Gure osaba isila

Agustin Mendizabal Beitiaren fitxa Gogora Institutuan.

Orain bizpahiru aste Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak sarean jarri zuen datu-base handi bat, bertan jasota Gerra Zibilean Euskal Autonomia Erkidegoan hildako biktimak, alde batekoak zein bestekoak.

Guk ez genuen ezagutu, baina gure familiak ere izan zuen kide bat gerran hil zena: Agustin Mendizabal Beitia, tio Agustin, gure amaren neba. Hortaz, sartu nintzen Gogora Institutuaren webgunean, eta hantxe aurkitu nuen osaba, baina argazki barik, eta zenbait informazio falta zuela. Anaia zaharrenaren laguntzarekin, falta zen informazioa lortu, haren argazki bat eskuratu, eta institutura bidali genuen, haiekin hitz egin ostean. Handik egun gutxira, osaba Agustinen fitxa osatua zen.

Gerra-hotsak bailaran

Baina nor zen tio Agustin? Guk, behintzat, oso gutxi entzun genuen hari buruz: errekete joan zela gerrara eta Ebroko frontean hil zela, besterik ez. Banekien Uritte baserrian jaio zela, Gellao auzoan, Eskoriatzan, Arabako mugatik pare bat metrora, 12 neba-arrebatan hirugarrena, gure amaren aurrekoa. 9 neska eta 3 mutil izanda, mutiletan zaharrena izan zen Agustin.

Baina gehiago jakin nahi nuen, eta Baldomera Mendizabal Beitagana jo dut, gure amaren ahizpa, laster 101 urte beteko dituena. Bera eta tia Juanita Aretxabaletan bizi dira, eta izugarri poztu dira jakinda tio Agustin ere Gogora Institutuaren datu-basean dagoelako eta datu-base horretan alde guztietako biktimak agertzen direla jakinda. Tia Juanita garai hartan haur txikia zenez, Baldomerarekin egin dut berba, orduan 16 urte zituen-eta.

— Zelakoa zen tio Agustin?

— Zen gizon bat biguna, ona, berba gutxikoa. Alfredo Arragenakoa berarekin ibili zen gerran, eta hark esaten zuen: “Agustin ona dok, berbetan jaukak faltie”, berba gutxi egiten zuelako.

— Zelan gertatu zen gerrara joatea?

— Matxinada gertatu ondoren, egun batean gure aita atxilotu egin zuten Eskoriatzan, karlista ezaguna zen-eta. Etxean, berriz, denok larri. Gauerako aita askatu egin zuten, eta etxera itzuli zen, aurrerantzean Eskoriatzan egunero aurkezteko obligazioarekin. Gau hartan bertan, gertatuak ikusita, inguruko batzuek erabaki zuten mendiz Gasteizera egitea, tartean Agustin, tio Fernando, tio Juan, Alfredo eta Doroteo. Adin bat zeukatenak Gasteizen geratu ziren apopilo. Gazteak, berriz, gerrara joan ziren, boluntario, reketeekin.

— Gerra denboran, aldi batez baserria utzi behar izan zenuten, ezta?

— Bai. Etxean ezin zen egon. Apotzagako basoetatik tiroka egiten ziguten etxeko larrinora. Eta Untzilla aldetik, ganadua ateratzen genuenean, haiek ere tiro egiten zuten. Hortaz, aitak eta amak erabaki zuten aldi batez alde egitea Urittetik. Lehenengo Arkasuenera joan ginen. Handik Apotzagara, eta handik Antxustegira, baina hura pobrea zen, eta gu kuadrilla. Azkenean, Elgeara joan ginen, Arabara, eta han etxe zahartxo batean jarri ginen, oso ondo. Ur ona geneukan, berakatz-salda jan, eta lasai ibiltzen ginen. Guztira sei hilabete egin genituen Urittera bueltatu aurretik.

— Agustinengana bueltatuz, kartarik-edo idatzi zizuen?

— Oso gutxi. Noiz edo behin zerbait bidali zuen frentetik, baina hura ez zen idaztekoa, eta gu ere ez.

— Inoiz itzuli zen Urittera bisitan?

— Noiz edo behin, bai. Etortzen zenean, gu denok harengana joaten ginen. Dotore etortzen zen. Gogoan dut egun batean zelan zegoen jarrita ezkaratzean zigarro bat erretzen, eta Juanita bere arreba txikia harengana zelan hurbildu zen, jolastu guran, eta gura barik, zelan erre zion eskutxoa, ukitu bat baino ez, baina…

— Jakin zenuten gerran nondik nora ibili zen?

— Hori ez dakit. Ebroko frontean hil zela, bai. Eta han ibili zela “Compañía de choques” batean, besterik ez. Reketeekin ibili zen, eta haien konpainia bat zen, antza.

— Zelan jakin zenuten Agustin hil zela?

— Egun batean joan nintzen Mondragoeko merkatura. Ordurako, entzuten zen bat hil zela, eta bestea ekarri zutela, baina guri ez zigun inork ezer esaten. Banentorren merkatutik bueltan, bakar-bakarrik astoaz, eta andre batek jarraitu zidan atzetik. Hasi ginen gerra kontuez berbetan, eta non esaten duen: “bai, Urittekoa ere hil da, eta Arragenakoa ere bai”. Ez da izango, nik. “Ni Urittekoa naiz baina, eta nik ez dakit ezer”. “Ene, orduan ez da izango egia”, hark. Aretxabaletara ailegatu nintzenean, kamioi bat ikusi nuen udaletxearen parean. Gu eliza paretik gora gindoazen dendara, Mantxuenera, eta ikusi genuen kamioia kaxaz beteta zegoela. Eta hara non ikusten dudan Joakin Goitikoa kamioitik jaisten. Agustinen laguna zen, eta erabaki nuen hari galdetzea. Hilkutxak udaletxera igoten ari ziren. Jaitsi zen batean, errepidearen beste aldetik deitu nion: “Joakin! Agustin non dago?”. Eta hark, Agustinen gorpua goian zegoela, udaletxean. Horrela jakin genuen Agustin hil zela. Bazterraldekoa eta gurea batera etorri ziren. Gero jakin genuenez, abisua emanda zegoen Eskoriatzara, baina haiek guri esan ez.

— Hileta Gellaoko elizan egin zen?

— Bai. Lehenengo Bazterraldeko semearena egin zen, eta gero Agustinena. Gogoan dut Mondragoetik rekete batzuk etorri zirela kantatzera. Eta lur-ematea ere, hantxe egin zen, Gellaoko elizaren ondoan dagoen hilerri txikian. Hori bai, ez ziguten utzi hilkutxa zabaltzen.

— Gorde zenuten baserrian haren gauzarik: uniformea, txapela…?

— Bai, txapela egon zen denbora askoan, urteetan. Baita haren erretratoa ere. Gero, ez dakit zer pasatu zen, galdu egin ziren.

Kategoria: Memoria historikoa Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude