Miren Ansola zenaren arrastoan Bilbon

Iturburun

Idoia Larrañaga, Maribi Etxaburu, Bego Larrañaga, Joxe Aranzabal eta Iñaki Larrañaga Iturburu kalean, Bilbon.

Bizi izan balitz, atzo 100 urte beteko zituen Bego emaztearen amak, Miren Ansola lekeitiarrak. Hori zela-eta, haren hiru seme-alaba eta horien bi ezkontide Bilbora joan ginen, Mirenen gaztaroko zenbait leku esanguratsu bisitatzeko asmoz.

Izan ere, Miren Ansola Lekeition jaio zen, baina urte batzuk Bilbon bizi izan zen, gerra garaian, berak 20 urte zituela, arrainontzi batean utzi behar izan baitzuen bere jaioterria guraso eta zazpi neba-arrebekin (tartean Benito Ansola, geroago Lekeitioko Euskal Zine Bilerako sortzailea), auzo batek salatu egin zituelako, Ansola-Erkiagatarrak abertzaleak zirelako.

Bilbora, autobusez

Autobusa Zabalburun utzita —erabaki genuen autobusez joango ginela Bilbora—, San Frantzisko kalean behera abiatu ginen, San Antongo zubiraino. Inguru haietan Iturburu kalea bisitatu genuen, eurak bizi izandako kalea, San Anton elizan geratu ginen, Miren hantxe ezkondu zen-eta hamabi urte geroago Luis Larrañaga elorriarrarekin, zeina ezagutu baitzuen Larrinagako espetxean. Eta hori zela-eta, Zabalbide kalean gora egin genuen, Zabalbide eta Fika elkartzen diren tokiraino, hantxe egon zen-eta ia ehun urtez Larrinagako espetxea, nahiz eta gaur egun ohar ziztrinik ere ez dagoen hura gogorarazteko.

Erriberako merkatuan atsedenaldi txiki bat egin genuen, bertan ardo zuri bana hartzeko. Eta handik Zazpi kaleetara, Patxi Anzola agurtzera, Mirenen neba, berau 94 urtekoa. Handik La Colmena behianalako litxar-dendara abiatu ginen, urteetan hantxe egin baitzuen lan Miren Ansolak. Aurkitu ere aurkitu genuen, eta gure harridurarako, jakin genuen etxe hartan bertan jaio zela Miguel Unamuno pentsalari bilbotarra.

Aipatu leku guztietan argazkiak egin genituen, gehienak selfie erara, Iñaki Larrañagaren trebeziari esker.

Bazkaltzera ibaiadarraren beste aldera joan ginen, Agape jatetxera, Hernani kalean, eta han ederto jan genuen, menu sofistikatu eta gozoa, oso prezio onean. Eta orduan Iñaki Murua lehengusuaz gogoratu ginen, eskertzeko haren gomendioa, berak esanda joan ginen-eta hara.

Ondorengo orduak paseatzen egin genituen; Karola garabiraino joan ginen-eta, mantso-mantso, autobus geltokira bidean. Buelta porru eginda egin genuen, baina pozik, Miren Ansolaren oroimenez egindako egunagatik.

Kategoria: Familia Etiketak , , , , , , , , . Gorde lotura.

1 Response to Miren Ansola zenaren arrastoan Bilbon

  1. egilea: Iñaki Murua

    Gomendioa gustukoa izateak pozten nau, Joxe. Familiako une gazi-gozoak gogoratzea bezalaxe, halakoak izan baitziren gerra ondorengo haiek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude