Stephen Hawking-en liburu bikaina

Hauxe da aspaldi honetan irakurri dudan zientzia-libururik onena. Stephen Hawkingzientzialari hil berriaren azkena, Brief Answers to the Big Questions (Erantzun laburrak galdera handiei). Erraz irakurri dut, liburua oso modu argian idatzita baitago, nahiz eta bertan jorratzen diren gaiak ez izan nolanahikoak. Ingelesez irakurri dut, baina uste dut liburu hau euskaratu egin beharko litzatekeela, eta zientziaren dibulgaziorako bilduma batean argitaratu.

Antza denez, Hawkingi sarri egiten zizkioten galdera handiak, zientzialari britainiarrak han eta hemen egiten zituen hitzaldi, elkarrizketa eta bileretan. Eta haren artxiboetan gordeta zeuden horietako asko. Artean bizi zela, haren izena daraman fundazioa hasi zen galdera haiek —eta zegozkien erantzunak— biltzen eta apailatzen, Hawkingen lankideen eta familiaren laguntzarekin. Zoritxarrez, liburuak argia ikusi aurretik itzali zen Hawking bera.

Egileak liburuan aitortzen du jendeak betidanik jakin nahi izan dituela galdera handiei zegozkien erantzunak: nondik gatoz? Zelan hasi zen unibertsoa? Ba al dago inor hor kanpoan? Eta berak, zientzialaria zenez, betidanik izan zuen fisika, kosmologia eta unibertsoarekiko lilura, eta horrek bultzatuta, saiatu izan zen erantzun egokiak bilatzen.

Horra Stephen Hawkingek liburu honetan planteatzen dituen hamar galdera handiak, beste horrenbeste kapitutulan banatuta:

  1. Bada Jainkorik?
  2. Zelan hasi zen dena?
  3. Bada beste bizi adimendunik unibertsoan?
  4. Iragar genezake etorkizuna?
  5. Zer dago zulo beltz baten barruan?
  6. Posible da denboran barrena bidaiatzea?
  7. Iraungo dugu bizirik Lurrean?
  8. Kolonizatu beharko genuke espazioa?
  9. Adimen artifizialak gaindituko ote gaitu?
  10. Zelan itxuratuko dugu etorkizuna?

Zulo beltzei dagokien atala izan ezik (hori zailxeagoa egin zait ondo ulertzeko), beste guztiak oso ondo barneratu ditut. Aukerarik baldin baduzue, irakurri, ingelesez ez bada, gaztelaniaz, hori ere salgai dago-eta.

Kategoria: Zientzia Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude