Ospitalea eta zezen plaza

Nire gelatik bi ikuskizun nituen nabarmen: Santanderko badia eta zezen plaza. Lehena alderik alde agertzen zitzaidan. Bigarrena, bideaz bestaldean. Valdecillako ospitalean egin nuen denboran, hantxe egongo ziren, eguneroko ikuskizun. Jaiak ziren Santanderren, eta, lehen egunetan, gela normal batean nengoela, entzun egiten ziren jendearen txaloak eta orruak, besteak beste Jesulin de Ubriquek toreatzen baitzuen han. Hemen duzue hango argazki bat, satelitez egina, eta Tagzanian gordea.

Sorry, your browser doesn’t support iframes.

Oraindik gogoan dut: lehen gauean anbulantzien ulu etengabeak harritu ninduen. Bazirudien Kantabriako gaixo eta kolpatu guztiak Valdecillako ospital hartara ekartzen zituztela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Luzamenduak

Egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen ez zen lekuan nengoela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, ez zuela deusek ere hainbat kalte egiten herri honen etorkizunerako, eta ez osasunerako ere, nola bakea geroko uzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzeak.

Ia bi urte joan dira PPko gobernuak hauteskundeak galdu zituenetik Madrilen, 1.000 egun pasatxo ETAk ez duela inor hil. Zerbait aldatu da, baina lehengoan segitzen dugu, zeren ETAk ez du inor hil, baina bai bonbak ipini eta estortsio gutunak bidali. Hildakoak, ordea, espetxeetan gertatu dira, oraindik argitu gabe nola.

Badirudi sokatiran ari direla batzuk eta besteak (espetxe zigorrak luzatu, kale borroka piztu, egurra manifestariei, greba eguna, aspaldi entzun gabeko zipaio iraina berriro…), baina baten batek larregi teinka dezake soka, eta dena pikutara joan.

Baldin egin balitz Euskal Herrian hainbat ahalegin, nola egin baita Irlandan, hango hura bezain itxaropentsu izanen zen hemen egoera ere, eta baldin hala ez bada, euskaldunek berek ere badute falta, ez soilik Madrilek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Tio Felix

Larunbatean hil zen Felix Aranzabal, Angiozarko Itsua, guretzat tio Felix, aitaren anaia baitzen. Umetan nire heroietako bat zen tio Felix. Urtero pare bat aldiz ikusiko genuen elkar, maiatzaren 15ean, sanisidroetan —orduan gurean egiten zuen lo—, eta abuztuaren 24an, sanbartolometan, Aguleta baserrian, Angiozarren.

Haren etorrera festa seinale izaten zen gurean. Sozietatean, kioskoan eta baita kalean zehar ere, berak ipiniko zuen musika. Askotan, gainera, bertsolariak izaten zituen inguruan, haiek ere festa girotzen. Alaia zen, baina gainerako guztiok uju eta aja genbiltzan bitartean, bera lanean zintzo demonio.

Gozo hitz egiten zigun beti, eta beti euskaraz. Sasoi batean, ni euskara ia erabat galduta nuela, etxetik alde egin nuen behin baino gehiagotan —agurtu, eta ospa kalera—, lotsatuta berarekin ezin nuelako euskaraz egin. Geroago, euskara berreskuratuta, berriro gozatu nuen haren elkarrizketaz.

Fernando, Peli eta Aitor gure lehengusuei, eta beren familiei, besarkada handi bat. Gugan bego.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Dopina eta iluntasuna

Atzo Euskadi Irratian entzuna, eta herenegun Radio Euskadin, Kaiku taldeko txirrindulari bati gertatutakoaz: “Ritxi Serranok ez zuen gainditu osasun azterketa”, eta, horregatik, Murtziako itzulia jokatu ezinik geratu da. Noski, eufemismo bat zen, eta beste zerbait ezkutatzen zuen.

Albistea landu bitartean, behin eta berriro errepikatu zuten: “Ritxi Serranok ez zuen gainditu osasun azterketa”, bat ere aipatu barik zertan ez zuen gainditu zorioneko osasun azterketa.

Horrela esanda, pentsa zitekeen Ritxi Serrano gripeak jota zegoela edo sukar handia zuela edo… esatariek aipatu nahi ez zutena, eta Berria egunkariak garbi asko zekarrena, alegia, Ritxi Serranok gainditu egin zuela hematokrito tasa bere odolean, eta hori, gehienetan, gertatzen dela kirolariak EPO edo antzeko zerbait hartzen duenean, hau da, dopatzen denean.

Zertara dator hain ilun hitz egitea dopin kontuak tartean direnean? Akaso Kaiku enpresak EITBn publizitatean gastatzen duen diruagatik?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Mendraka txakolina

Campsak aparteko nota eman dio Mendraka Txakolinari Espainiako Ardoen Gidaliburuan, 88 puntu, txakolinen artean puntuaziorik garaiena, Txomin Etxaniz-ekin batera. Pozik nago, txakolin hori egiteko mahatsaren zati bat Esteñibar baserrian hazten delako, mimo handiz, Mikel Irizarrek behin baino gehiagotan kontatu digun moduan. Pozik, halaber, Gomez Kerejeta anaiak —Txelu eta Valen— ezin hobeto kudeatzen ari direlako txakolin gazte hori, eta pozik, amaitzeko, Mikel Garaizabal enologoak ere lan aparta egiten duelako. Zorionak denoi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Etxe agentzia

Arrasate Pressen genbiltzanean, buruko min dezente izaten genuen zenbait hitz euskaratzeko, tartean “agencia inmobiliaria”. Orduko hiztegiek higiezinen agentzia zekarten, baina hori jende arruntarentzat arameoren parekoa zen. Gaur, berriz, ireki dut Zehazki hiztegia, eta etxe agentzia dakar, hitzaren adiera batean. Hori edozeinek uler dezake.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Esan ala ez esan

Denok ez dugu berdin erantzuten gaixotasunaren aurreran. Begira zer egin zuen bikote batek orain bost bat urte, emazteari, medikua bera, aurkitu ziotenean minbizi mota bat. Hiru seme-alaba zeuzkaten, eta erabaki zuten ezer ez esatea inori, ez haurrei, ez eta ezagunei ere. Batzuetan, jakina, komeriak, batez ere kimioa hartzetik bueltan, gaixoak botagura zeukanean, eta ahul sentitzen zenean. Kontua da gaixoaldian ez zutela txintik ere esan. Seme-alabek geroago jakin dute amak minbizia izan zuela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Edertasuna izotz gainean

Neguko Olinpiar Jokoak joan dira niretzat, ia ezer ikusi barik. Hori bai, zortea izan dut Shizuka Arakawa dantzari japoniarra birritan ikusteko: urrezko domina irabazi zuenean, eta biharamonean, txapeldunen erakustaldian. Une batzuetan Katarina Witt ekarri zidan gogora, garai batean izotz gaineko erregina. Niretzat Shizukak ipini die aurpegia Torinoko jokoei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Abuztuaren 15eko bazkalondoa Tagzanian

Aprobetxaturik CodeSyntaxek euskarara ekarri duela Tagzania, ariketa bat egin dut Julen Gabiriaren aholkuei jarraituta. Narrika kaleko 30a markatu dut, Donostian, urtebetez hantxe bizi izan baikinen apopilo, EUTGn ikasten ari ginela. Etxeko atea Narrika kalean zegoen, baina gure gelak Abuztuaren 15a kalera ematen zuen, justu Joxe Austin Arrieta idazlearen etxeari begira.

Sorry, your browser doesn’t support iframes.

Joxe Austinek argitaratu zuenean Abuztuaren 15eko bazkalondoa, gustura irakurri nuen, etxetik kanpoko paisajea hurbilekoa sentitzen bainuen, baina ez horregatik soilik. Liburu ona iruditu zitzaidan, erabatekoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Urtebete

Atzo urtebete aurkeztu genuen nire liburua Donostian eta Arrasaten. Eta atzo urtebete aurkeztu genuen blog hau Goiena.net blog komunitatean, Faroa izan baitzen lehen bloga komunitate horretan. Harrezkero liburuak agortu du lehen edizioa, eta Goiena.net bera ere komunitate oparoa bihurtu da. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 6 iruzkin