Transexualitatea gurean

Bere egunean ezin izan nuenez ikusi, atzo gauean ikusi nuen Nahieran bogarren denboraldiko Ur Handitan saioaren bigarren atala, transexualitateari eskainia. Bikaina iruditu zitzaidan, alde askotatik.

Gaiaren tratamendua egokia izan zen, errespetuzkoa, morboari tarterik utzi barik. Lekuko transexualak ere bikain egon ziren, bakoitza bere nortasunarekin, nahiz eta txundituta geratu nintzen Mikele Grande nafarrarekin, a zelako nortasun puska duen neska horrek. Gurasoak ere primeran egon ziren, ezinago zintzo, aitortuta askotan egin dituzten hanka-sartzeak (nork ez lituzke egingo, orain arte izan dugun informazio urriarekin), baina baita erakutsita euren seme-alabei eman dieten babesa. Txalo bereziak Beasaingo amari, hain ondo eta ganoraz azaltzearren bere alabak sufritu duena eta bizi izan duen (duten) egoera negargarria.

Noiz ikasiko dugu diferentea onartzen, bestelakoari laguntzen, berezia maitatzen? Mikeleren lagunek erakutsi digute bidea. Atzoko saioak ere bai. Irakasleek ere Nahiera erabili beharko lukete saioa ikusi eta eztabaidatzeko Euskal Herriko ikastetxe guztietan, material pedagogiko moduan. Laguntzen du besteen egoera eta mina ulertzen, laguntzen du enpatia garatzen egoera hori bizi dutenekiko, eta laguntzen du, orobat, gure orain arteko pentsamoldea egoera berrira egokitzen.

Mila esker, eta zorionik beroenak, beren burua azaldu zuten transexualei, bai eta haien guraso eta lagunei ere. Eta, zelan ez, kazetari taldeari. Denek lan bikaina egin zuten.

Kategoriak Telebista | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Sexu-depredadore zuria

Juan Kruz Mendizabal “Kakux”, Juan Ignacio Munilla, Gipuzkoako gotzainarekin.

Arreta handiz eta bihotza pilpirika irakurri dut, goizeko kafearekin batera, Alberto Barandiaran kazetariak gaurko Berria egunkarian M.A. izeneko gizonari egindako elkarrizketa: “Mendizabalek sexualki abusatu zuen nitaz 1994an”.

Bertan elkarrizketatuak kontatzen du zelan 13 urte zituela, eta eskaut gazteen udako topaketa batean zegoela, Burgin, gau batez, esnatu zenean kanpin-dendan, “esku bat nabaritu nuen lo-zaku barruan, zakila eta barrabilak ukitzen zizkidala. Ezin nuen sinetsi. Norbait arnasestuka sentitu nuen denda barruan, beste eskuarekin masturbatzen zen bitartean. Berehala jakin nuen bera zela”. Juan Kruz Mendizabal abadeaz ari da, zeina mutikoa lo zegoela, bere kanpin-dendan sartu eta sexu-erasoari ekin baitzion.

Sexu-depredadore zuri bat ikusi dut hor, sotanaz jantzita, alegia, Eliza katolikoaren kapa magikoa, urteetan Juan Kruz bezalako abade eta fraide ugari babestu dituena euren biktimen ingurukoen haserretik, hauek uste osoa zutelako “Jainkoa Lurrean ordezkatzen duen erakundean eta beronen gizonengan”.

Zinismoa

Hain babestuta sentitu dira sexu-depredadore zuriak, zeren, euren kasua publiko egin arte, lotsa barik segitu baitute predikatzen, ezer txarrik egin ez balute bezala. Hori izan da Juan Kruz Mendizabalen kasua oraingoan ere.

Joan den abenduan, Goiena Komunikazio taldeko kazetari bat harremanetan jarri zen Gipuzkoako bikario ohiarekin, elkarrizketa egiteko Puntua izeneko aldizkarian, nahiz eta orduan jakin ez 2016ko apirila ezkero Kakux Elizak zigortuta zegoela 2001ean eta 2005ean egindako sexu-eraso aitortuengatik. Galdetuta Elizan gertatutako pederastia kasuen inguruan, hauxe esan zuen, artean bere kasua publiko egin aurretik:

Nik uste dut gai hori gainetik pasatu dela. Esan gura dut Elizak ez duela behar bezala abordatu, zaurituekin eta minduta daudenekin elkarrizketan… Ez dakit Euskal Herrian, guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen, baina Ameriketako Estatu Batuetan saiatu ziren arazoa diruz konpontzen. Eta ondorioa izan da ez dela ezer konpondu eta, gainera, Eliza diru barik gelditu dela. Maila horretan babesa eman behar zaie familiei eta hurbiltasuna arazo barik eskaini.

Jende honek debekatuta du gezurra esatea, baina kasu honetan abadeak lasai asko bota du, “Ez dakit Euskal Herrian, guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen…”, bera justu horrengatik zigortuta zegoela, geroago jakin den bezala. Gainera, ez zuen eragozpenik izan sermoneatzen segitzeko: “Maila horretan babesa eman behar zaie familiei eta hurbiltasuna arazo barik eskaini”. Zinismoa ere behar da, bere egoeran horrela hitz egiteko.

Sexu-depredadore zuriaren definizioa

Baten batek pentsatu badu gogorregia dela Juan Kruz Mendizabal sexu-depredadore zuritzat jotzea, saituko naiz hitz hori definitzen.

Zentzurik zabalenean, sexu-depredadoreak dira sexu-delituak egiten dituzten pertsonak, horretarako indarra erabilita. Aldiz, sexu-depredadore zuriek indarra erabili ordez, beren posizioa erabiltzen dute biktima limurtu eta harrapatzeko; pertsona atseginak izaten dira eta ziurrak bere buruaz, eta kontuz aukeratzen dituzte biktimak, ez aliritzian. Informazio gehiago jaso bitartean, oraingoz nahiago dut kasu honetan sexu-depredadore zuria erabili. Eta artikulu honetan, hemen adierazitako zentzuan erabili dut hitza.

Gipuzkoako Gotzaitegiak adierazi duenez, Juan Kruz Mendizabalek aitortu egin zuen sexu-gehiegikeriak egin izana 2001ean eta 2005ean. Gaur Berria egunkariak dakarrena ere, erabat sinesgarria egin zaio Jose Ignacio Munilla gotzainari. Niri ere bai. Eta ez nintzateke bat ere harrituko Bergaran, Antzuolan, Donostian edo ez dakit non, beste kasu batzuk ere agertuko balira, alegia, Kakux abade gisa lana egindako tokietan.

Kategoriak abusuak | Etiketak , , , , , | 4 iruzkin

Bidean ikasia, min ikaragarriz

2014an Eusko Jaurlaritzak azterketa bat enkargatu zion Gizaker enpresari, jakiteko zeintzuk ziren hondarribiarren jarrerak Alardearen inguruan, bertako festa nagusia, urtero irailaren 8an ospatzen dena. Emaitzak hauek izan ziren:

  • Alarde pribatua bere horretan mantendu nahi zuten hondarribiarrak: %42. Herritarren erdia baino gutxiago.
  • Jaizkibel konpainia Alardearen barruan ikusi nahi zutenak: %24. Herriaren laurdena.
  • Beste edozeren gainetik konponbidea nahi zutenak: %72. Ia herritarren hiru laurdenak.
  • Inolako konponbiderik nahi ez zutenak: %15.

Emaitza horien aurrean, Arantxa Urretabizkaiak galdetzen du Bidean ikasia bere azken liburuan: “Ia herriaren hiru laurdenek konponbidea nahi badute (…) zergatik egiten du (Hondarribiko udalak) ehuneko hamabostaren alde, beraz, herriaren gehiengoaren kontra?”.

 

bidean9661Nahiz eta Hondarribiko Alardeak sustraiak 1638ko setioan dituen, orduan tropa frantsesek bi hilabetez inguratu baitzuten herria, Arantxaren kontakizuna 1996ko Alardean hasten da, herriko 26 emakumek —bera barne— erabaki zutenean eurek ere parte hartu nahi zutela Alardean, gizonen maila berean. Orduko hartan, parean gertatu ziren gizonek atera zituzten emakume haiek Alardetik, kolpeka eta irainka. Handik aurrera baina, ehiza antolatua eratu zen herrian 26 emakume haien kontra eta haien familia eta lagunen aurka: irainak kalean, jazarpena eskoletan seme-alabei, boikota haien negozioei…

Liburuak kontatzen du Alarde parekidearen aldekoek jasandako jazarpena, egindako ahaleginak auzia bideratze aldera, eta emaitza hutsalak askotan: “gizartearen itzal batzuk nabarmendu ditugu, hala nola berdintasunaren aldeko diskurtso publiko gehientsuenen arinkeria edo tradizioen erabilera politikoa”.

Horrekin batera, egileak hausnartu egiten du Hondarribian, eta Euskal Herrian oro har, zelako jarrera banderizoa dugun, guk bezala pentsatzen ez duena automatikoki etsaitzat hartzeko.

Egun hauetan irakurri dut liburu hau, gripearen erasopean nengoela, eta esan behar dut izugarri interesgarria aurkitu dudala. Erabat gomendagarria.

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Pilitxu joan zaigu

Argazkia: Ekaitz Zilarmendi (Goiena)

Atzoko egunak ezusteko mingarria ekarri zigun. “Pili Otxoa hil da”, esan zigun telefonoz bestaldeko ahotsak. Gure Pilitxu. Maitasunaren eta pozaren estandarra, joanda.

Gogora etorri zitzaizkidan, gaixorik nengoela, zelako besarkadak ematen zizkidan. Gogora, halaber, aspaldi luzean Kataluniara talde zabalean egindako txangoa: Gaudi, Tarragonako urreztiak, igande goizeko koka sardinaz hornitua gosaltzeko, hango ardo lodia… Gogoan dut, orobat, Kanadatik bueltan, Elorrion eurenean egindako afaria, Garazi jaio eta gutxira, eta orduan berak eta Mendik zuten ilusioa haurra hazteko. Gogoan Garagartzan egindako jatorduak, euren etxe berrituan.

Arrasateko ume eta heldu askok izango dute Pilitxuren berri, urte luzez egin baitzuen lan hango Umezaintzan, pazientzia eta maitasun infinitoaz.

Mendi, Garazi, Beñat eta Amets, besarkada handi bat. Baita Eugenio, Mariatxen eta Mariasuni ere. Ahaztu barik Elorriokoak.

Zu galduta, gero eta umezurtzago gaude, Pilitxu. Aurrera egingo dugu, hala ere. Adiorik ez.

Kategoriak Lagunak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Urte oparoa azpititulatzen

2015ean buru-belarri murgildu nintzen Jon Salaberri proiektuan, eta ez nuen pelikularik azpititulatu. Baina urtearen azken egunean irakurri nuenean Luistxoren txosten ezkorra, erabaki nuen berriro hasiko nintzela atzerriko filmak euskaratzen, batez ere ingelesetik. Urtebete geroago, izugarri poztu nau Luistxoren aurtengo txostenak, bertan dioenez, 2016an errekorra hautsi dugu-eta boluntariook.

18 film euskaratuta

Hasi naiz begiratzen 2016an euskaratu ditudan filmen artean, eta ikusi dut 18 itzuli ditudala, hauek:

  1. The Martian
  2. Suffragette
  3. Afflicted
  4. Citizen Kane
  5. The Program
  6. Quest For Fire
  7. The Shawshank Redemption
  8. The Garden of Words
  9. Waltz With Bashir
  10. Thelma & Louise
  11. The Wildest Dream
  12. Master and Commander
  13. Gorillas in the Mist
  14. Never Cry Wolf
  15. The Secret Life of Pets
  16. Kubo and the Two Strings
  17. Zootopia
  18. Finding Dory

Denetik dago zerrenda horretan: klasikoak, berri-berriak, nire gustukoak, Kanadan nik zaindutako ume baten pelikula terrorezkoa, sei animazioko film… Urtea amaitzeko, esprint bat egin dut, gaztetxoentzako lau film itzulita, laurak animaziokoak eta labetik atera berriak, gaztetxoek ere izan dezaten zer ikusi Azpitituluak.com proiektuan.

Gustura boluntario gisa

Gustura nabil azpititulatzen, besteak beste lan horretan ez dudalako inongo obligaziorik: asko egin dezaket, gutxi edo ezer ez, segun zer beste daukadan esku artean. Orobat, gustura amaitu dut urtea uzta hau ikusita, eta proiektuak aurrera egin duelako. Eskerrik asko kide ditudan azpititulatzaile guztiei, eta Urteberri on!

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Guk ere badugu geure aurkezpeña

Aspaldi ez luzean, Goio Arana lagunak izena eman zien Euskal Herrian nonahi egiten ziren aurkezpen masiboei, indarra erakusteko-edo egiten zirenak (eta egiten direnak): aurkezpeñak.

Atzo, Inuzenteen egunean, Goiok berak fake hau eskaini zigun, Azpitituluak.com proiektuan gabiltzanok ere izan dezagun geure aurkezpeña. Mila esker, Goio!

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Trumpen interes-gatazkak

AEBetako presidentziarako hauteskundeak irabazi bezain laster, Donald Trumpek adierazi zuen, kargua zin egin aurretik bere seme-alabek hartuko zutela ardura Trump enpresa-taldearena, eta bera presidentzian murgilduko zela, eta ez zuela zerikusirik izango bere orain arteko negozioekin.

Orain pare bat aste, berriz, bilera batera deitu zien AEBetako enpresa teknologiko esanguratsuenetako buruei, politika teknologikoa eztabaidatzeko. Enpresariak zur eta lur geratu ziren, ikusita bilera-gelan Trumpen hiru seme-alaba zeudela, nahiz eta bilerak ez zeukan zerikusirik Trump konglomeratuarekin.

Bilera hasi aurretik, Jeff Bezosek, Amazon enpresako burua, modu onean adierazi zuen harridura, bilera-gelan presidente hautatuaren seme-alabak zeudelako, eta horrek interes-gatazka negargarria planteatzen zuelako.

Ikusita Trumpek aurrera egin nahi zuela bilerarekin, bere seme-alabak bertan segituta, honako enpresariak, beren gauzak jaso eta joan egin ziren: Jeff Bezos (Amazon), Larry Page eta Eric Schmidt (Alphabet-Google), Tim Cook (Apple), Elon Musk (Tesla eta SpaceX) eta beste sei. “Trump Interrupted” artikuluak ematen du bilera haren berri xehetasun gehiagorekin.

Euskal Herrian zenbat enpresari ausartuko lirateke horren garbi salatzera presidente hautatuaren interes-gatazka nabarmena?

Kategoriak Politika | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Animaziozko filmak Gabonetarako

Gogoan dut zelan orain bizpahiru urte Euskadi Irratiko kazetari batek elkarrizketatu zuen Luistxo Fernandez, Azpitituluak.com zela-eta. Kazetariak jotzen zuen txalogarri bezain bitxitzat atzerriko filmak euskaraz azpidaztea. Elkarrizketa amaieran, galdetu zuen webgune horretan zer zegoen umeentzat: “Toy Story, adibidez, euskaratuta duzue?”.

Artean animaziozko film banaka batzuk zeuden euskaratuta, eta Toy Story ez zegoen tartean. Gaur egun, berriz, Azpidatziak.com proiektua dezente hazi da, eta 540 film inguru ditu euskaratuta, tartean 37 animaziozkoak. Hortxe daude Toy Story trilogia, eta beste asko, klasikoak batzuk, eta berri-berriak bestetzuk.

Goio Arana azpidazleak kartel zoragarri hau egin du, eta bertan ikus daiteke Azpitituluak.com-ek zer eskaintzen duen gaztetxo euskaldunentzat. Bederatzi urtetik gorako haurrak dituzten gurasoek kontuan hartzeko moduko eskaintza.

Irakurtzekoak

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Leonard Cohen eta kafe irlandarra

Gure etxean denok dugu gogoan lehenengoz noiz izan genuen Leonard Cohen abeslariaren berri: 70. hamarkadan izan zen, Begoña gure arreba zaharrena itzuli zenean Irlandatik, bertan hilabete eginda. Bi opari ekarri zizkigun handik: zinta magnetofoniko bat,Songs of Love and Hate, Leonard Cohen abeslari gazte eta gurean ezezagunarena, eta errezeta kafe irlandarra egiteko. Egun hartan, bazkalostean Begoñak berak prestatu zigun denoi kafe irlandarra, eta bazkaloste ederra egin genuen haren pasadizoei entzuten. Halaber, egun hartan bertan, hasi ginen entzuten abesti orduan monotono samar haiek, zeinek erremedio barik harrapatu gintuzten betiko.

Harrezkero, ez dakit berriz probatu dudan kafe irlandarrik, baina Leonard Cohenen musikak sarri hunkitu nau, entzun dudan aldiro, esango nuke. Nigatik izan balitz, berari emango niokeen Bob Dylan estatubatuarrari eman dioten Nobel saria, nire ustez kanadarrak uztartu baititu inork baino hobeto literatura eta musika.

Orain hilabete inguru Montrealen izan ginen, eta Miren alabari aipatu genion hantxe jaio zela Leonard Cohen, guk hainbeste miresten genuen abeslaria. Hil zenean, berriz, Benidormen geunden, artean shock egoeran, Donald Trump aukeratu zutelako AEBetako presidente.

Harrezkero, ez dut gogorik izan ezer idazteko. Behin eta berriro entzun dut Cohenen musika, eta zenbait bideo ikusi ditut, harekin egindako elkarrizketekin. Gaur arte.

Erabaki dut gure Leonard zaharrak merezi dituela lerro batzuk blog honetan, eta Santamas egunean anai-arrebok berriro elkartzen garenean, kafe irlandarra edango dudala Montrealgo seme unibertsalaren omenez. Lehaim, Leonard, zure osasunean eta gure atseginean!

Kategoriak Oroimenak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Udazken zoragarria

Bidarrain, Baigorrira bidean.

Larunbatean, autoa hartu eta Baigorrira egin genuen, Nafarroa Beherera. Gaua hantxe igaro, eta igande goiza ere paraje haietan ibili ginen, aho zabalik, udazkenaren ederrak liluratuta. Erreka bazterretan, mahastietan, inguruko muinoetan, nonahi begiztatu genuen kolore-sinfonia loriotsua, aurtengo udazkenaren opari. Bi egun eskas izan dira, baina etxeratzerakoan ematen zuen hiruzpalau egun egin genituela espadizioan.

Kategoriak Bidaiak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina