleen paradisua izan daiteke. Gastronomia ere, oso ona du. Eta jendea, oso abegikorra.
Inoiz animatzen bazarete hara joatera, maleta egiteko orduan kontuan hartu tenperatura izugarri alda daitekeela itsas-bazterretik goiko mendietara. Hortaz, hartu bietarako arropa eta oinetako egokiak, baldin eta asmoa baduzue bietan ibiltzeko.
Elorrioko Udalak ordenantza bat onartu du, arautzeko hileta zibilak herrian. Onartzen du udalak hileta zibilak leku pribatuetan egin daitezkeela, baina ordenantzak arautzen du leku publikoen erabilera.
Non egin hileta zibilak
Labur esateko, Elorrioko Udalak erabaki du hemendik aurrera non egingo diren hileta zibilak:
– San Jose parkean.
– Eskola Publikoko eraikin berrian, kiroldegiko pabiloian.
Horrek esan nahi du San Jose inguruan egingo direla hiletok, aire zabalean parkea aukeratuz gero, eta babesean, eskolako kiroldegian.
Ordutegia
Hileta zibila egiteko ordutegia izango da astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara. Larunbatean aurreko ordutegiaz gain, 12:00etatik 14:00etara ere egin ahal izango dira. Domeka eta jai egunetan, larunbatetako ordutegi berdina.
Kostoa
Hileta zibilak egiteko eskariak Alkatetzari egin beharko zaizkio, egin baino 24 ordu lehenago gutxienez. Eskari bat baino gehiago izanez gero egun eta leku bererako, aurretik egin duenak izango du lehentasuna.
Udalak eskainitako zerbitzua doakoa izando da. Hala ere, fidantza jarri beharko da. Udalak eskatzaileen esku jarriko ditu soinu-ekipoa, gorpurako euskarria, argindarra eta aulkiak. Gainerako apaingarrien gastua eskatzaileen esku geratuko da. Hileta zibilaren antolatzaileek udal langileen laguntza izango dute.
Informazio gehiago, Elorrioko Udalaren ordenantza honetan irakur daiteke