Sexu-depredadore zuria

Juan Kruz Mendizabal “Kakux”, Juan Ignacio Munilla, Gipuzkoako gotzainarekin.

Arreta handiz eta bihotza pilpirika irakurri dut, goizeko kafearekin batera, Alberto Barandiaran kazetariak gaurko Berria egunkarian M.A. izeneko gizonari egindako elkarrizketa: “Mendizabalek sexualki abusatu zuen nitaz 1994an”.

Bertan elkarrizketatuak kontatzen du zelan 13 urte zituela, eta eskaut gazteen udako topaketa batean zegoela, Burgin, gau batez, esnatu zenean kanpin-dendan, “esku bat nabaritu nuen lo-zaku barruan, zakila eta barrabilak ukitzen zizkidala. Ezin nuen sinetsi. Norbait arnasestuka sentitu nuen denda barruan, beste eskuarekin masturbatzen zen bitartean. Berehala jakin nuen bera zela”. Juan Kruz Mendizabal abadeaz ari da, zeina mutikoa lo zegoela, bere kanpin-dendan sartu eta sexu-erasoari ekin baitzion.

Sexu-depredadore zuri bat ikusi dut hor, sotanaz jantzita, alegia, Eliza katolikoaren kapa magikoa, urteetan Juan Kruz bezalako abade eta fraide ugari babestu dituena euren biktimen ingurukoen haserretik, hauek uste osoa zutelako “Jainkoa Lurrean ordezkatzen duen erakundean eta beronen gizonengan”.

Zinismoa

Hain babestuta sentitu dira sexu-depredadore zuriak, zeren, euren kasua publiko egin arte, lotsa barik segitu baitute predikatzen, ezer txarrik egin ez balute bezala. Hori izan da Juan Kruz Mendizabalen kasua oraingoan ere.

Joan den abenduan, Goiena Komunikazio taldeko kazetari bat harremanetan jarri zen Gipuzkoako bikario ohiarekin, elkarrizketa egiteko Puntua izeneko aldizkarian, nahiz eta orduan jakin ez 2016ko apirila ezkero Kakux Elizak zigortuta zegoela 2001ean eta 2005ean egindako sexu-eraso aitortuengatik. Galdetuta Elizan gertatutako pederastia kasuen inguruan, hauxe esan zuen, artean bere kasua publiko egin aurretik:

Nik uste dut gai hori gainetik pasatu dela. Esan gura dut Elizak ez duela behar bezala abordatu, zaurituekin eta minduta daudenekin elkarrizketan… Ez dakit Euskal Herrian, guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen, baina Ameriketako Estatu Batuetan saiatu ziren arazoa diruz konpontzen. Eta ondorioa izan da ez dela ezer konpondu eta, gainera, Eliza diru barik gelditu dela. Maila horretan babesa eman behar zaie familiei eta hurbiltasuna arazo barik eskaini.

Jende honek debekatuta du gezurra esatea, baina kasu honetan abadeak lasai asko bota du, “Ez dakit Euskal Herrian, guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen…”, bera justu horrengatik zigortuta zegoela, geroago jakin den bezala. Gainera, ez zuen eragozpenik izan sermoneatzen segitzeko: “Maila horretan babesa eman behar zaie familiei eta hurbiltasuna arazo barik eskaini”. Zinismoa ere behar da, bere egoeran horrela hitz egiteko.

Sexu-depredadore zuriaren definizioa

Baten batek pentsatu badu gogorregia dela Juan Kruz Mendizabal sexu-depredadore zuritzat jotzea, saituko naiz hitz hori definitzen.

Zentzurik zabalenean, sexu-depredadoreak dira sexu-delituak egiten dituzten pertsonak, horretarako indarra erabilita. Aldiz, sexu-depredadore zuriek indarra erabili ordez, beren posizioa erabiltzen dute biktima limurtu eta harrapatzeko; pertsona atseginak izaten dira eta ziurrak bere buruaz, eta kontuz aukeratzen dituzte biktimak, ez aliritzian. Informazio gehiago jaso bitartean, oraingoz nahiago dut kasu honetan sexu-depredadore zuria erabili. Eta artikulu honetan, hemen adierazitako zentzuan erabili dut hitza.

Gipuzkoako Gotzaitegiak adierazi duenez, Juan Kruz Mendizabalek aitortu egin zuen sexu-gehiegikeriak egin izana 2001ean eta 2005ean. Gaur Berria egunkariak dakarrena ere, erabat sinesgarria egin zaio Jose Ignacio Munilla gotzainari. Niri ere bai. Eta ez nintzateke bat ere harrituko Bergaran, Antzuolan, Donostian edo ez dakit non, beste kasu batzuk ere agertuko balira, alegia, Kakux abade gisa lana egindako tokietan.

Kategoria: abusuak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

4 Responses to Sexu-depredadore zuria

  1. egilea: mikel

    Eta Munillak noiztik daki tipo horrena?
    Ematen du enteratu berria dela, eta ez da inolaz ere horrela.
    Azken mutil erasotuak aitortzen duenez, duela 23 urte gertatutakoa kanpamenduko beste apaiz bati kontatu zion.
    Zer egin zuen apaiz hark? Berarentzat gorde zuen pederastia kontua?
    Ala, behar zuen moduan, gotzaiari kontatu zion?
    Zer egin dute 23 urte hauetan elizako agintariek?

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Egia esan, ez dakit Munillak noiztik dakien pederastia kasu hauen berri. Orain 23 urte apaiz hark zer egin zuen ere, ez dakit. Aitzitik, sumatzen dut, beste toki askotan gertatu bezala, hemen ere, urte luzez elizakako agintariek estali egin dituztela horrelako kasuak.

  3. Pingback: Ezer txarrik egin ez balute bezala • ZUZEU

  4. Aipagarria iruditzen zait gertaera hauen kronologiaren puntu bat. Hiru kasu jakinarazi dira: 2001 eta 2005ekoen berri, detaile barik, urtarrilaren 10eko agerpen publiko honetan eman zen:

    http://www.eitb.eus/es/noticias/sociedad/detalle/4584961/la-iglesia-condena-al-sacerdote-juan-kruz-mendizabal-abusos/

    Beste kasua, 1994koa, urtarrilaren 12/13aren artean jakinarazi da, besteak beste Berriak elkarrizketa batean jasotako hitzekin. Lehen albistean Diozesiak jakinarazi zuen moduan, kasua orain jakinarazi arren, iazko apirilean jakin zuen Elizak, eta orduan hartu ziren erabakiak Mendizabalen inguruan. Gotzaitegiaren arabera, “damu sakona” adierazi zuen Mendizabalek, eta harrezkero (apiriletik, ulertu behar dugunez), “prozesu terapeutiko” batean dago. Hortaz, ulertu behar dugu Goienari esan zizkionak abenduan, “damu eta terapia” prozesu teoriko baten erdian zegoela esan zituela.

    Bestalde, aipagarria iruditu zait niri kontu honi buruz Urkullu lehendakariak esandako pitokeria. Hemen komentatu dut:

    https://eibar.org/blogak/luistxo/urkullu-kenny-eta-abade-katoliko-abusatzaileena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude