Los Xey, abentura baten kronika

Los Xey musika-talde donostiarra.

Atzo Donostian izan ginen, dokumental baten estreinaldian: Los Xey. Una historia de película, Eneko Olasagastiren eta David Berraondoren azken lana.

Estreinaldira joateko motiboak

Banituen motiboak estreinaldira joan nahi izateko. Batetik, mutikotan, sarri entzuten genion Los Xey taldeari Loiola Irratian; beraz, nire haurtzaroaren soinu-bandan dago talde donostiarra, zenbait abestirekin: Erramillete, Oh, Pepita, Menudo menú, El Aldeano…

Bestetik, gure aitari izugarri gustatzen zitzaion Los Xey taldea, baina haren atxikimentua beste nonbaitetik zetorkion: aita bera soinujolea zenez, miresmenez erreparatzen zion Pepito Iantzi taldeko soinujolearen lanari. Izan ere, gure aitarentzat, Soinujoleen Olinpoan hiru jole aparta zeuden: Pepito Iantzi, Enrike Zelaiaeta Miguel Bikondoa.

Dena esatera, Bego emaztea harrituta zegoen ikusita nire interesa dokumentala ikusteko, ez baitzituen kokatzen Los Xey bere txikitako iruditerian. Hala ere, gustura apuntatu zen estreinaldira.

Gerraosteko Donostian hasi

Dokumentala nagusiki gaztelaniaz dago, baina iruditu zitzaidan aukera hori bat datorrela Los Xey taldearen ibilbidearekin. Niri, behintzat, atzo ikusitako lanak gauza dezente argitu zizkidan taldearen hastapenaz, garapenaz eta gainbeheraz. Erritmo ona dauka, ondo konbinatzen ditu adituen elkarrizketak han eta hemen aurkitutako material grafiko eta soinuzkoarekin, senitartekoen adierazpenekin. Puntu hauek azpimarratuko nituzke:

  • Gerraoste zital hartan, Los Xey taldearen musika alaitasun-iturri izan zen jende askorentzat.
  • Arrakastaren giltza: prestakuntza tekniko aparta eta umorearen erabilera egokia.
  • Benetan harritu nintzen ikusita Golden Apple Quartet talde donostiarrak zenbat zor dion Los Xey taldeari ahotsen erabileran, umorearen kudeaketan, antzezpenetan…
  • Hogei urte iraun izana giro hartan, sekulako balentria iruditu zitzaidan.
  • Joan den mendeko 60. hamarkadak taldearen gainbehera markatu zuen: batetik, Latinamerikan gertatutako iraultzek aldatu egin zuten taldearen merkatuko baldintzak; bestetik, musikaren paradigma aldatu egin zen, Mendebaldean behintzat: Elvis, The Beatles, The Rolling Stones… agertu ziren, eta jendeak beste zerbait eskatzen zuen. Euskal Herrian bertan, Euskal Kanta Berriaagertzearekin batera, Los Xey fenomeno residual samarra geratu zen euskal irratietan. (Azken puntu hau nire uztakoa da, ez bainuen ikusi dokumentalean, berau amaitu baino bospasei minutu lehenago irten behar izan genuelako, autobusa hartze aldera).

Mila esker Eneko Olasagasti eta David Berraondo zuzendariei eta dokumentalean parte hartu zuten guztiei, Los Xey. Una historia de película dokumentu aparta izango baita hobeto ulertzeko garai bateko gure historia.

Kategoria: Zinea Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude