Anbotoko heretikoak eta Elizaren gehiegikeriak

SantaInquisicionGoya

“La Santa Inquisición”, Francisco Goya pintorearena.

Egun hauetan liburu bat irakurri dut, Los herejes de Amboto. “Luteranos” en el año 1500, Ander Berrojalbiz durangarrak idatzia eta Pamiela argitaletxeak kaleratua. Liburuak barrenak astindu dizkit, ikusita garai hartan Eliza katolikoak zelako kontrol soziala eragiten zuen, horretarako jendea torturatu eta hil behar bazuen ere.

Europan bezala hemen ere, XIV. eta XV. mendeetan Eliza katolikoak gogor jazarri zituen Eliza bera erreformatu nahi zutenak, eskandalizatuta zeudelako Elizako agintarien jarreraz edo beste modu batean interpretatzen zituztelako liburu santuak. Iritzi-garbiketa egiteko, Elizak berak Inkisizioa sortu zuen, eta horrek Euskal Herrian ere arrasto odoltsua utzi zuen, Logroñon bezala Durangon ere.

Har dezagun Marina Perez de Gosentzia andre durangarraren kasua. Liburuak horrela dio:

  • Marina Perez de Goxencia, vecina de Durango. Relaxada en estatua y exumados sus huessos por herege apostata. Año de 1500.

Antza denez, Marina Perez de Gosentzia familia onekoa zen, baina horrek ez zuen libratu Elizaren amorrutik. Bere kasuan, hil ondoren epaitu zuten. Errudun zela iritzita, haren irudi bat atera zuten Durangoko elizatik, adierazteko egotzi egin zutela elizaren komunitatetik. Gainera, haren hilotza lurpetik atera eta erre egin zuten, eta haren errautsak haizatu. Hori nahikoa ez, antza, eta Elizak oihalak eskegi zituen Durangoko elizan, “sanbenito” izenekoak, non agertzen baitzen goian gaztelaniaz aipatu dugun esaldia, heretikotzat hartutakoaren familia lotsarazteko belaunaldiz belaunaldi. Durangon 1809a arte egon ziren halako sanbenitoak eskegita bertako parrokian, hiru mendez alegia.

Maria San Juan de Garonda emagin mungiarrak ez zuen hainbesteko zorterik izan, sorgina zela akusatuta, torturatu eta erre egin baitzuten, nahiz eta berak akusazioa ukatu. Liburuak horrela dio:

  • El 5 de octubre fue sometida a tormento. El documento dice que a la partera se le dio “riguroso de garrucha”. La “garrucha” consistía en suspender en el aire al acusado colgándolo de una soga que pasaba por una garrucha o polea; la soga se ataba a una o ambas manos, en ocasiones puestas a la espalda, y, para incrementar el dolor, podía llegar a sujetarse una piedra a los pies del reo.

Torturapean ateratako aitorpenetan oinarrituta, Inkisizioak erruduntzat jo zuen emagin mungiarra Durangon, heretikotzat alegia, eta erre egin zuen, eta, Maria Perez de Gosentziari bezala, ondasunak kendu.

Hori guztia, eta askoz gehiago, legearen barruan egin zuen Eliza katolikoak Euskal Herrian eta “Jainko infinituki on eta ahalguztidunaren izenean”.

Liburuak halako hausnarketa ilunak eragin dizkit, baina gustura irakurri dut, egileak lan handia egin baitu argitzeko garai hartan Durangon gertatutako zenbait kontu.

Inkisizioa2

Inkisizioak tortura erabiltzen zuen akusatuen aitorpena lortzeko.

Kategoria: Liburuak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

2 Responses to Anbotoko heretikoak eta Elizaren gehiegikeriak

  1. egilea: Luistxo

    Ateismo “Berri” bat dagoela diotenei, batek emandako erantzuna: ateo berri bat da Elizak legalki ezin erre dezakeen ateo bat.

  2. Pingback: Elizaren gehiegikeriak • ZUZEU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude