Vellum: liburu digitalak, errazago

vellum-mba-ipad-backdrop

Orain arte zaila izan da nork bere liburu digitala txukun sortu eta argitaratzea, letratipo dotoreekin, kapitulu eta izenburu txukunekin. Orain, berriz, Vellum dago, doako aplikazio bat Mac ordenagailuetarako, eta horrek gauzak izugarri errazten ditu.

Brad West eta Brad Andalman Pixar animazio-enpresako bi langile ohik sortu zuten Vellum, ikusita zein zaila zen idazleentzat liburu elektronikoak bere kasa argitaratzea. Ez dago ukatzerik lan ona egin dutela, Vellumekin askoz ere errazagoa baita liburu elektroniko bat egin eta argitaratzea.

Abiapuntua .DOCX dokumentu bat da. Berdin da idazleak zein aplikazio erabili duen bere lana idazteko, Word, Scrivener edo Ulysses, nik erabili ditudan hiru aipatzearren. Idatzitakoa gordetzen da .DOCX formatuan, eta hori inportatu egiten da Vellum aplikaziora.

Idazleak kapitulutan antolatu badu bere lana, zenbakiak erabilita esate baterako, Vellumek hori atzeman, eta kapitulutan antolatuko du liburua. Hortik aurrera, prozedura erraza da, Vellumen egitura errazari esker, berau hiru zutabetan baitago antolatuta: ezker zutabean, kapituluak; erdikoan, aukeratutako kapitulu baten testua; eta eskuinekoan, zelan ikusten den azken emaitza telefono, tableta edo liburu-irakurgailu batean.

Idazleak manipulatu ditzake letratipoak, estiloak eta txantiloiak, eta berehala ikusi zelan ikusiko den azken aparailuan, esportatzen ibili behar barik, eta gero probatzen han eta hemen. Hortxe dago Vellumen abantailarik handienetakoa.

Azken emaitza (liburu digitala, alegia) salgai jar daiteke Applen iBooks dendan, Amazon, Kobo, Nook eta Google Play dendetan, Vellumek zehatz-mehatz esportatzen du-eta liburua denda horiek eskatzen dituzten xehetasun guztiekin. Halaber, aukera ematen du liburua ePub formatuan esportatzeko, beta irakurleek iradokizunak egin ditzaten.

Liburu bat argitaratzea 30 dolar kostatzen da; 10 liburu argitaratzea, berriz, 100 dolar; eta lizentzia mugagabea erostea, 200 dolar. Hemen dago tutorial ona, eta bertatik jaits daiteke Vellum aplikazioa.

Probatu dut aplikazioa, lehendabizi jaitsita eta gero tutoriala eginda, baita bertan nire materiala txertatuta, eta zoragarri ibili da. Soilik azken pausoa ez dut eman, liburua formatu guztietan argitaratzea. Hori liburu bat egin nahi dudanerako utziko dut.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , , , , | 2 iruzkin

Eskuin espainiarraren erregaia

Hauteskunde-gauean entzun nion ezker abertzaleko kide bati Euskadik eta Kataluniak bozkatu dutela Espainia aldatzeko, baina Espainiak bozkatu duela Espaina bera ez aldatzeko.

Bat nator iritzi horrekin, baina zer dela eta Espainiak ez du nahi aldatzerik, halako ustelkeria eta desgobernu bizi ondoren? Suso de Toro kazetari galiziarrak arrasto bat utzi zigun bozketa-eguna egin baino lehenago, joan den ekainaren 15ean El Diario.es egunkarian idatzitako zutabe batean: “Más que dudas”. Horrela zioen:

La derecha española está unida por una fe nacionalista y reaccionaria, un españolismo tan exaltado como acomplejado e ignorante. Ese carburante ideológico le permite a la derecha seguir movilizada y apoyando a “su” partido haga lo que haga, aunque sus dirigentes nos metan en guerras, roben y cobren sobres con dinero procedente del delito les da igual, y aunque desprecien a su candidato lo votan. Me parece un indudable logro político de Aznar, pero un logro miserable que corrompe todo lo que haya de decente en una sociedad.

Kategoriak Politika | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Idoia Larrañaga, Donejakue bidean

27842785341_ca20c8fd7b_o

Idoia Larrañaga Najeran, Donejakue bidean egindako lagun korear batekin.

Urtebete eta erdi pasatxo tratamenduan ibili ondoren bularreko minbiziari aurre egiteko, indartsu sentitu zenean, Idoia Larrañaga elorriarrak erabaki zuen Donejakue bidea egingo zuela, bakarrik joanda.

Esan eta egin. Hilabetez-edo prestaketak eginda, ekainaren 18an abiatu zen Orreagatik. Dagoeneko astebete egin du, laurden bat, eta aldi horretan denetik tokatu zaio: euri-zaparradak, bero kiskalgarriak, aldapak, lauak, taldean ibiltzea, bakarka…

Hala ere, indartsu iritsi da Santo Domingo de la Calzadara, Errioxan. Hantxe izan ginen atzo, eta ikusi genuen Idoia sendo eta zindo dagoela, pozik orain arteko esperientziarekin. Bere azken asmoa da Santiago de Compostelara iristea santuaren egunean bertan. Seguru gaude lortuko duela, eta sekula ez duela ahantziko bidean bizitzen ari den esperientzia.

Flickr-en album bat sortu dugu, Idoia Larrañaga Donejakue bidean, bertan erakusteko Idoiak bere bidean izango dituen esperientziak.

Kategoriak Lagunak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Horrelako leku batean ikasi nahiko nuke

Captura de pantalla 2016-06-16 a las 22.39.10

Gaztea banintz, eta unibertsitate-ikasketak aukeratu beharko banitu, nahiko nuke Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi Mondragon Unibertsitatean, Aretxabaletako campusean zehazkiago, liluratuta nago-eta zein interesgarri bihurtu duten ikasketa-prozesua nire lankide ohiek.

Goienako bideo hau ikusteak sendotu du nire iritzia, aurretik lankide ohiei entzunda nekien arren ikasturte honetan aldaketa sakona egin dutela irakasteko moduan.

Bideoan ikusi ditut 2. mailako ikasleak buru-belarri lanean, taldetan, pozik eta emozio puntu batekin, atzo zen-eta estrenatzekoa eurek sortutako telesail baten lehen kapitulua. Neure artean: “Bigarren mailan daude eta dagoeneko egin dute programa oso bat telebistarako! Hori bai balentria!”.

Lan-sekuentziak

Hemen dago aldaketa handiaren gakoa: lan-sekuentziak. Amaia Pavon irakasleak Atabala blogean esplikatu duen moduan, “ikasturtea ez da ikasgaika edo materiaka antolatu, aldiz, ikasleak proiektu edo sekuentzia bakarrean jardun dira hiru, lau, bost edo sei astez, eta guztira, ikasturtea, hainbat lan sekuentziez osatuta egon da”.

Gero esplikatzen du berak eta Idoia Astigarragak koordinatu duten sekuentzia: Entretenimentuzko programa bat sortzea telebistarako. Sei aste behar izan dute ikasleek lan-sekuentzia hori osatzeko, eta emaitza da “Bota erronka” izeneko saioa, zortzi astez Goiena Telebistak emango duena, 2. mailako talde bakoitzak atal oso bat egin behar izan baitu.

Merezi du Amaia Pavonen artikulua arretaz irakurtzea, hortxe dago-eta iraultzaren gakoa, eta horrek esplikatzen baitu ikasleen inplikazioa eta erakutsitako maila. Amaiak horrela amaitzen du bere azalpena:

Duda barik, lan-martxa gogorra izan da ikasle zein irakasleontzat, denok ere nekatu samar amaitu baitugu sekuentzia. Eguneroko lan-dinamikak ere badu nondik hobetu, datorren ikasturterako birplanteatu behar diren jarduerak egon badaudelako. Hala eta guztiz ere, egon diren emaitza bikainak kontuan hartuta, eta ikasleen gogobetetze maila ikusirik, arrakastatsua izan da lan-sekuentziaren lehenengo saiakera.

Izango dute, bai, zer hobetua datorren ikasturterako, baina, kanpotik ikusita, erabat erakargarriak egin zaizkit bai metodologia eta baita emaitza ere. Horregatik diot neuk horrelako leku batean ikasi nahiko nukeela. Zorionak nire lankide izandakoei eta ikasleei, lan ederra egin dutelako, ezinago interesgarria!

Kategoriak Hezkuntza | Etiketak , , , , , , , , , , | 2 iruzkin

Jon Salaberri liburua, Hego EHko liburutegi digitaletan

2b2ba7e2-eec9-4a3b-a4b0-4a06c34abd74

“Jon Salaberri” liburu digitala, PDF formatuan inprimatuta, Kulturaten, Arrasaten.

Sei hilabete joan direnean Jon Salaberri izeneko liburu digitala hiru formatutan eta doan kaleratu nuenetik, jakin dut bai eLiburutegiak eta baita Nafarroako liburutegiak sartu dutela liburua beren eskaintzan.

Albisteak izugarri poztu nau, aspaldi amaitu nituen-eta hasierako promozio-lanak. Orain jendeak erabakiko du liburuak zer bide egiten duen plataforma digital horietan. Eskertu nahi diet, hori bai, eLiburutegiko eta Nafarroako liburutegiko arduradunei liburua beren plataformen magalean hartu dutelako.

Urte erdian jaitsitako liburu kopurua

Efemeride txiki hau aprobetxatuta, berriro begiratu dut Bit.ly zerbitzuan, jakiteko zenbat jendek jaitsi duen liburua Dropboxetik. Emaitza da 321 lagunek jaitsi dutela Jon Salaberri liburua, formatu hauetan:

  • Epub: 163
  • Pdf: 85
  • Mobi: 83

Bilakaera

Jakin nahi duenak zer bilakaera izan duen liburuak berau jaisteko orduan, ikus ditzake datuak hemen bertan idatzitako bi artikulutan:

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Ikasteko manerak


Learning Frank Smith ikertzaile estatubatuarrak 1998an idatzi zuen The Book of Learning and Forgetting, (Ikasteko eta ahanzteko liburua) eta bertan azpimarratzen du bi teoria daudela ikasteko: klasikoa eta ofiziala.

Ia hogei urte igaro dira liburua argitaratu zenetik, baina oraindik ere hezkuntzako profesionalek oso kontuan hartzen dute. Will Richardson pedagogo ezagunak, esate baterako, aitortu du di-da batean irakurri duela, ezinago interesgarria egin zaiolako. Richardsonek horrela laburbildu du liburua Medium agerkarian:

Teoria klasikoa

Egileak honela deskribatzen du ikasteko teoria klasikoa:

Ikasten dugu gure inguruko jendeagandik, eurekin identifikatzen gara-eta. Ezinbestean ikasten dugu eurengandik, eta ikasten dugu konturatu barik ikasten ari garela… Gure mundu pertsonalen inguruan dugun jakintza inportante ia guztia eta mundu horietan zehar nabigatzeko garatu ditugun trebetasunak, bide klasikoaren bidez ikastearen ondorio zuzena dira.

Teoria ofiziala

Teoria klasiko edo lege zaharrekoari, berriz, Frank Smithek bide “ofiziala” kontrajartzen dio, zeina baita, bere ustez, “jasoa, koertzitiboa, manipulatzailea, diskriminatzailea eta okerra”.

Teoria horrek dio ikastea lana dela, eta edozer ikas daitekeela, ahalegindu eta kontrolatuz gero. Teoria hau nagusitu da haur eskolan hasi eta unibertsitateraino. Askok ez diote alternatibarik ikusten. Ikuspegi honek —zeinari deitzen baitiot ikasteko eta ahazteko teoria ofiziala—, ondorio hauek eragiten ditu:

  • Jendea behartzea modurik inefizientenean ikastera, zeinak bermaturik daukan ikasitakoa berehala ahaztea.
  • Norbanakoak komentzitzea ez dutela ikasiko, ahalegin jakin bat egin ezean, eta hori lortzen ez badute euren errua dela.
  • Ikasleak elkarrengandik banatzea, elkarri lagun ez diezaioten.
  • Ikasleak eta irakasleak behartzea programa eragingabeak erabiltzera, urreneko agintariek diseinatuak.
  • Ikasle eta irakasleei denbora galaraztea ariketa errepetitiboak egiten, zeinen bidez ikastea bihurtzean baita frustantea eta zaila.
  • Test diskriminatzaile eta etsigarriak inposatzea, eta hauen bidez ziurtatzea laguntza gehien behar dutenek jasoko dutela gutxiena.
  • Ikasleak, irakasleak eta gurasoak komentzitzea hezkuntzari buruzko gauzarik inportanteena direla notak eta graduak.
  • Ikaskuntza lehiaketa bihurtzea, zerbait atsegina izan beharko litzatekeenean.
Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Miren Ansola zenaren arrastoan Bilbon

Iturburun

Idoia Larrañaga, Maribi Etxaburu, Bego Larrañaga, Joxe Aranzabal eta Iñaki Larrañaga Iturburu kalean, Bilbon.

Bizi izan balitz, atzo 100 urte beteko zituen Bego emaztearen amak, Miren Ansola lekeitiarrak. Hori zela-eta, haren hiru seme-alaba eta horien bi ezkontide Bilbora joan ginen, Mirenen gaztaroko zenbait leku esanguratsu bisitatzeko asmoz.

Izan ere, Miren Ansola Lekeition jaio zen, baina urte batzuk Bilbon bizi izan zen, gerra garaian, berak 20 urte zituela, arrainontzi batean utzi behar izan baitzuen bere jaioterria guraso eta zazpi neba-arrebekin (tartean Benito Ansola, geroago Lekeitioko Euskal Zine Bilerako sortzailea), auzo batek salatu egin zituelako, Ansola-Erkiagatarrak abertzaleak zirelako.

Bilbora, autobusez

Autobusa Zabalburun utzita —erabaki genuen autobusez joango ginela Bilbora—, San Frantzisko kalean behera abiatu ginen, San Antongo zubiraino. Inguru haietan Iturburu kalea bisitatu genuen, eurak bizi izandako kalea, San Anton elizan geratu ginen, Miren hantxe ezkondu zen-eta hamabi urte geroago Luis Larrañaga elorriarrarekin, zeina ezagutu baitzuen Larrinagako espetxean. Eta hori zela-eta, Zabalbide kalean gora egin genuen, Zabalbide eta Fika elkartzen diren tokiraino, hantxe egon zen-eta ia ehun urtez Larrinagako espetxea, nahiz eta gaur egun ohar ziztrinik ere ez dagoen hura gogorarazteko.

Erriberako merkatuan atsedenaldi txiki bat egin genuen, bertan ardo zuri bana hartzeko. Eta handik Zazpi kaleetara, Patxi Anzola agurtzera, Mirenen neba, berau 94 urtekoa. Handik La Colmena behianalako litxar-dendara abiatu ginen, urteetan hantxe egin baitzuen lan Miren Ansolak. Aurkitu ere aurkitu genuen, eta gure harridurarako, jakin genuen etxe hartan bertan jaio zela Miguel Unamuno pentsalari bilbotarra.

Aipatu leku guztietan argazkiak egin genituen, gehienak selfie erara, Iñaki Larrañagaren trebeziari esker.

Bazkaltzera ibaiadarraren beste aldera joan ginen, Agape jatetxera, Hernani kalean, eta han ederto jan genuen, menu sofistikatu eta gozoa, oso prezio onean. Eta orduan Iñaki Murua lehengusuaz gogoratu ginen, eskertzeko haren gomendioa, berak esanda joan ginen-eta hara.

Ondorengo orduak paseatzen egin genituen; Karola garabiraino joan ginen-eta, mantso-mantso, autobus geltokira bidean. Buelta porru eginda egin genuen, baina pozik, Miren Ansolaren oroimenez egindako egunagatik.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , , , , , , | Iruzkin 1

“Ganbara” berripapera

Sasoi batean, berripaperak egin nituen, ingelesez newsletter haien antzekoak; tartean, hauek: Euskararen Berripapera, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarentzat, Campusa, Euskal Herriko Unibertsitatearentzat, Pas de Basque, Ikerfolk elkartearentzat, eta Herri.KO, euskarazko herri komunikabideentzat.

Ganbara Horiek guztiak inprimategira eramaten nituen, ale dezente egiten ziren-eta bakoitzarentzat. Bat, ostera, etxean egiten hasi nintzen, txiki-txikia baitzen, orri bat alde bietan. Ganbara zuen izena, eta izan nahi zuen Miren alabak Eskolaurrean ikasten hasi zen taldearen berripapera, bertan emango zen-eta taldearen berri.

Hala ere, bi zenbaki baino ez nituen egin Ganbara berripaperarenak, hasieratik izan nituen-eta arazoak. Batetik, irakasle batzuk deseroso sentitzen ziren informazio bila joaten nintzen bakoitzean, eta ez zuten inola ere agertu nahi berripaperean. Bestetik, zenbait gurasok uzkur hartu zuten papera, euskara hutsean zegoelako. Ikusita berripaperak gero eta begirakune gehiago neureganatzen zizkidala, bertan behera uztea erabaki nuen.

Egun hauetan, paper zaharrak antolatzen hasi naizenean, txoritokian pintoreei lekua egiteko, Ganbara haren ale galdu batzuk aurkitu ditut. Eta pentsatu dut beharbada ez nuela asmatu planteamenduarekin berripapera egiteko orduan.

Kategoriak Hedabideak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Lasterkariek zergatik kentzen dute hanketako ilea?

Shaved-leg

Azken aldi honetan konturatu naiz gero eta gizon lasterkari gehiagok kentzen dutela hanketako ilea. Bego emazteari aipatu nionean, erantzun zidan aspaldi dabiltzala gizon eta mutil lasterkariak horrela, asko behintzat, bai. Berandu konturatu naizela.

Interneten sartu naiz, jakin guran erabaki horren zergatia, eta leku bat aurkitu dut, non txukun-txukun azaltzen diren praktika horren abantailak, batzuk praktikoagoak eta besteak estetikoagoak, noski:

  1. Erorikoek eragindako zauriak bizkorrago sendatzen dira ile barik. Halaber, horrelakoetan mina ere txikiagoa izaten da.
  2. Masajeak atseginagoak izaten dira.
  3. Eguzkirako babesa ere errazago aplikatzen da hanka soiletan.
  4. Konpresio-galtzerdiak errazago sartzen dira ile barik, eta ez dute pikatzen.
  5. Kinesio-zintak hobeto itsasten dira eta errazago kendu, hanka soiletan.
  6. Lokatz-arrastoak errazago garbitzen dira.
  7. Egun beroetan hanka soilak freskoago sentitzen dira.
  8. Praka estuak hobeto sentitzen dira.
  9. Tatuajeak errazago ikusten dira.
  10. Gihar landuak nabarmenago ikusten dira.

Ni lege zaharrekoa naiz, antza, eta ez dudanez inor inpresionatu beharrik, lehengo eran segitzen dut arineketan egiten, hanka iletsuekin.

Kategoriak Kirola | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Sagasti berri, sagasti zuri…

423803470_13551453838201946917

Bego Larrañaga eta Fatima Aranzabal Esteñibar baserrian, Elorrion.

Atzo Esteñibar baserrian izan ginen, hemen Elorrion, eta begietarako festa izan genuen, udaberria bete-betean ageri da-eta.

Sagarrondoak, adibidez, pinporta zuriz jantzita ageri ziren. Egoera ezin hobea argazki bat egiteko Bego eta Fatimarekin. Eta gogoan Antton Valverde abeslariaren ahotsa Xabier Lizardi poetaren Urte giroak ene begian kantatzen, bereziki ahapaldi hau:

Sagasti berri, sagasti zuri,

inguma-atsegintokia irudi,

elurte arian geldia!

Ezin urtuzko txingor ugari,

azpi gizenean duk nabari

zelai-bitxizko loredia…

Kategoriak Esteñibar | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina