Dopina eta iluntasuna

Atzo Euskadi Irratian entzuna, eta herenegun Radio Euskadin, Kaiku taldeko txirrindulari bati gertatutakoaz: “Ritxi Serranok ez zuen gainditu osasun azterketa”, eta, horregatik, Murtziako itzulia jokatu ezinik geratu da. Noski, eufemismo bat zen, eta beste zerbait ezkutatzen zuen.

Albistea landu bitartean, behin eta berriro errepikatu zuten: “Ritxi Serranok ez zuen gainditu osasun azterketa”, bat ere aipatu barik zertan ez zuen gainditu zorioneko osasun azterketa.

Horrela esanda, pentsa zitekeen Ritxi Serrano gripeak jota zegoela edo sukar handia zuela edo… esatariek aipatu nahi ez zutena, eta Berria egunkariak garbi asko zekarrena, alegia, Ritxi Serranok gainditu egin zuela hematokrito tasa bere odolean, eta hori, gehienetan, gertatzen dela kirolariak EPO edo antzeko zerbait hartzen duenean, hau da, dopatzen denean.

Zertara dator hain ilun hitz egitea dopin kontuak tartean direnean? Akaso Kaiku enpresak EITBn publizitatean gastatzen duen diruagatik?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

1 Response to Dopina eta iluntasuna

  1. egilea: iturri

    Kaixo Joxe:

    Bai, igual horrelako zer edo zer egon daiteke (telebistan publizitatea eginez gastatzen duena). Ez dakit.

    Dena den, egun berean Espainiako Itzuliko antolatzaileek ezagutzera eman behar zuten gonbidatuko zituzten bi talderen izenak. Bata ziurra zen (Comunitat Valenciana), bestea ez (Relax edo Kaiku).

    Azkenean, Kaiku geratu da kanpoan eta, badirudi, Espainiako Itzulia antolatzen duen enpresak Pérez anaien aldeko apustua egin duela. Garai batean, txirrindulari talde horrek Unipublic-en (Vueltako antolatzaileak) laguntza ekonomikoa jaso izan du.

    Bi talde gonbidatuak zeintzuk izango diren zabaldu behar den egunean, “hematokrito-tasa” altua duen Kaiku taldeko txirrindularia kanpoan geratu da lasterketa batean.

    Eta nork antolatzen du karrera hori?

    Unipublic-ek

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude