Euskaldun endekatua, Derioko Udako ikastaroetan

Joan den larunbatean Berria egunkariak hitz hauek jarri zituen Adolfo Arejitaren ahotan, hau Derioko Udako ikastaroen 50. urteurrenaz ari zela: “Labayruk euskaldun, erdi euskaldun edo euskaldun endekatuen mundu hori lantzeko erronka hartu zuen”. Eta orduan konturatu nintzen neu ere “euskaldun endekatu” horietako bat nintzela, 1976 inguruan erabaki nuenean Derioko Udako ikastaroetara joatea, orduan nire euskara ezinago traketsa baitzen, hainbeste ze, urte batzuk lehenago, uda batez Amat kooperatiban niharduela lanean ikasketak ordaintzen laguntzeko, Luzio Murgoitiok, berau Udala auzoko langilea, “Toledoko euskalduna” deitu zidan, artean oso txarto egiten nuelako euskaraz.

Fatima arreba eta biok joan ginen Deriora, eta han ezagutu genituen Mikel Zarate eta Ander Manterola irakasleen artean, eta bertako seminarista talde bat, euskara ederto zekiena, tartean Jesus Eguzkiza Eguzki, Adolfo Arejita bera eta Jesus Etxezarraga,besteak beste.

Oker ez banabil, bi aste egin genituen Derioko barnetegian. Bertan euskararen mundua ireki zitzaidan arlo bat baino gehiagotan: gramatika, joskera, literatura… Aurkikuntza handia izan zen, nekien bizkaiera apurretik abiatuta egin nuen-eta.

Ikastaroa bukatu zenean, Ander Manterolak gomendio bat egin zigun Fatimari eta biori: “Ikusten duzue zenbat aurreratu duzuen bi aste hauetan, ezta? Bada askoz ere gehiago ikasiko duzue, eta ikasitakoa finkatu, baldin eta zuen eguneroko bizitzan euskaraz egiten baduzue. Orduan izugarri aurreratuko duzue”.

Anderren hitzek hauspotuta, Fatimak eta biok erabaki genuen aurrerantzean gure artean euskaraz hitz egingo genuela. Erabaki potoloa zen, zeren ordura arte, anai-arrebok gaztelaniaz hitz egiten genuen geure artean, eta baita gurasoekin, nahiz eta haiek guri euskaraz egin. Halaxe bada, etxera ailegatu ginenean, eta denok bazkaltzen ari ginela, iritsi berriok jakinarazi genien besteei handik aurrera, guk behintzat, euskaraz egingo genuela beti. Gogoan dut aitari eta amari irribarre ederra loratu zitzaiela, txikitatik egin zuten-eta borroka etxean euskara egin genezan. Eta handik aurrera, magiak eraginda bezala, gure etxean euskara baino ez zen egin, anai-arreba guztiok onartu genuen-eta proposamena.

Horregatik, beti izango naiz zorretan Derioko Udako ikastaroekin, hantxe egin nuen-eta salto nekien euskara apurretik ez nekien esparru zabalera. Zorionak Labayru ikastegiari, eta urte askotarako!

Kategoriak euskara | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Erromes katodiko, Gaztelugatxen

Bego eta Mirenekin, Gaztelugatxe inguruan (Argazkia: Miren Aranzabal)

Larunbatean ezusteko bidaia proposatu genion Bego emazteari, urteak egin zituen-eta. Bolantean jarri zenean jakinarazi genion lehen helmuga: Mungia. Hara helduta, xuxurlatu genion bigarrena Bakio zela. Hirugarrena, berriz (eta azkena), Gaztelugatxe.

Hara iritsita, lehen ustekabea izan zen han zebilen jende kopurua, erromesaldi erraldoia. Ertzaintzaren baimenarekin, errepide bazterrean utzi genuen autoa, beste guztiek bezala.

Bigarren ustekabea hara behera iristeko bidea izan zen, ez zuen-eta zerikusirik nik azkenengoz (orain hamabost bat urte) egin nuenarekin. Oraingoa dezente luzeagoa begitandu zitzaidan, erripatsua oso, baina ikuspegi ezinago ederrekin.

Hirugarren ezustea behetik gora abiatu ginenean hartu genuen, ermitarako bideak Everest ematen zuen-eta: sekulako iladak igoteko, eta beste horrenbestekoak jaisteko.

Game of Thrones telesailari esker, Gaztelugatxerako erromesaldia global bihurtu da: eskaileretan gora eta behera mundu guztiko jendea sumatu genuen: Ekialdekoak, arabiarrak, iparramerikarrak, afrikarrak, europarrak… Mito katodikoak irentsi egin du mito lokala, elizaren inguruan han sortutakoa, eta ondorioak begi bistan daude.

Urriaren 12a zen, baina eguraldia udako edozein egunetakoa baino hobea izan genuen, 28ºC inguruan ibili baiginen, eta lainope, inor ez erretzeko moduan. Apetitua egin zitzaigunean, berriz, uhartearen parean dagoen jatetxe batean bazkaldu genuen, bikain.

Egun ederra izan zen, Mirenen burutazioa egia esatera, eta primeran pasatu genuen, ikusita Bego zenbat ari zen gozatzen, bai baitzekien alabak zeramala aginte-makila amaren urtebetetze egunean. Egun gogoangarria.

Kategoriak Familia | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Azken mahats-batzea Esteñibarren

Mahats-batzaileak, lanak amaitu berritan.

Joan den larunbatean, urriak 5, azken mahats-batzea egin genuen Esteñibar baserrian, Elorrion. Egun gogoangarria izan zen, festa handia, gogora ekarri ziguna bertan orain 24 urte egin genuen etxe-sartze alai hura. Orduan bezala, larunbatean ere hantxe ginen Irizar eta Aranzabal familiak, baita beste lagun asko ere, urte hauetan egin diren mahats-batzeetan parte hartu dutenak: guztira 60 bat lagun.

Lana goiz partean egin genuen, uste baino eguraldi hobearekin, eguzkipean egin genuen-eta beharrik handiena, bezperan pentsa ezina zirudien zerbait. Ohi bezala, hamaiketakoak eten zuen jarduera, trikitixaren soinuak lagunduta.

Bazkaldu, berriz, lainope egin genuen, ezin hobeto, epel eta gozo. Bertan erretako bildotsa izan zen jakirik preziatuena. Eta orduan etorri zen Fatima arrebari antolatutako festa, atzeratuta baigenuen erretiroa hartu duela ospatzea. Fatima bera hunkituta zegoen, eta halaxe gu ere, asko zor diogu-eta Estañibarko señoriari. Musika ez zen falta izan, hantxe izan zen-eta, betiko legez, Itziarko Irizar familia, oraingo honetan Arrasateko gaiteroek lagunduta, ahaztu barik, noski, Alan Griffin albokari aparta.

Gure historia partikularrean gordeko dugun eguna. Eskerrik asko Fatima, eta mila esker Mikel!

Kategoriak Esteñibar | Etiketak , , | Iruzkin 1

AEBak muturra sartzen Kanadan

Justin Trudeau beltzez margotuta Aladino bailitzan, institutu bateko festan (2001)

Hilabete pasatxo falta denean kanadarrek hauta dezaten parlamentu federal berria, atzerriko hedabide batek (ez Errusiakoa, AEBetakoa baizik), Time aldizkariak, atera du 2001eko argazki bat, non Partidu Liberaleko hautagai nagusia, Justin Trudeau, agertzen baita Aladino jantziekin eta aurpegia beltzez pintatuta, institutu bateko festan.

Trudeau berehala irten da plazara, eta barkamena eskatu du. Hala ere, haren hautagaitzak zartako galanta jaso du, Kanadan ez ezik, nazioartean ere zabaldu baita argazkiaren berri.

Bi puntu azpimarratuko nituzke gertakari horren inguruan.

  1. Gogora etorri zait hemen zenbat aldiz ikusi dudan Gabonetan herritar zuri bat Baltasar errege magoa antzezten, aurpegia eta eskuak beltzez margoztuta: Arrasaten, Donostian, Bilbon, Elorrion… Ez aipatzearren inauteriak, eta bertan pintura beltzez agertu izan diren guztiak. Praktika hori normala izan da orain urte gutxira arte. Zorionez, fase hori gainditzen ari da, edo hori sinetsi nahi dut. Hala ere, ez nuke esango Justin Trudeau edo gure arteko Baltasar pintatuak arrazista aktibo direnik edo izan direnik, une jakin batean horrela mozorrotu direlako.
  2. Kasualitatea da Time aldizkariak orain ateratzea argazki hori, hilabete falta denean bozketa egunerako? Uste dut ezetz, eta esango nuke aldizkari estatubatuarrak helburu batekin atera duela argazkia orain, eta ez hauteskundeen ondoren. Inperioak nahiago du Kanadan gobernu kontserbadore bat, Washingtonen agintzen duenarekin sintonian. Zer esango luketa estatubatuarrek presidentziarako kanpainaren hondarrean Pravdak aterako balu antzeko zerbait hautagai baten inguruan? Berehala esango lukete Errusia interferitzen ari dela euren kanpainan, bertan eragiteko asmoz. Eurek, ordea, nahi dutena egin dezakete, han edo hemen.
Kategoriak Politika | Etiketak | Utzi iruzkina

Badator Mister Rogers

Fred Rogers, bere saioko setean, jertse kremaileradun famatu haietako batekin.

Gogoan dut orain 38 urte AEBetara iritsi berritan, PBS telebista publikoan Mister Rogers agertzen zenean, Maribel Aseginozala adiskide aguraindarrak ohartarazten zidala saioko aurkezlearen trebezia haurrak tratatzeko. Artean ez nekien ingelesik, baina geroago aukera izan nuen egiaztatzeko Maribelek esandakoa, besteak beste, Sesame Street eta The Electric Company saioekin batera, sarri ikusten bainuen Mister Rogers’ Neighborhood saioa (Rogers jaunaren auzoa), ingelesa ikasteko, Mister Rogersek oso poliki hitz egiten baitzuen, eta argi, edonork aditzeko moduan. Gaur egungo haurrentzako telesail gehienak ez bezala, saio hura slow horietakoa zen, erritmo pausatuan egindakoa. Eta, hala ere, haurrek izugarri maite zuten gizon hura.

Badakit hemen oso jende gutxik dakiela nor zen Fred Rogers edo Mister Rogers, Ipar Ameriketako haurrek deitzen zioten moduan, baina laster izango dugu haren berri, aurki iritsiko baita A Beautiful Day in the Neighborhood (Egun zoragarri bat auzoan) filma, Tom Hanks aktoreak estreinatu berri duena Toronton, TIFF zinemaldian. Trailerra ikusgai dago, eta bertan ikus daiteke Tom Hanks Mr. Rogers antzezten. Horrezaz gain, iaz dokumental bat estreinatu zen, Won’t You Be My Neighbor? (Izango al zara nire auzokidea?), non kontatzen baita Fred Rogersen bizitza.

Ni ere zorretan nengoenez Mr. Rogersekin, asko ikasi bainuen haren saioa ikusten, itzuli nahi izan diot mesedea, eta euskarara ekarri dut haren biografia euskarazko Wikipedian,euskaldunok jakin dezagun nor izan zen gizon hura.

Kategoriak Zinea | Etiketak | Utzi iruzkina

Arrasateren gainbehera, mahai gainean

Abuztuko egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizik ez zen mahai baten bueltan nengoela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa nola Arrasate gainbehera doan, garai batean, eta gaur egun ere, kooperatibak direla-eta munduan hain miretsia den herria. Mahaikideen esanetan, ez badu garaiz noranzkoa aldatzen, laster baino lehen lo-hiri bihur daitekee Arrasate.

Elkarrizketak aurrera egin ahala, solaskideek aipatu zuten Arrasateren gainbehera eta erortzea hainbat esparrutan igartzen dela. Merkataritzan, esate baterako, non merkatariek burua altxatu ezinda segitzen baitute. Edo kulturan, non eskaintza oso pobrea den, hainbesteraino non jende asko Gasteiz, Donostia eta Bilbora joaten den zerbait interesekoa ikusi nahi duenean, edo Elorriora, non aurrekontu askoz ere txikiagoarekin, egitasmo dezente zabalagoa eta erakargarriagoa eskaintzen den. Beste horrenbeste kirolean, non futbolean behinik behin, Mondrak 3. mailan jokatu ezinik segitzen baitu, zerikusirik ez Eibarrekin, ez oso aspaldi krisialdi handia gainditu zuen herria. Halaber, hizketakideek iritzi zioten Mondragoen ez dela igartzen bertan unibertsitate bat dagoenik, kultur eraginari dagokionez bederen. Eta lidergo garbia falta dela, oro har, herria aurrera ateratzeko, ez norberaren txiringitoa gizentzeko.

Harrituta nengoan ikusita nolako pesadunbrea hedatu zen mahaian solasak aurrera egin ahala, mahaikide guztiek biziki maite baitute Arrasate. Nolanahi ere den, amaieran ez zen proposamenik falta Arrasate zulotik ateratzen laguntzeko.

Solasaskideek iritzi zioten, hasteko, ona litzatekeela aztertzea bi kasu soziologikoki eta ekonomikoki antzekoak, nola diren Arrasate eta Durango, zeina azken urteotan gora eta gora egiten ari den, Arrasaterekin kontraste bizian. Orobat, egokia litzatekeela aztertzea beste herri edo hiri batzuk nola irten diren zulotik, haietatik ikasteko. Eta, azkenik, ezen ez azkena, herriko hainbat estamentu, enpresa eta eragile batu beharko liratekeela, oraingo egoerari buelta emate aldera.

Mahaitik altxatuta, neure artean pentsatu nuen Arrasaten zenbateraino partekatzen den kezka hori. Neuri dagokidanez, abuztuan mahaiaren bueltan entzundakoak, mahaitik kanpora ere entzun izan ditut beste toki eta une batzuetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 7 iruzkin

2019ko nire abuztua, hitzez hitz

Abuztua joan berri dela, hogeita hamaika egun horietan bizi izandakoak ekarriko ditut hona, baina hiztegi bat bailitzan, hitzak alfabetoaren hurrenkeran antolatuta.

  • Areatza. Abuztuan The New Girl nobela irakurri dut, Daniel Silva estatubatuarrarena. Espioitza horietakoa da, eta bertan Saudi Arabia, Israel, Bretainia Handia eta AEBetako inteligentzia zerbitzuak nahasten dira. Kontua da hain nazioarteko bestseller batean (ez zait hainbeste gustatu, bide batez esanda), Euskal Herriko leku bat agertzen dela, Areatza, Arratiaren bihotzean, bertan aurkitu dute-eta nazioarteko bahitzaile batzuen egonlekua.
  • Begoña. Abuztuaren 2an hil zitzaigun Begoña, neba-arrebotan zaharrena. Hogeita bi hilabete bizi izan zen buruan tumor bat aurkitu ziotenetik. Azken hilabete eta erdia izan ezik, gaixoaldi ona izan zuen, eta lasai eman zuen azken arnasa, gertukoenez inguratuta. Faroan idatzi nuen zabalago gai horretaz.
  • Cuixart. Girona hiriburuan genbiltzala, Ho tornarem a fer liburua erosi nuen, Jordi Cuixart preso politiko katalanaren azkena. Berau da katalanez irakurri dudan lehen liburua, erraz samar gainera. Atentzioa eman didate Cuixarten sendotasunak eta haren mezu bakezaleak, liburuaren orrialde horietan Cuixartek zalantza barik txertatzen baitu bere mezua Ghandi eta Martin Luther King bezalako bakezaleen artean. “Lasaitasunez esplikatuko dugu ez dugula indultu zentzu gaberik eskatuko, helburua ez baita espetxetik kosta ahala kosta irtetea, baizik eta modu demokratikoan konpontzea auzi politikoa”. Baten batek euskaratu beharko luke liburu hori, merezi du-eta.
  • Dentista. Nork esango zidan niri azanahoria gordin batek apurtuko zidala aurreko hortz bat, paleta, eta aho bete hortz geratuko nintzela? Horixe gertatu zitzaidan abuztuaren 25eko iluntzean, ordenagailuaren aurrean saiatu nintzenean azanahoria gordin bat zatitzen hortzekin (“ispilutxo, ispilutxo, nor da Euskal Herriko blogaririk guapoena?”). Eskerrak biharamunean dendista lanean zebilela. Behin betiko soluzioa gauzatu bitartean, plastikozko protesi batek eusten dit hautsitako hortza bere lekuan. Hala ere, segituko dut azanahoria gordinak jaten, baina beste modu batean.
  • Elizazaleak. Abuztu honetan irakurri dudanean “El Athletic celebra su tradicional ofrenda floral a la ‘Amatxu’ de Begoña”, gogoratu naiz beste horrenbeste egiten dutela Eibar, Real Sociedad, Osasuna eta Alaves futbol taldeetako jokalariek, eskatzen diotenean bakoitzak bere inguruko amabirjina edo santuari laguntzeko beren helburuak betetzen. Eta harritu egin naiz beste behin, logika horren arabera liga ez litzateke-eta hemengo futbol-zelaietan jokatuko, baizik eta Champions zerutiar batean. Gure futbol-taldeetako jokalariek sinesten dute horrelakorik? Eta taldeetako zuzendariek? Orduan, zertara dator urteroko fartsa hori?
  • Faroa. Hamabost urte beteko ditu aurten nire blogak, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta azken aldian kasu handirik egin ez badiot ere, ikusita sare sozialak zer bilakatu diren, pentsatzen nabil bloga altxor bat dela, eta berau erabiliko dudala gero eta gehiago nire kontuak plazaratzeko, batzuetan luzeago, bestetan motzean.
  • Girona. Jende askok esana zigun Girona hiriburua oso polita dela, eta abuztu honetan ikusi dugu halakoxea dela, bai. Ez oso handia, baina ederra. Alde zaharrean eta auzo juduan ibilita, katedralaren aurreko plazatxoan geratu ginen garagardo bat hartzera. Ezustean, bikote euskaldun bat aurkitu genuen han, atsedena hartzen Pirinioetan egiten ari ziren zeharkalditik. Katedraleko eskaileretan, ostera, jende piloa ikusi genuen posatzen, eta gero jakin genuen zergatia: bai katedrala eta baita eskailera haiek Game of Thrones telesailean agertu zirela.
  • Hallelujah. Begoña arreba hil baino lehenago sarri entzun dut Leonard Cohenen abesti hori. Baita hil ondoren ere. Abestiaren hitzak argitu guran, liburu bat erosi eta irakurri nuen: The Holy or the Broken. Leonard Cohen, Jeff Buckley & the unlikely ascent of “Hallelujah”. Abestiaren 300 bat bertsio egin badira, nik 30 bat entzun ditut liburua irakurriaz batera, batez ere Leonard Cohenena, Jeff Buckley-rena eta Rufus Wainwright-ena, azken hau Torontoko fabrika zahar batean, 1.500 ahotsekin batera. Nire iruditerian Begoña eta Cohen lotuta baitaude, hark ekarri zigun-eta etxera lehen aldiz abeslari kanadarraren berri, Irlandatik itzuli zenean, orain urte parrasta bat. Horregatik, arrebaren heriotzaren aurretik eta ondoren ere, Bihotza goxatu nahi izan dudanean, Hallelujah entzun izan dut, bere laikotasun loriotsuan.
  • Ikasmahaia. Orain pare bat aste Yanguas herrian hartu genuen gau baterako ostatu hotel txiki batean. Bertan jakin genuen joan den mendeko hirurogeigarren hamarralditik Guardia Zibilaren kuartela izan zela, baina eraikina ondo moldatuta zegoen bisitariak hartzeko. Jantokira bidean, arreta eman zidan ikasmahai batek, guk txikitan eskolan erabiltzen genituen pupitre haien berdina. Tentazioari ezin eutsi, eta eseri egin nintzen bertan. Ezinbestean, lehen eskola-urteak etorri zitzaizkidan gogora, eta haiek hain ondo ispilatu zituen El florido pensil antzezlana. Non egongo dira, inon badaude, Musakola auzoan erabili genituen ikasmahai haiek?
  • Jasokundea. Aspaldi ez dut irakurri hain definizio dibertigarririk Jasokundea dela-eta, Luistxok Andramari egunean bere Twitter kontuan eman zuena baino: “Jesus zerura bere kabuz igo zen, berea Igokundea izan zen, baina Andre Maria, berriz, jaso egin zuen Jainkoak, ez baitzeukan propulsio propiorik: horregatik esaten da Jasokundea”. Ezinago egokia Hiztegi Baturako.
  • Kristalezko begi bat. Abuztuaren 11n, Teleberri ikusten jarri eta, Miren Agur Meabeikusi ondoren esplikatzen zelan hitz egin behar zuen Edinburgon Kristalezko begi batliburuaz, neure izen-abizenak ikusi nituen pantailan, albistearen ondarrean. Zer ote eta aipatu liburuaren kartela, eta bertan nik Faroan hura irakurri ondoren idatzitako iritziaren zati bat ingelesez jarrita. Arraroa egin zitzaidan nire aipamen bat ekarri izana liburua promozionatzeko, badaudelako nirea baino iritzi sendoagoak gauza bera egiteko, baina gero konturatu nintzen marketin departamentukoei horrelako esaldi labur eta biribilak gustatzen zaizkiela produktu bat promozionatzeko. 
  • Landa. Elorrioko liburutegian jaso nuen Txikiaren handitasuna literaturan liburua, Mariasun Landaren azkena, eta prendatuta utzi nau. Liburuak jasotzen ditu Landak han eta hemen emandako hitzaldiak edo argitaratutako artikuluak, literaturaz eta sorkuntzaz batik bat. Irakurri ahala, hainbat aldiz pentsatu dut plazer hutsa izan behar zela Mariasun Landaren ikasle izatea, egileak bizi egiten du-eta literatura, eta oso ondo esplikatzen ditu sorkuntzaren sekretuak. Ahal baduzue, irakurri.
  • Mas Alba. Horrela deitzen da Girona probintziako landetxe bat, non hiru bikote euskaldun elkartu baikara astebete igarotzera, bertako lagunekin batera, berauek Hanburgon ezagututakoak. Etxean moduan sentiarazi gaituzte, etxean eta inguruetan. Familiak hiru zutabe ekonomiko ditu: landetxea, ahuntz azienda eta gaztategia, bakoitza neba-arreba baten ardurapean. Primeran ibili ginen han, gastroturismoa eginez.
  • Nabarmenkeria. Abuztuaren 23tik 26ra bitartean G7 izenarekin, “munduko zazpi herrialde garatuenetako” agintariek Biarritzen antolatu duten bilera horixe izan da, nabarmenkeria galanta. Justu milaka eta milaka europar hegoaldetik iparraldera doazen egunetan, Lapurdi militarizatu egin dute, muga ia erabat itxi eta kamioizaleen artean anabasa izugarria eragin, agintari horiek elkar zitezen XIX. mendeko aristokrazia uda pasatzera biltzen zen tokian, ukitu elitista nabarmenarekin. Polizia eta hedabide gehienak euren zerbitzura izan dituzte, banatutako egurra itsu-itsuan justifikatzeko.
  • Otarrea. Eroskitik etxera bidean zoazela, auto bat geratu da zure ondoan, eta bertatik lagun bat irten da irribarretsu. Autoko ate bat ireki eta otarre bat bete gibelurdin atera du. Lagunak autoan eraman ditu mendiko bizikleta eta otarrea, eta, nahi zuen lekura iritsita, bizikletan egin du mendian gora. Gibelurdin zoragarri horiek batu ditu, eta zuri eskaini dizu pilo bat, tortillan jateko. Gure aita zenak miresten zituen gibelurdinak, eta hari esker ikasi genuen perretxiko zoragarri horiek jaten eta gozatzen. Lagunaren opariak gozamen haiek ekarri dizkit gogora.
  • Pla, Josep. Uda honetan, Katalunian ginela, jakinmina piztu zitzaidan Josep Plaidazle katalanaren inguruan. Etxera bueltan, etxeko liburutegia arakatu, eta hara non haren liburu bat neukan, Kale estua, Jexux Mari Zalakainek euskaratua. Gustura irakurri dut. Beste liburu bat ere leitu dut: Josep Pla y Miguel Delibes. El escritor y su territorio, egile askorena. Delibes hobeto ezagutzen nuen, haren liburu dezente irakurrita dauzkat-eta. Poliki bada ere, hasi naiz Plaren berri gehiago izaten.
  • Remco. Halaxe da, Remco du grazia, eta Evenepoel deitura, 19 urterekin Donostiako klasikoa irabazi zuen txirrindulari flandiarrak. Lasterketa egunean Añorgan ikusi nuen ihes eginda zihoala beste txirrindulari batekin batera, baina handik pare bat egunera ikusi nuenean Nahieran zelan egin zituen azken 10 kilometroak Bulevarrean sartu arte, zur eta lur geratu nintzen. Oraindik oso gaztea da, eta ikusi egin behar, baina datozen urteetan mutil hori jaun eta jabe izan daiteke nazioarteko txirrindularitzan.
  • Sulfitoak. Sulfitoa da azido sulfurosoaren gatza, eta erabiltzen da antioxidante moduan jakien industrian. Ardogintzan ere asko erabili izan da, kontserbante moduan. Zenbaiten ustetan, ardo (asko) edan ondorengo buruko minak badu zerikusia sulfitoen erabilerarekin. Uda honetan sulfitoak puri-purian izan dira gure arteko elkarrizketa askotan, Katalunian ginela ardo naturalak probatu ditugu-eta, haietako asko sulfito gabeak. Euskaldunok baino dezente aurrerago doaz katalanak ardo naturalen produkzioan, alegia, gizakiaren interbentziorik ahalik eta gutxienarekin egindako ardoen ekoizpenean. Ardogintza interesgarria da, benetan.
  • Tierras Altas. Orain pare bat aste Sesenco-ren arrastoan egindako txangoan, Tierras Altas eskualdean ibili ginen, Soriako Iparraldean. Santa Cruz de Yanguas herrixkan izan ginen, Yanguas herri handiagoan eta baita San Pedro Manrique are handiagoan. Azken horretan festa eguna tokatu zitzaigun, urteroko azoka egun berezia egin baitzen, era guztietako erakusketak zeudela. Eguraldi ederra izan genuen, beroa baina garbia, egokia garai bateko dinosauroen lurrak bisitatzeko.
  • Uhina. Orain pare bat urte, Begok 60 urte bete zituenean eta neuk 65, Geirangerherritxoa bisitatu genuen Norvegiako Itsasoan egindako kruzero batean. Leku zoragarria, fiordo baten ahoan. Abuztu honetan, berriz, berriro ikusi dugu Geiranger, baina tsunami batek suntsituta. Bølgen pelikulan izan da (The Wave, Uhina),Norvegian egindako hondamendi-film ikusgarri eta entretenigarri bat.
  • Valverde. Gustatu zitzaidan Ernesto Valverde Athletic entrenatzen zuenean. Talde mugatu bat zeukan (Athleticek ezin duelako arrantzan egin jokalarien merkatu globalean), eta etekin ona atera zion, oso estilo neurritsuan beti ere. Bartzelonan, berriz, goi mailako jokalari izarrak ditu, asko gainera, baina iaz gazki amaitu zuen, bi partida irabazi-beharrekoak galduta, Liverpoolen aurka Championseko final erdietan (etxean 3-0 irabazita), eta Kopako finala, Valentziaren kontra. Eta aurtengo liga antzera hasi du, bi enpate eta garaipen batekin. Egia da Messi, Suarez eta Dembele izan dituela faltan orain, baina sekulako taldea du. Kluba bera ere, noraezean ikusten dut, Neymar gora eta behera, kromo bila, distira bidez estali nahian taldeak dituen gabeziak. Ez nuke nahiko, baina ez dakit Valverde iritsiko ote den Gabonetara Barçako entrenatzaile gisa.
  • Whatssap. Lagun batek jaso du mezua, 2020ko otsailaren 1ean ezingo duela erabili Whatssap bere oraingo telefonoan, iPhone txiki bat, bertako sistema eragilea zaharregia omen delako. Orain lagunak erabaki behar du segituko ote duen oraingo mobilarekin ala berria erosiko ote duen. Alegia, gaur egun aplikazio puta batek behartu zaitzake telefono edo ordenagailu berria erostera, nahi baduzu segitu aplikazio horrekin lan egiten.
  • Xanadu. Citizen Kane euskaratu nuenean ikasi nuen bertako protagonista nagusia bizi zela ametsezko mantsiotzar batean, Xanadu izenekoa, leku irreal bat. Abuztu honetan jakin dut Madrilen sekulako jendetza bildu zela Aliexpress denda digitalaren denda fisiko baten inauguraziorako, non-eta Xanadu izeneko merkataritza-gune erraldoi batean, ezleku bat. Eta Kane magnatearen ameskeria etorri zait gogora.
  • Youtube. “Ahaztu Facebook eta Twitter. Youtube da Alt-Right edo AEBetako eskuin muturraren odol-hodia”, dio Salon aldizkariak. Beste hitz batzuekin, gauza bera ari da zabaltzen Mozilla Fundazioa. Dirudienez, Youtube bihurtu da eskuin mutur globalaren sehaska gozoa, neurri batean Youtube gidatzen duen algoritmoak aukera ematen diotelako eduki asko eta asko antzemangabe gera daitezen.
  • Zurito. Uda honetan Euskaltzaindiak ‘kaña’, ‘pintxo’, ‘zurito’, ‘kubata’, ‘gilda’ eta ‘guateke’ gehitu ditu bere hiztegian. Horixe jakinarazi digu UZEI taldeak abuztu honetan. Euskaldunon artean behin eta berriro ateratzen diren berbak dira, euskara hutsean aritzen garenean, noski. Hortaz, ongi etorriak izan bitez hiztegi ofizialera.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Sesenco

Eduardo Alfaro arkeologoa erromatar garaiko hilarrien berri ematen.

Asteburu hau Soria aldean igaro dugu, Tierras Altas lurraldean, ikusi nahi genuen-eta Santa Cruz de Yanguas herritxoan abuztuaren 25era bitartean irekita dagoen erakusketa, erromatar garaiko 12 hilarriz osatua, nahiz eta bertan 44 hilarriren argazkiak eta transkripzioak erakusten diren, denak inguru haietan aurkituak, haietako zenbaitetan euskarazko izenak agertu baitira.

Larunbat eguerdian iritsi ginen Santa Cruz de Yanguasera, eta zorte handia izan genuen, erakusketa-aretora sartu eta bertan aurkitu baikenuen Eduardo Alfaro Peña arkeologoa, erakusketa eta berorren atzean dagoen ikerketa-lanaren egile nagusia. Hogei lagunen aurrean, orduantxe hasi zen azaltzen erakusketaren nondik-norakoak.

Atentzioa eman zidan Alfarok transmititzen zuen pasioa gaiaren inguruan, eta zelako naturaltasunez hitz egiten zuen hilarri haietako zenbaitetan aurkitu diren euskal jatorriko izenen inguruan, horien artean Sesenco dela argiena, gaur egungo zezenko hitzaren parekidea.

Alfaroren ustetan,orain azaleratu diren euskara arkaikoaren aztarnak lotuta egon litezke orain bi mila urte, udako bazkaleku oparoen bila Errioxa aldetik Tierras Altas inguruetara joaten ziren ganaduzaleekin. Haietako batzuk bertakotu egingo ziren, eta hildakoan, beraien jatorriaren seinaleak agertu ziren familiartekoek egindako hilarrietan, latinezko mezu eta izenekin batera.

Alfarok kontuaren ikuspegi arkeologikoa erakutsi zuen, azpimarratuta zientziaren beste adar batzuen laguntza beharko dela hilarri horiek adierazten duten mundua argitzeko, tartean hizkuntzalaritza. Adierazi zuenez, EHUko zenbait espezialista ari dira euskal konexioa aztertzen.

Erakusketaren antolatzaileek esan zigutenez, Euskal Herritik jende dezente ari da hurbiltzen erakusketa ikustera, eta horretan zerikusi handia izango du, seguruenik, Juan Martin Elexpuruk egin duen zabalkunde lanak.

Asteburua biribiltzeko, Tierras Altas lurraldean ibili gara, batez ere Yanguas eta San Pedro Manrique herrietan, eta baita Arnedillon ere, Errioxako ondoko bazterrean. Asteburu betea izan da.

Oharra: Blanca Urgellek honako ohar guztiz pertinentea egin dit Twitterren, eta uste dut merezi duela hona ekartzea:

“Idazkun garrantzizkoak dira Akitaniako idazkunetako hizkuntzarekiko kidetasun eta ezberdintasunengatik. ‘Euskara’ baino, hobe genuke ‘akitaniera’ deitzea, edo agian ‘baskoiera’ hobeto, hots baskoien hizkuntza. Geroko euskara bera ez dela adierazteko, alegia, euskara ere denborarekin (asko) aldatu dela. Bestela, gaztelania edo frantsesari “latina” deituko bagenie bezalaxe da”.

Erromatar garaiko bi hilarri Santa Cruz de Yanguasen. Eskuinekoan irakur daiteke “Antestius Sesenco”.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Begoña hil da, gure arreba zaharrena

Fatima Aranzabal, Begoña Aranzabal eta Bego Larrañaga 2015ean Pisa hirian, Italian.

Gure familiako iparizarra hil da, Begoña, gure arreba zaharrena. 72 urterekin joan zaigu, buruko tumor batek eramanda. Ez da izan derrepenteko kontua, orain 22 hilabete gaixotu baitzen, AEBetatik bueltatu ondoren, han semea bisitatzetik.

Medikuek esan zioten 15 bat hilabete geratuko zitzaizkiola, eta bera, beti emakume praktikoa, berehala hasi zen heriotzerako prestatzen, bizitza sekula baino lasaiago gozatuta, hori bai. Paseo luzeak egiten zituen Jabier senarrarekin edo bere neba-arrebokin, eta eguraldi txarra eginez gero, etxean ibiliko zen bueltaka 40 bat minutuz, horrek lagunduko ziolako indartsu egoten; kafe baten inguruko tertuliak gozatzen zituen, honetaz eta hartaz hitz egiten (bere hastapenak Mondragoeko Eskola Profesionalean, Arizmendiarrieta, Ingeniaritza teknikoa, Fisika ikasketak EHUn, Irlanda, ama eta aita, bidaiak, Japoniarekiko miresmena, familiaren eta lagunen egoera…); zinera joaten zen, Jabierrekin, Nataliarekin eta geroago unibertsitateko bere lagunekin. Gaixorik egon arren, bizitza betea eraman zuen, sekula umorea galdu barik.

Zereginik ez zegoela-eta tratamentua kendu ziotenean, barneratu eta onartu egin zuen laster hilgo zela, baina esker oneko sentimentuarekin, azpimarratuz bizitza ona izan zuela, Jabier ondo moldatuko zela bera barik, Larraitz eta Jon seme-alabek bideratuta zutela bizimodua eta bera beti saiatu zela gauzak ahalik eta ondoen egiten.

Eta Jabier aipatuta, esango dut Begoña gaixotu bezain laster, Jabierrek zelako erabakimenez eta zelako mimoz lagundu dion Begoñari gaixoaldian, beronen agenda eramanez, tratamentuak eta botikak antolatzen, eta bien bizitzako xehetasun guztiak eramanda. Horretan Larraitz alaba izan du beti ondoan, eta baita Jon semea, nahiz eta hau Miamin bizi.

Azken hilabetean etorri zitzaion beheraldi handia. Eta hor Wendy eta Maria zaindariak ere ondoan izan zituen, bata Nikaraguakoa eta bestea donostiarra, gazteak biak. Ikustekoa zen zelako kariñoz zaindu zuten gure arreba, eta hau zein pozik zebilen haiekin. Beste horrenbeste esango nuke zaintza paliatiboetako medikuengatik, etxera etorriko zirenak behar beste bider: zelako profesionaltasuna, sentiberatasuna eta umorea zuten.

Zorionez, azken egunetan Jabier, Larraitz eta Jon izan ditu alboan Begoñak. Bakean hil da, eta poztu egin gara horrela joan delako, lasai-lasai eta bere hurbilenekoek inguratuta.

Feminista, ingeniaria, fisikaria eta kooperatibista

Gazte-gaztetatik, nortasun handia erakutsi zuen gure Begoñak, etxetik hasita. Amak joera zuenez agintzeko alaba zaharrenari harrikoa egin zezan, Begok protesta egiten zuen ozenki, mutilok ere parte har genezan “emakumeentzako” lan haietan. Bere eraginagatik ikasi genuen etxeko mutilok, eta geroago aitak ere, harrikoa egiten. Ez zituen bat ere ondo hartzen sexuen arteko bereizkeriak, eta hori Simone de Beauvoir-en El segundo sexo irakurri aurretik, bere liburu kutunetako bat.

Ingeniaritza teknikoa ikasi zuen lan egin bitartean, Eskola Profesionalean bertan lehendabizi eta Fagor Elektronikan gero, azterketak Donostiako Perito Eskolan eginda, por libre.

Ordurako baina, garbi zuen Fisika ikasi nahi zuela EHUn, Leioan. Aita eta ama zur eta lur utzita, dena utzi eta Bilbora joan zen, Rosa Balzategi bere lagun handiarekin, hura ere ingeniari tekniko lizentziatu berria. Finantzatu zituen ikasketak Bilbon eskola partikularrak emanda, udan Fagor Elektronikan lan eginda, beka pare batekin eta azken urtean kreditu bat eskatuta.

Arizmendiarrietak sortutako Kooperatiba mugimenduan parte hartu zuen Begoñak buru-belarri, kooperatibak barne-barnean sentitzen baitzituen. Hasierako urteak Fagor Elektronikan egin zituen, eta gero autogintzara pasatu zen, Fagor Ederlan kooperatiban lehendabizi eta FPK enpresa-mistoan gero, non gerente izan baitzen, erretiroa hartu arte.

Mondragoetik Donostiara

Erretiroa hartu zuenean, Begoñak lotura handia zuen Mondragoekin, eta zalantzak zituen Donostian zelan moldatuko ote zen, nahiz eta ordurako Jabierrek denbora gehiena han igaro, hura bai pozik EHUn ikasten eta Donostiak eskaintzen dituen zerbitzuez gozatzen.

Lehen urtean piano-piano ibili zen. Euskaltegi batean matrikulatu zen, alfabetatzeko asmoz. Bigarren urtean, berriz, berak ere izena eman zuen EHUn, adinekoentzako ikastaroetan. Lagun piloa egin zituen euskaltegian eta unibertsitatean, baita geroago abesbatza batean, eta gustuz murgildu zen ordura arte gutxi jorratutako esparruetan: literatura, artea, musika, zinea…

Pozik bizi zen Donostian, harik eta 2017ko iraileko egun batean, Miamitik itzuli berri, non izan baitzen Jon, Barbara eta Aritz jaio berria bisitatzen, epilepsia-dardara modukoak agertu zitzaizkion arte. Berehala ospitaleratu, eta orduan agertu zen tumor gaizto bat zuela buruan.

Arreba zaharrena, arreba nagusia, arreba laztana

Bizi zela, Begoñak beti izan gintuen neba-arrebok bere hegalpean, baina bat ere amakeria barik. Sarri deitzen zigun, momentu txarretan hantxe agertzen zen, beti laguntzeko gertu, eta, gure amak aurretik bere neba-arreben artean bezala, Begoñak lidergo naturala erakutsi zuen gure artean.

Gaixotu zenean, neba-arrebok erabaki genuen astero bisitatuko genuela Donostian, bakoitzak egun batean, berarekin egoteko eta Jabierri atseden apur bat ematearren. Guretzat pribilegio bat izan da azken hilabeteotan berarekin egotea, hitz egitea, barre egitea, sekula ez du-eta umorerik galdu. Hasieran kezkatu egiten zen gugatik. “Zergatik ibili behar zarete hara eta hona, nigatik bueltaka?” galdetzen zigun. Eta guk: “Zuk gauza bera egingo zenukeelako gugatik, eta, batez ere, maite zaitugulako”. Isildu egiten zen orduan, irribarre txiki batekin.

Begoña maitea, arreba laztana, mila esker eman diguzun guztiagatik. Beti eramango zaitugu bihotzean.

Kategoriak Familia | Etiketak , , | 7 iruzkin

Ordain berdina emakume futbolariei

Gehien balio duen gizonezko futbolista, eta gehien baliio duen emakumezko futbolista.

AEBen futbol selekzio emakumezkoenak auzitara jo zuen Munduko Kopa jokatu aurretik, AEBetan behintzat gizonezkoen ordain berdina eskatzeko. Munduko Kopa irabazita, are eta ozenago egin du eskaria, jarraitzaileen eta politikarien aurrean.

Zenbakien egia

Zenbait erakundek —goal.com, Forbes eta celebritynetworth.com— numeroak atera dituzte, eta emaitzak oso adierazgarriak dira:

  • Ikusleak. 2018an Gizonezkoen Munduko Kopak lau aldiz audientzia handiagoa izan zuen aurtengo Emakumezkoen Munduko Kopak baino. Zehazki, gizonezkoenak lortu zituen 3.570 milioi ikusle; emakumezkoenak, ostera, 1.000 milioi. Sekulako balentria, aintzat hartuta FIFAk hutsaren hurrengoa inbertitu duela emakumezkoena antolatzeko.
  • Irabaziak. 2018an Gizonezkoen Munduko Kopak 6.000 milioi dolarretik gorako irabazkiak izan zituen. 2019ko Emakumezkoen Munduko Kopak, aldiz, 131 milioi dolar.
  • Sariak. 2022ko Gizonezkoen Munduko Kopak 440 milioi dolar banatuko ditu saritan. 2019ko Emakumezkoen Munduko Kopak, berriz, 30 milioi dolar banatu ditu saritan.
  • Jokalari ordainduenak. Gizonezkoen artean, Lionel Messi da diru gehien irabazten duen futbolaria: 450 milioi dolar balio du. Emakumezkoen artean, ostera, Alex Morgan da gehien irabazten duena: 3 milioi dolar balio du.

Zoritxarrez, alde izugarri horiek futbol-liga guztietan errepikatzen dira. Baina zerbait aldatzen ari da, garbi ikusi genuen bezala Real Sociedad klubaren emakumezko taldeak Erreginaren Kopa irabazi zuenean, edo Athleticen emakumeek Atletico Madrilgo emakumeen kontra jokatu zutenean, San Mames jendez lepo zegoela. Jendea erantzuten ari da. Orain klubei eta federazioei dagokie soldata arrakala berdintzea.

(Pantaila-argazki hauek The National albistegitik atera ditut, CBC Kanadako telebista publikoaren albistegitik).

Emakume futbolisten telebista-audientziak Munduko kopan ikusgarriak izan dira
Kategoriak Kirola | Etiketak , , , | Iruzkin 1