Jaizale

Orain astebete ezagutu ere ez nuen egiten Jaizale taberna, Arrasaten. Banekien orain dela ez asko euskaltzale talde batek hartu zuela, baina ez gehiago.

Joan den astean, berriz, Jesus Garmendia lagunak eraman ninduen hara, eta bertan izan ginen ordubete luze, kontu-kontari. Atzo, bigarrenez, Joxe Felix Diaz de Tuesta eta biok sartu ginen Jaizalera, arratsaldean, eta bertan gure azken proiektuen berri eman genion elkarri.

Aldi bietan, zerbitzariak oso ondo hartu gintuen, eta lasai sentitu ginen bertan zeuden bezero gazteen artean.

Kategoriak Lagunak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Noiztik Laboral Kutxa konfesionala?

Captura de pantalla 2015-03-12 a las 22.11.51

Oraindik ulertu ezinik nabil zer egiten duen Txomin Garcia Laboral Kutxako lehendakariak Arizmendiarrieta santu egiteko batzordeko buru. Itxura guztien arabera —paperek hori diote— gizarte laiko batean bizi gara, eta gizarte laikoetan badakigu erlijioa gizabanakoaren kontua dela, alegia, zerbait pribatua. Baina, antza denez, gurean gizarte laikoa ameskeria hutsa da.

Kasu honetan, kooperatibetako bankuaren buruak erabaki du berak ordezkatzen duen erakundeak konfesionala balitz legez jokatzea, eta horretarako munduko erlijio baten alde egin du, katolizismoa, aintzat hartu barik Laboral Kutxako bezeroak askotarikoak direla, eta berauen artean ez direla gutxi beste erlijioren batekoak, agnostikoak, ateoak edo kontu horiek piperrik ere inporta ez zaizkienak.

Gizarte laiko batean Javier Retegik eta Juan Manuel Sindek, gizabanako eta herritar soil diren neurrian, libre dira proposatzeko beren konfesioko norbait aldare batera igo dezaten, horren kapritxoa baldin badute. Baina Laboral Kutxako lehendakaria —eta, bidenabar esanda, Euskadikoa— fregau horietatik kanpo egon beharko lirateke, kargu horiek dituzten bitartean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Iruzkin 1

Earth View aplikazioarekin flipatzen

Captura de pantalla 2015-02-06 a las 09.40.25

Egun hauetan beste modu bat aurkitu dut munduko bazterrak beste modu batean ezagutzeko, ordenagailua utzi barik. Gari Araolaza lagunari zor diot halako ditxa, berari irakurri bainion gomendioa Twitterren:

Captura de pantalla 2015-02-06 a las 09.41.27

Mezu hori irakurri bezain laster, nik ere instalatu egin nuen Earth View nire Chrome nabigatzailean. Kontua da fitxa berri bat irekitzen dudan bakoitzean, hain dira ederrak eta ikusgarriak bertan agertzen zaizkidan irudiak, eurei begira geratzen naizela, ahaztuta zertarako ireki nahi nuen fitxa berria. Noiz edo behin, gainera, irudiaren behe aldean egiten dut klik, eskuinean agertzen den izenean, eta Google Earth-ek eskaintzen dit, beste fitxa batean, toki horren beste ikuspegi bat.

Hortaz, ari naiz munduko geografia gozatzen, nahiz eta nire nabigazioak sufritu egin duen apur bat, ezusteko atseginek eten egiten baitidate lana.

Kategoriak Ordenagailua | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Cosmos zientzia saioa euskaratzen

Orain 33 urte pasatxo, Idahon geundela lagun batzuen etxean, lehen aldiz ikusi nuen Cosmos saioa PBS AEBetako telebista publikoan. Artean ez nekien ingelesik, eta lagunen azalpenekin konformatu behar, baina zur eta lur geratu nintzen saioaren irudiekin: zine aretoetatik kanpo, ikusi gabea nintzen horrelako irudiak, zientzia ulertarazteko helburuarekin eginak ziren-eta.

Miresmen hura gogoan, Cosmos saioaren bigarren aroa hasi naiz ikusten, Neil deGrasse Tyson astrofisikariak gidatua. Berriro ere, txundituta geratu naiz saioaren kalitatearekin. Horregatik, erabaki dut, poliki-poliki, euskaratu egingo ditudala lehen urteko 13 saioak, euskaldunok ere aukera izan dezagun denboraldi osoa euskarazko azpitituluekin ikusteko.

Euskal Herriko zientzia zaleek, irakasleek, ikastetxeek eta unibertsitateek aintzat hartu beharko lukete saio hau, ezinbesteko bidelaguna izango dute-eta gure artean zientziaren mirariak zabaltzeko. Azpitituluak.com webgunean aurki daiteke.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

“Medikuak esan dit…”, oraindik bueltaka

Garoa-liburudendan

Laster 11 urte beteko dira nire lehen liburuak argia ikusi zuenetik: “Medikuak esan dit minbizia dudala”. Lehen argitalpena agortu zen, eta oraingoa bigarrena da. Nire ustez, liburuak aspaldi eman zituen onenak, baina, noiz edo behin, iristen zait berri pozgarriren bat haren inguruan, esaterako baten batek irakurri duela edo nonbaiten ikusi dutela.

Atzo, adibidez, lagun on batek idatzi zidan larunbatean Donostian izan zela, eta, hara eta hona zebilela, Garoa liburu dendan sartu zela, Gros auzoan. Egin zituen minutu batzuk barruan, eta, halako batean, mahai batean, dendaren erdi-erdian, liburu pila bat. Dendariak argitu zizkion hango edukien nondik norakoak:

“Bueno, mahai honetan dauden liburuek badute arrazoi bat egoteko… izaten dira bereziak. Egin nahi dugunaren lehen adierazpena da. Egin gura dugu idazle bati eskatu 30 liburu gomendatzeko, eta hemen erakutsi. Oraindik nahasian daude liburuak, ze idazleak gomendatutakoak daude, beste batzuekin batera, baina hasita gaude aldatzen. Azkenengoak Andu Lertxundik gomendatu dizkigu. 30 liburu gomendatu dizkigu eta hauek dira…”.

Antza denez, Anjel Lertxundik Oinazea hartu du gaitzat, eta horren inguruko 30 liburu aukeratu ditu, tartean, “Medikuak esan dit minbizia dudala”. Eta lagunak argazki bat bidali zidan, goikoa, neure begiekin ikus nezan zelan zeuden liburuak. Nirearen ondoan, euskarazko bi literatur lan daude: “Errautsera arteko sugarra”, Imanol Zurutuzarena, eta “Twist”, Harkaitz Canorena.

Eskertzen diot Anjel Lertxundiri aukeratu izana “Medikuak esan dit minbizia dudala”, ezer baino gehiago lekukotasun liburua. 2009an biok izan ginen Donostian minaren inguruan hitz egiten, eta orduan erakutsi zigun hitzaldi gogoangarri batean literaturak zelan erretratatu duen oinazea.

Eta ezin dut mezu hau amaitu eskertu barik nire lagun onari informazio hau bidali izana, argazki eta guzti. Mila esker!

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Gure haurtzaroko alkate hura

UribarrenaAlkatetzan

Zortzi urte nituela, Musakolako eskolan nenbilen, Mondragoen, eta orduan esan ziguten herriak alkate berria zuela, Justo Uribarrena. Eta handik gutxira, alkatea eskola inguruan agertu zen, bertako jendearekin adosteko zeintzuk ziren premiarik gorrienak azpiegiturei zegokienez. Eta, uste baino lasterrago, herri lanak hasi ziren eskola inguruan eta auzoan. Eta bertan sarri agertu zen alkate estreinatu berria, herri lanok ikuskatzera. Eta, noiz behinka, inguruko neska-mutikoekin ere hitz egiten zuen, gizon hura adeitsua baitzen. Bat-batean, karguan urte eta erdi inguru zeramala, hil egin zen, 48 urterekin. Pena handiz hartu genuen haren heriotza.

Mende erdi igarota, atzo Josemari Velez de Mendizabal idazlearen artikulu bat irakurri nuen, “Justo Uribarrena, Arrasateko alkatea”, hari eskainita. Berau irakurrita jakin dut Justo Durangokoa zela jatorriz, familia karlista batekoa, eta errekete moduan egin zuela Gerra Zibila. Pedigree horregatik, seguruenik, izendatu zuten Mondragoeko alkate —eta Unión Cerrajerako nagusien oniritzia zuelako, noski, bertako ingeniaria baitzen. Testuinguru hartan, nekez gerta zitekeen beste modu batera.

Eta, hala ere, segitzen dut pentsatzen Justo Uribarrena alkate ona izan zela, kezkatu egiten zelako herritarron premiez, eta gai izan zelako edozeinekin berba egiteko, baita ume mukizuokin ere. Guri beti eskaini zigun irribarrerik zintzoena. Idealizatuta akaso, baina nik horrela gogoratzen dut alkate hura. (Argazkia: Uribarrena Urionaguena familiarena).

Kategoriak Oroimenak | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Bizkaiko itsasoa, espaziotik ikusia

Captura de pantalla 2015-01-20 a las 10.54.59Gaur, 2015eko urtarrilaren 20an, Samantha Cristoforetti italiar astronautak opari ederra bidali digu ISS Nazioarteko Espazio Estaziotik. Oparia —nik, behintzat, halakotzat hartu dut— goiko argazkia izan da, testu honekin:

Hello #Spain! The Bay of Biscay from Gijon to Bilbao. Some snow on the Cordillera Cantabrica. #HelloEarth

Nire begiak Bay of Biscay horretan iltzatu dira (baita argazkiaren ederrean, jakina), ia mundu osoan izen horrekin ezagutzen baita itsaso hori, gure kostaldetik harago ikusten duguna, eta hedatzen dena Brest hiritik Ortegal lurmuturrera. Mundu osoan, salbu Espainian eta Frantzian. Lehenengoan Mar Cantábrico esaten zaio. Bestean, Golfe de Gascogne.

Eta gogora etorri zait aspaldi, non ez dakidala, Xabier Kintana euskaltzainari irakurri nion artikulu bat. Bertan Xabierrek proposatzen zuen Bay of Biscay hori Bizkaiko itsasoa esatea, ia mundu guztiak horrela esaten badio, zergatik ez guk. Jakinda, noski, Biscay hori ez dela Bizkaia zentzu estuan, baizik Euskal Herria, garai batean euskaldunei bizkaitar esaten zitzaien-eta, bai Espainian (Don Quijote de la Mancha lekuko), eta baita beste toki batzuetan ere.

Ni bat nator Xabierrekin, eta ez dut uste hori esanda nazionalismoa egiten ari naizenik. Garai batean euskaldunak puntaren puntan ibili baziren itsasoan, horren arrasto bat (bat askoren artean) da Bay of Biscay hori, munduan aspaldi zabaldu zena, eta de facto aitortzen duena itsaso horretan euskaldunak zirela nagusi.

Gure eguneroko jardunean, oharkabean-edo, Espainiak eta Frantziak ezarritako izenak geureganatu ditugu: Kantauri itsasoa eta Gaskoinako itsasoa. Eta horrekin, bizkarra eman diogu euskaldunon itsas-historiari, guk geuk ukatzen baitugu munduak aitortzen diguna.

Hala ere, zerbait aldatzen hasi da bazterrotan. Konturatu naiz Berria egunkariaren Estilo liburuak bi izen onartzen dituela Bay of Biscay esateko: Bizkaiko golkoa eta Bizkaiko itsasoa. Niri ederragoa iruditzen zait bigarrena. Eta uste dut garaia dela euskaldunok onar dezagun ia mundu osoak aitortzen diguna.

Mila esker argazkiagatik, Samantha, eta zuk ere egun ona izan dezazula hor goian.

Kategoriak Geografia | Etiketak , , , , , | 3 iruzkin

Pressbooks, tresna bikaina autoediziorako

Joan den astean ezusteko ezin atseginagoa hartu nuen Iker Merchán lagunaren doktore tesia gainbegiratzen ari nintzela, bertan konturatu bainintzen tesia idatzita zegoela Pressbooks erabilita, eta software horrek aukera ematen duela nork bere liburua sortzeko, bai formatu digitalean eta baita paperean inprimatzeko. Pressbooks-en sartu, bertan saltseatu, eta ikusi nuen sekulako tresna dela liburu bat, doktore tesi bat edo lan luze bat idatzi nahi duenarentzat. Gainera, Pressbooks lainoan dago, eta aukera ematen du lana editatzeko modu partekatuan.

Berez, Pressbooks CMS bat da, Edukiak Kudeatzeko Sistema bat. Hugh McGuire-k sortu zuen, eta oinarrituta dago WordPress plataforman. Hortaz, WordPress erabili duenari lur ezaguna egingo zaio Pressbooks. Lehen esan dugu Pressbooks CMS bat dela, baina eraldatuta dago liburuak sortzeko. Diseinatzaile baten premia barik, Pressbooks erabiltzen duenak era guztietako liburuak egin ditzake: nobelak, memoriak, saioak, testu akademikoak, egunerokoak, testuliburuak, etab., denak ere itxura profesionalekoak, liburu mota bakoitzak txantiloi bat dauka-eta erabat landua.

Pressbooks-en lan interfazeak sekulako antza du WordPress plataformarena, eta ez du zailtasun berezirik. Bertan, idazleak sor ditzake nahi adina kapitulu edo atal, eta berauek mugi ditzake nahi eran. Testua bertan idatz daiteke, edo beste nonbaitetik inportatu, Word formatuan adibidez. Halaber, software honek aukera ematen dio egileari bere lana hainbat kolaboratzailerekin partekatzeko, zuzenketak-eta egiteko adibidez. Egindako aldaketak ez badira egilearen gustukoak, atzera egin dezake, programak lanaren historiala gordetzen baitu. Orobat, hor bertan, egileak erabaki lezake bere lana zer egile eskubiderekin zabaldu.

Pressbooks softwarean egindako lanak hiru formatutan esporta daitezke: Epub, Mobi eta PDF. Hori dela-eta, lanok hainbat plataforma digitaletan zabal daitezke: Amazon Kindle, Apple iBooks, Nook, Kobo eta Google Play, besteak beste. Baina, nahi izate aldera, paperean ere inprima daitezke, eskariaren araberako inprimategietan, hala nola CreateSpace, IngramSpark eta Lightning Source.

Scrivener ala Pressbooks?

Scrivener ere software berezi bat da, liburuak-eta egiteko. Orain pare bat urte erosi nuen, eta erabili dut, gustura gainera. Hala ere, iruditzen zait Pressbooks aurreratuagoa dela, batetik, bertan lanak edozein ordenagailutatik eskura daitezkeelako (Scrivener, berriz, norberaren ordenagailuan dago instalatuta, Mac izan ala Windows), eta, bestetik, hainbat jendek parte har dezakeelako lanok zuzendu edo editatzen, dokumentu berean, egileak aukera baitu nahi adina jende gonbidatzeko.

Tutorialak

Pressbooks konpainiak ahalegin berezia egin du bere programaren gorabeherak azaltzeko, baita erabiltzaileen zalantzak ere. Informazio hori hainbat euskarritan jaso daiteke:

  1. Idatziz. Bere webgunean, enpresak tutorial idatzi bat prestatu du, eta bertan dena pausoz pauso esplikatzen da.
  2. Bideo bidez. Youtuben enpresak kanal bat sortu du, eta bertan hainbat tutorial jarri ditu, erabat bisualak.
  3. Diapositibetan. Pressbooks hitz gutxitan ulertzeko, diapositiba hauek oso egokiak dira.
Kategoriak Idazkuntza | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

“Puntua” aldizkariaren aurkezpenean

Puntua

Atzo Goiena taldeak Puntua izeneko aldizkaria aurkeztu zuen, eta, hori zela-eta, Mondragoera joan nintzen, jaio berriaren aurkezpenera. Txundituta geratu nintzen zelan aldatu diren Goienaren lantokiak, batez ere lehen eta bigarren solairuetakoak. Zerikusirik ez garai batean zapaldu genituen bulegoekin, gaur egungoak askoz ere egokiagoak eta txukunagoak baitira.

Han nengoela, aprobetxatu nuen aspaldiko lagun eta lankideak agurtzeko, hedabideetakoak, enpresetakoak eta irakaskuntzakoak. Baita hainbat ikasle ohi ere, hantxe praktikak egiten edo lanean. Hala ere, astirik ez denekin hitz egiteko, jende asko elkartu ginen-eta Goienan.

Eta Puntua? Banatu zigutenean, begiratu bat eman, eta oso itxura ona hartu nion: diseinu argia du, letratipo dotoreak, kolore egokiak eta askotariko gaiak, jarrialdi batean gustura irakurtzeko modukoak. Itxurari dagokionez, Puntua aldizkari bikaina da, edonon aurkezteko modukoa. Horregatik, iruditzen zait etorkizunean erronka edukietan izango duela aldizkariak, astero-astero gai eta tratamendu egokiak bilatu beharko ditu-eta, jendea erakartzeko modukoak.

Zorionak, bada, Goienari, beste behin ere asmatu duelako geroari aurre egiten, oraingoan lan-talde osoa leku berean bilduta, azpiegitura egokiekin, eta zorionak Puntua egiten duen taldeari, orain arte, behintzat, lan bikaina egin du-eta. Zorterik onena atorkizunean!

Kategoriak Hedabideak | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

San Tomas, zientzialarien patroia?

Tomas

The Unbelievers dokumentala ikusi nuenean, arreta eman zidan Richard Dawkins biologoak eta Lawrence Krauss fisikariaren arteko elkarrizketa batek Royal Society izeneko museoan, Londresen. Bertan, zirela, Kraussek aitortu zion bere lagunari San Andres omen dela Royal Society delakoaren patroia. Eta Dawkinsek erantzun: “Eta zergatik ez Tomas zalantzatia? Bera litzateke Zientziaren patroi egokia”.

San Tomas zuen gogoan Richard Dawkinsek, Jesukristoren apostoluetako bat, zergatik eta ez zuelako sinetsi bere lagunek esana, Jesus berpiztu egin zela. Honela kontatzen du San Joanen ebangelioak pasadizo hura, Tomasek zelan erantzun zien beste apostoluei:

Haren eskuetan iltzezuloak ikusten ez baditut, nire behatza Haren iltzezuloetan sartzen ez baditut, eta nire eskua Haren saihetsean, ez dut sinetsiko.

Alegia, Tomas ebidentziak eskatzen ari zitzaizkien bere lagunei, orduan eta gaur zientzialariek egiten duten gauza bera, zientzia zalantzak aurreratu baitu beti. Horregatik Dawkinsen proposamena.

Elizak, ordea, gutxietzi egin zuen Tomasen jarrera. Ebangelista berak kontatzen duenez, zortzi egun geroago horrela erantzun omen zion Jesukristok berak Tomas sinesgogorrari:

Ekatzu behatz hori, hona hemen nire eskuak; ekatzu esku hori, eta sar ezazu nire saihetsean; eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.

Alegia, utzi alde batera ebidentziak, ez eskatu horrelakorik, eta sinetsi nik esandakoa. Hori izan da Eliza katolikoaren jarrera, eta horrek ekarri zuen Inkisizioa, zeinaren bidez Elizak torturatu eta hil egin zituen sinesgogorrak.

Kategoriak Zientzia | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina