Kanadatik bueltan

Aprobetxatuta Miren alaba Toronton dagoela, Kanadan, Bego emazteak eta biok hiru aste egin ditugu paraje haietan. Aldi horretan lagun batzuen etxean izan gara, Toronton, Mirenen fakultatetik eta etxetik nahiko hurbil. Horrek aukera eman digu Mirenekin elkartzeko, eta, harekin batera, Centennial College bisitatzeko, gure alaba lauhileko honetan ikasten ari den ikastetxea. Baita haren etxea ere, Miren etxe bateko soto batean bizi baita —oso ondo prestatua—, beste bi neskarekin batera. Bidaiatu ere egin dugu, hirurok, bi asteburutan Montreal eta Ottawan izan baikara.

Toronto izugarri gustatu zait, hiri handia eta dinamikoa da, kolorez eta hizkuntzez zipriztindua, bertan arraza eta kultura askotako jendea bizi baita, harmonia ederrean, lehen begiratu batean behintzat.

Montreal ere ederra da, nahiz eta han izan garenean nonahi ikusten ziren konpontze-lanak, Montrealek orain dela gutxi ordaindu du-eta zor izugarria, 1976an Olinpiar Jokoak antolatuta geratu zitzaiona. Frantses jakin barik ibil daiteke Montrealen —bertan AEBetako turista mordoa ikusi dugu, gehienak erretiratuak—, baina gu ibili garen lekuetan frantsesa izan da nagusi.

Ottawa ere prestatzen ari da datorren urterako, 2017an 150 urte beteko dira-eta Kanadako konfederazioa sortu zela, eta hori dela-eta txukuntzen ari dira hiriaren alderik historikoenak. Hala ere, ederra aurkitu dugu Kanadako hiriburua.

Bidaia honen alderik politenetakoa izan da aukera izan dugula berriz elkartzeko orain 31 urte Kanadako ekialdean utzi genituen familiak eta orduan Begok eta biok zaindu genituen umeak. Ume haiek gaur egun pertsona helduak dira, noski, eta euretariko batzuek umeak dauzkate. Esperientzia ezinago ederra izan da eurekin berriro elkartzea.

Egonaldi honetan bi gauzak eman didate arreta bereziki: kanadarren patxadak (zerikusirik ez beren hegoaldeko auzoen histeria Trump zalea) eta kultur aniztasun ondo eramanak. Horregatik —eta herrialde ederra delako—, lasai esan dezaket Kanada oso erakargarria egiten zaidala.

Kategoria: Bidaiak, Geografia Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude