Vasco-Navarro trenean, itsasoa ikustera

Atzo “Vasco-Navarro trena Arrasaten” erreportajea ikusi nuen. Ia ordubete irauten du, baina ez zitzaidan luze egin inola ere. Erreportajeak informazio asko ematen du trenaz, 1918tik 1967ra bitartean Debagoiena zeharkatu zuena, eta hark izan zuen garrantziaz, eta horretarako oso ondo uztartzen du dokumentazioa, adituen iritziak, lekukotasunak eta irudiak.

Arrasateko Bibliotekak egin du lanik handiena, proiektua sortzetik beretik hasita, eta Goiena Komunikazio Taldeak lagundu dio ikus-entzunezkoa mamitzen. Kontua da Debagoieneko eskolek unitate didaktiko bikaina dutela hor bailarako eta Euskal Herriko garraiobideak aztertu nahi dituztenerako.

Tren hura nire oroimenean

Vasco-Navarro trena kendu zutenean nik 15 urte nituen. Hala ere, gordetzen ditut zenbait oroimen trenarekin lotuak:

  • Debara, itsasora ikustera. Bospasei urte izango nituen, gure amak Fatima arreba txikia eta biok hartu, eta Debara eraman gintuenean, han itsasoa ikus genezan. Bidaia ederra izan zen —itsasoa ikustera gindoazen!—, baina trenetik irten eta hondartzan barneratu ginenean, sentsazio berezi batek hartu ninduen hondarra zapaldu eta ur pilo ura ikusterakoan. Aireak ere bestelako usain bat zuen. Hondarrean jolastu ginen eta itsasoan bainatu. Egun gogoangarria, trenak posible egin zuena.
  • Seminariora joan-etorrian. Hamaika urterekin Saturrarango seminariora joan ginenean ere, trena erabili nuen, Mondragoeko zenbait gaztetxorekin batera hara iristeko. Bidaiak hiru zati izaten zituen: lehena trenez, Maltzagaraino; han trena aldatu eta Bilbotik zetorrena hartu, Debaraino; eta handik Saturraraneraino, autobusez. Bueltan, berriz, kontrara: lehenengo autobusa eta gero trena. Haranzkoa triste samarra izaten zen; bueltakoa, ostera, alaia.
  • Gasteizera bidean, mendira joateko. Gaztetxo ginela, ia urtero joaten ginen San Kristobal eta San Adrianeko erromerietara, eta hartarako trenez joaten ginen Mondragoetik Marineraino, hor nonbait. Eta handik aurrerakoa, oinez, batzuetan treneko tunel bat ere zeharkatuta. Bidaia laburra izaten zen, baina polita, mendizale asko joaten baiginen trenean.

Horiek eta beste oroimen batzuk etorri zitzaizkidan gogora “Vasco-Navarro trena Arrasaten” erreportajea ikusterakoan. Gogoa eman zidan zutitu eta txalo egiteko Arrasateko Bibliotekari eta Goiena Komunikazio Taldeari, egindako lan onagatik. Ea aurrerantzean horrelako gehiago ikusteko aukera dugun!

Kategoria: Oroimenak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude