Atzeraezinak

Asteburua ohean igarota sekulako katarroarekin, atzo goizean Elorrioko anbulatoriora deitu nuen, txanda eskatzeko nire medikuarekin. Ez zuela tokirik. Orduan esan nion transplantea izandakoa naizela, eta, orduan bai, esan zidan 08:30ean joateko, eta sartuko ninduela eguneko zerrendan, medikuak deitu arte.

Duela urtebete-edo jakin nuen osasun etxeetan protokolo moduko bat dutela horrelako gaixoentzat, gaixotasun larriak izan dituztenak, eta izen bat ere ematen dietela, “indemorables”, atzeraezinak. Atzo entzun nion telefonozainari berriro hitz hori esaten, medikuarekin hitz egiten ari zela.

Ia ordu bi egin nituen zain, medikuak deitu arte, baina, gutxienez, ni miatu eta antibiotikoak eman zizkidan. Orain osatu egin behar.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Amazonen bi opari pozoindu

Bagenekien Applek garestiago saltzen dituela bere produktuak Europan, parekatu egiten baititu, apetaren arabera, euroaren eta dolar amerikarraren balioa. Hori ez da izan Amazonen jokaera… orain gutxi arte.

Joan den astean, Amazon hasi zen saltzen oinarrizko Kindle irakurgailu digitala Amazon.es dendan. AEBetan 79 dolar balio du irakurgailu horrek. Bi txanponen arteko egoera aintzat hartuta, hemen balio beharko luke 59 euro, baina kia, 99 eurotan jarri du salgai denda amerikarraren sukurtsal espainiarrak! Hau da, 40 euro garestiago.

Horrekin batera, Amazonek beste opari bat egin digu: hemendik aurrera, ezingo dugu Amazon.com erabili Kindle bat erosteko; erostekotan, erosi beharko dugu Amazon.es dendan, garestiago. Joan den ostegunean saiatu ginen Kindle Fire bat erosten Amazon.com-en, baina ezin.

Tim O’Reilly-k abisatu zigun: pirateriak ez gaitu kezkatu behar; Amazonek, bai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Mila jarraitzaile Twitter-en

Txiripaz
konturatu nintzen atzo Twitter-en 1.000 jarraitzaile izatera iritsi
naizela. Ohartu nintzen horrela zela, zeren postan jaso bainuen mezu
bat esanez Xabin Zubiete, @xabin, aspaldiko lankide eta laguna niri
jarraitzen hasia zela.


Jakinda
ere 1.000 zenbaki bat baino ez dela, biribila hori bai, nire egoak gora
egin zuen une batez, lumarik gabeko hegoek puztuta. Une laburra izan
zen, ordea, berehala jarri bainizkion bridak tontakeriari,
jarraitzaileen errespetuz.


Badakit
jarraitzaile horien artean denetik dagoela, marka komertzialak,
erakundeak, enpresak, jende ezezaguna, robotak… Hala ere, badakit
beste asko jarraitzaile finak zaretela. Zuei guztioi, mila esker!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Komunikazioa erakundeetan

Aditu titulu bat ari gara eskaintzen Mondragon Unibertsitatean, komunikazioarekin lotuta: Komunikazioa erakundeetan. Berau izango dugu lehen aditu titulua Komunikazio gunean, eta, horregatik seguruenik, buruko min franko ematen ari zaigu: enpresa eta erakundeak bisitatu, galdeketak egin, egitasmoa zirriborratu, irakasleak bilatu, egitasmoa zehaztu, zabalkundea prestatu, ikasleak erakarri…, baina, aurrera egin ahala, nekeari ilusioa gailentzen ari zaio gure baitan.

Prestatze lanak amaitzen ari dira, urtarrilaren 12an hasiko baita aditu titulua, eta hortik irailaren  27a bitartean, ostegunero elkartuko gara Eskoriatzan, komunikazioaren paradigma berriak lantzera. Uste dut ikasleak gustura geratuko direla, ikastaroak kutsu praktikoa izango du-eta. Norbait zalantzan baldin badago, garaiz dago oraindik, luzatu egingo dugu-eta epea bertan izena emateko.

Iragarkia: Komunikazioa erakundeetan by joxearanzabal

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Idazleak bilatzeko jolasa

Literatura-mapa
Webgune bat sortu da, Literature-Map, aukera ematen duena, jolas moduan, bilatzeko nork bere gustuko idazleen antzeko idazleak. Sartzen badituzu idazle baten izen-deiturak, agertuko zaizu mapa bat izen-deitura piloarekin, denak idazleenak. Ez daude hor zuk sartutako idazlearen eragina dutelako, edo alderantziz, baizik eta sartu duzun idazlea gustuko duen jendeari gustatzen zaizkiolako. Zenbat eta gertuago egon bi idazle, aukera gehiago irakurleak biak gustuko izateko.

Opor bezperetan ez badakizu zer irakurri, mapa hau tresna eraginkorra izan daiteke zure gustuetatik abiatuta, beste idazle batzuk aurkitzeko. Guk, proba moduan, Bernardo Atxaga idazlearen izena sartu dugu, eta goiko mapa irten zaigu. Antza denez, aplikazioak ez du ezagutzen beste euskal idazlerik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Bankarien morroi

Atzo ikusi nuen telebistan Zapateroren gobernuak indultoa eman diola Alfredo Saenz Santander Bankuko handi-mandiari, eta horrela azken horrek izkin egin diola espetxeari. Gaur, berriz, irakurri dut behin Moncloa utzita, Zapateroren familiak txalet bat alokatuko duela Madrilen, Somosaguas esparru esklusiboan, eta bertan bizi izango dela Emilio Botin, Claudio Boada semea eta beste bankari eta jende ospatsuen inguruan. Azkenean, usoa usoarekin eta belea belearekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Oraingoan, Amaiur

Zalantza askoren ostean –nire esparruan ez nuen Geroa bai bezalako aukerarik eskura– botoa ematea erabaki nuen atzo, oraingoan Amaiur koalizioari. Pentsatu nuen hauteskunde hauek ez zirela udal hauteskundeak edo Eusko Legebiltzarra aukeratzekoak, baizik eta Madrilerako, eta ona izango litzatekeela ezker abertzale zabalak ahalik eta ordezkaritzarik handiena izatea, Espainiako gobernuak berau kontuan hartu eta negozia dezan ETAk armak utzi ondorengo egoera. Horrek eraman ninduen bozkalekuetara. Horrek eta Iñaki Antiguedad zerrendaburu izateak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Nire Behobia-Donostia onena: 1:18:56

Gaur jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa, Euskal Herrian antolatzen den lasterketarik bereziena. Zazpi-zortzi bat aldiz egin dut, baina nire markarik onena 1987an lortu nuen: 1:18:56. Alegia, ordu bat, 18 minutu eta 56 segundo. Orduan 443.a izan nintzen. Ondo prestatuta nengoen, eta indartsu iritsi nintzen Boulevardera.

Gogoan dut azken aldiz korritu nuenean 4.000 inguru lasterkari ginela, eta denbora mordoa behar izan genuela arineketan hasteko, asko ginelako abiapuntuan. Hala ere, zer ikusirik ez gaur egun elkartuko den lasterkari kopuruarekin, 22.000tik gora espero baitira. Aupa!

Gaur ez naiz Behobian izango, baina arineketan hasten naizenean Elorrio inguruan, gogoan izango ditut hango lasterkariak eta animatzaileak, dena ondo badoa, esperientzia berezia biziko dute-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Zure besoetan

Ikusteaz batera, liluratuta geratu nintzen bideo honekin, hain da ederra! “In your arms” musika-bideo bat da, eta eginda dago stop motion teknika erabilita. Egileek diotenez, 22 hilabete behar izan dituzte bideoa egiteko, 1.357 ordu, 30 lagun, 2 eskailera, kamera finko bat eta 288.000 karamelu, gomazkoak.

Azken emaitza ikusgarria bada, beste bideo hau ere jakingarria da erabat, bertan ikusten baita zelan egin zuten goiko bideoa, eta berau egiteko zelako lanak hartu zituzten. (via Jokin Lacalle).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Hamar baliabide interesgarri Kindle-erako

Gauza
bat da irakurgailu elektroniko bat erostea, eta beste bat, berau
ganoraz erabiltzea. Horretarako, denbora apur bat behar izaten da,
irakurgailua erabili eta zelan dabilen ikasteko. Hala ere, ondo etortzen
da zenbait baliabide eskura izatea, elementu lagungarri gisa.


Gaurkoan,
10 lotura ekarriko ditut hona, denboran barrena karpeta batean bildu
ditudanak nire gogokoen barran, Firefoxen, “Kindle” izenarekin. Hala
ere, hemengo zenbait gune interesgarriak izan daitezke Kindle barik,
beste irakurgailu bat dutenentzat ere.

  • Kindle txuleta. Horrela deitu dut, bertan informazio piloa agertzen delako, zelan erabili Kindle irakurgailua.
  • Amazon.es.
    Zerbait erosiko banu gaztelaniaz, hor erosiko nuke. Balio du, halaber,
    informazioa jasotzeko hainbat liburu edo diskoren inguruan.
  • Kindle blog. Informazio piloa eskaintzen du Kindle irakurgailuaren inguruan.
  • Kindle popular classics. Amazonek doan eskaintzen dituen liburuak, gehienak klasikoenak, eta ingelesez.
  • Project Gutenberg. Hemen ere doako liburuak agertzen dira.
  • Susa liburu elektronikoak. Orain dela gutxi irekitako gunea. Bertan, liburu guztiek balio dute 3,5 euro eta DRM barik datoz.
  • Armiarma liburu elektronikoak. Euskal klasiko asko –baita literatura unibertsaleko zenbait ere–, PDF eta ePUB formatuetan.
  • Gurebook. Euskarazko liburu elektronikoen denda. Hemen liburuak garestiagoak dira, eta DRM daramate.
  • Free ePUB DRM Removal. Sekula ez dut erabili, baina gune honek aukera ematen du liburu bati DRM giltzarrapoa kentzea
  • Books-Prime elegible. Prime kontua sortzen dutenentzat, Amazonek liburu sorta handia eskaintzen die merkeago.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin