Eroskiren alde

Aurrekoan Mercadona efektuaz idatzitakoak soka luze samarra ekarri zuen hemen bertan. Atxikimendu falta aipatu nuen, belaunaldi gazteez ari nintzela, eta hortik tiraka hainbat erantzun etorri ziren. Horietako bat, hau:

  • “Orain del aurte batzuk Vaya Semanitak esketx interesgarri bat egin zuen. (…) Esketxa zen euskalduna bazen enpresa, lapurtu egiten baziguten ere, guri berdin zigula”.

Ulertzen dut Iñigo eta Piban lagunek azaltzen duten eszeptizismoa. Nik, ostera, aitortu behar dut estimu handian dudala Eroski:

  • Hasteko, nire emaztea Eroskin dabil lanean. Beraz, hor parte interesatua naiz, nahiz eta berak ez dakien hau idazten ari naizenik.
  • Eroskiren bidez ikasi dugu zer den garbitasun giroan erostea. Ez ahaztu nondik gatozen: sasoi batean hemen antxoak periodiko paperean saltzen ziren.
  • Herri honetan inork egin badu euskararen alde merkatarien artean, hori Eroski izan da: dendetako sailak, produktuen etiketak, aldizkariak, publizitatea, hiztegiak… lan handia egin du Eroskik bere sektorean euskara normalizatzeko.
  • Gasolindegi askotan iruzur nabarmenak egiten zizkigutenean, Eroskik normaldu zuen egoera neurri batean, bere gasolindegiak ipinita.
  • Eroski kooperatiba da, eta urtero bere irabazien %10 gizartera bideratzen du.

Nik ere izan dut kexu bat baino gehiago Eroskirekiko, baina inoiz ez dut sentitu Eroskin lapurtu didatenik. Kontrara, Eroskin etxean bezala sentitzen naiz, eta bertan erosten dut beste inon baino gehiagotan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

12 Responses to Eroskiren alde

  1. egilea: oier

    Nik nahiago dut Eroski beste ezein supermerkatu arrotz baino. Egia de kexa asko izaten direla haren inguruan, eta ni neu, gure etxe ondoko Eroskiarekin nahiko kexu izaten naiz, ezagutzen baititut tamaina berean hori baino askoz egokiago eta hornituagoko Eroskiak eta ez Eroskiak.

    Bertako enpresa izatea niretzat garrantzitsua da. Erosketetan uzten dudan dirua “hemen” geratzen delako, eta horrek “gure” ekonomiari egiten digu mesede.

    Eta kooperatiba da. Jakina, kooperatiben aurka gauza asko esaten direla azken urteotan, baina niretzat oraindik kooperatiba izaera izugarrizko plusa da beste edozein enpresaren aurrean. Eroskin ez dago jabe bakar bat salmenta guztiekin aberasten ari dena. Eta Mercadonan bai. Erosten dugun krema bakoitzetik xentimo batzuk Roig-en patrikara doaz. Eta Eroskiko krema eskasagoen mozkinak langile guztien artean banatu edo lanpostu gehiago sortzeko erabiltzen dira. Niretzat, diferentzia horrek berak bakarrik merezi du aurpegiko azala takarragoa izatea.

  2. egilea: gaztelumendi

    Dana ezin da izan zuria edo beltza.
    Oier zoaz zure etxe ondoko Eroski horretara, eta galdeituiezu zenbat dire bazkide eta zenbat ebentual.
    Zoaz baserritarrengana, eta esaiezu beraien produktuak zergaitik ez dauden zure etxe ondoko Eroskin.
    Argibide gehiago behar izan ezkero, zoaz EHNE sindikatura, ea ze baldintza jartzen dieten artzain, nekazari eta abeltzainei Eroski aurretik jartzen dien baldintzen gainean.
    Euskararena? Zoaz Carrefourera, Erandiokoan askoz ere euskara gehiago eta handiago… inongo euskal dendetan baino.
    Nire herrian Erosle bat, orain beste izen arrotz bat duena, eta ezin memorizatu dezakedana… Aliprox edo… eta ostantzeko Ondo Erosi denda bat dago.
    Nik Ondo Erosi horretan erosi ohi dut ondoen, Amaianean, gurean, Bixentanean lehenago… eta Amagoia da gehienetan gugaz berba egin eta gauzak saltzen dizkiguna. Euskaraz eta kalitateagaz. Uste dut, maiorista Vivó dutela. Etiketak ez daude euskaraz, ez. Tratua bai. Ez dakit zer den garrantzitsuagoa. Eta txikienei, beti ogi zati bat, edo karamelua lantzean behin… eta berba onak.

    Denda txikietan erostea, gauza handia iruditzen zait niri. Gure herrian zorionez, ez dago handiagorik. Ondoko herri handietara joaten dira batzuk, aparkatu ezinik ibiltzen dira, karrokadak erosten dituzte, dirutza uzten dute han…. eta ziurrenik oso pozik bizi direla beraiek ere.
    Oro ez da urre.

  3. egilea: oier

    Patxi, gure etxe ondoko Eroskia txikia da (niri gehien gustatzen zaizkidan yougurrak ezin han inoiz aurkitu). Ez dakit zenbat bazkide eta zenbat ebentual duten, eta ziur aski haien lan baldintzak ez dira izango onenak. Baina denda txikietako jabe eta langileen baldintzak ez dira izaten gehienetan hobeak, eta gainera haien mozkinak jabe bakar baten patrikara joaten dira.

    Eroskik ez dituela bertako baserritar eta ekoizleak duintasunarekin tratatzen? Konforme. Eta Carrefour-ek bai? Eta Frutas Pilar-ek?

    Gure etxe ondoko Eroskiko langileek euskaraz eta adeitsu artatzen gaituzte. Badago inguruan denda zahar txiki bat. Gaztelaradun elebakarra bera, eta generoa kanpotik ekartzen duena. Txikia eta ez-Eroskia izateak ez du bat hobea egiten.

    Ondo esan duzunez, dena ezin da izan zuria edo beltza. Grisetan bizitzera behartuta gaude.

    Etxe ondoan ditugu fruta-denda, harategia eta arraindegia, eta batetik bestera ibiltzen gara pozik, baina baita Eroskin ere bai, ze baserritarrek nik dakidala ez dute oraindik komuneko paperik, kremarik edo makarroirik ekoizten. Uste dut, zuk Patxi, nik adina krema erabiltzen duzula, beraz, non erosten duzu krema, Mercadonan ala Eroskin?

  4. egilea: lao tse

    Amorrua ematen dit Eroskik negozioa egitea orain plastikoko boltsekin… Zelan kobratzen dute boltsa trasparente horrible horiengatik? Ez dira inoiz agortuko? Antxoak bistan eramatea ere…

  5. egilea: Julen

    lao tse: negozioa iruditzen zaizu poltsengatik zentimo bat kobratzea? akaso poltsak zerutik debalde erortzen dira?

    Nire familiak barrioko janaridenda xume bat dauka eta duela gutxitik poltsak kobratu egiten dituzte, urte askoan debalde ematen egon ostean. Baina beraiei betidanik kobratu izan dizkiete poltsak, noski. Orain esango didazu negozioa egin nahian dabiltzala, ezta?

    Niri erosleen aldetik desproportzio hutsa iruditzen zait edozertarako plastikozko poltsak behar izatea, bai eta debalde zirenean hauen prezio gabeziaz abusatzea ere.

    Poltsa behar duzula? Ekarri etxetik eta berrerabili.

  6. egilea: Otoio

    Ez diot nik karino berezirik Eroskiri. Traketsa egiten zait, dena bezeroaren kontrara pentsatua bezala, hainbat gauza falta, beste batzuk garestitxo, Bisbalen musika, aparkamentuan kotxea utzi eta ezin atera egotea, megafonia mezuak gaztelania hutsez (bezero -ia- guztiak euskaldunak direnean), poltsekin negozioa egitea (poltsekikoaz ere hitz egin dezakegu oro har), axaleko tratua.
    Bi arazo handi: bat, bertoko produktu ekoizleekiko duten jarrerak ez du izenik. Eta Carrefurrek zer egiten duen bost ajola zait, hemen ez daukagulako Carrefurrik eta gainera Carrefurri ez diodalako ‘a priori’ herrikoa izatearen plusik emango (bistan da Eroskiri horrelako jarrerak dituen neurrian ezta ere)
    Bi: Eroski komertzio txikia hondoratzen ari da. Praktika oligopolikoak erabiltzen ditu. Zenbat denda ixten dira Eroski bat zabaltzen den bakoitzeko? Zein eragin du dendetan? Zein herri bizitzan? Merkatariek ‘Eroski gabe askoz hobe!’ kanpaina abiatu zuten gure eskualdean. Horri buruz hitz egiten entzun ditut Eroskiko handi mandi batzuk, eta auzo lotsa sentitu izan dut.
    Prezio berean hirugarren bat eta laugarren bat. Gure eskualdean Eroski handi bat egiteko proiektua dago. Padura batzuk lehortu dira horretarako.
    Laugarrena, Eroskiren hemengotasunaz asko hitz egin dezakegu. Gogoan al dugu krisiak geratu duen Espainian zehar zabaltzeko asmoa? Zer gehiago zegoen horren atzean?
    Hainbeste txarren artean gauza on bat, oro har, eta berdurak eta frutak kenduta, kalitate oneko produktuak daude.

  7. egilea: Iñigo Arriaran

    Joxe, ziur nago post hau idatzi zenuenean izango zuen eragina imaginatu ere etzenuela egin. Hau da Internet kolaboratzaile bide honek duen potentzia, eta askotan gai arruntak, etxekoak, kalekoak direla hariari luzera gehien ematen dioten gaiak.
    Beno nire aldetik, eta azken komentarioen bideari utziz (mega denda erraldoiak vs. herriko bertako denda txikiak) beste hari luze baterako moduko eztabaida sortu bait dezake, bi apunte egin nahiko nuke.
    Alde batetik nire komentarioan ez nuen Eroski, Euskaltel,… euskal dendek lapurtu egiten gaituztenik. Lapurtu egiten badigute, beste enpresek lapurtzen diguten beste egingo dute nire ustez. Gai horretan euskaltasuna beste nibel baten gelditzen dela uste dut.
    Nire ausnarketa enpresa hauei atxikimendua izateko beraiek ematen duten zerbitzu gehiagarriez air nintzen. Euskaraz tratatzea, etiketak euskaraz egotea, e.a. nola ez da horrela izango euskal enpresa edo denda bat izanda? Niretzako, eta nire iritzia da, atxikimendu bat izateko beste zerbitzu gehiagarri batzuk eman beharko zuten, hau da, erabiltzailea babestua sentitzeko zerbitzuak, zerbitzu bereizgarriak. Eta enpresa batzuk ez dute gai honetan destakatzen (eta ez naiz ari Eroski enpresaz, Euskaltel enpresaz baizik). Atxikimendua ez da norabide bakarrekoa izan behar, bi norabidezkoa baizik.
    Ondo segi guztioi!!!

  8. egilea: Ez bata ez bestea

    Erosketak ribera merkatuan egiten ditut. Bertokoa eta kalitatezkoa.
    Mercadona vs. eroski, McDonalds vs. Burrikin edo Coca vs. Pepsi bezain eztabaida antzua da.

  9. egilea: Fultxo

    Garai bateko komunista horietako batek zera esan zidan: kapitalismoak ez du nazionalismoaz ulertzen.
    Kontsumitzaileak garenean kontsumitzaileak gara batez ere eta euskal marka batek ez badizu kalitatezko zerbitzu bat eskaintzen ez duzu erabiliko eta kitto. Eroskiren alde esaten diren argudioekin ados nago baina aurreko sarrerarekin lotutako iruzkin baten esan dudan moduan asko hobetu behar dute zerbitzuan. Azken urteotan bitan edo hirutan egin dut protesta Eroskiko bezero arreta telefonoan, nire datuak utzi eta ez dut erantzunik izan. Beraz Eroskirekiko dudan pertzepzioa ez da ona. Joan, joaten gara, baina produktu jakin batzuk erostera.
    Soluzioa erraza da: kalitate eta zerbitzuan hobetu eta bezeroei entzun eta erantzun.

  10. egilea: joseba

    Ni bertakoei laguntzeko jarrera ere badut, kooperatiba modura dabilen edonoren aldekoa ere. Eroskiren kasuan hain argi geratzen ez zaidana “bertakotasuna” da .es-ak eta bestelako detalletxoak…
    Azken aldian Ercorecan erosten dut sarri, betiere kalitate nahiko oneko barazki-frutak ditu, auzokoan euskaraz egiten didate langileak (harriagarria Bilbo-inguru honetan), bere marka zuriko produktuak ere euskarza dute informazioa eta gainera sistematikoki %5-eko deskontua egiten didate familia-ugarikoa izateagatik.

  11. egilea: bilbo

    Euskararen alde asko egiten du Eroskik. Baina espainiara zabaltzean “viajes eroski” eta “eroski txartela”k ez dute euskararen alde hainbeste egiten. Espero dut langile guztiak bazkide bihur ez daitezen, bestela langile espainiarrak izan daitezke enpresaren jabe. Hori oso kaltegarria litzateke euskaldunontzat.

  12. egilea: eli

    Neonazi espainiarren ereserkiak Eroskin.

    Norbaitek aipatu du Eroskin Bisbalen kantak entzun behar dituela. Nik halako esperientzia bat izan nuen duela aste batzuk nire kaleko Eroskin (ez dut esango non, arazoa orokorra dela ematen duelako). Gutun bat idatzi nien saltokiko arduradunei gertaturikoa azaltzen. Hemen duzue irakurtzeko:

    ——————————————————

    Eroskik irudi (edo soinu) arazo bat dauka.

    Aspaldi nuen gogoa hau idazteko zuei, Eroski supermerkatuko kudeatzaile jatorroi. Baina atzeratzen ibili naiz, berez konturatuko zinetela uste nuelako. Ezin dut gehiago itxaron, ordea; aste honetan gertatu dena gehiegitxo da.

    Azken hilabeteotan fenomeno paranormal bitxia gertatu izan zait zuen dendan sartu naizen bakoitzean: kalean Euskal Herrian nabil, baina zuen ateak zeharkatu bezain pronto, espazio-denboraren zulo batetik teletransportaturik sentitzen naiz. Bat batean, Murtzian edo Villaviciosa de Odonen (Madril) nago. Harrigarria benetan. Begietatik eta belarrietatik heltzen zaidan informazioa kontraesankorra da: zuen produktuen etiketetan euskara ere agertzen da (beraz, Euskal Herrian nagoela pentsa dezaket) baina zuen bozgoragailuetatik heltzen zaidan soinuan ez dago euskal musikaren arrastorik. Ezin da kasualitatea izan; ingelesezko kantak aditzen dira tarteka, baina gainontzeko guztia Espainiako musika da, espainol hutsez. Nire burmuinak orduan esaten dit: non nago? Eroskin, Dia-n, Todo Todo-n, BM-n?

    Txikikeria irudituko zaizue, agian: “Hara, beste euskal taliban horietako bat!”, esango duzue, beharbada. Nik ere nire burua lasaitzen ibili naiz azken hilabeteotan: “Ez du horrenbeste garrantzirik”.

    Baina asteazkenean gertaturikoa ezin dut oraindik sinetsi.

    Goizeko 09:50 aldera zen. Erostera sartu naiz zuen dendan, ohi bezala, eta hau entzun dut zuen megafonia sistematik:

    “Hace mucho tiempo que se acabó, 
    pero es que hay cosas que nunca se olvidan,
    por mucho tiempo que pase. 
    1582, el sol no se ponía en nuestro Imperio, 
    
me gusta mucho esa frase.
     
Con los Austrias y con los Borbones  

    perdimos nuestras posesiones. 
    
Esto tiene que cambiar,
    nuestros nietos se merecen 
    
que la historia se repita varias veces.
     
Mira como gana la selección,  
España está aplastando a Yugoslavia  
por veinte puntos arriba. 
    
Cambia el rumbo de la evasión,  
de Cuba van directos a Canarias,  
ya no van a Florida. 
    
Los Mc Donalds están de vacas flacas, 
    
ha vencido la tortilla de patatas.  

    En Las Vegas no hay black jack,  

    sólo se juega al cinquillo, 
    
y la moda es en rojo y amarillo. 
    
Lo, lo, lo, lo, lo, seremos de nuevo un Imperio.  

    Lo, lo, lo, lo, lo, seremos de nuevo un Imperio.  

    Lo, lo, lo, lo, lo, seremos de nuevo un Imperio.  

    Lo, lo, lo, lo, lo, seremos de nuevo… 

    Los Nikis Madrilgo taldearen “El imperio contraataca” kanta da. Abestiaren egileek diote “ironiaz” idatzi zutela, baina ez dago argi. Gauza bat bai dago argi: kanta hori Espainiako neo-nazien ereserkia bihurtu da azken hamarkadotan.

    Non eta gure herrian entzun behar! Non eta Eroskin! Gure dirua uzten dugun bitartean.

    Gauza bat da euskal musikari boikot egitea hari musikalean, baina, horrez gain mezu neonaziak zabaltzea, ez al zaizue gehiegi iruditzen?

    Galdera andana etortzen zaizkit burura: Nori kontratatzen diozue hari-musikala? Ordaindu egiten diozue “zerbitzu” horrengatik? Benetan? Ez al zaizue iruditzen Eroskik eman nahi duen irudiaren kontrakoa dela? Gure diruaren zati bat hori ordaintzera doa? Euren diruarekin zigortzen dituzue bezeroak?

    Ez dut uste zaila izango zaizuela zerbitzu hobea emango duen kanala edo enpresarekin ordezkatzea Ynestrillasen hari musikal hori, eta zer edo zer “neutroago” jartzea. EITBk badu musika kanal bat zuentzat eredugarri izan daitekeena: nazioarteko musika (Espainiakoa ere, noski) euskal musikarekin tartekatuta jartzen dute. Atsegina da eta inor ez da lekuz kanpo sentitzen hori entzunda.

    Eskertuko nuke halako zer edo zer jarriko bazenute.

    Zuen gazpatxoa erosten dut, baita patata tortillak eta pizzak ere. Baina Euskal Herriko porruak, patatak eta Gernikako piperrak ere nahi ditut, Benito Lertxundi ere entzuten, ez eta Benito Mussolini.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude