“Soria eta euskaldunak” iritzi-artikulua Argian

Ikusirik euskal hedabideek ez dutela Soriako erakusketaren berririk ematen, ondorengo iritzi-artikulua bidali dut hedabideetara. Argia izan da lehena ateratzen. Igandeko Berrian, nahiz eta Koen-en parrafoa ez duten sartu. Naiz. Noticias de Navarra eta Noticias de Gipuzkoa ((08-15). Bestalde, ¿Están las raices del euskera en Tierras Altas? artikulua arkitu dugu El Heraldo de Sorian (2018ko abuztua).

Soria eta euskaldunak

Uztailaren 17an zabaldu zen Santa Cruz de Yanguas-en (Tierras Altas, Soria) oso erakusketa garrantzitsu bat, Eduardo Alfaro Peña arkeologoa, Eduardo Aznar Martínez antropologoa eta probintziako agintariak bertan zirela: erromatar garaiko hilarrien erakusketa. Eskualdean aurkitutako 44 estelaren argazkiak eta traskripzioak ikus daitezke, eta horietako 12 fisikoki. Benetako altxorra euskararen historiarentzat, hilarri hauetan agertzen diren pertsona-izenengatik euskara arkaikotik baitatoz. Hau ikusita gero jarraituko ote dute ematen euskalduntze berantiarraren ipuin telebisatua?

Hurrengo egunean El Heraldo de Soriak orri osoko kronika zekarren. Zera irakurtzen dugu, besteak beste: “Tenemos un patrimonio excepcional, y dentro de este algunas piezas que están dando un nuevo giro a los estudios sobre el origen del euskera. La estela de Antestius Sesenco, datada entre los siglos I y II, y hallada en Villar del Río, es en este sentido el gran atractivo que de hecho ya está suscitando reserva de visitas desde el Pais Vasco (…) De alguna manera esto certifica que en Tierras Altas existía una nomenclatura indígena vascona o “vascoaquitana…”. Ezin da esan, nonbait, “hemen euskaraz egiten zen”, baina tira, zeharbidez esaten da, eta testuingurua ezagututa ez da gutxi.

Adiskide baten bidez erakusketaren berri izan nuelarik, harritu nintzen euskal hedabideetan ez zelako ezer agertzen. Pare bat egun itxoin ondoren, uztailaren 21ean mezua bidali nuen Euskal Herriko egunkari guztietara, Argiara eta EITBren irrati eta telebistera. Ezagunak ditudan kazetariei zuzenean horietako zenbait. Horrela zioen:

“Arratsaldeon: ez dira data onenak horrelako lanetarako, baina berri on batekin natorkizue. Azkenaldian hainbat estela interesgarri aurkitu dira Sorian (Tierras Altas) euskarazko hitzekin, eta agian esaldi osoekin, eta horiekin erakusketa inauguratu da berriki Santa Cruz de Yanguas-en. Tartean bada Haurce (haurke) Belsco eta euskarazko beste hitz batzuk dituena, I. mendekoa edo,  lehen aldiz aurkezten dena. Iruditzen zait notizia inportantea dela, haizatzea merezi duena. Aurkitu dituen arkeologoa Eduardo Alfaro Peña da, Eduardo Aznar Martínezek laguntzen dio euskara kontuetan. Harremanetarako: Eduardo Alfaro, tlf.: xxx, eposta: xxx. Bera oso interesatua dago. Soriako prentsan agertutako erreportaje bat bidaltzen dizuet, erakusketako kartelarekin batera. Izan ondo. ”

Hiru kazetarik bakarrik erantzun zidaten. Batek, egingo zutela zeozer, besteak, pasatuko zuela mezua zegokion sailera, eta horrela. Kontua da abuztua aurrera doala eta ez dela inon ezer agertu. Hitz bat ere ez. Orain arte euskal kazetariek dei bakar bat ere ez diote egin Alfarori. Abaltzisketan patata-tortilla lehiaketa egiten bada edo Azpeitian ingeles hutsez kantatzen duen rock taldea sortzen, hori notizia inportantea da, orrialde osoa eskaini dakioke, baina honi kasurik ez.

“¿Los euskaldunes aman realmente la historia de la lengua vasca?” titulatzen du sarrera Koen Van den Driessche geokimikari beljikarrak Ama Ata blogean; zenbait gogoetaren ondoren zera dio: “Pero todavía más fuerte me parece el completo desinterés por el trabajo de Eduardo Aznar y el dr. en Arqueología Eduardo Alfaro en La Rioja y las Tierras Altas en Soria. Los ‘Eduardoak’ están, cada uno en su campo, convirtiendo la Rioja y el norte de Soria poco a poco en un nuevo ‘Aquitania’ para el euskera de época romana, y la elite cultural vasca no parece enterarse”.

Sorian interes handia dago gai honetan. Urte hauetan guztietan Alfarok botere publikoen babes osoa eduki du. Herri txikietako biztanleek ulertu dituzte hilarri hauen balioak eta atseginez kolaboratzen dute Alfarorekin pieza berriak aurkitzeko eta zaintzeko orduan. Hango intelektualak eta politikariak (bai eskuinekoak bai ezkerrekoak) harro daude patrimonio honetaz, eta haietako zenbait harritu egiten dira Ebro ibaiaren iparrean, hau da, gaur egungo Euskal Herrian, interes handiagoa ez dagoela ikusita.

Uste dut dena esanda dagoela. Etsigarria!

Gogoratu: erakusketa zabalik dago abuztuaren 25era arte. Ostegunetik igandera, 11:00-14:00, baina beste egun batzuetan ere bisitak itundu ahal dira. Pentsatu nahi dugu jende asko joango dela bisitan Euskal Herritik.

Juan Martin Elexpuru

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

3 erantzun “Soria eta euskaldunak” iritzi-artikulua Argian-ri

  1. egilea: Eunate

    Gehienak ez dira barriak. Bardin jarraituko dabe euskalduntze berantiarrean sinisten dabenak.

  2. egilea: Antton Erkizia

    Aste honetan hil da Toni Morrison.
    ZUGAZARTek gaurko GARAn Toni Morrisonen hausnarketa hartu du:

    “”Arrazismoaren benetako funtzioa distrakzioa da.
    Zure zereginetik aldentzen zaitu. Behartzen zaitu zure izateko arrazoia azaltzera behin eta berriz.
    Norbaitek diotsu ez duzula hizkuntzarik, eta zuk hogei urte ematen dituzu baduzula frogatu nahian.(…)
    Norbaitek esaten du ez duzula erresumarik, eta erresumen bila hasten zara.
    Halako ezer ere ez da behar.
    Beti esango dizute beste gauzaren bat.””

    TONI MORRISON (1931-2019).
    itzulp.: @ulaiar
    Nire eskeintza: hizkuntza eta erresuma ukatzen digutenei.

  3. egilea: Jone Aldasoro Artieda

    Nere buruan ez da sartzen jarrera oien “zergatia”. Hau dana ezkutatzen ze lortzen dabe?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude