2019ko nire abuztua, hitzez hitz

Abuztua joan berri dela, hogeita hamaika egun horietan bizi izandakoak ekarriko ditut hona, baina hiztegi bat bailitzan, hitzak alfabetoaren hurrenkeran antolatuta.

  • Areatza. Abuztuan The New Girl nobela irakurri dut, Daniel Silva estatubatuarrarena. Espioitza horietakoa da, eta bertan Saudi Arabia, Israel, Bretainia Handia eta AEBetako inteligentzia zerbitzuak nahasten dira. Kontua da hain nazioarteko bestseller batean (ez zait hainbeste gustatu, bide batez esanda), Euskal Herriko leku bat agertzen dela, Areatza, Arratiaren bihotzean, bertan aurkitu dute-eta nazioarteko bahitzaile batzuen egonlekua.
  • Begoña. Abuztuaren 2an hil zitzaigun Begoña, neba-arrebotan zaharrena. Hogeita bi hilabete bizi izan zen buruan tumor bat aurkitu ziotenetik. Azken hilabete eta erdia izan ezik, gaixoaldi ona izan zuen, eta lasai eman zuen azken arnasa, gertukoenez inguratuta. Faroan idatzi nuen zabalago gai horretaz.
  • Cuixart. Girona hiriburuan genbiltzala, Ho tornarem a fer liburua erosi nuen, Jordi Cuixart preso politiko katalanaren azkena. Berau da katalanez irakurri dudan lehen liburua, erraz samar gainera. Atentzioa eman didate Cuixarten sendotasunak eta haren mezu bakezaleak, liburuaren orrialde horietan Cuixartek zalantza barik txertatzen baitu bere mezua Ghandi eta Martin Luther King bezalako bakezaleen artean. “Lasaitasunez esplikatuko dugu ez dugula indultu zentzu gaberik eskatuko, helburua ez baita espetxetik kosta ahala kosta irtetea, baizik eta modu demokratikoan konpontzea auzi politikoa”. Baten batek euskaratu beharko luke liburu hori, merezi du-eta.
  • Dentista. Nork esango zidan niri azanahoria gordin batek apurtuko zidala aurreko hortz bat, paleta, eta aho bete hortz geratuko nintzela? Horixe gertatu zitzaidan abuztuaren 25eko iluntzean, ordenagailuaren aurrean saiatu nintzenean azanahoria gordin bat zatitzen hortzekin (“ispilutxo, ispilutxo, nor da Euskal Herriko blogaririk guapoena?”). Eskerrak biharamunean dendista lanean zebilela. Behin betiko soluzioa gauzatu bitartean, plastikozko protesi batek eusten dit hautsitako hortza bere lekuan. Hala ere, segituko dut azanahoria gordinak jaten, baina beste modu batean.
  • Elizazaleak. Abuztu honetan irakurri dudanean “El Athletic celebra su tradicional ofrenda floral a la ‘Amatxu’ de Begoña”, gogoratu naiz beste horrenbeste egiten dutela Eibar, Real Sociedad, Osasuna eta Alaves futbol taldeetako jokalariek, eskatzen diotenean bakoitzak bere inguruko amabirjina edo santuari laguntzeko beren helburuak betetzen. Eta harritu egin naiz beste behin, logika horren arabera liga ez litzateke-eta hemengo futbol-zelaietan jokatuko, baizik eta Champions zerutiar batean. Gure futbol-taldeetako jokalariek sinesten dute horrelakorik? Eta taldeetako zuzendariek? Orduan, zertara dator urteroko fartsa hori?
  • Faroa. Hamabost urte beteko ditu aurten nire blogak, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta azken aldian kasu handirik egin ez badiot ere, ikusita sare sozialak zer bilakatu diren, pentsatzen nabil bloga altxor bat dela, eta berau erabiliko dudala gero eta gehiago nire kontuak plazaratzeko, batzuetan luzeago, bestetan motzean.
  • Girona. Jende askok esana zigun Girona hiriburua oso polita dela, eta abuztu honetan ikusi dugu halakoxea dela, bai. Ez oso handia, baina ederra. Alde zaharrean eta auzo juduan ibilita, katedralaren aurreko plazatxoan geratu ginen garagardo bat hartzera. Ezustean, bikote euskaldun bat aurkitu genuen han, atsedena hartzen Pirinioetan egiten ari ziren zeharkalditik. Katedraleko eskaileretan, ostera, jende piloa ikusi genuen posatzen, eta gero jakin genuen zergatia: bai katedrala eta baita eskailera haiek Game of Thrones telesailean agertu zirela.
  • Hallelujah. Begoña arreba hil baino lehenago sarri entzun dut Leonard Cohenen abesti hori. Baita hil ondoren ere. Abestiaren hitzak argitu guran, liburu bat erosi eta irakurri nuen: The Holy or the Broken. Leonard Cohen, Jeff Buckley & the unlikely ascent of “Hallelujah”. Abestiaren 300 bat bertsio egin badira, nik 30 bat entzun ditut liburua irakurriaz batera, batez ere Leonard Cohenena, Jeff Buckley-rena eta Rufus Wainwright-ena, azken hau Torontoko fabrika zahar batean, 1.500 ahotsekin batera. Nire iruditerian Begoña eta Cohen lotuta baitaude, hark ekarri zigun-eta etxera lehen aldiz abeslari kanadarraren berri, Irlandatik itzuli zenean, orain urte parrasta bat. Horregatik, arrebaren heriotzaren aurretik eta ondoren ere, Bihotza goxatu nahi izan dudanean, Hallelujah entzun izan dut, bere laikotasun loriotsuan.
  • Ikasmahaia. Orain pare bat aste Yanguas herrian hartu genuen gau baterako ostatu hotel txiki batean. Bertan jakin genuen joan den mendeko hirurogeigarren hamarralditik Guardia Zibilaren kuartela izan zela, baina eraikina ondo moldatuta zegoen bisitariak hartzeko. Jantokira bidean, arreta eman zidan ikasmahai batek, guk txikitan eskolan erabiltzen genituen pupitre haien berdina. Tentazioari ezin eutsi, eta eseri egin nintzen bertan. Ezinbestean, lehen eskola-urteak etorri zitzaizkidan gogora, eta haiek hain ondo ispilatu zituen El florido pensil antzezlana. Non egongo dira, inon badaude, Musakola auzoan erabili genituen ikasmahai haiek?
  • Jasokundea. Aspaldi ez dut irakurri hain definizio dibertigarririk Jasokundea dela-eta, Luistxok Andramari egunean bere Twitter kontuan eman zuena baino: “Jesus zerura bere kabuz igo zen, berea Igokundea izan zen, baina Andre Maria, berriz, jaso egin zuen Jainkoak, ez baitzeukan propulsio propiorik: horregatik esaten da Jasokundea”. Ezinago egokia Hiztegi Baturako.
  • Kristalezko begi bat. Abuztuaren 11n, Teleberri ikusten jarri eta, Miren Agur Meabeikusi ondoren esplikatzen zelan hitz egin behar zuen Edinburgon Kristalezko begi batliburuaz, neure izen-abizenak ikusi nituen pantailan, albistearen ondarrean. Zer ote eta aipatu liburuaren kartela, eta bertan nik Faroan hura irakurri ondoren idatzitako iritziaren zati bat ingelesez jarrita. Arraroa egin zitzaidan nire aipamen bat ekarri izana liburua promozionatzeko, badaudelako nirea baino iritzi sendoagoak gauza bera egiteko, baina gero konturatu nintzen marketin departamentukoei horrelako esaldi labur eta biribilak gustatzen zaizkiela produktu bat promozionatzeko. 
  • Landa. Elorrioko liburutegian jaso nuen Txikiaren handitasuna literaturan liburua, Mariasun Landaren azkena, eta prendatuta utzi nau. Liburuak jasotzen ditu Landak han eta hemen emandako hitzaldiak edo argitaratutako artikuluak, literaturaz eta sorkuntzaz batik bat. Irakurri ahala, hainbat aldiz pentsatu dut plazer hutsa izan behar zela Mariasun Landaren ikasle izatea, egileak bizi egiten du-eta literatura, eta oso ondo esplikatzen ditu sorkuntzaren sekretuak. Ahal baduzue, irakurri.
  • Mas Alba. Horrela deitzen da Girona probintziako landetxe bat, non hiru bikote euskaldun elkartu baikara astebete igarotzera, bertako lagunekin batera, berauek Hanburgon ezagututakoak. Etxean moduan sentiarazi gaituzte, etxean eta inguruetan. Familiak hiru zutabe ekonomiko ditu: landetxea, ahuntz azienda eta gaztategia, bakoitza neba-arreba baten ardurapean. Primeran ibili ginen han, gastroturismoa eginez.
  • Nabarmenkeria. Abuztuaren 23tik 26ra bitartean G7 izenarekin, “munduko zazpi herrialde garatuenetako” agintariek Biarritzen antolatu duten bilera horixe izan da, nabarmenkeria galanta. Justu milaka eta milaka europar hegoaldetik iparraldera doazen egunetan, Lapurdi militarizatu egin dute, muga ia erabat itxi eta kamioizaleen artean anabasa izugarria eragin, agintari horiek elkar zitezen XIX. mendeko aristokrazia uda pasatzera biltzen zen tokian, ukitu elitista nabarmenarekin. Polizia eta hedabide gehienak euren zerbitzura izan dituzte, banatutako egurra itsu-itsuan justifikatzeko.
  • Otarrea. Eroskitik etxera bidean zoazela, auto bat geratu da zure ondoan, eta bertatik lagun bat irten da irribarretsu. Autoko ate bat ireki eta otarre bat bete gibelurdin atera du. Lagunak autoan eraman ditu mendiko bizikleta eta otarrea, eta, nahi zuen lekura iritsita, bizikletan egin du mendian gora. Gibelurdin zoragarri horiek batu ditu, eta zuri eskaini dizu pilo bat, tortillan jateko. Gure aita zenak miresten zituen gibelurdinak, eta hari esker ikasi genuen perretxiko zoragarri horiek jaten eta gozatzen. Lagunaren opariak gozamen haiek ekarri dizkit gogora.
  • Pla, Josep. Uda honetan, Katalunian ginela, jakinmina piztu zitzaidan Josep Plaidazle katalanaren inguruan. Etxera bueltan, etxeko liburutegia arakatu, eta hara non haren liburu bat neukan, Kale estua, Jexux Mari Zalakainek euskaratua. Gustura irakurri dut. Beste liburu bat ere leitu dut: Josep Pla y Miguel Delibes. El escritor y su territorio, egile askorena. Delibes hobeto ezagutzen nuen, haren liburu dezente irakurrita dauzkat-eta. Poliki bada ere, hasi naiz Plaren berri gehiago izaten.
  • Remco. Halaxe da, Remco du grazia, eta Evenepoel deitura, 19 urterekin Donostiako klasikoa irabazi zuen txirrindulari flandiarrak. Lasterketa egunean Añorgan ikusi nuen ihes eginda zihoala beste txirrindulari batekin batera, baina handik pare bat egunera ikusi nuenean Nahieran zelan egin zituen azken 10 kilometroak Bulevarrean sartu arte, zur eta lur geratu nintzen. Oraindik oso gaztea da, eta ikusi egin behar, baina datozen urteetan mutil hori jaun eta jabe izan daiteke nazioarteko txirrindularitzan.
  • Sulfitoak. Sulfitoa da azido sulfurosoaren gatza, eta erabiltzen da antioxidante moduan jakien industrian. Ardogintzan ere asko erabili izan da, kontserbante moduan. Zenbaiten ustetan, ardo (asko) edan ondorengo buruko minak badu zerikusia sulfitoen erabilerarekin. Uda honetan sulfitoak puri-purian izan dira gure arteko elkarrizketa askotan, Katalunian ginela ardo naturalak probatu ditugu-eta, haietako asko sulfito gabeak. Euskaldunok baino dezente aurrerago doaz katalanak ardo naturalen produkzioan, alegia, gizakiaren interbentziorik ahalik eta gutxienarekin egindako ardoen ekoizpenean. Ardogintza interesgarria da, benetan.
  • Tierras Altas. Orain pare bat aste Sesenco-ren arrastoan egindako txangoan, Tierras Altas eskualdean ibili ginen, Soriako Iparraldean. Santa Cruz de Yanguas herrixkan izan ginen, Yanguas herri handiagoan eta baita San Pedro Manrique are handiagoan. Azken horretan festa eguna tokatu zitzaigun, urteroko azoka egun berezia egin baitzen, era guztietako erakusketak zeudela. Eguraldi ederra izan genuen, beroa baina garbia, egokia garai bateko dinosauroen lurrak bisitatzeko.
  • Uhina. Orain pare bat urte, Begok 60 urte bete zituenean eta neuk 65, Geirangerherritxoa bisitatu genuen Norvegiako Itsasoan egindako kruzero batean. Leku zoragarria, fiordo baten ahoan. Abuztu honetan, berriz, berriro ikusi dugu Geiranger, baina tsunami batek suntsituta. Bølgen pelikulan izan da (The Wave, Uhina),Norvegian egindako hondamendi-film ikusgarri eta entretenigarri bat.
  • Valverde. Gustatu zitzaidan Ernesto Valverde Athletic entrenatzen zuenean. Talde mugatu bat zeukan (Athleticek ezin duelako arrantzan egin jokalarien merkatu globalean), eta etekin ona atera zion, oso estilo neurritsuan beti ere. Bartzelonan, berriz, goi mailako jokalari izarrak ditu, asko gainera, baina iaz gazki amaitu zuen, bi partida irabazi-beharrekoak galduta, Liverpoolen aurka Championseko final erdietan (etxean 3-0 irabazita), eta Kopako finala, Valentziaren kontra. Eta aurtengo liga antzera hasi du, bi enpate eta garaipen batekin. Egia da Messi, Suarez eta Dembele izan dituela faltan orain, baina sekulako taldea du. Kluba bera ere, noraezean ikusten dut, Neymar gora eta behera, kromo bila, distira bidez estali nahian taldeak dituen gabeziak. Ez nuke nahiko, baina ez dakit Valverde iritsiko ote den Gabonetara Barçako entrenatzaile gisa.
  • Whatssap. Lagun batek jaso du mezua, 2020ko otsailaren 1ean ezingo duela erabili Whatssap bere oraingo telefonoan, iPhone txiki bat, bertako sistema eragilea zaharregia omen delako. Orain lagunak erabaki behar du segituko ote duen oraingo mobilarekin ala berria erosiko ote duen. Alegia, gaur egun aplikazio puta batek behartu zaitzake telefono edo ordenagailu berria erostera, nahi baduzu segitu aplikazio horrekin lan egiten.
  • Xanadu. Citizen Kane euskaratu nuenean ikasi nuen bertako protagonista nagusia bizi zela ametsezko mantsiotzar batean, Xanadu izenekoa, leku irreal bat. Abuztu honetan jakin dut Madrilen sekulako jendetza bildu zela Aliexpress denda digitalaren denda fisiko baten inauguraziorako, non-eta Xanadu izeneko merkataritza-gune erraldoi batean, ezleku bat. Eta Kane magnatearen ameskeria etorri zait gogora.
  • Youtube. “Ahaztu Facebook eta Twitter. Youtube da Alt-Right edo AEBetako eskuin muturraren odol-hodia”, dio Salon aldizkariak. Beste hitz batzuekin, gauza bera ari da zabaltzen Mozilla Fundazioa. Dirudienez, Youtube bihurtu da eskuin mutur globalaren sehaska gozoa, neurri batean Youtube gidatzen duen algoritmoak aukera ematen diotelako eduki asko eta asko antzemangabe gera daitezen.
  • Zurito. Uda honetan Euskaltzaindiak ‘kaña’, ‘pintxo’, ‘zurito’, ‘kubata’, ‘gilda’ eta ‘guateke’ gehitu ditu bere hiztegian. Horixe jakinarazi digu UZEI taldeak abuztu honetan. Euskaldunon artean behin eta berriro ateratzen diren berbak dira, euskara hutsean aritzen garenean, noski. Hortaz, ongi etorriak izan bitez hiztegi ofizialera.
Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude