70 urte. Horietatik 20, opari

Garai herrian, Bego, Mikel eta Fatimarekin.

Atzo 70 urte bete nituen. Bezperan, izeko Baldomerarekin hitz egiten (berak 102 ditu), galdetu zidan zenbat egingo nituen, eta harritu egin zen: “Ez da izango! Oraindik gogoan zaitut umetan eskaileretan gora Uritte baserrian, eta ezin dut sinetsi ume hark 70 urte bete dituela!”. Barre egin genuen gogotik.

Urte horietatik, azken hogei urteak esan liteke opariz bizi izan ditudala, 50 urte betetzear nintzela, linfoma folikular bat izan bainuen, minbizi mota bat odolean eragiten duena. Eta Fatima arrebak orduan emandako hezur-muinari esker, hementxe nago pozez kantari.

Urtebetetze-eguna ohi baino lasaiago joan zen. Familiakoen eta pare bat lagunen zorion-agurrez gain, ez nuen bestelako mezurik jaso, ez sarean, ez eta lankide ohien partetik ere. Eta ni eroso horrekin, gustura bizi naiz-eta anonimato honetan.

Goiza aprobetxatu nuen ordenagailu bat erosteko, nire oraingoa zahartzaroaren azkenetan baitago nirekin 11 urte eginda.

Eguerdian, berriz, Garaira joan ginen bazkaltzera, Durangaldeko herri benetan ederra, Garai izeneko jatetxera. Fatima bera, Mikel koinatua, Bego emaztea eta laurok joan ginen. Bazkari zoragarria izan zen: lekua, jan-edanak, zerbitzua eta kalitate-prezioa.

Arratsaldean, ostera, Mondragoera joan ginen, 918 gau izeneko dokumentala ikustera. Bertan Arantza Santestebanek kontatzen du, oso modu partikularrean, Espainiako espetxeetan igarotako denbora, 918 gau eta egun, 2007an Seguran Espainiako poliziak berau atxilotu ondoren.

Arrasaten zenbait lagun agurtu nituen, Musakolakoak batzuk, nire auzokoak, eta baita Jesus Garmendia aspaldiko adiskidea eta lankide ohia ere. Jesusek abisatu zidan aprobetxatzeko urte hauek, benetako marra gorria 80 urte betetakoan zeharkatzen omen delako.

Eguna amaitzeko, Total Control serie australiarraren azken atala ikusi genuen, hobeto esanda, lehen urteko azken kapitulua. Baina horretaz hihar hitz egingo dizuet.

Kategoria: Familia Etiketak , , , . Gorde lotura.

1 Response to 70 urte. Horietatik 20, opari

  1. egilea: maria

    Zorionak, Joxe!
    Jarraitu zutabe gehiago idazten, gustora irakurriko ditugu.
    maria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude