Etxe agentzia

Arrasate Pressen genbiltzanean, buruko min dezente izaten genuen zenbait hitz euskaratzeko, tartean “agencia inmobiliaria”. Orduko hiztegiek higiezinen agentzia zekarten, baina hori jende arruntarentzat arameoren parekoa zen. Gaur, berriz, ireki dut Zehazki hiztegia, eta etxe agentzia dakar, hitzaren adiera batean. Hori edozeinek uler dezake.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

4 erantzun Etxe agentzia-ri

  1. egilea: Gari

    Are gehiago, negozioaren kartel handian toki faltagatik “Agencia” hitza ezkutatzen badute. Eibarren horrela dago toki batean:

    Inmobiliaria – Higiezinen

    Besterik gabe.

  2. egilea: xme

    Egunkaria-ren “Estilo Liburua” prestatzen ibili ginenean ere halaxe ipini genuen, 1992an!

    inmobiliaria. h. etxe agentzia

  3. egilea: Jakue

    Ni ere ulergarritasunaren aldekoa nauzue, baina iruditzen zait gure hiztegietan gehiegi praktikatzen dela eskakeoa, hots, horrelako arazoei ihes egitea; ulergarritasunaren izenean, bai, baina terminoen zehaztasuna sakrifikatuz sarritan. Eta, gainera, horretarako beharrik gabe: izan ere –batez ere gaur egun–, zer euskaldun alfabetatuk ez daki zer diren (jabetza) higiezinak? Egia da enpresa horietan etxeak salerosten direla batik bat, baina kontuan izan behar dugu ezen higiezinen definizioan lurrak, garajeak, lokalak eta abar ere sartzen direla. Bai, badakit jaisteko ere erabiltzen ditugula igogailuak, baina…

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa denoi! Garik azaldu duenak garbi erakusten du askotan euskara erabiltzen dugula itxurak egiteko, ez benetan ezer komunikatzeko. Xabier, orain hamalau urte hasi zineten erabiltzen etxe agentzia! Hori da, hori, aurreratua izatea! Eta asmatzea. Zeren, Jakue, ulertzen dut zer esan nahi duzun, baina kasu horretan nik nahiago dut etxe agentzia, askoz ere argiagoa delako eta… igogailuak jaisteko ere erabiltzen direlako. Besarkada bat hiruroi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude