Jacob Cass diseinatzailea da, Australian jaioa orain 24 urte, eta proposatu ziotenean hitzaldi bat ematea TED saioetan, buru-belarri murgildu zen aurkezpena prestatzen, TED konferentziak hots handikoak baitira mundu osoan, bertan aurkezten baitira “zabaltzea merezi duten ideiak”, gehienak teknologia, entretenimendua eta diseinuaren inguruan.
Gure zorionerako, Jacob Cass-ek azaldu egin digu zelan prestatu zuen aurkezpena:
- Aurkezpenean zentratu zen, gauza inportante asko gerorako utzita. Hamar bat bideo ikusi zituen TED aurkezpenetan grabatutakoak. Ikertu egin zuen zelan prestatu TED hitzaldi bat, eta landu hitz egiteko trebetasunak.
- Eskema bat idatzi zuen zertaz nahi zuen hitz egin, eta hortik 10 orrialdeko testua garatu.
- Diapositiba sorta bat prestatu zuen testuan oinarrituta, hau albo batera utzita, eta esan beharrekoa buruz esateko moduan.
- Sei aldiz probatu zuen hitzaldia, denbora kontrolatuta, TED hitzaldiek 16-18 minutu irauten du-eta. Halaber, laburbildu zuen esan beharrekoa diapositiba besteko puntutan.
- Hitzaldia iritsi baino hiru egun lehenago, egun erdi hartu zuen jai lanean, hitzaldia praktikatzeko. Horri esker, sei aldiz gehiago probatu zuen hitzaldia, eta berau fintzen joan zen.
- Bezperan, diapositibak amaitu eta bidali egin zituen TED erakundera, haiek izan zitzaten. Hegazkina hartu eta Pittsburgh-era joan zen ordenagailu eta guzti, eta hoteleko gelan segitu zuen hitzaldia praktikatzen. Ondoren, lotara.
- Bi orduz behin esnatu zen, urduri, pentsaturik iratzargailua ez zebilela. Ordua jotakoan jaiki eta beste behin praktikatu zuen hitzaldia, konferentziara abiatu aurretik.
Lekukotasun honekin Jacob Cass-ek garbi erakutsi digu horrelako aurkezpen bat egitea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Azken emaitza ez zidan iruditu beste mundukoa zela, baina bai prestatze-lana.
Bide batez, Jacob Cass-ek webgune oso interesgarria dauka, eta bertan informazio ugari eta ona aurki daiteke diseinuaren gainean: tipografia, weberako diseinua, kostuak, markak, etab. Horren gainetik, web horrek aukera ematen du aztertzeko diseinatzaile australiarrak zelan darabiltzan sare sozialak bere lana hedatu eta bezeroak irabazteko.
Bere webguneaz gain, Jacob Cass-ek beste bi web kudeatzen ditu, biak ere interesgarriak oso:


