Boxeoa ikusten

Berandu erretiratu nintzen bart, antzinako senak bultatuta-edo, Boxeo izarrak ikusten geratu bainintzen, ETB1n. Muhammad Alik izan zuen errua, gure gaztaroa markatu zuen boxeolariak. Saio monografikoa eskaini zion Euskal Telebistak, eta bertan Alik jokatutako borrokaldi esanguratsuenak ikusi ziren.

Ordurako lur jota nengoen, ostiral iluntzero bezala, eta saioaren aurreko pilota partidan loak hartu ninduen. Hala ere, eutsi egin nion, eta sei bat borroka ikusi nituen, ohera joan aurretik. Gehienak ikusita nituen, gaztaroan Aliren ia borroka guztiak ikusi genituen-eta, hain geunden liruratuta berarekin.

Gaur egun ez zait gustatzen boxeoa, basakeria hutsa iruditzen zait, baina Muhammad Ali jartzen bada tartean, atzera egiten dut denboran. Etxean liburu potolo bat daukat —El más grande. Mi propia historia—, Muhammad Alik eta Richard Durhamek idatzia, eta hor dago ni noiz erretiratuko zain, patxadaz har dezadan esku artean.

Zer izango da, zenbat eta zaharrago egin, haurtzaroak indar handiagoz tiratzen duela?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Atso titi-handiak eta agure zakil-tenteak

Nire lagun erretiratuek —gero eta gehiago— egunero bidaltzen didate txiste, bideo, eskari, aurkezpen miresgarri eta bestelako kontuak, neuk ere mirets ditzadan. Spam astun horien artean, ordea, beti dago perlaren bat, atzo jaso nuen bezalakoa, non Drauzio Varella mediku brasildarrari egozten zaion esaldi hau:

  • “Gaur egungo munduan bost bider gehiago inbertitzen ari gara gizontasunaren aldeko botiketan eta emakumeentzako silikonan, Alzheimer osatzeko baino. Hemendik urte batzuetara, atso titi-handiak eta agure zakil-tenteak izango ditugu, baina euretariko inor ez da gogoratuko horiek zertarako balio duten”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Eroskiren alde

Aurrekoan Mercadona efektuaz idatzitakoak soka luze samarra ekarri zuen hemen bertan. Atxikimendu falta aipatu nuen, belaunaldi gazteez ari nintzela, eta hortik tiraka hainbat erantzun etorri ziren. Horietako bat, hau:

  • “Orain del aurte batzuk Vaya Semanitak esketx interesgarri bat egin zuen. (…) Esketxa zen euskalduna bazen enpresa, lapurtu egiten baziguten ere, guri berdin zigula”.

Ulertzen dut Iñigo eta Piban lagunek azaltzen duten eszeptizismoa. Nik, ostera, aitortu behar dut estimu handian dudala Eroski:

  • Hasteko, nire emaztea Eroskin dabil lanean. Beraz, hor parte interesatua naiz, nahiz eta berak ez dakien hau idazten ari naizenik.
  • Eroskiren bidez ikasi dugu zer den garbitasun giroan erostea. Ez ahaztu nondik gatozen: sasoi batean hemen antxoak periodiko paperean saltzen ziren.
  • Herri honetan inork egin badu euskararen alde merkatarien artean, hori Eroski izan da: dendetako sailak, produktuen etiketak, aldizkariak, publizitatea, hiztegiak… lan handia egin du Eroskik bere sektorean euskara normalizatzeko.
  • Gasolindegi askotan iruzur nabarmenak egiten zizkigutenean, Eroskik normaldu zuen egoera neurri batean, bere gasolindegiak ipinita.
  • Eroski kooperatiba da, eta urtero bere irabazien %10 gizartera bideratzen du.

Nik ere izan dut kexu bat baino gehiago Eroskirekiko, baina inoiz ez dut sentitu Eroskin lapurtu didatenik. Kontrara, Eroskin etxean bezala sentitzen naiz, eta bertan erosten dut beste inon baino gehiagotan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 12 iruzkin

Aralar, bidegurutzean

Bere 10. urteurrenean, Aralarrek lortu du hamar urte lehenago erdietsi ez zuena: Batasuna bere postulatuetara ekartzea. Irakurri duenak orain astebete El País egunkariak Arnaldo Otegiri egin zion elkarrizketa ikusiko du horrela dela, hizketaldi hartan Batasunako buruzagiak bere egin zuen-eta Aralarren diskurtsoa. Horrela ikusita, arrakasta itzela lortu du Patxi Zabaletaren alderdiak.

Ordea, alderdi biak lehiatuko balira hurrengo hauteskundeetan, Aralar desagertzeko zorian egon liteke, oinarri sozial zabalagoa izanda, Batasunak jan egingo lioke-eta bere esparrua, non eta lehenak ez duen asmatzen bideren bat alderdi bien eremuak garbi bereizteko. Lehia interesgarria izan daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 22 iruzkin

Mercadona efektua

Eroskik arazo bat dauka. Hobeto esanda, krisiaz gain, Eroskik badu beste kezka iturri bat: Mercadona. Euskaldun piloa liluratuta dago Mercadonaren eskaintzarekin (kremak, kontserbak, laboreak…), eta Jacan, Mirandan edo inguruan daudenean, zoroen pare erosten dute, hango produktuen lilurak erakarrita.

Bukatu da leialtasuna. Orain urte batzuk, Eroskik irekitzen bazuen supermerkatu bat Santo Domingo de la Calzadan, inguruko euskaldun guztiak hara joango ziren buru-belarri, besteak beste Euskal Herrikoa zelako, gurea. Gaur egun, berriz, belaunaldi gazteek ez dute erakusten horrelako atxikimendurik, eta ez zaie inporta non erosi, baldin eta erosten dutena gustukoa bazaie eta prezio onean erosten badute.

Atzo arratsaldean loba baten bisita izan genuen, eta ikustekoa zen zelako pasioz azaltzen zuen Mercadonarekiko duen atxikimendua. Hari entzun bitartean, neure artean pentsatzen ari nintzen zein zaila izango duen Eroskik krisialditik irtetea, bezero gazteak beste modu batean irabazi beharko ditu-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 15 iruzkin

PowerPoint-ek ergeldu ote gaitu?

Artikulu interesgarria irakurri berri dut CiberPaís atalean, bertan azaltzen baitira hainbat gehiegikeria —eskema ulertezinak, diapositibak hitzez hitz irakurtzea, tokiz kanpoko irudiak erabiltzea…— gutariko gehienok egin ditugunak PowerPoint aplikazioa erabiltzerakoan.

Artikuluak esaten direnak aterata daude Frank Frommer idazlearen liburu batetik, PowerPoint pentsamendua: ikerketa programa honen gainean, zeinak ergeldu egiten baitzaitu, Frantzian argitaratua. Bertan idazleak dio PowerPoint aplikazioak eragin gaiztoa duela pentsamenduaren diskurtsoan, gehienetan gaizki erabiltzen dugulako.

Aurrerantzean, kontuan izan beharko dugu, geure aurkezpenak errotik hobetu nahi baditugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Ateoa

Begira ibili naiz hainbat hiztegitan, zelan definitzen duten ateo hitza. Hona hemen zenbait definizio:

  • Ateo: Jainkogabea
  • Ateo: Jainkoa ukatzen duena
  • Ateo: Pertsona bat sinisten ez duena jainkorik dagoenik, edo argi eta garbi ukatzen duena jainkoaren existentzia.

Zein iruditzen zaizue egokiena?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Milk

Asteburu honetan Milk filma ikusi dut, zeinak kontatzen baitu Harvey Milk gay liderraren historia. Filma Elorriora etorri zenean, ez nintzen joan ikustera, trailerra ez zitzaidan-eta gustatu, kitsch samarra aurkitu nuen. Orain, berriz, filmean murgildu naizenean, ona iruditu zait.

Intolerantziaren aurkako aldarria, horixe da Milk filma, eta bertan Sean Penn aktoreak antzezpen sendoa egiten du.

Nire harridurarako, beste pertsona ospetsu bat aurkitu dut pelikulan: George Moscone, San Frantzisko hiriko alkate izandakoa, zeina, Harvey Milk bezala, Dan White ikuskatzaileak hil baitzuen. Banuen Moscone zentroaren berri, hantxe egiten baitu Apple enpresak aurkezpen asko, baina ez nekien nondik zetorkion izena.

Inoiz aukerarik baldin baduzue film hau ikusteko, baliatu aukera, merezi du-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Anne Frank, berreskuratua

Egun hauetan Anne Franken egunkaria irakurtzen ari naiz. Bost urte badira berau irakurtzen hasi nintzela, baina, zergatik ez dakidala, utzi egin nuen alde batera.

Orain berriro hartu dut esku artean, eta gustura nabil aurrera egiten. Irakurri ahala, harritu egiten nau pentsatzeak 13 urteko neskatila batek idatzi zituela lerro horiek, hain dirudi-eta pertsona heldu baten kontakizuna. Bart gauean, adibidez, esaldi honek eman zidan atentzioa:

  • Jende normalak ez daki ezkutatuta dagoen batentzat liburu bat zer den. Irakurtzea, ikastea eta irratia entzutea beste zerekin distraiturik ez baitugu izaten guk. (118. or.)
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Bilbon, egunpasa

Arte Ederretako museoan
Atzo Bilbon izan ginen, Arte Ederretako Museoan, bertan Jesus Mari Lazkano margolari bergararraren erakusketa ikusi nahi genuen-eta. Sekula ikusi barik nengoen Lazkanoren lanik, eta liluratuta irten nintzen, zoragarria iruditu baitzitzaidan Bilboko erakusketa: Lazkano. Arkitekturatik naturara. Gaur egungo errealismoaren adibide bikaina da Lazkanoren lana, kantu bat arkitekturari eta izadiari. Ahal baduzue, ikusi, ez zarete damutuko.

Museoan ginela, aspaldiko lagun batzuekin egin genuen topo: Iñaki Lasagabaster eta Esti Gandariasbeitia, eta eurekin batera joan ginen gero trago bat hartzera. Ibai ondoan bazkalduta, oinez ibili ginen gero, ziri-miria hasi zen arte. Egun polita izan zen, lagunarte ederrean igarota.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina