Google +: zelan formateatu testua

Banuen gogoa ikasteko jendeak zelan formateatzen dituen testuak G+ sare sozialean, testuok dezente txukunago geratzen baitira aukera izanez gero hitzak beltzez, italikoz edo beste estilo batean jartzeko. Oraingoz, hauxe da ikasi beharrekoa:

  • Letra beltza. Hitz bat beltzez jartzeko nahikoa da berau bi izartxoz inguratzea: adibidez, *kaixo*
  • Letra italikoa. Berba bat italikoz jartzeko, inguratu hitza azpiko marra birekin: adibidez, _kaixo_
  • Letra ezabatua. Idazteko berba bat ezabatua balego moduan, idatzi albo bietan gidoi laburra. Adibidez: -kaixo-

Hiru estilo hauek neurrian erabiliz gero, testuak askoz ere erakargarriagoak egingo zaizkigu irakurleoi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Txillardegi

1976 inguruan ezagutu nuen Txillardegi, Garaia aldizkarian. Bera itzuli berria zen deserritik, eta ordurako izen handia zuen euskalgintzan. Ni, berriz, unibertsitatetik irten berria. Adi-adi egoten nintzaion entzuten, aldizkarira hurbiltzen zen guztietan. Geroago, berriz, ESB alderdian aritu ginen.

Lehen hauteskundeak egin ondorengo urteetan dezente irakurri nion —Huntaz eta hartaz, Euskara batua zertan den, Oinarri bila, Euskal gramatika…—, eta berari ikasitakoarekin landu nuen euskara. Urte haietan, berak izan zuen eragin handiena nire euskaltasunean.

Urteak aurrera egin ahala, hainbat lekutan egin genuen topo —UEUn, Boisen, Durangon…—, eta beti izan zituen hitz adeitsuak, baita osasunez makalago zebilenean ere. Gogoan izango zaitugu, Jose Luis!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Kindle Touch gurean

Gabonak ezkero, bigarren Kindle bat sartu zaigu etxean, Kindle Touch, ukipen pantailarekin. AEBetatik ekarri genuen, lagun baten bitartez, hemen ez baita saltzen. Guztira 118 € ordaindu genuen, eta prezio horretan sartzen ziren irakurgailua bera, zorroa eta garraio gastuak. Bego pozik dabil aparailuarekin, aurrerapen itzela baitakar aurreko modeloekin alderatuz gero.

Aurrekoak bezala, Kindle Touch modeloa tinta elektronikoz dabil, zuri-beltzean. Nireak ez bezala, ostera, ez dauka botoirik aurrealdean. Aginduak pantaila ukituz ematen dira. Horrela egin daiteke aurrera edo atzera, letraren tamaina aldatu, paragrafo bat azpimarratu, berba baten esanahia jakin, liburuak erosi, karpetak sortu, etab., etab.

Eragozpen bat aipatzearren, aipatuko nuke bateria. Amazonek dioenez, wifia indargabetuz gero, bateriak iraun lezake bi hilabete, egunean ordu erdi irakurrita. Gure kasuan, astebete pasatuta, bateria kargatu egin behar da berriro. Hori da Kindle Touch modeloari oraingoz aurkitu diogun akats bakarra. Bestela, primeran dabil.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gabonetako oporrak, erizaindegian

Etxean igaro ditut Gabonetako oporrak. Gaixorik hasi nintzen bakazioak, eta izugarri kostatu zait nire onera itzultzea, hotzeria astindu ezinik ibili naiz-eta. Urteberritik aurrera, hor nonbait, hasi naiz hobeto sentitzen eta kirola berriro egiten. Eta horrek bizipoza itzuli dit, eta indarra.

Alde horretatik, ondo etorri zaizkit oporrak, astia izan dut-eta patxadaz errekuperatzeko. Beharko dut, gaurtik aurrera buru-belarri murgilduko gara-eta lanean. Aurten, gainera, aditu titulu bat estreinatuko dugu, Komunikazioa erakundeetan, erronka galanta guretzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Kleptokrazia

Euskal hiztegietan, paperezkoetan, ez dut aurkitu kleptokrazia hitza. Bai, ordea, kleptomania: “ezin eutsizko joera lapurtzeko”. Segitu dut begira, eta hauxe aurkitu dut, non eta ingelesezko Wikipedian:

  • Politikaren eta gobernuaren ustelkeria mota bat, non gobernua erabiltzen baita areagotzeko bere funtzionarioen eta klase gidariaren ondarea eta aginte politikoa, herritar gehienen kontura.

Egun hauetan, behin eta berriro etortzen zait hitz hori gogora, kleptokrazia, albistegietan ikusten ditudanean Iñaki Urdangarin, Francisco Camps, Mediterraneoko Aurrezki Kutxa, Jose Blanco, zenbait bankariren soldata neurrigabeak, alderdi politiko askoren proiektu faraonikoak…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Debagoieneko tobera

Aretxabaletarren akusazioa
Gustura irten nintzen atzo iluntzean Debagoieneko tobera ikusita. Mondragoera egin aurretik, ez nekien nondik nora joango zen, baina emaitza ona izan zen. Eszenaratzea, egokia; elementu multimedien erabilera, aproposa; Arizmendiarrietaren agerpena, sekulakoa; aktoreen lana, ona; umorea, neurrian…

Hala ere, apur bat desorekatua ikusi nuen tobera. Bergarak oso ondo landu zuen bere akusazio sorta. Arrasatek, ostera, parte askoz txikiagoa izan zuen harian. Azalduko naiz. Bergarak gauza asko leporatu zizkion Mondragoeri, eta honek erantzun ere ez zien egin horietako askori. Bi adibide: Bergararen ustez, Arrasatek desleiak jokatu du bailarako hedabideen aurrean, Mondraberri sortu baitu. Arrasatek, txintik ere ez. Bi modutan erantzun ziezaiokeen akusazioari: batetik, Mondraberri euskaraz dagoela, eta indartu egiten duela euskararen erabilera herritarren artean; bestetik, galde ziezaiokeen Bergarako fiskalari ea monopolioen alde dagoen hedabideen esparruan. Beste akusazio bat izan zen Arrasatek berera ekarri dituela Goienaren zerbitzuak. Hor ere, Mondragoek, erantzunik ez. Esan zezakeen hori behin behineko neurria dela, eta laster Aretxabaletara joango dela… Bestetik, Arrasateko bi lagun zeuden akusatuen aulkian, baina ez zitzaien aukerarik eman hitz egiteko.

Alegia, Mondragoek ez zuela ondo defendatu bere burua, eta ez zituela ganoraz azaldu bere lorpenak. Aitzitik, Bagara elkartearen tesia nagusitu zen antzezpenaren harian, antolatzailearena. Toberaren kaltetan, nire ustez. Hala eta guztiz ere, uste dut toberak joko ona eman dezakeela, eta merezi duela urteroko ahalegina.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Escuminac herrian, Kanadan

Escuminac herrian, bertakoekin
Gabon gau oparoa izan genuen atzokoa. Ez dakit zelan, 1984an Kanadan zehar egindako bidaia etorri zen hizpidera, eta zehatzago, Escuminac izeneko herritxoa bisitatu genuenekoa. Orduan Idoia koinatak orduko argazki mordoa ekarri zituen, nik aspaldi galdutzat nituenak, eta hantxe zeuden bi argazki hauek. Hauxe da fotografia horien historia txikia.

1984an Bego eta biok Kanadan ginen, Ottawan, bertako familia batzuekin bizitzen eta ingelesa ikasten. Uda hartan Idoia etorri zitzaigun bisitan, Begoren ahizpa, eta, hori zela-eta, abuztuan hamabost egun opor hartu eta Red Bay aldera egin genuen, Labradorrera, ikusteko XVI. mendeko euskal baleazaleen aztarnak. Pontiac bat alokatu genuen, eta hantxe abiatu ginen, kanpin denda batekin, turismoa egiten Quebec, New Brunswick, Nova Scotia eta Ternuan zehar, batzuetan autoz, beste batzuetan ferryz.

New Brunswick probintzia zeharkatzen ari ginela, bat-batean konturatu nintzen gure bidetik 60 bat kilometrora herri bat zegoela kostaldean Escuminac izena zuena. “Hostia, hori izen euskalduna da. Gure bidetik desbideratu eta horra joan behar dugu!”. Denos ados. Halako batean, iritsi ginen Escuminac herrira, eta konturatu ginen herri arrantzalea zela, txikia.

[Eskiúmanak]
Arrantzale batzuk aurkitu genituen, eta haiengana hurbildu gu. Hasi ginen hizketan, eta galdetu genien zelan ahoskatzen zuten euren herriaren izena. Eta haiek, ingelesez: [eskiúmanak]. Orduan guk erantzun genien euskaldunak ginela, eta hitz hura euskara zela, eta esan nahi zuela “regards”, goraintziak.

Hori jakiteak ez dut uste asko inporta izan zitzaienik, baina gu liluratuta geunden. Uste genuen —eta nik ere oraindik horrela pentsatzen dut— oso poetikoa zela Kanadako bazter hartan Escuminac izeneko herri bat topatzea, itsasoaren bazterrean. Bigarren argazkia parke batean atera genuen.

Hogeita zazpi urte joan dira harrezkero, baina niri sekulako ilusioa egin dit argazki hauek berreskuratzea. Mila esker, Idoia!
 
Escuminac herrian, Kanadan, 1984an

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

MUtelebista: hiru hizkuntza, euskaratik hasita

2010eko iraila ezkero, Mondragon Unibertsitateak telebista korporatibo bat dauka sarean: MUtelebista. Dagoeneko 46 erreportaje kaleratu ditu, astean bat, eta gero eta ikusle gehiago ditu, ez baita ohiko telebista korporatiboa: jende gazteak egina da, informal ukitua du, entretenigarria izateko bokazioarekin eta hiru hizkuntzatan zabaltzen da.

Ezaugarriak
Mondragon Unibertsitateak sortu zuen MUtelebista Interneten banatu eta ikus zedin. Asteazkenero, hiru minutu inguruko erreportaje bat kaleratzen du, gure ustez neurri egokia sarerako, eta erreportaje hori txertatzen da unibertsitatearen webgunean, bertako portadan eta MUtelebistak duen txokoan, hiru hizkuntzatan.

Hiru hizkuntzatan, euskaratik hasita
Hizkuntzei dagokienez, MUtelebistak betetzen du Mondragon Unibertsitatearen hizkuntza politika. Horren arabera, telebistan euskara da hizkuntza nagusia, eta aurkezleak egiten dituen aurkezpenak eta iradokizunak euskaraz daude eginak. Hori gertatzen denean, eduki horiek azpititulatu egiten dira gaztelaniaz eta ingelesez, horiek baitira MUren beste hizkuntzak.

Baina norbaitek hitz egiten duenean beste horietako hizkuntza batean, orduan azpitituluak beste hizkuntza bietan jartzen dira. Hortaz, kasurik gehienetan euskara da hizkuntza nagusia, aurkezleak hizkuntza hori erabiltzen du-eta. Hala ere, noiz edo behin, euskarari ere tokatzen zaio azpidatzietan agertzea, eta hori gertatzen da elkarrizketatu batek gaztelaniaz edo ingelesez hitz egiten duenean.

Proposatu genuenean hizkuntza politika hau MUtelebistarako, garbi genuen, batetik, bete beharra genuela unibertsitatearen hizkuntza politika, zeinak baitio unibertsitateak hiru hizkuntzatan bermatu behar duela irakaskuntza. Horrekin batera, nahi genuen euskara izan zedin gure telebista korporatiboaren ikur, guk, behintzat, horrela ulertzen dugulako geure egoera linguistikoa. Eta, azkenik, baina ez azkena, nahi genuen sortu formula bat edozeinek onartzeko modukoa, euskaraz ondo moldatzen direnak eta berau ulertzen ez dutenak.

Gure proposamenak (hiru hizkuntzatan lan egitea, euskara izanda hizkuntza nagusia) oso harrera ona izan du, bai Mondragon Unibertsitatearen barruan, non euskararen erabilera desberdina baita hiru fakultateetan, eta baita kanpoan ere.

Barne funtzionamendua, euskaraz
MUtelebistak Erredakzio batzorde bat dauka gaiak proposatu eta telebistaren ibilia antolatzeko. Bertan daude: Idoia Peñakoba eta Susana Azpilikueta (Errektoretza), Amaia Aizpuru (Enpresagintza), Marian Iñurritegi (Goi Eskola Politeknikoa) eta Joxe Aranzabal (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea). Eta taldea koordinatzen, Idoia Astigarraga (amatasun baimenarekin gaur egun) eta Aitor Arregi. Horrezaz gain, bi lagunek osatzen dute talde teknikoa: Idurre Lazkano, MUtelebistako ardurdun teknikoa, eta Ariane Irazusta, ikasle bekaduna.

Talde osoaren arteko komunikazioa erabat egiten da euskaraz, bai ahozko komunikazioan (bilerak eta telefono elkarrizketak) eta baita idatzizkoan ere, horretarako posta zerrenda bat erabilita.

Zabalkundea, batez ere euskaraz
MUtelebistak lau kanal erabiltzen ditu bere erreportajeen berri emateko: Mondragon Unibertsitatearen webgunea, sare sozialak eta hedabideak. Lehen kasuan, erreportajeak txertatzen dira MU komunitatean dagoen txoko batean, bereziki sortua MUtelebistarentzat, eta hori hiru hizkuntzatan antolatzen denez, erreportajearen ondoko azalpenak hiru hizkuntza ofizialetan idazten dira.

Sare sozialak ere erabiltzen dira egindako erreportajeen berri emateko: Twitter, Facebook eta Google +, eta bertan hizkuntza nagusia euskara da.

Hedabideei dagokienez, berriz, euskaraz lan egiten duten hedabideei euskarazko azalpenekin bidaltzen zaizkie erreportajeak, eta gaztelaniaz dihardutenei, hizkuntza horretan egindako azalpenekin.

Oihartzuna
Nahiz eta MUtelebista proiektu apala den, hiru hizkuntzatan lan egiteak eman dio oihartzuna. Nazioartean, behin baino gehiagotan konturatu gara gure erreportajeak komentatu egin direla Twitter-en, ingelesez eta galesez idatzitako iruzkinetan. Danimarkatik ere etorri zaigu bisita bat, VIA Unibertsitateak bertatik bertara ikusi nahi zuen zelan egiten dugun telebista, eurek ere antzeko eredua aplikatzeko. Etxean, berriz, Sutan Blai saioak tarte bat eskaini zion MUtelebistari, Euskal Telebistan.

Amaiatzeko, esango dugu MUtelebista egiten dugun lagunok eroso sentitzen garela hizkuntza planteamendu honekin, eta berau erabiltzen segituko dugula.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Steve Jobs-en biografia

Irakurri berri dut Steve Jobsen biografia, Walter Isaakson kazetariak idatzia –nire urtebetetzeko oparia izan zen–, eta gustura geratu naiz, iruditu baitzait serio eta zintzotasunez idatzitakoa dela. Ale mardula da, 700etik gora orrialde ditu, eta irakurri ahala, pertsona zaila eta konplexua azaleratzen da bertan Steve Jobs: aldarte txarrekoa, apetatsua, tiranoa…, eta, aldi berean, sekulako ahalmenarekin proiektuak aurrera atera eta jendea liluratzeko. Perfekzionista akaberakoa.

Liburuaren sarreran irakurri nion egileari ez Jobsek berak ezta haren emazteak sekula ez ziotela esan liburua aurrez irakurri nahi zutela, berau argitaratu aurretik. Eta hori igartzen da liburuan barrena, askatasunez idatzita baitago, eta ez baita inoren botafumeiroa.

Argigarri egin zait ikustea Jobs zelan joan zen ikasten bere lehendabiziko porrotetatik, goi mailako enpresario miretsienetakoa izateraino. Orobat, arretaz jarraitu dut Steve Jobs eta Bill Gates enpresarioen arteko harremana, nemesis izatetik zelanbaiteko mirespen konpartitua sentitzeraino.

Astia eta umorea izanez gero, irakurketa ona izan daiteke Gabonetarako. Dagoeneko, saretik ere jaits daiteke liburuaren kopia digitala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Atzeraezinak

Asteburua ohean igarota sekulako katarroarekin, atzo goizean Elorrioko anbulatoriora deitu nuen, txanda eskatzeko nire medikuarekin. Ez zuela tokirik. Orduan esan nion transplantea izandakoa naizela, eta, orduan bai, esan zidan 08:30ean joateko, eta sartuko ninduela eguneko zerrendan, medikuak deitu arte.

Duela urtebete-edo jakin nuen osasun etxeetan protokolo moduko bat dutela horrelako gaixoentzat, gaixotasun larriak izan dituztenak, eta izen bat ere ematen dietela, “indemorables”, atzeraezinak. Atzo entzun nion telefonozainari berriro hitz hori esaten, medikuarekin hitz egiten ari zela.

Ia ordu bi egin nituen zain, medikuak deitu arte, baina, gutxienez, ni miatu eta antibiotikoak eman zizkidan. Orain osatu egin behar.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1