“Medikuak esan dit…”, oraindik bueltaka

Garoa-liburudendan

Laster 11 urte beteko dira nire lehen liburuak argia ikusi zuenetik: “Medikuak esan dit minbizia dudala”. Lehen argitalpena agortu zen, eta oraingoa bigarrena da. Nire ustez, liburuak aspaldi eman zituen onenak, baina, noiz edo behin, iristen zait berri pozgarriren bat haren inguruan, esaterako baten batek irakurri duela edo nonbaiten ikusi dutela.

Atzo, adibidez, lagun on batek idatzi zidan larunbatean Donostian izan zela, eta, hara eta hona zebilela, Garoa liburu dendan sartu zela, Gros auzoan. Egin zituen minutu batzuk barruan, eta, halako batean, mahai batean, dendaren erdi-erdian, liburu pila bat. Dendariak argitu zizkion hango edukien nondik norakoak:

“Bueno, mahai honetan dauden liburuek badute arrazoi bat egoteko… izaten dira bereziak. Egin nahi dugunaren lehen adierazpena da. Egin gura dugu idazle bati eskatu 30 liburu gomendatzeko, eta hemen erakutsi. Oraindik nahasian daude liburuak, ze idazleak gomendatutakoak daude, beste batzuekin batera, baina hasita gaude aldatzen. Azkenengoak Andu Lertxundik gomendatu dizkigu. 30 liburu gomendatu dizkigu eta hauek dira…”.

Antza denez, Anjel Lertxundik Oinazea hartu du gaitzat, eta horren inguruko 30 liburu aukeratu ditu, tartean, “Medikuak esan dit minbizia dudala”. Eta lagunak argazki bat bidali zidan, goikoa, neure begiekin ikus nezan zelan zeuden liburuak. Nirearen ondoan, euskarazko bi literatur lan daude: “Errautsera arteko sugarra”, Imanol Zurutuzarena, eta “Twist”, Harkaitz Canorena.

Eskertzen diot Anjel Lertxundiri aukeratu izana “Medikuak esan dit minbizia dudala”, ezer baino gehiago lekukotasun liburua. 2009an biok izan ginen Donostian minaren inguruan hitz egiten, eta orduan erakutsi zigun hitzaldi gogoangarri batean literaturak zelan erretratatu duen oinazea.

Eta ezin dut mezu hau amaitu eskertu barik nire lagun onari informazio hau bidali izana, argazki eta guzti. Mila esker!

Kategoria: Liburuak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

2 Responses to “Medikuak esan dit…”, oraindik bueltaka

  1. egilea: patxi lurra

    Bizitza luzea liburuari!

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Patxi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude