Kanadatik bueltan

Aprobetxatuta Miren alaba Toronton dagoela, Kanadan, Bego emazteak eta biok hiru aste egin ditugu paraje haietan. Aldi horretan lagun batzuen etxean izan gara, Toronton, Mirenen fakultatetik eta etxetik nahiko hurbil. Horrek aukera eman digu Mirenekin elkartzeko, eta, harekin batera, Centennial College bisitatzeko, gure alaba lauhileko honetan ikasten ari den ikastetxea. Baita haren etxea ere, Miren etxe bateko soto batean bizi baita —oso ondo prestatua—, beste bi neskarekin batera. Bidaiatu ere egin dugu, hirurok, bi asteburutan Montreal eta Ottawan izan baikara.

Toronto izugarri gustatu zait, hiri handia eta dinamikoa da, kolorez eta hizkuntzez zipriztindua, bertan arraza eta kultura askotako jendea bizi baita, harmonia ederrean, lehen begiratu batean behintzat.

Montreal ere ederra da, nahiz eta han izan garenean nonahi ikusten ziren konpontze-lanak, Montrealek orain dela gutxi ordaindu du-eta zor izugarria, 1976an Olinpiar Jokoak antolatuta geratu zitzaiona. Frantses jakin barik ibil daiteke Montrealen —bertan AEBetako turista mordoa ikusi dugu, gehienak erretiratuak—, baina gu ibili garen lekuetan frantsesa izan da nagusi.

Ottawa ere prestatzen ari da datorren urterako, 2017an 150 urte beteko dira-eta Kanadako konfederazioa sortu zela, eta hori dela-eta txukuntzen ari dira hiriaren alderik historikoenak. Hala ere, ederra aurkitu dugu Kanadako hiriburua.

Bidaia honen alderik politenetakoa izan da aukera izan dugula berriz elkartzeko orain 31 urte Kanadako ekialdean utzi genituen familiak eta orduan Begok eta biok zaindu genituen umeak. Ume haiek gaur egun pertsona helduak dira, noski, eta euretariko batzuek umeak dauzkate. Esperientzia ezinago ederra izan da eurekin berriro elkartzea.

Egonaldi honetan bi gauzak eman didate arreta bereziki: kanadarren patxadak (zerikusirik ez beren hegoaldeko auzoen histeria Trump zalea) eta kultur aniztasun ondo eramanak. Horregatik —eta herrialde ederra delako—, lasai esan dezaket Kanada oso erakargarria egiten zaidala.

Kategoriak Bidaiak, Geografia | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Gernika, dekoratu bat

Aurrekoan Gernika filma ikusi nuen, Koldo Serraren azken lana. Sentipen gazi-gozoekin irten nintzen Arriola zinema jendez betetik, Elorrion.

Sentipen gaziak gehiago zirenez gozoak baino, haiekin hasiko naiz:

  • Gidoia eskasa iruditu zitzaidan: maitasun-triangelu bat komisario politiko errusiar bat, neska zentsore euskaldun bat eta kazetari estatubatuar baten artean, hirurak Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan bueltaka.
  • Gernika dekoratu hutsa begitandu zitzaidan, aitzakia bat maitasun istorioaren askaera hantxe gerta zedin.
  • Drama lortze aldera seguruenik, gidoigileek izugarri bihurritu dute historia. Eusko Jaurlaritzaren komunikazio bulegoak ematen zuen Partidu komunistaren komisaldegi politikoa, han zentsore komunistek agintzen baitzuten, ez jeltzaleek edo sozialistek. 2. George Steer kazetari hegoafrikarra, Gernikako bonbardaketaren berri nazioartera zabaldu zuen lehena, erabat desitxuratua agertzen da; filmean gehiago ematen du Ernest Hemingway, Steer bera baino.
  • Frankismoaren erantzukizuna oso diluitua ageri zaigu. Pelikulako gaiztoak alemanak ziren, eta, batez ere, errusiarrak, zeinek sekulako izugarrikeriak egiten baitzituzten Bizkaian Stalinen izenean.
  • Bikoizketa. Ahots guztiak estudiokoak ziren, erabat artifizialak. Nik geroz eta gutxiago eramaten ditut horrelakoak, iruditzen baitzait kalte handia egiten diotela pelikulari.

Eta gozotik zer? Bada gauza bakarra bonbardaketa zerutik ikusten denean, ikusgarria da, teknikoki ondo lortua. Besterik ez.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Klitoris baten 3D modeloak sexu-iraultza ekar lezake

Ikusita Frantziako ikasgela askotan ez dela ganoraz hitz egiten klitorisari buruz sexu-heziketaren barruan, Odile Fillod ikerlariak asmatu du modu bat errazteko azalpen horiek jendeari, izan irakasleak, izan pedagogoak, izan sexu-adituak. Asmatu du klitoris baten 3D modeloa, berezko tamainakoa, eta inprima daiteke edozein 3D inprimagailutan, Frantzian edo beste edonon. “Ikasliburuetan, klitorisa aipatu ere ez da egiten sarri, eta sistematikoki gaizki irudikatzen da. Kontua zen erakustea zelakoa zen, hitz egiteko desioaren eta plazer sexualaren oinarri anatomikoez, behingoz emakumeak ahaztu barik”, azaldu du ikerlariak.

Bere asmakizuna ahalik eta gehien zabaltzeko, Fillod ikerlariak libre jarri du asmakizuna Fab Lab webgunean, edozeinek jaisteko moduan. Hor, jendeak bi elementu aurkituko ditu: klitorisa bera eta euskarriak, beharrezkoak inprimatzea ondo atera dadin. 15€ ordainduta, eduki daiteke klistoris bat plastiko biodegradagarrian. Formizable webguneko jendeak egiten ditu lan horiek, baten batek nahi izanez gero.

The Guardian egunkariak dioenez, klitorisaren modeloa sexu-heziketan erabiltzeak sexu-iraultza eragin lezake. Batetik, emakumeek jakingo dute, espekulatu behar barik, zelakoa den beren sexu-organoa, zenbaiten iritziz urkila baten antzekoa. Bestetik, modelo horrek pikutara botatzen du testuliburuek eta hiztegiek orain arte zelan definitu duten klitorisa, “organo zutikor txikia”, zeren modelo horretan, garbi ikus baitaiteke klitorisak bi kirten dituela 10 cm. ingurukoak. Alegia, klitorisa dela gure begiek ikusten dutena baino handiagoa, eta bagina biltzen duela. Horri esker, penetrazioak orgasmoa eragin lezake. Beste uste bat orain arte oso zabaldua da bagina dela, eta ez klitorisa, zakilaren baliokidea.

The Guardian egunkariak amaitzen du esanez 3D modelo horri esker gizonek ere astindu dezaketela ustea, hori ere ustela, zeinaren bidez esaten baitzen emakume bat sexualki asetzea loteria irabaztea bezain gertagaitza dela.

Informazio gehiago:

ZUZENKETA: Ohartarazita The Guardian egunkariak oker zioela klitorisaren 3D modeloa Frantziako eskoletan erabiliko zela sexu-heziketako geletan, ezabatu egin dut hasierako paragrafoa (Ikasturte honetan Frantziako ikasleek lehen aldiz erabiliko dute klitoris baten modelo anatomikoa, berezko tamainakoa, sexu-heziketako eskoletan. 3D teknologiari esker, modelo hori eskola guztietan banatuko da), eta beste birekin osatu dut.

Kategoriak Zientzia | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Auzolan telebista-saioa, azukretuegia aukeran

Igande gauean zain jarri ginen telebistaren aurrean, ikusteko Auzolan, Euskal Telebistaren saio berria, neurri batean Herri people saioaren zenbait atalek utzitako zapore ona oroimenean. Saio bien arteko lotura agerikoena, jakina, aurkezlea da, Ibon Gaztañazpi.

Oro har, gustura ikusi nuen saioa —Itsasoko bizilagunek auzolanean konpondu behar zituzten Kizkitzako ermita eta beronen inguruak— nahiz eta, zenbait unetan, Mariaren alaben ekintza ematen zuen, auzotar zenbaitek behin eta berriz adierazi baitzuten izugarrizko kar, fede eta debozioa hango ama birjinarekiko. Eskerrak ogileak kontrapuntu laikoa eskaini zuen, behiala Tolosako kaleetatik hara aldatutako hippy modukoa.

Ibon Gaztañazpi sinpatikoa da, irribarre errazekoa, eta oso natural mugitzen da kamera aurrean. Baliabide asko ditu, batez ere baserri giroko inguruetan aritzeko. Baina arriskua izan lezake, sinpatikoaren sinpatikoz, saioa gehiegi azukreztatzeko. Igandean, esate baterako, faltan sentitu nuen galdera egitea Eliza katolikoak herri askotan izan duen jokamoldeaz Kizkitza bezalako ermita eta kultu-lekuekin. Hiru galdera, behintzat, egingo nizkien auzolangileei:

  1. Norena da Kizkitzako ermita, herriarena ala elizarena?
  2. Herriarena bada, zer gertatuko litzateke elizak bat-batean bereganatuko balu?
  3. Zer deritzozue auzolangileok elizak herri askotan egin duenari, horrelako ermitak eta kultu-lekuak bereganatuta, berez herriarenak zirenak? (Elorrion horixe gertatu zen Gazeta auzoko ermitarekin, auzotarrek ermita eta inguruak ezinago txukun konpondu ondoren).

Ikusten da saioko arduradunek, lehen atal honetan behintzat, nahiago izan dutela saio adeitsua egin, amablea, horrelako galderek eragin lezaketen ertzik barik. Pena da, zeren uste baitut aurkezlearen sinpatiak erraztuko lukeela galdera konprometituagoak ere egitea, haserrerik piztu barik. Hartara, gainera, saioak bizitasuna irabaziko luke.

Kategoriak Telebista | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Saint-Exupéry, berrirakurrita

Egun hauetan bi liburu irakurri ditut, biak Antoine de Saint-Exupéry idazle frantziarrekin lotuak. Horrekin batera, dokumental bat ere ikusi dut idazle beraren gainean.

Lehen liburua izan da biografia bat, orain dela gutxi argitaratu dena, gaztelaniaz: Antoine de Saint-Exupéry. Aviones de papel, Montse Morata kazetari espaniarrak idatzia. Oso gustura irakurri dut, lan honetan egileak idazle frantsesaren biografiarekin batera, haren idazlanak aztertzen baititu, ikertuz, gainera, batak zer garrantzia duen besteetan. Oso lan serioa egin du Moratak, baina baita iradokitzailea ere, Saint-Exupéry ertz askoko idazlea baitzen. Zenbait momentutan Stefan Zweig idazle austriarraz gogoratu naiz, garai hartako beste idazle erraldoi bat. Ez bata ez bestea ez ziren bizirik atera bigarren gerratik, nahiz eta zirkunstantzia oso bestelakoetan gertatu hori. Edozelan ere, pertsona ezinago interesgarria aurkitu dut liburuan, eta izugarri erakargarria bere humanismoan.

Liburua irakurtzen ari nintzela, eta elementu osagarri moduan, Youtuben begiratu eta dokumental bat aurkitu nuen, DW telebista alemaniarrak egina, El cielo y el mar, non kontatzen baita idazle frantziarraren bizitza eta zelan aurkitu zen haren errekonozimentu-hegazkina, Saint-Exupéryk bere azken hegaldian erabili zuena. Dokumentalak indartu eta osatu egin zuen, irudiekin, liburuak nigan egindako inpresioa.

Behin liburua irakurrita eta dokumentala ikusita, Printze txikia liburua irakurtzeko gogoa sartu zitzaidan, eta etxeko apalategietan begiratzen hasi nintzen. Bi ale aurkitu nituen, euskaraz: Xalbador Garmendiak euskaratutakoa, eta Patxi Zubizarretak itzulitakoa. Azken hau irakurri dut —lehen aldian Garmendiak itzulitakoa irakurri bainuen, aspaldi—, baina beste modu batean, kontuan hartuta aurreko liburuan jasotako informazioa. Gustura berrirakurri dut, eta bat nator Montse Moratarekin, nik ere uste baitut Printze txikia ez dela haurrentzako liburua, mundu guztiarentzat baizik.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Victor Mora, in memoriam

Hogeitaka urte izan arte ez nuen jakin Victor Mora idazleak sortu zituela El capitán Trueno eta El Jabato komikietako gidoiak, nire haurtzaroan hainbesteko poza eman zidatenak. Niri eta beste askori, 50. hamarkadan komiki zaleak baiginen Musakola auzoko neska-mutikoak, Mondragoen, mutikoak batez ere. Trukatu ere egiten genituen komikiak, esku artean geneuzkanak behin eta berriro irakurrita.

Uste dut Triunfo aldizkarian ikasi nuela Victor Mora hil berriari buruz: Bartzelonan bizi zela, komunista zela, eta, Trueno eta Jabatoz gain, beste hainbat komiki sortu zituela. Atzo, berriz, jakin nuen hil egin dela, 85 urterekin. Lerro hauek eskaini nahi dizkiot, esker onez, haurtzaroan berak eskaini zigun entretenimendu apartagatik. Berarekin zaletu ginen irakurtzera eta ikasi genuen gaizkiari beti egin behar zaiola aurre.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Idazteko tresnak, nonahi

Behin baino gehiagotan esan dut oso pozik nabilela Ulysses aplikazioarekin. Berau erabili nuen Jon Salaberri liburua idatzi eta argitaratzeko, eta berau erabiltzen dut nire blogeko mezuak idazteko.

Hala ere, banuen baina bat: Ulysses bakarrik dabil MacOS eta iOS ingurunetan, alegia, Applen baratzean. Nik instalatuta daukat nire iMac ordenagailuan eta baita nire iPadean. Telefonoan ez, nire telefonoa Android sistemarekin dabilelako.

Atzo baina, aprobetxatuta Ulysses aplikazioaren azken bertsioak aukera ematen duela edukiak sinkronizatzeko Dropbox karpeta batekin ere, aurkitu nuen mobileko hutsunea betetzeko modua. Instalatu nuen iA Writer aplikazioa nire mobilean (telefonoko bertsio hori doakoa da), eta bertako edukiak Dropboxen jarri, karpeta batean, berau sinkronizatuta Ulysses aplikazioarekin. Era horretan, ideiaren bat baldin badaukat, edo zenbait ohar hartu nahi baditut, geroago Ulyssesen garatzeko, mobilean idatziko dut, eta gorde testu huts gisa Dropboxen. Gero, Ulyssesek ireki egingo du Markdown formatuan.

Pozik nago bidezidor horrekin, areagotu egiten dudalako Ulyssesen ahalmena nire zerbitzuan, ordaindu behar barik iPhone bat. Hori guztia posible izan da Markdown hizkuntzari esker, unibertsala delako: bertan idatzitako testuak edonon erabil daitezke: MacOS, iOS, Android, Windows, Linux…

Mezu honen testua nire mobilean zirriborratu nuen, eta geroago, Ulyssesen jarrita, bertan garatu dut, niretzat mahai gaineko ordenagailua askoz erosoagoa baita luze idazteko.

Kategoriak Idazkuntza | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Ulysses, gero eta hobea

Dena ondo irteten bada, hau izango da nire lehen artikulua Faroa blogean, argitaratzen dudana sartu barik WordPress blog-plataforman, hortxe dago-eta ostatu hartuta Faroa. Eta hori izango da Ulysses idazteko aplikazioari esker, bere azken bertsioak aukera ematen baitu (lehenago Medium plataformarekin egiten zuen bezala) WordPressen zuzenean argitaratzeko, Ulysses aplikaziotik irten barik.

Ulyssesen bertan zaudela, hainbat aukera dituzu: hauta dezakezu oraintxe bertan argitaratzea, arratsaldeko 16:00etan edo WordPressera igotea zirriborro gisa. Halaber, erabaki ditzakezu kategoriak eta etiketak. Argazkiak ere, bertan sar ditzakezu. Azkenik, erabaki dezakezu zer formatutan esportatu WPera: HTML edo Markdown, WordPressek biak babesten ditu-eta.

Hori guztia egin daiteke orain Macintoshetik edo iPad zein iPhonetik.

Captura de pantalla 2016-08-05 a las 10.50.25

Kategoriak Blogak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Hamahiru urte geroago

Fatima-Joxe

Fatima Aranzabal eta Joxe Aranzabal neba-arrebak, Esteñibar baserrian, Elorrion.

Atzoko egunez, orain hamahiru urte, hezur-muineko transplantea egin zidaten Valdecillako Ospitalean, Santanderren. Urtebe eginda kimioterapiarekin, transplantea zen azken tratamentua Linfoma folikularra gainditzeko, horixe aurkitu baitzidaten urtebete lehenago, irailaren 11n.

Zorte itzela izan nuen, zeren etxean bertan aurkitu bainuen emalea hezur-muninaren transplantea egiteko: Fatima arreba gazteena.

Transplante hark bi ondorio izan zituen nagusi: batetik, sendotu egin zuen ordura arteko tratamentuaren eragina; bestetik, aldatu egin zidan odol mota. Transplantea egin aurretik, A+ zen nire odola. Handik irtendakoan, ostera, 0-, Fatimaren odol-mota berbera.

Atzo, beste askotan bezala, Esteñibar baserrian elkartu ginen, Elorrion, hantxe bizi baita Fatima, eta, argazki hau atera ondoren, kanpoan afaldu genuen, Fred gure lagunarekin batera, eta, ondoren, Musikaire jaialdira jaitsi ginen, Quimi Portet abeslari katalanari entzutera. Jaialdi ederra, urteurren pozgarri baterako.

Gaixoaldiaren berri Sustatu agerkarian eman nuen, 18 ataletan. Inork nahiko balu hura irakurri, azken ataletik irits daiteke gainerako guztietara.

Kategoriak Minbizia | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Anbotoko heretikoak eta Elizaren gehiegikeriak

SantaInquisicionGoya

“La Santa Inquisición”, Francisco Goya pintorearena.

Egun hauetan liburu bat irakurri dut, Los herejes de Amboto. “Luteranos” en el año 1500, Ander Berrojalbiz durangarrak idatzia eta Pamiela argitaletxeak kaleratua. Liburuak barrenak astindu dizkit, ikusita garai hartan Eliza katolikoak zelako kontrol soziala eragiten zuen, horretarako jendea torturatu eta hil behar bazuen ere.

Europan bezala hemen ere, XIV. eta XV. mendeetan Eliza katolikoak gogor jazarri zituen Eliza bera erreformatu nahi zutenak, eskandalizatuta zeudelako Elizako agintarien jarreraz edo beste modu batean interpretatzen zituztelako liburu santuak. Iritzi-garbiketa egiteko, Elizak berak Inkisizioa sortu zuen, eta horrek Euskal Herrian ere arrasto odoltsua utzi zuen, Logroñon bezala Durangon ere.

Har dezagun Marina Perez de Gosentzia andre durangarraren kasua. Liburuak horrela dio:

  • Marina Perez de Goxencia, vecina de Durango. Relaxada en estatua y exumados sus huessos por herege apostata. Año de 1500.

Antza denez, Marina Perez de Gosentzia familia onekoa zen, baina horrek ez zuen libratu Elizaren amorrutik. Bere kasuan, hil ondoren epaitu zuten. Errudun zela iritzita, haren irudi bat atera zuten Durangoko elizatik, adierazteko egotzi egin zutela elizaren komunitatetik. Gainera, haren hilotza lurpetik atera eta erre egin zuten, eta haren errautsak haizatu. Hori nahikoa ez, antza, eta Elizak oihalak eskegi zituen Durangoko elizan, “sanbenito” izenekoak, non agertzen baitzen goian gaztelaniaz aipatu dugun esaldia, heretikotzat hartutakoaren familia lotsarazteko belaunaldiz belaunaldi. Durangon 1809a arte egon ziren halako sanbenitoak eskegita bertako parrokian, hiru mendez alegia.

Maria San Juan de Garonda emagin mungiarrak ez zuen hainbesteko zorterik izan, sorgina zela akusatuta, torturatu eta erre egin baitzuten, nahiz eta berak akusazioa ukatu. Liburuak horrela dio:

  • El 5 de octubre fue sometida a tormento. El documento dice que a la partera se le dio “riguroso de garrucha”. La “garrucha” consistía en suspender en el aire al acusado colgándolo de una soga que pasaba por una garrucha o polea; la soga se ataba a una o ambas manos, en ocasiones puestas a la espalda, y, para incrementar el dolor, podía llegar a sujetarse una piedra a los pies del reo.

Torturapean ateratako aitorpenetan oinarrituta, Inkisizioak erruduntzat jo zuen emagin mungiarra Durangon, heretikotzat alegia, eta erre egin zuen, eta, Maria Perez de Gosentziari bezala, ondasunak kendu.

Hori guztia, eta askoz gehiago, legearen barruan egin zuen Eliza katolikoak Euskal Herrian eta “Jainko infinituki on eta ahalguztidunaren izenean”.

Liburuak halako hausnarketa ilunak eragin dizkit, baina gustura irakurri dut, egileak lan handia egin baitu argitzeko garai hartan Durangon gertatutako zenbait kontu.

Inkisizioa2

Inkisizioak tortura erabiltzen zuen akusatuen aitorpena lortzeko.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin