Pressbooks, tresna bikaina autoediziorako

Joan den astean ezusteko ezin atseginagoa hartu nuen Iker Merchán lagunaren doktore tesia gainbegiratzen ari nintzela, bertan konturatu bainintzen tesia idatzita zegoela Pressbooks erabilita, eta software horrek aukera ematen duela nork bere liburua sortzeko, bai formatu digitalean eta baita paperean inprimatzeko. Pressbooks-en sartu, bertan saltseatu, eta ikusi nuen sekulako tresna dela liburu bat, doktore tesi bat edo lan luze bat idatzi nahi duenarentzat. Gainera, Pressbooks lainoan dago, eta aukera ematen du lana editatzeko modu partekatuan.

Berez, Pressbooks CMS bat da, Edukiak Kudeatzeko Sistema bat. Hugh McGuire-k sortu zuen, eta oinarrituta dago WordPress plataforman. Hortaz, WordPress erabili duenari lur ezaguna egingo zaio Pressbooks. Lehen esan dugu Pressbooks CMS bat dela, baina eraldatuta dago liburuak sortzeko. Diseinatzaile baten premia barik, Pressbooks erabiltzen duenak era guztietako liburuak egin ditzake: nobelak, memoriak, saioak, testu akademikoak, egunerokoak, testuliburuak, etab., denak ere itxura profesionalekoak, liburu mota bakoitzak txantiloi bat dauka-eta erabat landua.

Pressbooks-en lan interfazeak sekulako antza du WordPress plataformarena, eta ez du zailtasun berezirik. Bertan, idazleak sor ditzake nahi adina kapitulu edo atal, eta berauek mugi ditzake nahi eran. Testua bertan idatz daiteke, edo beste nonbaitetik inportatu, Word formatuan adibidez. Halaber, software honek aukera ematen dio egileari bere lana hainbat kolaboratzailerekin partekatzeko, zuzenketak-eta egiteko adibidez. Egindako aldaketak ez badira egilearen gustukoak, atzera egin dezake, programak lanaren historiala gordetzen baitu. Orobat, hor bertan, egileak erabaki lezake bere lana zer egile eskubiderekin zabaldu.

Pressbooks softwarean egindako lanak hiru formatutan esporta daitezke: Epub, Mobi eta PDF. Hori dela-eta, lanok hainbat plataforma digitaletan zabal daitezke: Amazon Kindle, Apple iBooks, Nook, Kobo eta Google Play, besteak beste. Baina, nahi izate aldera, paperean ere inprima daitezke, eskariaren araberako inprimategietan, hala nola CreateSpace, IngramSpark eta Lightning Source.

Scrivener ala Pressbooks?

Scrivener ere software berezi bat da, liburuak-eta egiteko. Orain pare bat urte erosi nuen, eta erabili dut, gustura gainera. Hala ere, iruditzen zait Pressbooks aurreratuagoa dela, batetik, bertan lanak edozein ordenagailutatik eskura daitezkeelako (Scrivener, berriz, norberaren ordenagailuan dago instalatuta, Mac izan ala Windows), eta, bestetik, hainbat jendek parte har dezakeelako lanok zuzendu edo editatzen, dokumentu berean, egileak aukera baitu nahi adina jende gonbidatzeko.

Tutorialak

Pressbooks konpainiak ahalegin berezia egin du bere programaren gorabeherak azaltzeko, baita erabiltzaileen zalantzak ere. Informazio hori hainbat euskarritan jaso daiteke:

  1. Idatziz. Bere webgunean, enpresak tutorial idatzi bat prestatu du, eta bertan dena pausoz pauso esplikatzen da.
  2. Bideo bidez. Youtuben enpresak kanal bat sortu du, eta bertan hainbat tutorial jarri ditu, erabat bisualak.
  3. Diapositibetan. Pressbooks hitz gutxitan ulertzeko, diapositiba hauek oso egokiak dira.
Kategoria: Idazkuntza Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

2 Responses to Pressbooks, tresna bikaina autoediziorako

  1. egilea: Iker

    Nire tesia lantzeko orduan, antzeko programen aurrean bi irizpide izan ditut: bat, cloud compunting-ekoak hobestea, alegia, hodeian lan egiten dutenak eta edonondik eskura daitezkeenak; eta, bi, software librekoak. Hortaz, nire tesia egiteko, programa hauek erabili ditut:

    Pressbooks: tesia idatzi eta editatzeko. WordPress-en testua lantzen duzu, eta gero hainbat formatuetara atera: webgunea, liburu elektronikoa, inpresio profezionala… Wysiwyg (Openoffice bezala) eta LaTEX bezalako markazio sistemen onurak uztartzen ditu
    Wizfolio: bibliografia kudeatzeko. Google Scholarren dago txertatuta. Pribatiboa da.
    Google Drive: seguritate kopia moduan.
    LibreOffice: grafikoak egiteko.
    Google Scholar eta Google Books.

    Nire tesian bertan esplikatzen dut hau guztiau, eranskin batean: “Descripción de las herramientas utilizadas”, 375 orrialdean hasita. https://dl.dropboxusercontent.com/u/284774/The-gender-digital-divide-La-brecha-digital-de-g%C3%A9nero-def.pdf

  2. Pingback: Pressbooks, tresna bikaina autoediziorako

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude