Asteburua Frantzian

Hanburgoko balleta ikusi ondoren, garagardo bat hartzen lagunekin.

Joan den asteburuan Tarben izan ginen, Frantzian, aprobetxatuta bertan Hanburgoko balletak dantzatu behar zuela. Hartara Marià Huguet dantzari gaztea ikusiko genuen, gure lagun katalan batzuen semea.

Herri polita da Tarbe, bertan lasai ibil daiteke. Eta inguru ederrak ditu, berde-berdeak. Eta atzean, beti, Pirinioak. Hori dela-eta, behin baino gehiagotan aipatu genuen dantza-ekitaldia astebete geroago izan balitz, Tourra inguruan izango genuela.

Dantza-ekitaldia Halle Marcadieu aspaldiko merkatu-plazan izan zen. Berez, Ghost Light (Argi-mamua) ikuskizuna konfinamendu garaian prestatua da, eta guk ikusi genuen formatu minimalistan. Bero pasatu genuen dantzaldian, baina ikuskizun ederra izan zen. Ekitaldia bukatutakoan, gure dantzaria agurtu eta garagardo bat hartu genuen han inguruan, Paris-Roubaix izeneko kafetegian.

Lurdatik Liernira

Igandean buelta egin behar genuenez, erabaki genuen Lurda bisitatzea (frantsesez Lourdes), aprobetxatuta gutako zenbaitek ikusi barik zutela. Ondoren, hantxe banatuko ginen katalanak eta euskaldunak.

Hamabi urte nituela izan nintzen Lurdan. Saturrarango seminarioan ginela, frantsez ikasgaia gainditzen genuenok Lurdera bidaia izan genuen opari. Halaxe joan nintzen ni, orduko ikaskideekin. Gehienontzat hura izan zen gure lehen bidaia atzerrira. Gogoan ditut Ipar Euskal Herrian ikusitako ikurriñak, Lourdesko egoitzan antolatu genuen liskarra espinaka-purea zela-eta, eta gauez basilika inguruan ikusitako jendetza, kandelen argitan.

Oraingoan beste begi batzuekin ikusi dut hura. Niagara ekarri zidan gogora, hura ere hotelez josita baitago. Baina hemen, jokoan barik, negozioa erlijioan oinarritzen da. Sartu ginenean basilikaren esparruan, beroa itzela zen, eta jendea (ez asko) taldetan zegoen banatuta, gerizpeak aprobetxaten: euretariko asko Asia eta Afrikako jendea.

Bazkaldu, berriz, Lurda inguruko laku batean egin genuen, patxada ederrean.

Etxera bueltan ginela, gutako batek mezua jaso zuen bere familia zati bat Lierniko ermitan zegoela, Ormaiztegiko herriak urtero bertan egiten duen erromerian, eta gure artean zetorren Liernik propsamena egin zigun: “joango gara?”. Eta, barre artean, joan egin ginen, bitxia baitzen Liernira joatea justu Lurdetik bueltan. Hantxe aspaldiko lagunekin elkartu, sagardo freskoa edan, argazkiak atera, eta, orduan bai, etxera bidean jarri ginen.

Bergaran geratu ginen, hori bai, Lierni agurtu eta bere artekoekin zurito bat hartzeko. Asteburu ederra.

Kategoriak Bidaiak | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Eskilantxarri, Saturraranen

Eskilantxarriko haitzak, Saturraranen (Mutriku).

Begi-ninietan dut iltzatuta Saturraran hondartzako haitzen soslaia. Oroitzapenak ere, zakukada bat, batez ere hamaika eta hamabi urterekin hango seminarioan igaro nuen garaian pilatutakoak. Hala ere, sekula ez dut jakin zer izen duten haitz haiek. Atzo arte.

Gari Araolazak galdera egin zien Ondarruko eta Mutrikuko txiolariei, zer izen duten Saturrarango haitzek, OpenStreetMap proiektuko mapan jarri nahi zuela-eta. Eta erantzuna berehala etorri zitzaion: Eskilantxarri.

Geroago, Ane Urkiolak informazio gehiago eskaini zigun, ondo uler genezan hitz haren esangura:

Mutrikun, garai batean, zikoinari “eskilantxa” deitzen zitzaion eta han egiten zuenez bere kabitxoa: eskilantxa + harri > eskilantxarri. Kanta ere badauka.

Txio berean Anek jakinarazi zigun beste izen ere badutela Saturrarango haitzek: Satur eta Aran, kondaira batetik omen datorrena. Ederragoa delakoan, ostera, ni toponimikoarekin geratzen naiz. Eta horregatik idatzi dut Faroan, berau baita orain nire memoria osagarria.

Bide batez, mila esker Gari Araolaza eta Ane Urkiola lagunei, informazio hau emateagatik.

PD1: Antza denez, ez dago argi Eskilantxarri hitzaren jatorria. Gari Araolazak, behintzat, horixe esan dit: “Izena horrela dela segurua da, jatorria ez hainbeste, itxura denez”. Eta horretarako Asier Sarasuaren txio bat aipatzen du, hauxe:

“Eskilantxa” (zikoinaren) kontu horrek ez dakit ze oinarri eukiko daben. Barandiaranen aipu hori besterik ez dago (Ataunen jasua, gainera); sekula beste inon ez da agertu. Zikoina baten habixia hatx horren gaiñian be, ez da oso sinesgarrixa. Neretzat, behintzat, zalantzazkua.

Ni toponimoarekin geratuko naiz. Asierri ere, eskerrik asko kontuan argi gehiago jartzearren.

PD2: Horrela geratu dira izendatuta Saturrarango haitzak OpenStreetMaps-en, Gari Araolazari esker:

Kategoriak Geografia | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Mendizabaldarrak Untzillan

Untzillako elizaurrean, Tomasa, Baldomera eta Juana izekoekin.

Joan den larunbatean gure amaren aldeko familiak hitzordua zuen Untzillako elkartean, ospatu nahi genuen-eta izeko Baldomerak 102 urte bete zituela eta haren ahizpa Tomasa ere gurekin izango zela, Juana beste ahizparekin batera.

Untzilla Aramaioko auzoa bada ere, Araba beraz, guretzat dena hasi zen ehunka metro beherago, Uritte baserrian, berau Gellao auzokoa, Eskoriatza beraz. Han Mendizabal-Beitia familiak, gure aiton-amonek, 12 seme-alaba eduki zituzten: bederatzi neska eta hiru mutil.

Gure ama Paula neska haietako bat zen. Baina bera eta beste zortzi neba-arreba dagoeneko hilda daude. Hiru baino ez dira bizirik geratzen, hirurak emakumeak: Baldomera (102 urte), Tomasa (92) eta Juana (87).

Haien inguruan elkartu ginen zazpi iloba, batzuk beren bikotekideekin. Non eta Untzillan, hiru izekoek primeran ezagutzen zuten lekuan, bertan izan zuten-eta lehen eskola, justu gaur egun soziedadea dagoen lekuan.

Bazkari gogoangarria izan zen. Denok itzuli ginen etxera sentipen horrekin.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Ia hogei urtez Jesus Ojangurenekin

Jesus Ojanguren hematologoarekin 2012an, Galdakaoko Ospitalean.

Hil honen amaieran Jesus Ojanguren hematologoak erretiroa hartuko du. Hori dela-eta, eta aprobetxatuta Galdakaoko Ospitalera joan naizela begiak-eta artatzera, agur eta eskerrik asko esatera joan natzaio Eguneko Ospitalera, gaur hantxe baitzegoen.

Jende asko zuen zain, eta agurra laburra bezain sentitua izan da. Eskerrak eman dizkiot bihotz bihotzetik, eta zorterik onena opa diot aurrerantzerako. Oraindik ere elkar ikusiko dugula esanez banatu gara, ni hunkituta.

Izan ere, ia hogei urtez izan dut Jesus nire osasuna zaintzen. 2002ko irailaren 11n Galdakaon ospitaleratu nindutenean, bera egokitu zitzaidan mediku, eta biharamunean berak esan zidan minbizia nuela, eta zelako pausoak egingo genituen linfoma hura osatzeko. Urte hauetan ezinago pozik ibili naiz berarekin.

2005ean, ondorengo lerroak eskaini nizkion Medikuak esan dit minbizia dudalaliburuaren hasieran:

Zorte itzela izan dut, mediku bat aparta aurkitu bainuen Galdakaoko Ospitalean: Jesus Ojanguren. Aditua, jantzia, eta komunikatzaile ezin hobea,entzuten eta gauzak azaltzen dakiena. Izugarri lagundu zidan gaixotasunari behar bezala begiratzen.

Pozten naiz beragatik, behin erretiroa hartuta, aukera izango du-eta bere zaletasunak gehiago landu eta nahi duena egiteko. Bere paziente izan garenok beti esan dezakegu zorte itzela izan genuela bera gure mediku izanda.

Eskerrik asko, Jesus, eta zorterik onena aurrerantzean!

Kategoriak Minbizia | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Liburu-saltzaile adoretsua

Sylvia Beach eta Ernest Hemingway bi lagunekin, Shakespeare and Company liburu-dendaren aurrean.

Bazen behin Europan hiri bat distiratsua, Paris. XX. mende hasieran Frantziako hiriburuak sekulako argia hedatzen zuen Mendebalean. Bertan era guztietako sortzaileak elkartzen ziren: pintoreak, eskultoreak, publizistak, musikariak, aktoreak, idazleak… Jende gazte asko, mundua jateko prest.

La llibretera de París / Parisko liburu-saltzailea nobelak, berau Kerri Maheridazlearena, kontatzen digu modu fikzionatuan zelan Sylvia Beach gazte amerikarra iritsi zen Parisera Lehen Mundu Gerra hastear zela, eta, tirriki-tarraka, zelako eragina izan zuen Parisko kultur mugimenduan Shakespeare and Company liburu-dendaren bidez.

Sylvia Beach gazteak liburuak maite zituen, eta Adrienne Monnier liburu-saltzailea ezagutu ondoren, eta hark animatuta, bere liburu-denda sortu zuen, bertan ingelesezko liburuak eta aldizkariak saltzeko. Gerla Handia hasia zegoen liburu-denda ireki zuenean, eta, poliki-poliki, saltoki hartan hasi ziren agertzen AEBetatik eta Britainia Handitik iritsitako idazleak: Ezra Pound, Ernest Hemingway, Scott Fitzgerald, Gertrude Stein, Henry Miller… Baita frantsesak eta beste herrialdetakoak ere, hala nola, Andre Gide, Paul Valéry, Jules Romains, Samuel Beckett eta James Joyce, besteak beste.

Shakespeare and Company bigarren etxetzat hartu zuten Parisera erbestetik iritsitako idazle gazte gehienek, eta bertan egosi ziren kultur proiektu dezente. Horregatik bihurtu zen mitikoetan mitiko liburu-denda hura. Eta, argitaletxe izan barik, berak argitaratu zuelako Ulises artean nobela jazartua, eta gero XX. mendeko lan gorenekotzat jo izan dena. Hain zuzen ere, liburuak orrialde asko eta onak eskaintzen dizkio Sylvia Beach-en eta James Joyce-ren arteko harremanari eta Ulises argitaratzeko bizi izandako kalapitei.

Plazer handiz irakurri dut liburu hau, eta beronen bidez XX. mende hasierako Paris distiratsuan murgildu naiz, beti ere Sylvia Beach erabakimen handiko liburu-saltzailearen eskutik.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

Poesia, zaurien ukendu

Ainhoa Urien eta bere liburua.

A zelako gozatua hartu dudan Ainhoa Urien idazlearen Poesia, zaurien ukenduliburua irakurtzen. Berau ustekabez iritsi zait esku artera, emazteak ekarri baitzuen etxera, Elorrioko irakurketa taldeak hil honetan horixe erabiliko duelako. Seguruenik ustekabeak areagotu baino ez du egin gozatua.

Zenbait egunez deika moduan izan dut liburua, idazlea erabat ezezaguna nuen arren, beharbada azalean Xabier Lete ikusten nuelako, akaso Pamielako liburuek gura barik ere erakartzen nautelako. Halako batean, hartu liburua, jarri eta irakurtzen hasi nintzen. Lehen jarrialdian Joxerra Garziaren hitzaurreak bultzatu ninduen aurrera egitera. Eta, behin hasita, Ainhoa Urienen prosak eta planteamentuak eraman ninduten airean.

Antza denez, dena hasi zen 2009ko udan, egileak 14 urte zituela, bere amak Xabier Leteren “Egunsentiaren esku izoztuak” poema-liburua oparitu zionean. Hantxe erne zitzaion egileari Xabier Leterenganako eta haren lanarekiko lilura, eta liburu hau idaztera bultzatu du.

Liburua altxor txiki bat iruditu zait, Ainhoa Urienek jakintzaz, zintzotasunez, enpatiaz eta heldutasunez osatu duena, euskara miresgarrian. 127 orrialdetan Xabier Leteren bizitzan eta poesian murgildu da, eta eskutik eraman gaitu, guk ere hobeto uler dezagun Leteren mezua.

Zelan liteke hain neska gazteak (26 urte baino ez ditu) halako trebetasunez mugitzea poesiaren eta filosofiaren esparruetan, halako eran non eremu horietan ezjakinak garenok ere pozaren harriduraz gidatzen gaituen? Poesia ez ezik, prosa ere ukendu bihurtu du Ainhoa Urienek liburu honetan, irakurleon gozamenerako.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Gertukoen gorpu galduak berreskuratu beharraz

Atlantikoko museoa, Lanzarote, Kanariar Uharteak.

Otsailaren 15ean jakin zenetik Villa de Pitanxo arrainontzia hondoratu zela Ternuatik 460 km. ingurura, nazioarteko uretan, albistegi gehienetan izan dugu berri txarra. Badakigu eskifaiatik hiru bakarrik irten direla bizirik, bederatzi hil direla, eta hamabi galduta daudela gaur egun.

Egun hauetan atentzioa eman dit zelako indarrez eskatzen ari diren desagertuen familiartekoek haien gorpuak. Eskatzaileen mina izugarria izan behar da, horretan ez daukat dudarik, baina Kanadako gobernuaren ontziek bilatze-lanak amaitutzat eman ondoren, beharrezkoa da bilatzen segitzea halako itsaso zakarretan? Beharbada aseguru-etxeek, kalte-ordainak jasotzeko aukerak eta nik orain harrapatzen ez ditudan beste faktore batzuek izango dute zerikusia Galiziako familiartekoen eskarian.

Nire hurbileneko bati horrelako istripu bat gertatuz gero, baldin eta hilketa baten susmorik ez balego, uste dut amore emango nukeela, behin hasierako erreskate-ahaleginek kale eginda eta ikusiz gero gorpuak berreskuratzeko aukerak hutsaren hurrengoak direla. 

Felix Iñurrategi Himalaian hil zenean, Alberto hantxe zegoen anaiarekin, baina etxera itzuli zen haren gorpua mendian utzita, besteak beste erreskate-lanak oso zailak izan behar zirelako, eta Felix mendian zetzalako, bere gustuko leku batean. Inork ez zezakeen esan, horregatik, Albertok ez zuela anaia maite.

Ulertzen dut Ternua inguruko uretan desagertutakoen senideen eskaria, baina ni hurbilago sentitzen naiz Alberto Iñurrategik 2000. urtean hartutako erabakiarekin.

Kategoriak heriotza, Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Seigarren olatuan, Shackleton-nen konpainian

Ernest Shackleton eta bere eskifaia, Endurance ontzian. (Argazkia: Frank Hurley)

Ni bezalako transplantatu erretiratu batek ezinbestekoak ditu ariketa fisikoa, abentura eta entretenimendua, zoratu nahi ez badu pandemia bateko seigarren olatutik onik irteteko ahaleginean. Transplantatua izateak esan nahi du arrisku-taldekoa izatea, eta adin bateko transplantatuok bakar-bakarrik geratu gara gure agintariek izendatutako “aro berrian”, non ematen baitu pandemia dekretuz desagertuko dela, mundu guztia parranda egitera irteten den bitartean, denbora galduaren bila. Zaurgarrion ardura izango da ekaitza saihestea.

Arineketa fisikoa, hortaz, ezinbestekoa zait neure burua zaintzeko, eta hori errepidean egiten dut, asfalto gainean arineketan eginez. 45 urte badira lasterka egiten dudala, eta, horretan gustura ibiltzen naizenez, horrela segituko dut, are eta gehiago izurrite garaian.

Entretenimendua eta abentura, berriz, etxean bertan bilatzen ditut, Interneten, telebistan eta liburuetan, batez ere. Azken adibidea Endurance espedizioa izan da, XX. mende hasieran Ernest Shackleton esploratzaile anglo-irlandarrak lideratu zuena Antartikan.

Ernest Shackleton eta Hego Poloa

Orain pare bat aste Ara egunkarian irakurri nuenean talde britainiar batek espedizio bat abiarazi duela Endurance izeneko ontzia Antartikako urpean bilatzeko, argi bat piztu zitzaidan. Banuen zerbait irakurria espedizio horretaz, baina gehiago jakin nahi izan nuen.

Lehendabizi Youtuben hasi nintzen bilatzen, eta, nire harridurarako, bertan primerako dokumentalak aurkitu nituen:

Hori dena ikusita, erabaki nuen zerbait irakurri behar nuela espedizioaren gainean. Han eta hemen begiratu, eta, azkenean, Caroline Alexander historialariaren liburu bat aukeratu nuen: Atrapados en el hielo. La legendaria expedición a la Antártida de Shackleton. Liburua hornituta dago Frank Hurley-ren jatorrizko argazkiekin, oso onak, eta horrek izugarri lagundu dit espedizioan bizi izandakoak hobeto ulertzen.

Izan dira bi aste emozioz beteak, arimaz Antartikako bazter urrun haietara eraman nautenak, erabat miretsita bainengoen 27 gizon haiek gainditutako oztopoekin, aintzat hartuta, gainera, denak itzuli zirela bizirik, bi urte egoera ezinago negargarrian galduta igarota. Eta hori Ernest Shackleton espedizio-buruaren meritua izan zen.

Ez naiz harritzen gaur egun zenbait unibertsitatetan Shackleton aztertzen badute lidergo bikainaren eredutzat.

Bien bitartean, abentura bila segituko dut.

Kategoriak Bidaiak, Pandemia | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Milanen bisitan

Begorekin, Isola barrutian, Milanen.

Hiru egun oso egin ditugu Milan hirian, Lombardian. Beste bi egun, berriz, joan-etorrietan. Zorte handia izan dugu eguraldiarekin, egun batean bakarrik izan dugu-eta euria.

Guretzat hauek izan dira puntu azpimarragarriak bidaia honetan:

  • Covid zaintza. Milango aireportuan inork ez zigun kasu handirik egin horren inguruan. Hirian, berriz, leku gehienetan eskatu digute Covid-pasaportea, eurek green pass deitzen dutena.
  • Etxea. Etxebizitza ona alokatu genuen Airbnb bidez, garbia, ondo hornitua, berogailu onarekin eta primerako wifiarekin. Tren-geltoki nagusitik oinez hamar minutura zegoen, eta Duomo plazatik 40ra. Metroaren adar bat ere oso gertu geneukan. Iritsi ginenean, jabea zain genuen. Oso ondo portatu zen gurekin, informazio asko eta ona emanez.
  • Garraioa. Oinez ibili ginen hara eta ona, hiriaren taupada hobeto hartu guran. Azken egunean, ostera, urrutiko lekuetara joan behar ginenez, eguneko pasea hartu genuen, metroz eta tranbiaz ibiltzeko, biak ere oso ondo antolatuak.
  • Bisitak. Eguraldi ona lagun, zenbait leku esanguratsu bisitatu genituen Milanen:
    • Duomo. Leonen bezala, Duomo izeneko katedralak eta berau inguratzen duen plaza ederrak inpresionatu egiten dute bisitaria. Asteazkenean, eguraldi garbi-garbia aprobetxatuta, txartelak erosi genituen katedrala eta beronen teilatua bisitatzeko. Ez ginen damutu, biak ezinago ederrak direlako.
    • Vittorio Emanuele II galeria. Merkataritza-gune estali bat da, Duomoren ondoan, XIX. mendean egina eta gero munduan beste toki askotan kopiatua. Ikusgarria.
    • La Scala. Galeriaren beste aldean dago. Kanpotik ikusi genuen, oraindik opera-denboraldia hasi barik dagoelako. Egia esan, kanpotik ez dauka ezer berezirik.
    • Sforza gaztelua. Gaztelu ikusgarria, Visconti eta Sforza familiek hasi zutena eraikitzen XV. mendean. Duomotik 15 bat minutura dago, oinez.
    • Isola barrutia. Paseada ederrak egin genituen inguru hartan, parke teknologiko ikusgarrian zehar —bertan zegoen Il Bosco verticale etxebizitza-eraikina ikusgarria ere—, plaza modernoetan, XIX. mendeko arkuak zeharkatuta. 
    • Hilerri monumentala. Doktore-tesi bat idatz liteke leku horren inguruan, zerk eraman zituen Milango aberatsek halako panteoi eta eskultura ikusgarriak eraikitzera.
    • Navigli. Milanen garai bateko kanal-sistema ugaritik geratzen den apurra. Gaur egun jatetxe, taberna eta terrazaz betea. Leku polita da ibiltzeko. Bertako jatetxe batean bazkaldu genuen hirugarren egunean.
    • Tren-geltoki nagusia. Arkitektura faxista peto ikusgarria. Bertan ikus liteke Mussolinik Italiaren zelako irudi inperial proiektatu nahi zuen, ustez Erromako inperioaren jarraipena.
  • Gastronomia. Aholkulari ezin hobea izan dugu atal honetan, Miren alaba. Hortaz, errepaso ederra eman diegu Italiako jakirik eta postre esanguratsuenei.
  • Liburu-dendak. Liburu-denda asko eta ederrak ikusi ditugu Milanen, besteak beste Mondadori, Rizzoli eta La Feltrinelli. Azken honen liburu-denda batean, Red izenez deitua, probatu nuen sekula dastatu dudan macchiato kaferik gozoena —gure ebakiaren senide hurbila.

Di-da bidaia bat izan da, laburra baina oparoa. Larunbatean etxeratu ginen, euri- eta elur-ekaitza etxearen epelean igarotzeko justu.

Kategoriak Bidaiak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Bost une Ramon anaiarekin

Joxe eta Ramon Aranzabal anaiak.

Astebete joan da Ramon anaia hil zenetik. Oraingoan harekin bizi izandako bost une ekarriko ditut blogera:

  1. Aldizkaritxo sepia kolorekoak. Ez dakit nondik jiratzen zituen —seguruenik auzokoen artean egiten genituen komiki-trukeetan edo kirol-aldizkari batetik, ez dakit—, baina mutiko garaian noiz edo behin Ramonek ekartzen zituen etxera aldizkaritxo monografiko batzuk, sepia kolorekoak, kirolarien ingurukoak. Eta txukun-txukun gordetzen zituen maleta zahar batean, gure logelako armairu batean geneukana. Gehienak futbol atezainak izaten ziren (Karmelo, Arakistain, Dominguez…), Ramonek atezainak miresten baitzituen orduan. (geroago, berak ere jokatu zuen Mondra jubeniletan eta Zaldibar frontoian, Mondragoen, antolatzen zen futbol-txapelketan). Baina haien artean ere baziren aspaldiko boxeolari handien biografia argazkidunak: Primo Carnera, Paulino Uzkudun, Joe Louis, Max Schmeling… Behin eta berriro hitz egiten genuen kirolari haien inguruan, eta haren eskutik zaletu nintzen neu ere kirol horietara eta beste batzuetara.
  2. Soldadutzatik bueltan. Ramonek soldadutza amaitu eta Arakatik etxeratu zenean, nik etxetik irtetea egin nuen, Burgosera nindoan-eta, bertako ospital militarrera, jakiteko ea soldadutzatik libratzen nintzen edo ez. Handik lau egunera, gurasoen etxean nintzen bueltan, loterian sari potoloa tokatu balitzait bezain pozik. Gurasoei kostatu zitzaien berria sinestea, eta gure logelara joan nintzenean, hantxe zegoen Ramon, bere ohe gainean, artean soldadutza amaitu berriaren arrastoak buruan eta ilean. Aurpegira begiratu, eta esan zidan: “Ez dakizu zelako potra izan duzun!”. Bere esanetan, berak nahiko ondo toreatu zuen soldadutza bera, baina denbora-galtze ikaragarritzat jotzen zuen.
  3. Martutenen. Espetxeko patioan nengoela zenbait presorekin, abisua jaso nuen bisita nuela. Aste batzuk lehenago, 1977ko hasieran, Goardia Zibilak salatu egin gintuen Garaia aldizkariko bi kazetari, ustez iraindu egin genuelako instituzioa, aldizkarian idatzitako bi artikulutan, eta epaile militar batek espetxera kondenatu gintuen. Beraz, bisita-aretora abiatu nintzen, jakin barik nor nuen zain. Ramon zen, burdin-sarearen beste aldean jarrita. Euskaraz hasi ginen berbetan, zer moduz eta horrelakoak, eta, handik puntuko, zaindari batek ohartarazi zigun ezin genuela euskaraz hitz egin, gaztelaniaz hitz egin behar genuela. Orduan Ramonek eta biok amaitutzat jo genuen bisita. Jaiki eta agurtu genuen elkar. Hogeita hamar bat urte geroago, gogoratu genuenean une hura, aitortu zidan: “Ez dakizu zenbat negar egin nuen automobilean, handik irten eta etxera bidean!”. Mutu geratu nintzen.
  4. Lehen korrikaldia. Joan den mendeko 70. hamarraldiaren amaiera aldera, lasterka egitea boladan jarri zen, Euskal Herrian bezala beste herrialde batzuetan ere. Jendea trumilka hasi zen joaten Behobia-Donostia lasterketara, eta han eta hemen antolatzen ziren maratoietara. Guri ere sartu zitzaigun harra, eta geratu ginen elkarrekin joango ginela proba egitera, nora eta Eskola Politeknikoko atletismo-pistara, Mondragoen bertan. Lanetik irtenda, gure Zarugaldeko pisuan jantzi ginen. Handik, oinez abiatu ginen Eskolaraino, kikilduta, lotsa ematen zigun-eta kalean denen bistan arineketan egiteak. Atletismo-pistara iritsi ginenean, bertan zeuden Mondrako futbolistak ere, belarretan entrenatzen, foku batzuen argipean. Garaiera erdiko gizon batek ikusi gintuen pistan sartzen. Bat, bi eta hiru, eta hasi ginen lasterka, poliki-poliki. Hiru bira eginda, erretiratu egin ginen, ezin genuen-eta gehiago. Alde egiterakoan, garaiera erdiko gizonak gu antzeman, eta esan zigu: “¿Eso ha sido todo? Pues vaya hostia!”. Eta guk lotsa-lotsa eginda egin genuen alde. 
  5. Ramon, aita. Lierni haurdun geratu zenean, gure ama izugarri kezkatu zen, zelakoa irtengo zen Ramonen haurra, Ramon umea lurrikara baten parekoa izan baitzen amaren bizitzan. “Mutikoa, mutikoa! —esaten zion Ramoni—, umea zeu izan zinen piperraren laurdena baldin bada, erruki!”. Usue baina, pastel hutsa jaio zen, ezinago lasaia, eta Ramon eraldatu egin zen. Handik aurrera, sekulako pazientzia garatu zuen, haren begietan Usue baino ez baitzegoen. Ama mirestuta zegoen umeak zelako aldaketa eragin zion Ramoni. Gu ere bai, handik aurrera beste Ramon bat ezagutu genuen-eta, askoz lasaiagoa.
Kategoriak Familia | Etiketak , , , | Utzi iruzkina