Boxeoa ikusten

Berandu erretiratu nintzen bart, antzinako senak bultatuta-edo, Boxeo izarrak ikusten geratu bainintzen, ETB1n. Muhammad Alik izan zuen errua, gure gaztaroa markatu zuen boxeolariak. Saio monografikoa eskaini zion Euskal Telebistak, eta bertan Alik jokatutako borrokaldi esanguratsuenak ikusi ziren.

Ordurako lur jota nengoen, ostiral iluntzero bezala, eta saioaren aurreko pilota partidan loak hartu ninduen. Hala ere, eutsi egin nion, eta sei bat borroka ikusi nituen, ohera joan aurretik. Gehienak ikusita nituen, gaztaroan Aliren ia borroka guztiak ikusi genituen-eta, hain geunden liruratuta berarekin.

Gaur egun ez zait gustatzen boxeoa, basakeria hutsa iruditzen zait, baina Muhammad Ali jartzen bada tartean, atzera egiten dut denboran. Etxean liburu potolo bat daukat —El más grande. Mi propia historia—, Muhammad Alik eta Richard Durhamek idatzia, eta hor dago ni noiz erretiratuko zain, patxadaz har dezadan esku artean.

Zer izango da, zenbat eta zaharrago egin, haurtzaroak indar handiagoz tiratzen duela?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude