Drogak despenalizatu, proba moduan

Drogak urtero eragindako hildakoak Columbia Britainiarrean, Kanadan.

Ikusita Columbia Britainiarrean egunero zazpi bat pertsona hiltzen direla gaindosiak jota, droga kutsatuen gaindosiaz, Kanadako gobernuak erabaki du probintzia hartan estrategia aldatzea, proba moduan.

Bihartik hasita, bada, otsailaren 1ean, Columbia Britainiarra bihurtuko da Kanadako lehen probintzia despenalizatuko dituena erabilera pertsonalerako legez kanpoko drogak. Probintzia horretan, non egunean ia zazpi pertsona hiltzen diren droga kutsatuen eraginez, probintziako arduradunek espero dute droga horiek despenalizatzeak biziak salbatuko dituela.

Neurri hau behin behinekoa da, eta iraungo du hiru urtez. Tarte horretan, beraz, 18 urte baino gehiago edukiz gero, ez da delitu izango aldean eramatea 2,5 gramo ondorengo droga hauena:

Neurri berriak norberaren kontsumorako dira. Droga horiek saltzen dituenak, aldiz, zigorra jasoko du, baita kartzela zigorra ere. Era berean, legez kanpokoa izango da droga horiek eskoletan edukitzea, haurrentzako tokietan eta aireportuetan.

Nick Purdon kazetaria Vancouverko kaleetara irten da gaia aztertzera Kanadako telebista publikoarentzat. Drogaren biktimak elkarrizketatu ditu, adituak eta ministro bat ere bai. Erreportaje bikaina.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Asteburua, kafe baten bueltan

Tetuan taberna erdi hutsik dago Juanito eta Ebaristo sartu di- renean, goizeko hamarrak jo aurretik. Erretiratu zirenetik, as- telehen gehienetan kafe bat hartzen dute batera, elkarren arte- ko lotura ez galtze aldera.

Kortatua eta kafesnea iritsi bezain laster, hasi dira lagunak asteari errepasoa egiten.

Auzoan

—Eba, ta zer moduz zure jaioterrira egindako bisita? Ondo to- patu duzu auzoa?

—Bai, hiru neba-arreba elkartu ginen han, eta ondo pasatu ge- nuen. Denbora gutxi eginda, hori bai. Gu hazi ginen etxe aur- rean autoa utzi, eta elizarantz abiatu ginen, bidean pasatzen ge- nituen etxeak aipatzen genituela. Elizan, berriz, akaberako

kantuarekin batera sartu ginen bertan, batez ere berriztu egin dutelako. Gure haurtzaroan bezala zegoen, hobeto argiztatuta.

—Eta hor amaitu zen bisita?

—Ez, mutila. Meza amaitutakoan, aspaldiko ezagun mordoa agurtu genuen eliza aurrean. Jubilatuen etxean pintxo bana jan, eta han ere, jende dezente agurtu genuen. Bisita atsegina izan zen. Hala ere, badakizu, batzuk hilda daude, eta bizi dire- nak, gero eta zaharrago, gu moduan. Guztiarekin ere, pozik ikusi nuen jendea.

Hiriburuan

—Eta zuek, zer moduz ibili zineten hiriburuan, Juanito?

—Ondo. Batzuek Gabonetako argiak ikusi nahi ziztuzten, eta bertan trago pare bat jo. Eta horixe egin genuen. Autobusa hartu, eta hara abiatu ginen, jubilatuon bizipozarekin. Jende mordoa zebilen gora eta behera, eta Gabonetako argiak nonahi. Ez dakit non geratu diren aholkuak, Gabonetako festetan ar- gindarra aurreratzekoak. Beste jende askok moduan, guk ere selfie dezente egin genuen, argiz inguratuta. Zuri ere bidali ni- zun bat. Gero, taberna batean trago bat hartu, eta alde zaharre- ko beste batean ogitarteko bana jan genuen. Eta handik, trankil antzean, autobus geltokira abiatu ginen. Gaueko hamarrak eta erdietan etxean ginen. Ikusten duzunez, marabillarik ez.

Euskal kooperatibak eta Vatikano

—Zure alabaren mutil-laguna Ulman dabil, ezta? Esan dizu ezer Mondragon taldetik irteteko erabakiaz?

—Azkenengoz berarekin izan nintzenean, artean ez zekien ezer mobida horren inguruan, eta iritzirik ere, ez zuen garbirik. Gero, berriz, emaitzak ezinago garbiak izan dira: batean %70 irtetearen alde, eta bestean %80. Harrituta geratu nintzen, eta apur bat etsita.

—Ni ere horrela nago gai horren inguruan. Inork ez daki joan direnak zergatik irten diren. Ulmak eta Oronak ez dute espli- katu, eta Mondragon taldeak ez du ezer garbirik esan, azken astean batasunerako deiak egitetik kanpo.

—Niri min ematen dit isiltasun horrek. Euskal Herriko koope- ratibek jokatzen dute Vatikanok moduan: biek dituzte zenbait hedabide, eta erabiltzen dituzte erakundeak goresteko edo lor- penak jakitera emateko. Baina bertan krisiren bat dagoenean, edo iritzi-korronte diferenteak, horretaz mutu.

—Donostiako ESIko medikuek, kontrara, lau orrialdeko agiri bat idatzi zuten, jakinarazteko gizarteari eta Osakidetzari, zer- gatik dauden haserre. Ez dira joan zuzenean negoziatzera. Aur- retik, esplikatu nahi izan digute zertan den arazoa. Kooperati- bek zergatik ez dute berdin egiten?

—Ados nago. Batzuek eta besteek, irten direnak eta geratu di- renak, hausnarketa egin beharko lukete, eta sekretismoa hautsi. Leihoak ireki beharko lituzkete.

Messi eta Lujanbio

Eta zuek zer —sartu da tabernaria barratik—, ez duzue ezer esaten atzoko finalaz?

—Esan nahi izango duzu fi-na-lez, atzo bi jokatu ziren-eta: fut- bolekoa eta bertsolariena.

—Bale, kultureta. Nik bakarra ikusi nuen —segitu zuen taber- nariak—, eta poztu nintzen Argentinak irabazi zuelako. Partida ona izan zen, gainera, emozionantea.

—Errespetu bat, txo, kultureta heu izango haiz. Nik Bertsolari Txapelketako finala ikusi nuen, esan du Ebaristok, hasi eta buka. Sekula egin ez dudana egin nuen atzo: egun osoa ia, te- lebistari itsatsita egon nintzen. Eta gozatu ederra hartu nuen.

—Baina gaztetan futbolista izan zinen, ez? Horrek ez du tira- tzen?

—Gaur egun ez diot kasu handirik egiten futbolari. Higuinduta nago futbolaren inguruan dauden negozio zikinekin. Ni futbo- lean aritu nintzen, baina herriko taldean, hori besterik da.

—Bada nik biak ikusi nituen, baina ez osorik. Futbol-finalaren 2. zatia, luzapena eta penaltiak ikusi nituen. Neuri ere emozio- nantea iruditu zitzaidan. Eta poztu nintzen Messik irabazi zu- elako. Ondoren, Iruñearekin egin nuen bat, eta azken txanpa ikusi. Esan behar dut sekula ez dudala izan bertsolaritzarako joera handirik. Aitortzen diet meritu itzela egiten duten lanaga- tik, baina gutxitan emozionatzen nau bertsolaritzak.

Juanito eta Ebaristo jaiki dira mahaitik, eta, txintxo-txintxo, barrara eraman dituzte kafe-kikarak. Gaur batek ordaindu du. 4

Alboko mahaikoak agurtu, eta irten egin dira kanpora. Haizea dabil, gogor.

Kategoriak Lagunak, Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Jotxo Larrañaga gogoan

Jotxo Larrañaga

Atzo iluntzean lagun handi bat galdu nuen: Jotxo Larrañaga, azkoitiarra bera, Oñatin bizi zena. Joan den hilean transplante bat egin zioten Donostian, baina ezin izan du gainditu.

1963an ezagutu genuen elkar Saturrarango seminarioan, biok 11 urte genituela. Zazpi urtez elkarrekin ibili ginen, lehenengo Saturrararen eta gero Donostian, seminarioa utzi eta gure bideak banatu ziren arte. Harrezkero, tarteka izan gara, han edo hemen, eta aldi guztietan, berehala sartzen ginen konbertsazioan, beti elkarrekin izan bagina moduan, halakoxea baitzen nerabezaroa elkarrekin bizi izandako loturaren indarra.

Sanprubusean

Azkenengoz ekainaren 11n elkartu ginen, Elorregi auzoan —Arrasate, Oñati eta Bergara artean—, eta bertan hiru bat ordu egin genuen kontu-kontari Sanprubusaren magalean, kafea hartu bitartean.

Honetaz eta hartaz hitz egin genuen, seminarioko kontuez, irakurtzen ari ginen azken lanez…, baina batez ere bere gaixotasunaz eta egitekoa zuen transplanteaz. Galdera dezente ekarri zituen niretzat, jakin gura zuen-eta 2003an zelan bizi izan nuen hezur-muinaren transplantea. Besarkada bero batekin agurtu genuen elkar, batak besteari desiorik onenak opatuta. Pozik itzuli ginen etxera.

Harrezkero whatssapez izan gara harremanetan. Eta whatssapez agurtu genuen elkar, orain astebete. Haren heriotzaren berri ere leku beretik iritsi zitzaidan atzo iluntzean.

Jotxorekin, gure bizitzako zati bat joan zaigu, baina bizi garen bitartean, gure gogoan iraungo du.

Kategoriak Lagunak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Emakume aborigena, beltza, ama eta politikaria

Alex Irving, Canberrako parlamentuan.

Australiatik iritsi zaigu aurten ikusi ditugun serietan onenetako bat: Total Control.Bertan protagonista nagusia emakume aborigen bat da, beltza eta mutiko baten guraso bakarra.

Berak gura barik, Alex Irving emakumea (horrela deitzen baita gure protagonista) albiste da Australiako telebista guztietan, eta jendearen miresmena jasotzen du. Rachel Anderson Australiako lehen ministroak ikusi egin du gertatutakoa, eta, bere popularitatea lurrean dagoenez, fitxatu egiten du Alex, berau senatari izendatuta. Alexek onartu egiten du izendapena, eta Canberra hirira doa, Australiako hiriburu politikora.

Horra zirriborratuta zertaz doan seriea. Alex emakume poliedrikoa da, zikindu egiten da politikan, baina aurrera egiten du, halamoduz, bere helburuarekin: Australiako aborigenen ahotsa Canberrako parlamentura eramatea. Bidean oztopo ugari aurkituko ditu, bere komunitatean eta bere familian, baina nagusiki Australiako elite politikoan, nagusiki gizon zuriz osatua.

Antzezpena oso ona da serie honetan, produkzioa ere bai, eta hariak sekula ez du tentsioa galtzen, ez eta une mortuetan ere. Hau guztiau fikzioa da, baina fikzio oso errealista, bertan estalki barik erakusten baitira Australiak dituen zenbait arazo.

Oraingoz bi sasoi ditu miniserie honek, bakoitza sei kapitulukoa. Lehenengoarekin izugarri gozatu dugu, eta laster hasiko gara bigarrenarekin. Filminen aurkituko duzue.

Kategoriak Telebista | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

70 urte. Horietatik 20, opari

Garai herrian, Bego, Mikel eta Fatimarekin.

Atzo 70 urte bete nituen. Bezperan, izeko Baldomerarekin hitz egiten (berak 102 ditu), galdetu zidan zenbat egingo nituen, eta harritu egin zen: “Ez da izango! Oraindik gogoan zaitut umetan eskaileretan gora Uritte baserrian, eta ezin dut sinetsi ume hark 70 urte bete dituela!”. Barre egin genuen gogotik.

Urte horietatik, azken hogei urteak esan liteke opariz bizi izan ditudala, 50 urte betetzear nintzela, linfoma folikular bat izan bainuen, minbizi mota bat odolean eragiten duena. Eta Fatima arrebak orduan emandako hezur-muinari esker, hementxe nago pozez kantari.

Urtebetetze-eguna ohi baino lasaiago joan zen. Familiakoen eta pare bat lagunen zorion-agurrez gain, ez nuen bestelako mezurik jaso, ez sarean, ez eta lankide ohien partetik ere. Eta ni eroso horrekin, gustura bizi naiz-eta anonimato honetan.

Goiza aprobetxatu nuen ordenagailu bat erosteko, nire oraingoa zahartzaroaren azkenetan baitago nirekin 11 urte eginda.

Eguerdian, berriz, Garaira joan ginen bazkaltzera, Durangaldeko herri benetan ederra, Garai izeneko jatetxera. Fatima bera, Mikel koinatua, Bego emaztea eta laurok joan ginen. Bazkari zoragarria izan zen: lekua, jan-edanak, zerbitzua eta kalitate-prezioa.

Arratsaldean, ostera, Mondragoera joan ginen, 918 gau izeneko dokumentala ikustera. Bertan Arantza Santestebanek kontatzen du, oso modu partikularrean, Espainiako espetxeetan igarotako denbora, 918 gau eta egun, 2007an Seguran Espainiako poliziak berau atxilotu ondoren.

Arrasaten zenbait lagun agurtu nituen, Musakolakoak batzuk, nire auzokoak, eta baita Jesus Garmendia aspaldiko adiskidea eta lankide ohia ere. Jesusek abisatu zidan aprobetxatzeko urte hauek, benetako marra gorria 80 urte betetakoan zeharkatzen omen delako.

Eguna amaitzeko, Total Control serie australiarraren azken atala ikusi genuen, hobeto esanda, lehen urteko azken kapitulua. Baina horretaz hihar hitz egingo dizuet.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Los Xey, abentura baten kronika

Los Xey musika-talde donostiarra.

Atzo Donostian izan ginen, dokumental baten estreinaldian: Los Xey. Una historia de película, Eneko Olasagastiren eta David Berraondoren azken lana.

Estreinaldira joateko motiboak

Banituen motiboak estreinaldira joan nahi izateko. Batetik, mutikotan, sarri entzuten genion Los Xey taldeari Loiola Irratian; beraz, nire haurtzaroaren soinu-bandan dago talde donostiarra, zenbait abestirekin: Erramillete, Oh, Pepita, Menudo menú, El Aldeano…

Bestetik, gure aitari izugarri gustatzen zitzaion Los Xey taldea, baina haren atxikimentua beste nonbaitetik zetorkion: aita bera soinujolea zenez, miresmenez erreparatzen zion Pepito Iantzi taldeko soinujolearen lanari. Izan ere, gure aitarentzat, Soinujoleen Olinpoan hiru jole aparta zeuden: Pepito Iantzi, Enrike Zelaiaeta Miguel Bikondoa.

Dena esatera, Bego emaztea harrituta zegoen ikusita nire interesa dokumentala ikusteko, ez baitzituen kokatzen Los Xey bere txikitako iruditerian. Hala ere, gustura apuntatu zen estreinaldira.

Gerraosteko Donostian hasi

Dokumentala nagusiki gaztelaniaz dago, baina iruditu zitzaidan aukera hori bat datorrela Los Xey taldearen ibilbidearekin. Niri, behintzat, atzo ikusitako lanak gauza dezente argitu zizkidan taldearen hastapenaz, garapenaz eta gainbeheraz. Erritmo ona dauka, ondo konbinatzen ditu adituen elkarrizketak han eta hemen aurkitutako material grafiko eta soinuzkoarekin, senitartekoen adierazpenekin. Puntu hauek azpimarratuko nituzke:

  • Gerraoste zital hartan, Los Xey taldearen musika alaitasun-iturri izan zen jende askorentzat.
  • Arrakastaren giltza: prestakuntza tekniko aparta eta umorearen erabilera egokia.
  • Benetan harritu nintzen ikusita Golden Apple Quartet talde donostiarrak zenbat zor dion Los Xey taldeari ahotsen erabileran, umorearen kudeaketan, antzezpenetan…
  • Hogei urte iraun izana giro hartan, sekulako balentria iruditu zitzaidan.
  • Joan den mendeko 60. hamarkadak taldearen gainbehera markatu zuen: batetik, Latinamerikan gertatutako iraultzek aldatu egin zuten taldearen merkatuko baldintzak; bestetik, musikaren paradigma aldatu egin zen, Mendebaldean behintzat: Elvis, The Beatles, The Rolling Stones… agertu ziren, eta jendeak beste zerbait eskatzen zuen. Euskal Herrian bertan, Euskal Kanta Berriaagertzearekin batera, Los Xey fenomeno residual samarra geratu zen euskal irratietan. (Azken puntu hau nire uztakoa da, ez bainuen ikusi dokumentalean, berau amaitu baino bospasei minutu lehenago irten behar izan genuelako, autobusa hartze aldera).

Mila esker Eneko Olasagasti eta David Berraondo zuzendariei eta dokumentalean parte hartu zuten guztiei, Los Xey. Una historia de película dokumentu aparta izango baita hobeto ulertzeko garai bateko gure historia.

Kategoriak Zinea | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Ramon anaia gogoan

Ramon anaiarekin, Donostian. (Argazkia: Bego Larrañaga)

Gaurko egunez hil zitzaigun, orain urtebete, Ramon anaia. Ia bi hilabete lehenago, abuztuaren 2an, glioblastoma bat antzeman zioten buruan, bi urte lehenago Begoña arreba hil zuen gaitz bera. Ramonek 71 urte zituen hil zenean.

Harrezkero, askotan sentitu izan dut haren falta, besterik ez bada esateko atzo Evenepoelek irabazi zuela txirrindularitzako munduko txapelketa, Bergarako herritarrek 20.000 argazki publiko jaitsi dituztela udal artxiboaren bilduma digitalizatu berritik, tartean osaba Felixen ezkontzako bi, edo Bartzelonako Sagrada Familian lehoi baten eta zezen baten buruak igoko dituztela bi dorretara… edo haren barrea sentitzeko, besterik ez bada.

Bera hil ostean bi artikulu idatzi nituen Faroan: Ramon Aranzabal: dolu-egunak eta Bost une Ramon anaiarekin. Besarkada handi bana Lierni emazteari eta Usue alabari.

Kategoriak Familia | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Hogei urte geroago

Bakar-gelan, Santanderren, hezur-muinaren transplantea egin zidatenean. (Argazkia: Aitor Larrañaga)

2002ko irailaren 11 izan zen. Etxeko medikuak gomendatuta, Galdakaoko ospitalera joan ginen, begiratzera zergatik nuen barea handituta. Eta han, linfoma bat nuela esan zidaten, linfoma folikularra.

Bi urteko bidea egin nuen, lanera itzuli aurretik. Lehen urtean kimioterapia eta tratamentu monoklonala jaso nituen, Galdakaon bertan. Bigarrenean, aldiz, Santanderrera joan nintzen, bertan hezur-muinaren transplantea egitera, emailea Fatima arreba zela. Ondorengo hilabeteetan joan-etorrian ibili nintzen Kantabriako hiriburura, harik eta berriro Galdakaora itzuli nintzen arte, Jesus Ojanguren hematologoaren zaintza jasotzera.

Txile eta AEBak

Sustatun nire gaixotasunaz idatzi nuen lehen mezu hartan, Medikuak esan dit minbizia dudala, Txile eta AEBak aipatu nituen, bertan estatu-kolpe odoltsua (1973) eta Dorre Bikien eraistea (2001) gertatu baitziren irailak 11 zituen egunetan. Gaur egun Txile askoz hobeto dago. AEBek, ostera, beldurra ematen dute, bertan intolerantzia nagusitzen ari bait.

Katalunia bihotzean

Orduan ez nintzen konturatu irailaren 11 guztietan Kataluniak Diada ospatzen duela, katalanen eguna. Azken aldian, berriz, ordu asko egiten ditut Kataluniara begira: katalanez ari naiz irakurtzen eta katalana ikasten, ohartu bainaiz, hango politikarien ika-mikak gorabehera, miresten dudala herri katalana eta bertako kultura.

Hogei urte eta kito

Gogoan dut 2002ko irail hartan, Galdakaoko ospitalean nengoela, behin baino gehiago desiatu nuela hogei urte gehiago bizitzea, eta gero gerokoak, hartara Miren alaba ikusiko bainuen hazten.

Joan dira hogei urte haiek, eta Mirenek 27 urte ditu dagoeneko. Bete da nire orduko desira. Baina tarte honetan bi neba-arreba galdu ditugu: Begoña eta Ramon, biak glioblastoma batek jota, buruko gaitz oraingoz sendaezina. Eta bien falta sentitzen dut.

Leonard Cohen kantariaren azken diskoa gogoan, neuk ere esango dut: “gertu nago”. Gero gerokoak.

Kategoriak Minbizia | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Bernardette superstar

Liburuaren azala eta Bernardette Soubirousen argazkia.

Joan den igandean Lurdan sartu bezain laster (frantsesez Lourdes), begi-bistan geratu zitzaigun Bernardette zela hango izarretako bat —bestea zen bertako Ama Birjina, zeina milaka eta milaka iruditan agertzen baitzen nonahi.

Bernardette Soubirous errotari baten alaba bat zen, eta elezaharrak dioenez, 14 urte zituela, inguru haietako koba batean Ama Birjina agertu zitzaion. Neskatila okzitaniarra zen (haren izena Marie-Bernarde Soubirous zen bere jatorrizko hizkuntzan), eta okzitanieraz baizik ez zuen hitz egiten. Ez omen zekien frantsesez. Haren historia, berriz, frantsesez kontatu da.

Hala ere, hona ekarri nahi dut lehen euskal nobela moderno onenetako batekin izan lezakeen loturagatik.

Artetxe, Saizarbitoria eta Corazón

Egunero hasten delako nobelaren 50. urteurrenaren harira, Ereinek prestatu zuen edizioan Ramon Saizarbitoria idazleak kontatzen du Jose Artetxe idazle azpeitiarrak errieta egin ziola Bernardetteren aurpegia erabiltzeagatik liburu haren azalean, zeina, besteak beste, abortuaz ziharduen. Halaxe kontatzen du Saizarbitoriak:

Kontua da, behin fitxategi aurrean nengoela eta Arteche bestaldean jaun gehiagorekin, aulkian atzera botata, ohi zuen bezala, halako batean, hatz erakuslearekin seinalatuz zera galdetu zidala: «Zu Saizarbitoria zera, ezta?» Ez zuen euskararik sekula erabiltzen, Bibliotekan behintzat. Ni pozik, ezagutu ninduelako; norbait nintzen; ez zidan, ba, eskainiko ikertzaileen areto baketsuan, non beti zeuden aulki libreak eta ez zen ikasleen algararik jasan behar, sartzeko baimena…? Baietz erantzun nion. Eta berak, orduan, sabaia dardara suminkorrez seinalatuz, «barkamena eskatu behar diozu Euskal Herriari belauniko» esan zidan, bere ahots burrunbatsuaz Jainkoaren hirak hartuta. Ni, txundituta, beldurtuta eta lotsatuta. (…) Gero, ez dakit nola, jakin nuen gizona haserretu zuena, nobela bera bainoago —ziur asko ez baitzen irakurtzera iritsi—, azala izan zela. Lehendabiziko argitalpenaren azala orain mundu zabalean ezaguna den Alberto Corazón diseinatzailearen lana da, eta bertan neska baten aurpegia azaltzen da. Artechek Santa Bernardetteren antza hartu zion, nonbait, eta pentsatu bide zuen asmo txarrez aukeratu genuela abortatu egiten duen protagonista irudikatzeko. Ez zen ideia txarra —bekatuaren kontra dagoen jende horrek bekatua baitu buruan—, baina niri behintzat ez zitzaidan halakorik burutik pasatu.

Saizarbitoriak esan duenez, Alberto Corazonek berak azaldu zion portadako emakumea ez dela Bernardette, ezpada “familia kontsideratzen zuen Donostiako Castells-Artetxetarretako neska bat”.

Goiko montajean biak agertzen dira, liburuaren azala eta Bernardette Soubirous-en aurpegia.

Kategoriak Bidaiak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Asteburua Frantzian

Hanburgoko balleta ikusi ondoren, garagardo bat hartzen lagunekin.

Joan den asteburuan Tarben izan ginen, Frantzian, aprobetxatuta bertan Hanburgoko balletak dantzatu behar zuela. Hartara Marià Huguet dantzari gaztea ikusiko genuen, gure lagun katalan batzuen semea.

Herri polita da Tarbe, bertan lasai ibil daiteke. Eta inguru ederrak ditu, berde-berdeak. Eta atzean, beti, Pirinioak. Hori dela-eta, behin baino gehiagotan aipatu genuen dantza-ekitaldia astebete geroago izan balitz, Tourra inguruan izango genuela.

Dantza-ekitaldia Halle Marcadieu aspaldiko merkatu-plazan izan zen. Berez, Ghost Light (Argi-mamua) ikuskizuna konfinamendu garaian prestatua da, eta guk ikusi genuen formatu minimalistan. Bero pasatu genuen dantzaldian, baina ikuskizun ederra izan zen. Ekitaldia bukatutakoan, gure dantzaria agurtu eta garagardo bat hartu genuen han inguruan, Paris-Roubaix izeneko kafetegian.

Lurdatik Liernira

Igandean buelta egin behar genuenez, erabaki genuen Lurda bisitatzea (frantsesez Lourdes), aprobetxatuta gutako zenbaitek ikusi barik zutela. Ondoren, hantxe banatuko ginen katalanak eta euskaldunak.

Hamabi urte nituela izan nintzen Lurdan. Saturrarango seminarioan ginela, frantsez ikasgaia gainditzen genuenok Lurdera bidaia izan genuen opari. Halaxe joan nintzen ni, orduko ikaskideekin. Gehienontzat hura izan zen gure lehen bidaia atzerrira. Gogoan ditut Ipar Euskal Herrian ikusitako ikurriñak, Lourdesko egoitzan antolatu genuen liskarra espinaka-purea zela-eta, eta gauez basilika inguruan ikusitako jendetza, kandelen argitan.

Oraingoan beste begi batzuekin ikusi dut hura. Niagara ekarri zidan gogora, hura ere hotelez josita baitago. Baina hemen, jokoan barik, negozioa erlijioan oinarritzen da. Sartu ginenean basilikaren esparruan, beroa itzela zen, eta jendea (ez asko) taldetan zegoen banatuta, gerizpeak aprobetxaten: euretariko asko Asia eta Afrikako jendea.

Bazkaldu, berriz, Lurda inguruko laku batean egin genuen, patxada ederrean.

Etxera bueltan ginela, gutako batek mezua jaso zuen bere familia zati bat Lierniko ermitan zegoela, Ormaiztegiko herriak urtero bertan egiten duen erromerian, eta gure artean zetorren Liernik propsamena egin zigun: “joango gara?”. Eta, barre artean, joan egin ginen, bitxia baitzen Liernira joatea justu Lurdetik bueltan. Hantxe aspaldiko lagunekin elkartu, sagardo freskoa edan, argazkiak atera, eta, orduan bai, etxera bidean jarri ginen.

Bergaran geratu ginen, hori bai, Lierni agurtu eta bere artekoekin zurito bat hartzeko. Asteburu ederra.

Kategoriak Bidaiak | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina