Ez dakit urte batzuk barru zertan geratuko den “euskal gatazkaren errelatoa”, baina inoiz horrelakorik balego, iruditzen zait liburu hau —Intxaurrondo. Intxaurraren hostopeko itzala,— haren parte ezinbestekoa izango litzatekeela. Bertan Ion Arretxe Gutiérrez biluztu egiten da, kontatzeko zelako izugarrikeriak bizi izan zituen Intxaurrondoko kuartelean eta Madrilen, Guardia Zibilaren eskuetan. Gizon tantaia omen zen, baina hemen ez du oztoporik bere izuak, zalantzak eta kontraesanak adierazteko, modu zintzoan.
Egilea ez da mugatzen kontatzera zer gertatu zitzaion 1985eko azaroaren 26ko goizaldean guardia zibilek bere etxean atxilotu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zutenetik, hamar egun geroago Madrilen libre kargurik gabe geratu bitartean. Horrekin batera, Arretxek ordura arteko bere bizitza kontatzen du: non bizi zen, zein familiatan, non ikasi zuen, non egiten zuen lan, zeintzuk ziren bere lagunak eta berak zer pentsatzen zuen. Kontakizun biak txirikordatu egiten dira, eta gertatutakoaren berri ez ezik, testuinguru hurbila ere erakusten dute.
Ion Arretxe atxilotu zuten egun berean Guardia Zibilak beste hiru lagun eraman zituen atxilo, tartean Mikel Zabaltza, zeina atxilotu eta hogei egunera agertu baitzen hilda errekan, eskuburdinak ipinita zituela. Arretxek ez zuen ezagutzen Mikel Zabaltza, baina argi zuen berak ere antzeko patua jasan zezakeela gauzak apur bat okertu balitzaizkio. Izan ere, Arretxek zuhur jokatu arren —“Nik behin ere ez nuen ikusi Mikel Zabaltza; ez naiz, beraz, zer gertatu zen esateko bezain ausarta izango”—, ez da harritzekoa irakurleak paralelismoa egitea preso biek lehen egun haietan bizi izandakoaren artean, eta ondorioak ateratzea Mikel Zabaltzaren heriotzaz.
Erein argitaletxeak asmatu egin du liburu hau euskarara ekartzen, eta Josu Zabaletak asmatu egin du itzulpenarekin.
Adinean aurrera noala, une batez atzera begiratu dut, jakiteko nire bizialdian zenbat etxetan bizi izan naizen. Aintzat hartu barik ikasle garaian eta erbestean egin nituen urteak, sei etxe ditut gogoan:
Jaiotetxea, Arrasaten
Mondragoen jaio nintzen, 1952ko azaroaren 8an, gerora Gipuzkoa etorbidea 48 izango zen etxeko hirugarren solairuko ezkerrean. Gaur egun Meneta taberna dagoen atarian, azken solairuan. Han jaio nintzen, baina ez dut hango oroimenik, pare bat urte nituela, beste etxe batera pasatu ginelako, kale berean.
Betiko etxea, Arrasaten
Bigarren etxea (Gipuzkoa etorbidea 40, lehena eskuina) izan zen guretzat betiko etxea, aitaren eta amaren etxea, gurasoek hantxe egin zituzten-eta euren azken eguna arteko urteak. Hantxe igaro nuen haurtzaroa, hantxe jaio zen Fatima, hantxe hazi ginen bost neba-arrebok, hangoak izan ziren nire betiko lagunak, inguru haiek bihurtu genituen jolastoki, handik abiatzen ginen eskolara eta elizara. Nerabezaroa eta helduaroa kanpoan egin arren, hara bueltatzen nintzen, “etxera”. Gurasoen zahartzaroan etxe ingurua dezente aldatu zen: garai bateko zerrategia eraitsi eta saltoki multzo bat egin zen, beilatoki eta guzti. Hainbeste urte kanpoan egonda, atsegina izaten zen haurtzaroko lagunekin edo auzoekin berriro elkartzea. Ama hil zenean, saldu egin genuen etxea, justu 2008ko krisia iritsi zenean.
Zarugalde kalea, Arrasaten
Behin ikasketak amaituta, eta Eskola Politeknikoan hasi behar nintzenean lanean, bi bikotek pisu bat alokatu genuen Zarugalde kaleko 42an, Eskolatik eta ikastolatik oso hurbil. Etxebizitza zaharra zen, baina, berau pintatu ondoren, hantxe jarri ginen bizitzen Fatima, Mikel, Bego eta laurok. “Arrimatuta” bizi ginen, orduan horrela esaten baitzitzaion ezkondu barik elkarrekin bizitzeari, eta hasieran gurasoak nahigabetu egin ziren. Astegunetan nahiko lan izaten genuen eskolak-eta prestatzen. Igande iluntzetan, berriz, arrautza frijituak jaten genituen Muxibar tabernan, Roots telesaila ikusi bitartean. 1981ean, Fatima Londresera joan zen eta Bego eta biok, Ameriketara. Orduan utzi genuen apartamentu hura.
Ramon Maria de Lili, Bergaran
Erbestean bost urte eginda, 1986ko udan Bergaran jarri ginen bizitzen, hasieran Fatimaren eta Mikelen pisoan, gero beste batean, atari berean. Begok Eroskin aurkitu zuen lana, Elorrion, eta nik, Bergarako Udal Euskaltegian. Bosgarren edo segiarren solairuan zegoen etxea, balkoi ederra zeukan, eta eguraldi onarekin arratsaldeak oso eguzkitsuak izaten ziren bertan. Garai hartan arineketan egiten genuen dezente (askotan Angiozarrera joan eta etorri), eta baita bizikletan ere.
Berrio-Otxoa kalea, Elorrion
Bergaran bizi ginela erosi genuen etxe zahar bat Elorrion, Begoren jaiotetxeko azken solairuan. Erosi genuenean, etxeak 12 ate zeuzkan, dena pasilloz betea. Goitik behera zaharberritu genuenean, ostera, 4 ate geratu zitzaizkion, horma asko apurtu genituen-eta. Etxe ederra zen, eta goian txoritoki bat zeukan, eta hura zen nire lantokia: bertan neuzkan ordenagailua, inprimagailua, eskanerra, etab. Etxe hartan hazi genuen Miren alaba. Leku abegikorra zen, eta argitsua. Bigarren solairuan zegoen, ordea, eta igogailurik ez zegoen. Asteroko erosketak eta bestelako gaiak, eskuz igo edo jaitsi behar. Birritan jausi nintzen eskailera haietan, eta bigarrenean pentsatu nuen hezur bat apurtu nuela.
Urkizuaran kalea, Elorrion
2019ko otsailean, Gomera uhartetik bueltan, beste etxe bat erosi genuen, Elorrion bertan. Urte bereko maiatzean sartu ginen bertan bizitzera, eta, apur bat geroago, horrela idatzi nuen Faroan:
Orain baina, 60 urte ondo beteta ditugu biok ere, eta, zahartzaroa ikusmiran, beste etxe baten bila hasi ginen, errazagoa izango zena adineko bikote batentzat. Bat aurkitu dugu, etxabe txiki bat, belardi txiki batekin, naturarekin lotzen gaituena. Hori guztia lehengo etxetik 200 bat metrora.
Urtebete geroago, 2020ko martxoan, erabateko konfinamendua egin behar izan genuen etxe honetan, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemia zela eta. Etxeak daukan terraza eta belardiari esker, patxadaz igaro genuen itxialdia. Harrezkero, sarri pentsatu dugu garai onean aldatu ginela etxez.
Martxoaren 21ean, Node.js programazio-inguruneak Node.js-ren Praktika OnakGida argitaratu zuen euskaraz, Ane Diaz de Tuesta web-programatzaile arrasatearrak eta haren aita Joxe Felix Diaz de Tuesta euskaltzaleak itzulita. Urtebeteko lana izan da gida hori euskaratzea, proiektua 2020ko martxoaren 10ean hasi baitzen, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren lehen konfinamenduarekin batera.
Web garatzaile askok estimu handitan dute Node.js-ren Praktika Onak Gida, gai horren inguruan gidarik garrantzitsuenetako bat delako. Berau da eremu horretan dagoen praktika onen bildumarik handiena, eta handitzen ari da astetik astera. Une honetan 80tik gora praktika, estilo eskuliburu eta arkitektura aholku biltzen ditu. Bertsio originala ingelesez argitaratu zen, baina laster itzuli zen beste bost hizkuntzatara. Seigarren itzulpena, hain zuzen, euskarazko hau izan da, Diaz de Tuesta aita-alabek egindakoa.
Zer da Node.js?
Node.js programazio-ingurune bat da, kode irekikoa, diseinatu zena Interneteko aplikazio eskalagarriak sortzeko, zerbitzariak batez ere. Bertako programak JavaScript-ez idatzita daude.
Programazio-ingurune hau oso ezaguna da web garatzaileen artean, eta gaur egun milaka webgune daude Node.js-rekin eginda, 175.398 baino gehiago.
Euskarazko bertsioaren abentura
Ane Diaz de Tuestak Twitterren ikusi zuen mundu guztiko hainbat programatzailek laguntza eskaintzen zutela gida hori beste hizkuntza batzuetara itzultzeko. Larregi pentsatu barik, bere burua eskaini zuen praktika onen gida euskaratzeko.
Hasieran pentsatu zuen erraz egingo zuela itzulpena, hamar urte darama-eta programatzaile gisa lanean. Laster, ordea, konturatu zen egin beharrekoa uste baino zailagoa izango zela, eta denbora luzeagoa eskatuko ziola. Proiektua bertan behera uztekotan egon zen.
Orduan baina, aita etorri zitzaion erreskatera. Ez amore emateko, berak lagunduko ziola, eta elkarlanean arituko zirela. Eta Anek, baietz. “Bikote menderaezina osatu dugu”—dio lan guztiak bukatuta: “haren euskaraz idazteko gaitasuna eta nire programatzaile ezagutzak konbinatuz, gida euskaratzea lortu dugu”.
Urtebete eta berrirakurketa, zuzenketa, zalantza… ugariren ondoren, harro daude aita-alabak, azkenean, euskarazko gida argitaratu delako. Eta pozik, aurrerantzean non-nahi dabiltzan programatzaile euskaldunek aukera izango dutelako maila horretako gida bat euskaraz erabiltzeko.
Hau ez da Diaz de Tuesta aita-alabek egin duten lehen lan publikoa elkarrekin. Orain hiru urte, 2018ko urtarrilean, GATZA webgunea aurkeztu zuten Oñatin, kasu hartan alabak egindako proiektu informatiko bat, aitak Leintz-Gatzagan egindako argazki-bilduma aterpetzeko.
Ane Diaz de Tuesta
Mondragon Unibertsitatean Sistemen Informatika egin ondoren, Anek Bordelen amaitu zituen ikasketak, ENSEIRB-MATMECA Ingeniari Eskolan. Gaur egun FieldBox.ai enpresan egiten du lan, Bordelen bertan, web garatzaile gisa.
Jose Felix Diaz de Tuesta
Jose Felix Diaz de Tuesta gasteiztarra da jaiotzez, baina bere lan-bizitza Gipuzkoan egin du. Donostian Enpresa-ikasketak egin ondoren, 37 urte egin zuen lan Arrasateko Udalean Euskara teknikari moduan. Erdu euskaltegiko sortzaile eta bertako irakasle izan zen hamar urtez. Bergarako UNEDen ere 9 urte egin zituen euskara irakasle. 1988an Arrasate Press eta 1990ean Arrasate Telebista sortu zituen, beste lagun batzuekin batera. 1990eko martxoaren 28an Arrasateko Euskararen Hitzarmena jarri zuen martxan, 38 erakundek sinatuta, gaur egungo Euskaraldiaren aitzindari har daitekeena. Gaur egun erretiroa hartuta dago eta Oñatin bizi da.
Egunkariak dioenez, farmazeutika gehienek ez zuten transplantaturik erabili boluntario moduan hastapeneko probak egin zituztenean, balidatze aldera sortu nahi zituzten txertoak. Hori dela-eta, informazioa falta zen jakiteko transplantatuok zelan erantzungo genuen.
Hala ere, medikuek bazekiten Covid-19az kutsatzen diren transplantatutako pazienteek %30 arrisku handiagoa dutela hiltzeko, arrisku-faktorerik gabeko pazienteek baino. Horiek horrela, hemen dago erantzunaren muina:
Medikuek badakite transplantatutako pazienteari birus bizirik ematea ez dakarten txertoak seguruak direla oro har. Pfizer eta Moderna txertoek RNA mezulariaren molekulak erabiltzen dituzte sistema immunologikoa estimulatzeko, eta ez dute birus bizi, hil edo neutralizaturik.
Horren arabera, Adenobirus teknologia darabilten txertoak ez zaizkigu komeni transplantatuoi, (AstraZeneca, Janssen eta Sputnik V, besteak beste), barnean birusaren material genetikoa daramatelako. Horien ordez, guri RNA mezularian oinarritutakoak komeni, alegia, Pfizer edo Moderna.
Atzo, apirilak 10, goizeko 10:30ean, SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertoa eman zidaten Galdakaoko Ospitalean. Bertan transplantatu multzo handi samar bat geunden, eta Moderna egokitu zitzaigun.
Ostiral arratsaldean jaso nuen Osakidetzaren mezua, hitzordua egin nezan txertoa hartze aldera. (Kasualitatea: bezperan beste mezu bat hartu nuen, esanez egun hartan egindako PCRak negatibo eman zuela). Zur eta lur geratu nintzen, ordurako sinetsita bainengoen AstraZeneca emango zidatela, 60-70 urte artekoen multzoan.
Osakidetzak esandako webgunean sartu, eta hitzordua egin nuen. Banekien, beraz, aipirilaren 10ean izango zela, 10:01ean, baina ez nuen argi nora joan: “Dirección de Comarca Interior” jartzen zuen hitzorduan. Zein izango ote da, neure artean, Durango edo Matiena? Badaezpada Osakidetzara deitu, eta teknikari batek esplikatu zidan Galdakaoko Ospitalea izango zela, asmoa baitzuten bertan txertatzeko transplantatu gehienak. “Zuri hezur-muinaren transplantea egin zizuten, ezta?”, eta nik, baietz.
Egun desiratua
Bego emazteak eraman ninduen Galdakaora —berak joan den asteko larunbatean jaso zuen txertoa, AstraZeneca—, eta aldean eraman dut irakurtzen ari naizen azken liburua, Natalia Ginzburg idazle italiarraren Familiako lexikoa, bertan idatzi nahi nuen-eta lan hori irakurtzen ari nintzen egun batean eman zidatela txertoa.
Ospitalean, jende asko zain, eta txertaketa atzeratuta. Jende mordoa pilatuta, izenak entzuten. Halako batean, langile bat agertu, eta bertan zeuden Osakidetzako langileei esan zien zuzenean barrura sartzeko; jende parrasta bat abiatu zen haren atzean.
Ordu erdiko atzerapenarekin, nire izena esan zuten. Bigarren txertatze-gelara joateko. Pasillo estu batera eraman gintuzten, eta bertan jende piloa zain. Kexuak nire ondoan: “Joder, gutako bat gaixorik etorri bada, positibo piloa aterako dira hemendik”. Ilara nahiko bizkor zihoan, ordea. Halako batean, nire txanda.
10:30ean, ordu erdiko atzerapenarekin, txertatze-gelan sartu, eta, di-da, txertoa jarri zidaten eskuineko besoan: Moderna. Pasilloan hamar minutu itxaron, eta bigarren txertoa hartzeko hitzordua eman zidaten: maiatzaren 10ean emango didate, leku berean.
Kriskitinak baino poziago irten nintzen ospitaletik. Hala ere, garbi utzi nahi dut Modernaren ordez AZ jarri balidate, orduan ere poz-pozik irtengo nintzela.
Autoan, Bego zain. Irribarreak eta zorion-hitzak. Etxera bueltan, Durangon geratu ginen, kafesne bat hartzeko terraza batean. Egun gogoangarria.
Azkenean, neuri ere egokitu zait PCR proba bat egin beharra. Gaur izan da hori, Matienako anbulatorioan, Bizkaian.
Atzo goizean lagun baten mezua jaso nuen, eta esan zidan positibo eman duela. Kontua da martxoaren 31n berarekin egon nintzela berbetan kalean (5 bat minutu, biok maskara jarrita), eta ea nire izena ematea nahi nuen. Nik, baietz.
Iluntzean bi mezu jaso nituen Osakidetzatik. Lehena, aztarnariarena: aintzat hartuta enkontrua astebete lehenago gertatu zela, kalean, biok maskara genuela jantzita eta ni ondo sentitzen nintzela, aurreratu zidan ez nintzela kontaktu estua. Beraz, kuarentenarik ez, baina PCR bat, bai. Bigarrena, hitzordua emateko, gaur goizeko 10:00etan, Matienan.
Matienako anbulatorioan dena ondo joan da. Bertan, bi sarrera dauzkate: bat Covid kasuetarako (nik hori erabili dut), eta bestea, gainerako kontuetarako. Itxarongelan, pertsona bat zain. Atenditzen, hiru erizain, goitik behera jantzita Covid protokoloak eskatu bezala. Nire txanda iritsi denean, nahiko ondo moldatu naiz, nahiz eta sudurzulo bietan kili-kili bortitza sentitu dudan. Amaitutakoan, eskerrak eman atenditu nautenei, eta kalera, doministiku potolo bat eginda, ordurako berriz maskara jantzita. Alibiyue.
Gaur iluntzean edo bihar goizean jasoko dut sms bat emaitzarekin. Negatiboa bada, alta emango didate. Positiboa bada, deituko didate, zelan jokatu esateko.
Gaur goizean Kataluniak nanosatelite bat bidali du espaziora,Enxaneta izenekoa, Soiuz suziri batean, Baikonur kosmodromotik, Kazakhstanen. Enxaneta izango da Kataluniako gobernuaren New Space programaren lehen misioa, eta erabiliko da 5G konektibitatea hobetzeko.
Arreta eman dit nanosateliteari jarri dioten izena, Enxaneta. Hiztegietan begiratu dut, eta bi esanahi aurkitu dizkiot:
Enxaneta: iz. 1. Giza-gaztelu bateko gailurrera iristen den neskatila edo mutikoa. 2. Zerura seinalatzen duen gezitxoa.
Joan Corominesen ustez, bata eta bestea lotuta joan daitezke, zeren azken castellerra gezi baten punta bezalakoa baita.
Keinu polita, beraz, Generalitateak izan duena casteller neska-mutikoekin, elkartasunean landutako etorkizuna irudikatzen baitute. Eta apostu interesgarria geroaren alde.
Atzo iluntzean, ohera joan aurretik whatsapp-mezu bat ikusi nuen nire mobilean, anaiak bidalita: “Juanito Leibar hil da gaur gauean”. Azkenengoz orain zortzi urte ikusi nuen, Bilbon, biok begietatik operatu gintuztenean kataratak kentzeko. Orduan ere baikor eta sinpatiko agurtu ninduen. Adinean aurrera hil da Juanito, 94 urte zituela, eta, seguruenik, Arrasateko gazte askok ez dute jakingo nor izan zen eta zelako garrantzia izan zuen XX. mendeko bigarren erdiko Arrasate hartan.
Mutiko nintzela, Juanito sarri aipatzen zen gure etxeko jatorduetan, gure hiru neba-arreba zaharrenak Eskola Profesionalean baitzebiltzan, gaur egungo Eskola Politeknikoaren aitzindaria. Eta han Juanito idazkari orokorra zen, eta irakaslea. Beraz, itzal luzea harena.
Urte dezente geroago, 1977tik 1981era, lankide izan nuen Juanito Eskola Politeknikoan, eta orduan ere idazkaria eta irakaslea zen. Baina baita komunikazio-arduraduna ere. Bi astez behin-edo Gorabeherak izeneko berripaper bat ateratzen zuen, eskolan gertatutako azken berriekin. Orri bat izaten zen, alde bietatik idatzita, gaztelaniaz batez ere, berri laburrez josita. Estilo bizkorrean idatzita egoten zen, umore handiz, argi eta garbi. Gehiago edo gutxiago gustatu arren, mundu guztiak irakurtzen zuen, goitik beheraino. Behin entzun nion Jose Antonio Altuna Txatillori esaten Gorabeherak zela berak gehien balioesten zuen hedabidea, oso espazio laburrean, ezinago argi ematen zuelako Eskolan eta, zenbaitetan, kooperatibetan gertatutakoaren berri.
Urte batzuk geroago, 1988an, Arrasate Press sortzeko ginela, egun batean berarekin topo egin kalean, eta aipatu nion aldizkari lokal bat atera nahi genuela erabat euskaraz, eta sutsu animatu ninduen, bere burua eskainiz behar genuen edozertarako. Beste inon idatzi izan dut, estiloari-eta dagokionez, Juanitoren Gorabeherak izan zela Arrasate Press aldizkariaren aurrekari bat, ni, behintzat, harekiko zordun sentitzen nintzelako.
Dena dela, gizon polifazetikoa izan zen Juanito Leibar: irakaslea, idazkari akademikoa, komunikatzailea, historia zalea…, eta bera barik ez dago ulertzerik Arizmendiarrietaren lana bere osotasunean, garai batean Juanito ezinbestekoa izan baitzen bai proiektu kooperatiboaren hezkuntzan eta baita komunikazioan ere.
Gehiago jakiteko Juanito Leibarren inguruan, horra bi aipamen:
Guk ez genuen ezagutu, baina gure familiak ere izan zuen kide bat gerran hil zena: Agustin Mendizabal Beitia, tio Agustin, gure amaren neba. Hortaz, sartu nintzen Gogora Institutuaren webgunean, eta hantxe aurkitu nuen osaba, baina argazki barik, eta zenbait informazio falta zuela. Anaia zaharrenaren laguntzarekin, falta zen informazioa lortu, haren argazki bat eskuratu, eta institutura bidali genuen, haiekin hitz egin ostean. Handik egun gutxira, osaba Agustinen fitxa osatua zen.
Gerra-hotsak bailaran
Baina nor zen tio Agustin? Guk, behintzat, oso gutxi entzun genuen hari buruz: errekete joan zela gerrara eta Ebroko frontean hil zela, besterik ez. Banekien Uritte baserrian jaio zela, Gellao auzoan, Eskoriatzan, Arabako mugatik pare bat metrora, 12 neba-arrebatan hirugarrena, gure amaren aurrekoa. 9 neska eta 3 mutil izanda, mutiletan zaharrena izan zen Agustin.
Baina gehiago jakin nahi nuen, eta Baldomera Mendizabal Beitagana jo dut, gure amaren ahizpa, laster 101 urte beteko dituena. Bera eta tia Juanita Aretxabaletan bizi dira, eta izugarri poztu dira jakinda tio Agustin ere Gogora Institutuaren datu-basean dagoelako eta datu-base horretan alde guztietako biktimak agertzen direla jakinda. Tia Juanita garai hartan haur txikia zenez, Baldomerarekin egin dut berba, orduan 16 urte zituen-eta.
— Zelakoa zen tio Agustin?
— Zen gizon bat biguna, ona, berba gutxikoa. Alfredo Arragenakoa berarekin ibili zen gerran, eta hark esaten zuen: “Agustin ona dok, berbetan jaukak faltie”, berba gutxi egiten zuelako.
— Zelan gertatu zen gerrara joatea?
— Matxinada gertatu ondoren, egun batean gure aita atxilotu egin zuten Eskoriatzan, karlista ezaguna zen-eta. Etxean, berriz, denok larri. Gauerako aita askatu egin zuten, eta etxera itzuli zen, aurrerantzean Eskoriatzan egunero aurkezteko obligazioarekin. Gau hartan bertan, gertatuak ikusita, inguruko batzuek erabaki zuten mendiz Gasteizera egitea, tartean Agustin, tio Fernando, tio Juan, Alfredo eta Doroteo. Adin bat zeukatenak Gasteizen geratu ziren apopilo. Gazteak, berriz, gerrara joan ziren, boluntario, reketeekin.
— Gerra denboran, aldi batez baserria utzi behar izan zenuten, ezta?
— Bai. Etxean ezin zen egon. Apotzagako basoetatik tiroka egiten ziguten etxeko larrinora. Eta Untzilla aldetik, ganadua ateratzen genuenean, haiek ere tiro egiten zuten. Hortaz, aitak eta amak erabaki zuten aldi batez alde egitea Urittetik. Lehenengo Arkasuenera joan ginen. Handik Apotzagara, eta handik Antxustegira, baina hura pobrea zen, eta gu kuadrilla. Azkenean, Elgeara joan ginen, Arabara, eta han etxe zahartxo batean jarri ginen, oso ondo. Ur ona geneukan, berakatz-salda jan, eta lasai ibiltzen ginen. Guztira sei hilabete egin genituen Urittera bueltatu aurretik.
— Agustinengana bueltatuz, kartarik-edo idatzi zizuen?
— Oso gutxi. Noiz edo behin zerbait bidali zuen frentetik, baina hura ez zen idaztekoa, eta gu ere ez.
— Inoiz itzuli zen Urittera bisitan?
— Noiz edo behin, bai. Etortzen zenean, gu denok harengana joaten ginen. Dotore etortzen zen. Gogoan dut egun batean zelan zegoen jarrita ezkaratzean zigarro bat erretzen, eta Juanita bere arreba txikia harengana zelan hurbildu zen, jolastu guran, eta gura barik, zelan erre zion eskutxoa, ukitu bat baino ez, baina…
— Jakin zenuten gerran nondik nora ibili zen?
— Hori ez dakit. Ebroko frontean hil zela, bai. Eta han ibili zela “Compañía de choques” batean, besterik ez. Reketeekin ibili zen, eta haien konpainia bat zen, antza.
— Zelan jakin zenuten Agustin hil zela?
— Egun batean joan nintzen Mondragoeko merkatura. Ordurako, entzuten zen bat hil zela, eta bestea ekarri zutela, baina guri ez zigun inork ezer esaten. Banentorren merkatutik bueltan, bakar-bakarrik astoaz, eta andre batek jarraitu zidan atzetik. Hasi ginen gerra kontuez berbetan, eta non esaten duen: “bai, Urittekoa ere hil da, eta Arragenakoa ere bai”. Ez da izango, nik. “Ni Urittekoa naiz baina, eta nik ez dakit ezer”. “Ene, orduan ez da izango egia”, hark. Aretxabaletara ailegatu nintzenean, kamioi bat ikusi nuen udaletxearen parean. Gu eliza paretik gora gindoazen dendara, Mantxuenera, eta ikusi genuen kamioia kaxaz beteta zegoela. Eta hara non ikusten dudan Joakin Goitikoa kamioitik jaisten. Agustinen laguna zen, eta erabaki nuen hari galdetzea. Hilkutxak udaletxera igoten ari ziren. Jaitsi zen batean, errepidearen beste aldetik deitu nion: “Joakin! Agustin non dago?”. Eta hark, Agustinen gorpua goian zegoela, udaletxean. Horrela jakin genuen Agustin hil zela. Bazterraldekoa eta gurea batera etorri ziren. Gero jakin genuenez, abisua emanda zegoen Eskoriatzara, baina haiek guri esan ez.
— Hileta Gellaoko elizan egin zen?
— Bai. Lehenengo Bazterraldeko semearena egin zen, eta gero Agustinena. Gogoan dut Mondragoetik rekete batzuk etorri zirela kantatzera. Eta lur-ematea ere, hantxe egin zen, Gellaoko elizaren ondoan dagoen hilerri txikian. Hori bai, ez ziguten utzi hilkutxa zabaltzen.
— Gorde zenuten baserrian haren gauzarik: uniformea, txapela…?
— Bai, txapela egon zen denbora askoan, urteetan. Baita haren erretratoa ere. Gero, ez dakit zer pasatu zen, galdu egin ziren.
Urte luzez erabat atzenduta izan ondoren, negu honetan ziklo-krosa berraurkitu dut, ez ohiko zirkuituetan, baizik eta Youtuben. Eta ikusi dudana izugarri gustatu zait.
Lasterketa batek ordubete inguru irauten du, baina emozioz betea izan liteke, Munduko Kopako karreretan behintzat. Indarra, estrategia, oztopo ikusgarriak, berauek gainditzeko trebetasuna, lastertasuna, istripuak, akatsak, joko mentala… Elementu horiek guztiek egiten dute ikusgarri ziklo-krosa.
Eta zorte apur batekin, txirrindulari handien arteko lehia. Neguan ikusi ditudan lasterketetan batez ere gozatu dut Mathieu Van der Poel eta Wout Van Aert handien arteko lehiaz, ahaztu barik Thomas Pidcock,Eli Iserbyt, eta Belgikako tropela.
Eta zer esan Munduko txapelketaz, Ostenden jokatu berri dena? Niri ikusgarria iruditu zait, bai emakumezkoen mailakoa, bereziki hori, eta baita gizonezkoen artekoa ere. Eta itsas bazterreko irudiak, zoragarriak, Chariots of Fire filmeko irudiak ekarri zidaten gogora. Oro har, berraurkitze ederra izan da.